Informazio teknologia berriei buruzko gaiak gaurkotasun handia duela
eta, hauei buruzko mintegi bat izan zen ekainaren 19an Donostiako Miramar
jauregian, Eusko Ikaskuntzaren eskutik. Bi aditu arduratu ziren gai hau
sakontzeaz: Javier DÍAZ NOCI, Eusko Ikaskuntzako Komunikabideen Saileko
presidentea, "Informazio teknologia berrien deskribapena" eginez;
eta Isabel HERNANDO, Donostiako Zuzenbide Fakultateko irakaslea, "Egile
eskubideak eta informazio teknologia berriak" azalduz.
Javier Díaz Nocik teknologia berriek gaur egungo gizartean sortzen
duten zirrara izan zuen aztergai. Bistan da ordenagailua gailendu egin dela
denbora gutxian, ia ezinbestekoa den etxeko tresna elektriko bilakatuz.
"Informazio autopistak" errealitate dira jada; ludia (lehena deiturikoa,
behintzat) birtualki elkarkonektatuta dago, informazioaren ia bat-bateko
elkarganbiorako prest. Bitarteko elektronikoaren abantaila nagusitzat, lan
intelektualari ematen zaion hedapen itzela azpimarratzen da. Argi dago,
bada, komunikazioa aldaketa sakonak ezagutzen ari dela.
Horren guztiaren ondorioz, asko dira gizartearen informatizazioari buruz
egin diren hausnarketak, horien artean ezagunenetarikoa 80. hamarkadaren
hasieran Simon Nora eta Alain Minc irakasleek agintari frantsesen aginduz
egindakoa izanik. Ordutik ia hogei urte igaro diren arren, euren planteamenduek
balio osoa dute gaur egun ere. Beste zenbait adierazpenen artean, kaltetuen
suertatuko zen arloetariko bat lan harremanena izango zela diote aipatu
txostenean, zeren eta "informatikak ekoiztasun itzeleko gizarte baten
etorrera baimendu eta bizkortzen du: lan gutxiago eraginkortasun handiago
baterako, eta bizimodu industrialak inposatzen dituen lanpostuetatik guztiz
ezberdinak direnekin. (...) Lehen eta bigarren mailako sektoreetan eskulanaren
gutxiagotze nabarmena emango da, eta, batez ere, informazioa lehengai den
jardueren ugaltzea".
Era berean, New York-eko Unibertsitateko irakasle eta "Tecnopolis"
liburuaren egile den Neil Postman-en jarrera azaldu zuen, zeinaren ustez
"ordenagailuak erakunde burokratikoak indartu ditu, eta gizarte aldaketa
esanguratsurako bultzada ezabatu; izan ere, ordenagailuek, erakunde politiko,
sozial eta merkataritzakoen funtzionamendua automatizatzean, agian eraginkorragoak
bihurtuko dituzte -edota agian ez-, baina egon ziur erakunde horien beharrezkotasunari
eta nola hobe litezkeen galderari dagokienean, arreta desbideratzea lortu
dutela".
Interneten eta gainerako aurrerapen teknologikoen agerpenak (bideohitzaldiak,
posta elektronikoa, sarrera urruneko datu baseak, etab.), Gutenberg-en inprentak
bere garaian sortutako iraultzaren parekoa ekarri du berekin, orduan inprentaren
inguruan izandako eztabaidak errepikatzen baitira orain informatikari buruz.
Gaur egungo teknologiaren ezaugarri esanguratsuenetariko bat, igorri nahi
den informazio guztia birtuala izatearena da; "irudi batek mila hitz
baino gehiago balio du" esaerak ongi baino hobeki laburbiltzen du adierazi
nahi dena. Hala ere, inperio informatikoa ukaezina den arren, Díaz
Nociren ustez bizitza luzea gelditzen zaio euskarri fisikoari.
Atergabe ari da sortzen informazioa, eta ondorioz, informazioaren autorean
nahiz editoreengan ipiniko da laster arreta; era berean, birplanteatu egin
beharko da Copyright eskubidea.
Benetan garrantzitsua Díaz Nociren oharra: ez ahantzi arazoa ez
dagoela teknologia berrietan, gizakiak horiei ematen dien erabileran baizik.
Atsedenaldiaren ostean, Isabel Hernandok Egile Eskubideen eta informazio
teknologia berrien arteko harreman juridikoa azaltzeari ekin zion, bertaratutakoei
aurrez jakinaraziz bere hitzaldia Egile Eskubideetara mugatuko zela, ez
baita datuen babesari dagokionez dagoen eskubide bakarra (badira gehiago
ere: informazioaren isilpekotasunari dagokiona, patenteak, markak, etab.).
Internetek eskaintzen dituen erabilera anitzen artean, Worl Wide Web
(WEB) delakoan oinarritu zen irakaslea. Informazio digitalizaturako sarrera
erraza da WEBaren alderdirik erakargarrienetariko bat, baina arrazoi hau
bera mehatxu da egile eskubideentzat; izan ere, 1996ko Jabetza Intelektualaren
Legearen arabera (bertatik eratortzen dira -baita Espainiak berretsitako
Berna eta Parisko Hitzarmen aldeanitzetatik ere- Interneta aplikagarri diren
Egile Eskubideen oinarrizko printzipioak), esplotazio eskubideen titularraren
baimen edo lizentzia eduki ezean, legez kontrakoa da Interneten argitaratutako
materiale babestuaren edonolako kopia, erreprodukzio, argitalpen, irrati
difusio zein banaketa egitea.
Hernandoren hitzetan, aipatutako Jabetza Intelektualaren Legeak oso ongi
jasotzen du Internet (erreprodukzio eskubideei dagokien derrigorrezko lizentzia
izan ezik), arlo hau izanik azkar landu den lehenetariko bat, "sortzen
ari den informazio negozio oro nola edo hala kontrolatua egon dadin lege
ikuspuntutik, Estatu desberdinetako legalitatea bateratuz".
Gardenkiez baliatuz, Egile Eskubideen oinarrizko alderdiak aztertu zituen,
obra babestua eta euskarria desberdinduz (lehena baita babesten dena); lan
bat "original" gisa kalifikatzeko betebeharrak zehaztuz (banakotasuna
eta sormena); Jabetza Intelektualaren Erroldan egin beharreko inskripzioa
borondatezko ekintza dela jakinaraziz; obraren "egile" titulua
nork daukan adieraziz (printzipioz, obra literario, artistiko edo zientifikoaren
sortzaile den pertsona naturalak, nahiz eta zenbait kasutan pertsona juridikoak
ere izan daitezkeen)
Egile Eskubideak batik bat eskubide moralak eta esplotaziokoak barnebiltzen
ditu. Lehenek (ukaezinak, besterenezinak, iraupen mugagabekoak eta obraren
egile denak soilik izanik beren titulartasuna) aitatasuna, osotasuna, hedapena,
atzeraegitea eta egilearen sarrera bere obrara babesten dituzte. Hedapenari
dagokionez, zehaztasun bat egin behar da, zeren eta eskubide moralak negoziaezinak
diren arren, "bai negozia dezakegula gure lana nahi dugunarekin lotuta
heda diezagutela, edota ez dezatela heda nahi ez dugunarekin".
Esplotazio eskubideen barne, erreprodukzio, banaketa, eraldaketa (zeina
ia guztia den; argazki bat digitalizatzea ere eraldaketa bat da) eta Komunikazio
Publikoaren eskubideak daude. Datu baseen produktoreen "sui generis"
eskubidea ere badago, inork ez dezan bertan jasotako materialea atera nahiz
berrerabili.
WEB orri baten sorrerak, Datu Base edo CD-Rom Multimedia produktu baten
sorreraren eraentza juridiko berbera du. WEB orri baten produktore-editore
orok gogoan izan behar du lizentzia eta baimenak lortu beharra dagoela hipertestu
loturak egiteko. Hiru dira lizentzia motak: edukiari, egiturari eta software-ri
dagozkionak hain zuzen ere, hirurek modu berean baina bakarka funtzionatuz;
titularrak desberdinak izatea posible da eta.
Badira legeak baimendutako zenbait jarduera, ez dagoelarik esplotazio
eskubideen titularrari baimenik eskatzen ibili beharrik. Erabiltzaile legitimoen
-materialea legalki eskuratu eta lizentzia dutenen- eskubideez gain, honoko
beste hauek daude: kopia pribatua (Datu Base elektroniko edo ordenagailu
programen kasuan izan ezik); aipamen eskubidea; publikoa eta egungoa den
informaziorako eskubidea; itsuen erabilera pribatua; leku publikoetan kokatutako
obren erabilera; hala eta guztiz ere erakunde publikoek (unibertsitate nahiz
liburutegiek, esaterako) ez dute komunikazio publikorako eskubiderik, bai
ordea erreprodukzio eta banaketarako.
Hipertestu loturen baimenei "Netiquette" arauak zaizkie aplikagarri;
beraz, lotu nahi den WEB guneko administratzaileari baimena eskatu beharko
zaio, eta lotura kendu egin beharko da hala egitea aginduz gero.
WEB orrietan gutxienez bost dira Egilearen Eskubideak babesten dituen
elementuak: sortzaile-produktoreak sortutako edukia; WEB gunearen garapen
kontratua sinatzearen ondorioz errealizatzaileak sortutako eduki zehatza
(kontutan izan behar da honokoa: enpresa bati WEB gunearen garapena egitea
agindu bazaio, baina garapena ez bada egile eskubide zehatzekin azaltzen
kontratuan, enpresak izango du titulartasuna); WEB gunerako espezifikoki
sortutako software moduluak; aurrez existitzen den softwareren moduluak;
eta izaera grafikoko interface-en alderdi ez funtzionalak.
Baliteke hasiera batean WEB orrian jarduteko modua ez egotea babestua,
egitura orriaren diseinua dela frogatzen denean izan ezik, orduan egile
eskubidearen bitartez babestuko baita.
Eta, amaitzeko, aholku on bat: "jabetza intelektualeko gatazkak
ekiditeko modurik onena, egile eskubideak espezifikoki negoziatzen diren
kontratuak egitea da".
Ondorengo mahainguruan, bertaratuetakoek galdera batzuk luzatu zikieten
hizlari biei, gai honen inguruan zeuzkaten zalantzak argitzeko. |