Aktorearen lanbideak euskal zineman dauzkan aukeren inguruan Aktorearen lanbideak euskal zineman dauzkan aukeren inguruan * Traducción al espanol del original en euskera Aitzpea Goenaga Gogoan dut filmazio batean izan nintzen lehenbiziko aldia, 14 urte neuzkala. Oroitzapenean gelditu zaidan uneetako bat, ispiluari begiratu behar nion sekuentziaren filmaketari dagokio. Ispiluaren aurrean ipini nintzen, baina kamerak nire begiradaren isla harrapatu ahal izateko, "pixka bat ezkerralderago" joan behar nuen. Eta ni, jakina, mugitu egiten nintzen. "Pixka bat gehiago, gehixeago, gehixeago, gehixeago... Hortxe!". Hemen? pentsatu nuen neure baitan, txantxetan ari zirelakoan, baina ezer galdetzera ausartu gabe. Ispiluari begira nengoen, baina neure burua ikusi gabe, aurrean neukan pareta zuriari begiratzen nion eta, kamerak zinema egiten zuen bitartean. Ala euskal zinema esan beharko nuke? Lerro hauek idazteko eskatu zidatenean, behin eta birritan irakurri nuen gai eta izenburutzat ipini zidatena: "AKTOREAREN LANBIDEAK EUSKAL ZINEMAN DAUZKAN AUKEREN INGURUAN". Eta zinemarekin izan nuen lehenengo harreman hura etorri zitzaidan orduan gogora, izenburua filmatutako eszena hura bezain irreala iruditzen zait eta. Aktore batek euskal zineman zein aukera dauzkan pentsatzera narama. Pentsatzen jarrita, demagun hemengo aktore batek, gizon nahiz emakumea, hemengo zineman aritu nahi duela. Hau da, esklusiboki zineman aritu nahi duela, eta esklusiboki hemen bertan aritu nahi duela. Antzerkia nahiz telebista bezalako beste hedabideak "ukitzeko" tentazioari uko eginez. Aktore honek, behin erabakia hartutakoan, eta dohainak dauzkala suposatuz, film asko filmatuko direnaren zain egon behar du. Eta filmatuko diren horien guztien artean, bere adin, egoera, itxura eta abarretara egokituko den paperen baten zain. Eta zuzendariak edota casting eko zuzendariak beregan konfiantza izan eta gustatzearen zain. Eta, noski, probetan ez du urduriegi jarri beharko. Eta famatua izan beharko du, edo ez, horrela,zuzendari horrek aurkitu beharreko aktore errebelazioa izateko moduan egongo da eta. Oztopo horiek guztiak gainditu ostean (eta ez dira ez gutxi), eta talde bikain batekin aurrekontu txikiko film bat filmatu ondoren (hori abantaila handia da gero hemengo zineman), filmak ondo gelditu behar du (ondo geldituko ahal da! Normalean bai). Banaketaren kontua dator ondoren, eta hori ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta... ...Buelta berriz ere. Beste proiektu bat, aktoreak haragitzeko moduko beste pertsonaia bat. Beste proba batzuk. Agian bere izena ezagunagoa izango da aldi honetan, baina ez gehiegi, edota agian "ikusiegia" egongo da, edota... Bistan da aktore honek ez duela etorkizun liluragarririk izango; beraz, bi aukera izango ditu: edo zinemako aktore bakarrik izaten jarraitu, eta horretarako filmak egiten diren lekuetara joaten ibili beharko du (euskal zinema ote den edo ez begiratu gabe), edo beste hedabideetan ere aktore lanak bilatzeari ekin (telebistan nahiz antzerkian). Tira... Gidoilariei, elektrikariei, argiketariei eta abarri beste hainbeste gertatuko zaiela pentsatzen dut... eta, eremuz aldatuz, baita futbolariei ere! (Hara! Oraingoan ezin emakumezkoak barnebildu. Lastima!). Futbolaren kasuan, esaterako, lanbidearen ordezkari nagusiak (singularra erabilita ere nintzateke oker ibiliko) milioiak kobratzen dituzten figura handiak dira. Zinemako antzezpen ederrenak bezala komentatu eta gogoratzen dira beren jokaldiak. Baina badira "beste" talde batzuk ere, talde handi eta jokalari handi gutxi horiek existitzeko beharrezkoak direnak. Beren futbol zelaiak ez daude "partiduetan" ikusten ditugunen baldintzetan, eta ez daukate "beste" zelaietan egoten den zaletu talderik beren jokoa animatzen. Eta ezin dute baldintza egokietan entrenatu, baina izerditu, beste guztiek bezala izerditzen dute. Eta euskal taldeetan, azkenean atzerritarrak dira gehien kobratzen dutenak. Eta asko kobratzen duten euskaldunek, euskalduna ez den talderen batean dabiltzalako kobratzen duteasko. Salbuespenak ere badaudela? Jakina! Euskal zineman ere bai. Eta harrobiaren aldeko apustua egiten duten ekoizleak ere badaudela? Baita ere! Eta zuzendariak, eta ikusleak, eta... denetarik. Azken batean, euskal zineman film gutxi eta label asko daudela esango nuke. Eta aktorearen ogibideak euskal zineman daukan aukera bakarra askoz ere film gehiago egitean datzala. Bizi gaitezela hori ikusteko! ... Edo film horiek ikusteko! ... Edo film horietan lan egiteko! Eta, hau guztia, irreal eta harrigarri samarra izan arren, ispiluari begira dauden baina berez aurrean daukaten paretari begiratzen dioten aktoreak bezala, baina zinemari esker gauzak beste modu batera ikusten ditugula. Izan ere, zinema edozein errealitate aldatzeko gai da. Eta Hollywood sortu baldin bazen, eta baita Boolywood ere, zergatik ez... Txoriwood? Aitzpea Goenaga, aktorea Euskonews & Media 92.zbk (2000 / 9 / 22 29) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=masters&link=www.eusko ikaskuntza.org/masters/index.htm http://ikaskuntza.org/
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.