753 Zenbakia 2020-09-21 / 2020-10-14

Gaiak

Pentsioen geroaz, estratuz estratu, orain

FERNANDEZ, Jon

“Begira zer galdera egin zidan lankide ohi batek joan den astean”. Lourdes Pulidok bizitasunez hasi du kontaketa. Hiru hamarkada egin ditu zahar etxeetan lanean, orain erretiratuta dago, eta euskal emakume pentsiodunen Oneka plataformako kidea da. “Erizain laguntzailea da bera, nire lankide ohia. Honela esan zidan: ‘Zergatik daukat nik orain Javik –izen bat esatearren– baino pentsio txikiagoa, biok soldata berbera izan badugu beti?’. Eta orduan hasi nintzaion azaltzen: ‘Javik ez du ez eszedentziarik hartu eta ez lanaldi murrizketarik eskatu seme-alabak zaintzeko, ezta? Zuk, aldiz, eszedentziak hartu dituzu seme-alaba bakoitzeko eta, gainera, zeure eskubide osoa daukazunez, ahal izan dituzun lanaldi murrizketa guztiak hartu izan dituzu zaintzarako. Horregatik, azken 25 urteetako kotizazio oinarriak, zureak eta Javirenak, ez dira berdinak’. Kostatu zitzaion ulertzea, baina ulertu zuen”.

Pulidoren lankide ohiaren kasua ez da salbuespena, baizik eta araua. 2018an, Emakunderen arabera, soldata arrakala %24koa zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Era berean, Hego Euskal Herrian emakumeen batez besteko erretiro pentsioa gizonena baino %39 apalagoa zen –alderaketa egiteko: EBn %16koa zen–. Emakume erretiratuek hilean 993 euroko pentsioa jasotzen zuten batez beste, eta gizonek, 1.626 eurokoa: hilean 633 euro gutxiago beraz, edo, beste era batera esanda, urtean 8.862 euro gutxiago.

Gizarte Segurantza, hein batean, gizartearen ispilu handi bat da. Hau da, birsortu egiten ditu lan merkatua eta ordainik gabeko zaintza lanak sexuen arabera antolatuta egoteak eragiten dituen desorekak. Betikotu egiten ditu.

Aurreko hiru paragrafo horiek Pentsioen geroa. Eztabaida sozial baterako gakoak liburutik ateratakoak dira (Aleka bilduma, 2020; Berria, Elkar, Jakin). Zehazki, laugarren kapituluaren lehen lerroak dira, Zaintzea zama denean izeneko atalekoak.

Hiru paragrafo horiek nahikoa dira ondorioztatzeko ezinezkoa dela pentsioei buruz sakon hitz egitea bakar-bakarrik pentsioei buruz hitz eginda. Aitzitik, ezinbestekoa da ikuspegi panoramiko batekin heltzea auziari eta matrioxka errusiar panpinaren eran aletzea eztabaida, geruzaz geruza eta arazoz arazo, pentsioena ez baita gai bakan bat. Hala, gurutzatutako ardatz eta eztabaida asko jaso ditut Pentsioen geroa kazetaritza-liburuan, 40 bat adituren ahotan: hala nola, lan merkatuaren prekarizazioa, sexuen araberako lan banaketak sortutako arrakalak, gizartea zahartzearen erronkak, zaintzarako eta gizarte babeserako ereduen gabeziak eta aukerak, zerga sistemaren hutsuneak eta aberastasunaren banaketaren desorekak.

Emakunderen arabera, soldata arrakala %24koa zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Era berean, Hego Euskal Herrian emakumeen batez besteko erretiro pentsioa gizonena baino %39 apalagoa zen.

Estratu horiek guztiak daude lotuta, eta bete-betean eragiten dute pentsioetan ere. Azken batean, pentsio sistema publikoa ongizate estatuaren oinarrietako bat da, ez da soilik adinekoen afera bat; Gizarte Segurantza, esan bezala, ispilu erraldoi bat da, zeinetan islatzen baitira gizartearen egiturazko desorekak eta erronkak. Geure burua ispiluaren aurrean jartzeko ariketa bat da Pentsioen geroa liburua, gako nagusietakoak detektatzeko eta, hartara, hobeto ulertu ahal izateko pentsio sistema publikoaren “krisia” deiturikoa eta pentsio publiko duinen aldeko mugimendua.

Liburuan jorratutako gako eta eztabaidagaietako gutxi batzuk baino ez ditut aipatuko datozen lerroetan.

Euskal Herrian bi data aipatu daitezke pentsio publiko duinen aldeko mugimendua aktibatu zutenak. Txinparta soziala 2018ko urtarrilaren 15ean piztu zen Hegoaldean, astelehenarekin; Ipar Euskal Herrian, berriz, 2019ko abenduaren 5ean hasi ziren greba eta protesta mugimenduak. Bi erreakzio zehatz izan ziren: lehena, PPren gobernuaren %0,25eko eguneratzeak eragindako haserrearen erantzuna; bigarrena, Emmanuel Macron presidentearen pentsio erreformaren kontrako erreakzioa. Bi kasuetan, nolanahi ere, hondoko itsasoa erakusten dute mobilizazioek; pentsio publikoena ez da gaurko arazoa bakarrik, biharkoa ere bada —nagusiki—.

Nolanahi ere, arriskua egon daiteke pentsiodunen mugimenduari ikuskera murritzez begiratzeko. Pentsa daiteke Iparraldean nagusiki etorkizunera begirakoa dela mobilizazioa —sindikatuek eta langile aktiboek gidatu dituzte mobilizazioak, hau da, biharko pentsiodunek— eta Hegoaldean, ostera, gaurko pentsio duinak bermatzea dela lehentasuna —erretiratuek gidatzen dituzte mobilizazioak—. Aitzitik, Hegoaldekoa ere “prebentzio mugimendu” bat dela defendatzen du liburuan Luis Sanzo Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politikako estatistika organoko arduradun teknikoak, argudiatuz iraganeko esperientzia historikoan oinarritutako mugimendu bat dela —1980ko industria birmoldaketaren bizipenean, hain zuzen—, neurri batean, “ahalegintzen ari dena bizi baldintza duin batzuk bermatzen etorkizunerako”. Sanzoren ustez, ez da kasualitatea pentsiodunen indargune nagusia Bizkaia izatea, bereziki Bilboko plaza. “Oraintsu erretiroa hartu duten horiek, nolabait, badakite berriz ere bizi dezaketela krisi eskema bat, 1980ko hamarkadan langile edo langabe zirela bizi izan zutenaren antzekoa. Ikusten dute gerta daitekeela pentsioak igo ez baizik txikitzea”. Preseski, belaunaldien arteko itun eta elkarlan baten beharraz hitz egiten du Sanzok, pentsatzen baitu akats bat izango litzatekeela pentsio publikoen auziari begirada sektorial batekin heltzea; haren iritziz, babes sozial osoa erreformatzeko hausnarketa global bat egin beharko litzateke, eta bide guztiak aztertu “gizartearen bi arazo nagusiei” aurre egiteko: pentsio sistemaren bideragarritasunari eta gazteen bereizgarri den prekaritateari.

Sakoneko arazoaz jabetzeko, epe luzerakoaz, lagungarria da pentsio publikoen gaurko argazkia eta biharkoa konparatzea. Euskal Herrian erretiro pentsioen %40 inguru dira hilean 1.000 eurotik beherakoak: Hegoaldean, %42; Iparraldean, %24. Sexuka erreparatuta, gizonezko erretiratuen laurden bat inguruk jasotzen du 1.000 euroko pentsioa, Ipar zein Hego. Aldiz, Hegoaldean hamar emakume erretiratutik zazpik kobratzen dute pentsio apala, eta hamarretik hiruk Bidasoatik gora. Bi arrakala handi ikus daitezke, beraz, gaurko argazkian: muga artekoa eta sexu artekoa. Gainera, errealitatea askoz gordinagoa da alargun pentsioei erreparatuz gero —emakumeak dira %97—: mila eurotik behera jasotzen dute hamarretik zortzik baino gehiagok, Ipar zein Hego.


 

 

Deigarriena da, luzera begira, pentsio publikoen egoera okertzea espero dela. Aurreikuspen demografikoek gizartearen zahartzea iragartzen dute —pentsiodun gehiago, beraz—, baina, aldi berean, Europako Batzordeak kalkulatzen du estatuek diru gutxiago bideratuko dutela pentsioak ordaintzera —erreformei esker—. Zehazki, espero du 2016tik 2070era bitartean ordezkatze tasa —azken soldataren eta lehenengo pentsioaren arteko aldea— Espainian %78,7tik %45era jaistea eta, Frantzian, %45,4tik %35,6ra. Hortaz, Euskal Herrian zenbat pentsiodun geratuko lirateke mila euroko langaren azpitik gastu publikoaren murrizketa orokorra eta gero? Ignacio Zubiri EHUko Ogasun Publikoko katedradunaren esanetan, “sistema aldatzen ez bada, gizarte zahartuago eta pobreago bat edukiko dugu”. Eta honakoa eransten du: “Egia bakarra dago: ez badira handitzen diru sarrerak, pentsioak apaldu egingo dira”.

Horra gakoetako bat: non jarri fokua pentsio sistema publikoa bideragarri egiteko sozialki eta ekonomikoki, gastu murrizketetan ala diru sarrerak dibertsifikatzeko eta handitzeko aukeretan. Orain arteko erreformek nagusiki lehen aukeran jarri dute fokua, gastuen murrizketan, hau da, pentsioen murrizketan. Libururako kontsultatutako adituek, aldiz, diru sarrerak handitzeko aukeretan jarri dute begia. Aukera ikusten dute kotizazio sozialen tipoak igotzeko —bereziki kotizazio maximoarena—, Gizarte Segurantzaren gastuak arrazionalizatzeko —pentsioen ordainketarako ez diren gastuak—, beharrezkoa denean aurrekontu publikoak erabiltzeko eta abar. “Begira, hau ez da neurri bakar batekin konponduko”, laburbiltzen du Zubirik, zerga erreforma progresibo baten beharra ere azpimarratzearekin batera. Eta badago egon maniobrarako tarterik: batez besteko zerga presioa, Hego Euskal Herrian, EBn baino ia zortzi puntu apalagoa da; Espainian, halaber, ia bost puntu txikiagoa.

Aditu batzuek aukera ikusten dute, era berean, kotizazio oinarria zabaltzeko ere; hau da, soldata gordinaz gain enpresaren irabaziak ere nolabait aintzat hartzeko. Aukera horrek lotura zuzena du lan merkatuaren robotizazioarekin: teknologiari esker, gero eta gehiago ekoizten da langile gutxiagorekin, baina, aldi berean, horrek Gizarte Segurantzaren diru sarrerak apaltzen ditu. Are gehiago, Miren Etxezarreta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ekonomia Aplikatuko katedradun emerituaren ustez, luzera begira, pentsioa herritartasunean oinarritutako eskubide unibertsal bihurtu beharko litzateke, eta ez luke izan behar enpleguan soilik oinarritutako eskubide bat. Etxezarretaren iritziz, teknologiaren iraultza dela eta, luzera begira, “birpentsatu egin behar dira lanaren gainean oinarritzen diren eskubide guztiak”.

Hain zuzen ere, pentsio eskubidea soldatapeko lanean oinarritzeak dakar, hein handi batean, emakumeen batez besteko pentsioak apalagoak izatea, lan merkatuak eta zaintza lanek sexuen arabera antolatuta jarraitzen dutelako emakumeen kaltetan. Kotizaziopeko eskubidea denez, ordain ekonomiko gabeko lana zigortzen da non eta zaintza eredu mediterraneoko herrialde batean: 2016an, esate baterako, zaintza lanen %86 familien bitartez egin ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; seme-alabak zaintzeko eszedentzien %93 emakumeenak izan ziren, bai eta senitartekoak zaintzeko eszedentzien %82 ere.

Pentsioen sexu arrakalak, beraz, lotura zuzena du iraganeko zein gaurko lan merkatuaren egiturarekin eta zaintza ereduarekin. Joseba Zalakain SIIS dokumentazio eta ikerketa zentroko zuzendariak honela dio: “Iparraldeko estatuek gehiago bultzatu dituzte zaintzarako zerbitzu profesionalizatuak, [...] finantzaketa publikokoak. Ostera, herri mediterraneoetan aukera nahiko argi bat egin dugu, neurri batean, zaintzaren karga familiari emateko, eta familiak, ezin badu, migranteei: gehienak latinoamerikarrak eta emakumeak. Aukera horixe da, eta, gainera, laguntza ekonomikoak ematen ditugu hori posible egiten dutenak”. Nekane Berriotxoa Oneka pentsiodunen plataformako kideak ere pentsio apalen, zaintza ereduaren eta lan sektore feminizatuetako prekaritatearen arteko gurpil zoroaren dinamika esplikatu du: “Zaintza pribatua sustatzen ari dira, baina bakarrik bizi den pertsona bati 800 euroko txeke bat ematen badiote, zer egingo du horrekin 24 orduko arreta behar badu? Gutxienez hiru pertsona behar ditu zaintzaile. Eta, gero, kate bat da: 800 euro dituen pertsona horrek zelan pagatuko dio ordain duin bat zaintzaileari? Ezin du; hark ere bizi egin behar du. Eta, orduan, hor zapalkuntza gertatzen da emakumetik emakumera”.

Esan bezala, ezinezkoa da pentsioez sakon berba egitea bakarrik pentsioez berba eginda. Aipatutako estratu guztiak daude lotuta, eta gaia ikuspegi panoramikoz jorratu beharra nabarmentzen dute kontsultatutako aditu eta pentsiodunen elkarte gehienek. Amaia Pérez Orozco ekonomialari feministak, adibidez, lotura ikusten du pentsiodunen mugimenduaren eta 2012an loratutako mareen artean. “Haiek ere, hasieran, mugimendu korporatibo modukotzat jotzen ziren, baina gero lortu zen azaltzea ez zebiltzala bakarrik euren lanpostua defendatzen, eskubide sozialak baizik”. Pérez Orozcoren aburuz, pentsiodunen mugimendua baliagarria izan daiteke eztabaida sozial bat zabaltzeko, “oraindik ere benetan zabaldu ez dugun eztabaida sozial bat”.

Bada, koronabirusaren osteko garai hau une aproposa izan daiteke eztabaida sozial horri ekiteko. Liburuaren hitzaurrean aipatu bezala, esan daiteke pandemiak hauspotu egin ditzakeela bai liburuan jorratutako aukerak, bai eta arriskuak ere. Batetik, indartu egin dezake kontzientzia soziala eta inbertsio publikoaren aldeko defentsa, eta hala, pentsio duinen aldeko elkarteen aldarrikapenak sendotu: inoiz baino bistarago geratu da pertsonok kalteberak garela eta komunitatearen beharra daukagula; berretsi da zaintza lanak ezinbestekoak direla eta ez daudela behar bezala aitortuta eta ordainduta. Alabaina, bestetik, pandemiak eragindako geldialdi ekonomikoak arazo handiak sor ditzake Gizarte Segurantzaren eta ogasunen diru sarreretan, eta gobernuek babes publikoa —pentsioak, tartean— murrizteko bidea har dezakete. Hala, orain are beharrezkoagoa izan daiteke pentsioen geroaren harira egin beharreko eztabaida sozialerako gakoak eta estratuak garantzea eta jorratzea.


Eusko Jaurlaritza