750 Zenbakia 2020-05-20 / 2020-06-17

Gaiak

Umore feminista eta Zakilixut. Antton Olariagaren komiki-zintak 1977ko Eginen

CASTAÑEDA, Aitor

Ikerlan hau Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-talde kontsolidatu honen laguntza jaso du: "Euskal Nazionalismoa Ikuspegi Konparatuaren Arabera", GIU 17/005


1977ko abenduaren 15ean, Antton Olariaga marrazkilariak (Usurbil, 1946) bere 64. komiki-zinta argitaratu zuen Egin egunkariko Solasjaipausa orrialdean, non hasieratik periodikorako sortu zuen Zakilixut pertsonaiak Euskal Herriaren sexua “femeninoa” zela seinalatzen zuen.

Ez zen lehen handia halakorik egiten zuela 77. urte horretan, Espainiar Konstituzioa onartzeko urtebete geratzen zela. Ordura arte legez kanpo zeuden zenbait eskubide ofizial egitear zeuden, eta demokrazia-, lurralde- eta sexu- eskubideen errebindikazioa kalean zegoen, EHn bereziki gogor: mugimendu antifrankistari Erregimenak bultzatutako kontrako mugimendua eta debekua gehitu behar zitzaizkion, prentsa-zentsura barne.[1] Orduan jaio zen Egin, non Olariagak Zakilixut sortu zuen. Zer zeukan bada umore pertsonaia horrek garai honetan akademikoki interesgarria izateko? Eta zer ekarpen egin zion mugimendu feministari?

Egin eta Solasjaipausa

Egin egunkaria irailaren 29an jaio zen Hernanin, euskal hedabide abertzale modura, Orain S.A. argitalpen-taldearen eskutik. Ildo ideologiko ezkertiarrekoa, hasieratik konprometitu zen kolektibo gutxituekin, bereziki feminismoari bide eginez.[2]

Eginek hasieratik Solasjaipausa orrialde osoa umore grafikoari eskaini zion[3], azkena hain zuzen. Umore grafikoa, kazetaritzaren ikuspuntutik iritzi-genero bezala ulertu ohi da. Izan ere, iritzia, testuaz aparte, irudien bidez ere adierazi baitaiteke egunkari batean, kritikoa mahiz, eta orokorki bineta edo komiki-zinta modura agertuz[4]. Umorea, distortsioaren bidetik garratz eta lizunkoia izan daitekeena, zentsuraren jopuntuan dago sarritan, eta 70. hamarkadan are gehiago[5]. Zeresanik ez 77. urte horretan, Egin jaio eta astebete pasatxo lehenago El Papus aldizkari satirikoak Aliantza Hirukoitza talde faxistaren lehergailuzko atentatua jaso zuela. Ez dago beraz esan beharrik apustu arriskatua izan zela Solasjaipausa hura, non Olariagak marrazten zuen. Bai eta orduko ilustratzaile Juan Carlos Eguillor-ek (Donostia, 1947 – Madril, 2011) ere, norberak bere sekzio propioarekin.

Zakilixuten atzetik

Zakilixut da gaur egungo Berria egunkarian presente oraindik dagoena, bere autorearen bereizgarri. 77. Urte hartan apurtzaile suertatu zen, lehenik eta behin, bere izenetik hasita, eta baita ahaztu behar orduan espainiar gizartean sexuaren inguruko ikuspegi aske edo irekiagora zabaltzen ari zela[6]. Halaber, euskaraz soilik egiten zuen/du hitz, hizkuntza honen alde ere egiten zuen egunkari erdaldun batean[7], eta gainera batuaz, tarteka neologismoak eta euskalkien terminoak ere txertatuz[8]. Kontuan hartu behar da ordurako hizkuntza normalizatzeko arauak bazeudela, baina ez zela oraindik estandarizazio irmorik. Euskara ez zen ordea arazo izan Egineko irakurle anitzek periodikoa atzetik aurrera hasteko.[9]

Konkretuki lan honetan dagoen ardura Zalilixutek egituratzen duen diskurtsoa da, zer eta feminismoari dagokionean. Esan bezala, Eginek konpromisoa hartu zuen emakumeei ahotsa emateko. Hala ere, urte horretan Zakilixuten umorea “matxista” zela idatzi zuen irakurle batek egunkarian (1977-XI-16: 15), 77an zehar, pertsonaia hau ingurune teluriko batetik zebilelako, topatzen zituen elementu oro andra-gorputz biluztuaren atalekin konparatuz.[10]

Hurrengo lerroetan ikertzen dena 77. urteko zinta komikoak dira beraz, diskurtsoaren analisia bidaide[11]. Egunkaria irailaren 29an jaio bazen, hiru hilabeteko ibilbidea egingo zuen Zakilixutek 1978ra heldu arte.

Emaitzak eta diskusioa

Hasiera-hasieratik, zinta guztiak bilduz ikusten da egitura berdintsua: formari so, lau bat binetako zintak, non ia beti pertsonaia laukiratzearen erdian agertzen den, marra soil batek mugatutako ingurunean. Egitura narratiboa, ia berdina: Zakilixut, denboraz-gaindiko paisaian barrena, objektu naturalekin topo egiten du, gerora konklusio bat botatzeko.

Seriearen izenetik –lehen binetaren goiko aldean kokatutakoa– adierazten zitzaion irakurleari pertsonaiak duen intentzioa: txiste lizun edo sexualak sortzekoa. Halaber, maskulinotasuna azpimarratzen zuen lehen unetik, zakilari erreferentzia eginez, nahiz eta zakila organoa izateaz beste, elementu lizuna ere baden, pertsonaiak erakusteko beldurrik ez duena. Aurreikuspen horrekin, ulertzen da Zakilixuten unibertsoan gertatzen ziren etengabeko topaketetan metaforak gertatzea, non Zakilixutek natura-elementuok gorputz-atalekin izendatzen zituen, natura horren azpian zegoen eduki sexuala desestaltzeko asmoz.

Elementuak –harriak, hodeiak, sastrakak, leizea, zuhaitzak– une batetik bestera emakume-bular bilakatzen ziren, ipurdi-masail, besape, bagina edo emetasun-sinbolo. Zakilixutek une jakinetan espresuki izendatzen zituen bere ahotik elementuok andrearen gorputz-atalak bailiran, baina esan bezala joko ironiko eta metaforikoak eginez, irakurleari mahiz begiratuz eta bere konplizitatea bilatuz.[12]

Elementuok independente agertzen zirenean, hauek ere generoa hitzez egozten zien Zakilixutek. Adibidez, arrak ziren itsasoa, barraskiloa eta txoria. Emeak ilargia, ura, eta noski, lurra, Zakilixutek etengabe errepikatzen zuen “Oi Lur” esamoldearekin, Xabier Lizardik sorturiko olerkitik ateratakoa eta 1974an Benito Lertxundik abestiz jantzitakoa. Lurra, Lizardiren ahotan, “gurazko aberria” da, historiako garai hartan hainbat hiriko gaztek miretsitako espazio eta euskararen sorburu[13]. Hiritar gazte askok Ama Lurrera itzuli nahi zuten, frankismoaren azten urteetako hiri-garapen bortitzetik ihesiz eta mendizaletasuna sustatuz. Lurra, euskal mitologian, andrea ere bada, bai eta emankortasunaren sinbolo ere[14]. Zakilixut desmitifikazio jardunean dabil, 70. hamarkadako mugimendu intelektualekin sintonian.[15]

Gauzak horrela, une jakin batean Zakilixut kobazulo batean sartzen ikusiko da (1977-X-27: 31), eta bederatzi egunen ondoren diskurtso desmitifikatzaile honen erdigune den objektua topatuko du: Eguillorren Miss Martiartu pertsonaiaren irudia, pareta batean labar-margolana bailitzan pintatuta.

Aitzitik ere ikusi izana zen Zakilixut Eguillorren zintaren batean, marrazkilariek elkarren arteko sintonia balute legez. Oraingoan Zakilixutek topatzen du Martiartu, trogloditek margotua. Eta andere hau ez da baizik eta EAJren emakume estereotipatua, Eguillorrek irailaren 29an “del PNV de toda la vida” legez deskribatua.

Zakilixuten diskurtsoaren muina agerian geratzen da: berak zapaltzen duen Lur hori ez da baizik eta jeltzaletasunaren figura, ez emakumearena bere zentzu zabalean, desmitifikatzen ari den espazio politikoa baizik. Honela, Miss Martiarturi zilegitasuna kentzeaz gain, beste marrazkilariek ere antzera egingo diote, Eguillorren zintetan behintzat grazioski erasotua den pertsonaia izatera helduz.

Juan Carlos Eguillor (Egin, 1977-XI-2: 31).

Behin Olariagaren semea leizetik kanpo, hau hirirantz abiatuko da. Koban bertan hasi dira jada feministen aldeko adierazpenak, agian argiena azaroaren 11koa (31 or.), non zuzenean dioen orduko laugarren biñetan “batzuentzat behintzat feminismoa matxismoaren terrorismoa da”. Are gehiago: EH gaizki tratatua ikusten duen bezalaxe, horrela ere dakusa emakumea, bai eta EHren generoa femeninoa dela esan ere, garaiko euskal mugimendu feminista ezkertiarrek enuntziatu zuten bezala[16]: “Esa Euskadi que también ha derramado sangre propia y que ha sufrido torturas por motivos políticos [...] se llama mujer.

 
  1. [1]Cesar COCA eta Florencio MARTINEZ, Los medios de comunicación en el País Vasco, EHUko Argitalpen-Zerbitzua, 1993, 18
  1. [2]Ib., 69
  1. [3]Jose Mª UNSAIN eta Carlos C. BORRA, “Komikiaren historia Euskadin. Hurbilpen bat (1936-2004)”, Entziklopedia enblematikoa (Arte aplikatuak), Etor Ostoa, 2005, 121
  1. [4]Emy ARMAÑANZAS eta Javier DIAZ NOCI, Periodismo y argumentación. Géneros de opinión, EHUko Argitalpen-Zerbitzua, 1996, 111
  1. [5]Ramon REIG, “El poder del humor y el humor bajo el poder”, Revista Latina de Comunicación Social, 2008, www.revistalatinacs.org/08/humor/Ramon_Reig.html 
  1. [6]Jose Carlos MAINER eta Santos JULIÁ, El aprendizaje de la libertad, Alianza, 2000, 141
  1. [7]Ander USABIAGA, “Jabier Salutregi: «‘Egin’ osorik euskaraz kaleratu arte ez da egunkari nazionala izango»”, Argia, azaroak 10, 1996, www.argia.eus/argia-astekaria/1599/jabier-salutregi
  1. [8]Koldo IZAGIRRE, “Egunkari-irakurle ironikoa”, in Antton Olariaga, Zakilixut, Lur, 1979, 5-6
  1. [9]Eneko LORENTE, “Mirar al sesgo. El humor gráfico de Olariaga y Eguillor en la primera época del diario EGIN”, in B. Bottin (ed.), El humor y la ironía como armas de combate. Literatura y medios de comunicación en España (1960-2014), Renacimiento, 2015, 532  
  1. [10]Ib., 542-543
  1. [11]ENTREVERNES (taldea), Analyse sémiotique des textes : introduction, théorie, pratique, Presses Universitaires, 1982
  1. [12]Luis GASCA eta Roman GUBERN, El discurso del cómic, Cátedra, 1991, 521
  1. [13]LORENTE, Op. Cit., 543
  1. [14]Emeterio SORAZU, Antropología y religión en el Pueblo Vasco, Ediciones de la Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1979, 183
  1. [15]Juan GOYTISOLO, España y los españoles, Lumen, 1979, 7
  1. [16]ASAMBLEA de MUJERES de BIZKAIA, Euskadiko Emakumeen Lehenengo Topaketak, akta-liburua, Bilboko Unibertsitatea, 1977, 72

Eusko Jaurlaritza