Euskonews Gaztea
Gaiak: Beñat Perez (Gitarrajolea): “Furgoneta zahar bat erosi eta munduan zehar bidaiatzea da nire ametsa”
Duranako Ikasbidea IkastolaArgazkiak eta testua
Beñati bere musika taldeak – Kopia Barata– ematen dio bizitza eta berak bizitza ematen dio musika taldeari. Beñat P?rezek franko abizen arrunta du, baina berarekin hitz egin aurretik bageneukan susmoa –eta susmo hori indartu egin da– bera ez dela inola ere pertsona arrunta, baizik eta oso berezia. Elkarrizketa hau berari egin ondoren, oraindik konbentzituago gaude Beñat halakoxea dela.Huela hamazazpi urte jaio zen Gasteizen.
Gaur egun Batxilergoko ikasketak egiten dihardu Duranako Ikasbidea Ikastola institutuan. Bere zaletasunei dagokienez, nabarmen nagusitzen da –sasi guztien gainetik– musika. Dena dela, badirudi Beñatentzat musika zaletasuna baino gehiago dela, bere hitzetatik ondorioztatu baitugu bizitzeko modua ere badela.
Dagoeneko makina bat kontzertu eman ditu Kopia Baratak eta aurrerantzean gero eta gehiago izatea espero du.
Noiz erabaki zenuen gitarra jotzea? Jotzen al duzu beste instrumenturik?
Betidanik gustatu izan zait rock and rola eta 11–12 urte nituela neure buruari galdetu nion zergatik ez ote nuen instrumenturik jotzen. Gogo handiaz hasi nintzen gitarra jotzen eta talde bat sortzea zen nire ametsa, batez ere, pentsatzen nuena adierazteko izugarrizko beharra sumatzen nuelako. Beste instrumenturik jotzen al dudan? Beno, ikastolan flauta gozoa jotzen irakatsi ziguten eta denboraldi batean harmonikarekin saiatu nintzen.
Eta musika munduan zein taldek dute eragin handiena zuk musika egiteko orduan?
Txikia nintzela, nire amonaren etxeko tiradera batean La Polla Records taldearen zinta bat topatu nuen. Atentzioa eman zidan; ezer ulertzen ez banuen ere, beraien jarrera gustukoa nuen. Ondoren, Ramones, The Clash eta Sex Pistols bezalako taldeek eragin izugarria izan zuten nigan. Gustuko ditudan taldeekin zerrenda osatzean, benetan zerrenda luzea osa genezake eta oso zaila izango litzateke niretzat horietako bakarra aukeratzea. Labur esateko, Rock&rola dut gustuko.
Nondik nora ibili zarete kontzertuak ematen?
Gehienak Gasteizen izan dira. Guzti horietatik oroimenik gozoenari dagokionez, lehendabiziko kontzertukoa dela esango nuke. Gure ikastetxean izan zen; garaian eskarmentu oso txikia geneukan taula gainean, eta hala ere, nahiko ondo irten zitzaigun. Asko poztu nintzen jendeari kontzertua gustatu zitzaiola ikustean horretan ez baitzen alderik izan: bai gurasoek, bai umeek atsegin izan zuten. Beno, gurasoek batez ere. Orduz geroztik, kontzertu onak eta kaxkarrak ere izan ditugu.
Non egiten dituzue entseguak?
Orain Gamarran egiten ditugu, bertan bateria–jotzaileak lokala baitu. Oso zaila zaigu lokalaren alokairua ordaintzea gutako gehienek lan ordaindurik ez dugu–eta. Ondorioz, larunbat gauerako geratzen zaigun dirua oso urria da. Laguntzen gainean hitz egiten baldin badugu, gaur arte ez dugu inoren laguntzarik izan: ez erakundeena, ez norbanakoena.
Zeremoniaren bat jarraitzen duzu kontzertuen aurretik?
Ez dut ohitura konkreturik, baina batzuetan gitarrari distira ateratzen diot jo baino lehen.
Uste al duzu gaur egun musikatik bizitzerik dagonik?
Gurea bezalako taldeek zaila daukate musikatik bizitzea, zorte handia izanda, agian, zertxobait lor daiteke. Zer egin daiteke jende gehienak gustukoa badu “Cuarenta Principales” moduko irratiak entzutea?
Musika mundua industria–zigilu handiek maneiatzen dute: MTV, Disney Channel, Warner eta antzekoek. Eta zer da horiek saltzen digutena? Kaka–zaharra, Jhonas Brothers... Zer da hori? Milioiak eta milioiak irabazten dituzte gaztetxoak engainatuz. Eta mundu horretan ez dago lekurik gurea bezalako taldeentzat, askotan marjinatuak izaten garen taldeontzat.
Zein iritzi daukazu pertsonek musika internetetik jaitsi ahal izateari buruz?
Oso ona! Nik egunero jaisten ditut kantak internetetik eta horrela ezagutzen ditut beste era batean ezagutuko ez nituzkeen taldeetako abestiak. Oraingo talde gehienek kontzertuak ematen irabazten dute dirua eta musika jaisteak disko–etxeei egiten die, beraiek irabazten baitute diskoetatik ateratako portzentaje handiena. Izorratu daitezela!
Zer duzu gustukoena, zuzeneko musika ala grabazioa?
Ekintza bakoitzak badu bere puntua: zuzenean jotzen ikaragarri ongi pasa dezakezu eta baita grabaketetan ere, baina grabaketa azken finean astuna egiten da ordu asko igarotzen baitira detailetxoak zuzentzen.
Ba al daukazu ametsik?
Nire ametsa da trankil bizitzea, furgoneta zahar bat erosi eta munduan zehar bidaiatzea.
Mila esker, Beñat. Ziur gara elkarrizketa honen irakurleek guk adina disfrutatuko dutela.