519 Zenbakia 2010-02-05 / 2010-02-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Behin batean, bazelako

BEREZIARTUA, Loren



Ikastetxe berria zen niretzako. Hamabi urte nituen... oker ez banabil. Beno, ez dut oso ongi oroitzen zenbat urte nituen, baina bai aurrerantzean nire ikaskide izango ziren 18 neska–mutikoen begiradak; mesfidantzaz egiten zuten so batzuek, axolagabetasunez besteek, maltzurkeriaz gutxi batzuek... Orratzak bailiran nire gorputzean ziztatzen ziren begirakuneak ziren, edozein modutakoak zirela ere. Argazkia: chefranden

Ez zen erraza izan begi urdin, beltz, marroi zein berdeen zaintzaren menpetik ihes egitea, ez eta hitz egitea, jolastea, bazkaltzea, ikastea... Momentu zailak ziren niretzako, beste arrazoien artean, pertsonatxo haiek neure euskalkia ordura arte inoiz entzun gabe baitzuten. Eta gatza zen, egunez egun, haien astakilo, tontolapiko, inuzente, eta bestelako hitz ?xarmangarriekin? hastea eguna.

Irakasleak gainera, paso egiten zuen egoeraz. Isilik! entzun behar izan nuen behin eta berriz, nahiz eta nire ahotik hitzik atera ez, berria nintzenez errieta guztiak niri zuzendurik zeuden Eta zenbatetan pentsatuko ote nuen isildu hadi, hi, ipurdihandi! Baina errespetu handiegia ematen zidanez, mutu geratzen nintzen nire aulkitik apur bat gehiago irristatu, lurrera begiratu eta ezpainari kosk egiten nion bitartean. Halere, zorte kolpe bat iritsi zen ikastetxera, aire berriak eta horrek ikaragarri aldatu zuen nire bizitza, eta batez ere, ingurukoena.

Esfortzu handirik gabe, baina maitasunez, mespretxua laguntasun bilakatu zuen irakasleak Andereño Lore zeukan izena; nik beti susmoa eduki nuen bere benetako izena Flor zela, baina badaezpada inoiz ez nion galdetu! Emakume hura izan aste batzuez infernu izandako tokia erreformatu eta armonia ikasgelara eramatea lortu zuena. Azkenean gainerakoek ulertu zuten berdin–berdin zela bariku esan edo ostiral; ez zegoela alderik elizaren eta eleixaren artean, edota baratxuriak eta berakatzak gustu berdina dutela.

Eta ulertarazte horren bidez, nire bizimodua aberastu zen; haiek berbak ikasi zituzten, eta guztiok lan bilakatu ginen. Eta garrantzitsuena, munduari beste prisma batekin begiratzen ikasi genuen, denok ez garela berdinak, denok ez dugula berdin pentsatzen, ez hitz egiten. Garai hartan oraindik ere umeak ginen arren, irakasle berriaren etorrerarik gertatu ez balitz, zer izango zen gutaz? Berak erakutsi baitzigun tolerantzia zer den, berak hitz egin zigun arrazakeria mota ezberdinez...

Horrexegatik, behin batean, Andereño Lore bazelako, zuzenago jokatzen ikasi genuen.