505 Zenbakia 2009-10-23 / 2009-10-30

Euskonews Gaztea

Gaiak: Hurrengo urtera arte, EHMG

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Amaitu da Euskal Herria mugaz gaindi mintegia. Arrasateko Kulturate kultur etxean bildu ziren hiru egunez –2009ko urriaren 20tik 22ra bitartean– euskal diaspora moduan ezagun dugun mundu horretara urreratu gaituzten adituak. Eta nola ez, hauek zer esango zuten jakin–minez Debagoienako udalerri honetara gerturatutako entzuleek ere ez zuten hutsik egin. Euskaltzaindiako kideek deituren inguruan hitz egin zuten.

Seigarren edizio honek berezitasunak aurreko bost mintegiekin. Lehenengoen iraupena bi egunetakoa izan bazen, 2009koa hirutara luzatu dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Gainera, normalean jorratzen den gaia historian zentratu izan da soilik, eta igaro berri den mintegian arteak ere bere tokia izan du. Horren “erruduna” Ana Isabel Ugalde izan dela esan daiteke, EHUko Artearen Historiako Departamentuko kide eta aldi berean mintegiaren antolatzaileetariko bat. Parte hartzaileak

Urriaren 20tik 22ra bitartean Arrasaten eginiko mintegian Euskal Herriko zein nazioarteko 44 gizon–emakumek hartu zuten parte. Bertatik bertara eskaini zituzten mintzaldiak, baina baita birtualki ere, hain zuzen, bideo–konferentziak burutu baitzituzten. Hala, Txekiatik konektatu zen Óscar Álvarez Gila EHUko irakaslea esaterako; Ignacio Lardizabal eta Jos? Marcilese Argentinatik aritu ziren, Rosario eta Bah?a Blancatik, hurrenez hurren. Txiletik berriz, Patricio Legarraga, bertako Euskal Etxeko ordezkari moduan. Aretoan egondakoen artean berriz, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle–irakasleak, Eskoriatzako HUHEZI fakultatekoak, Nafarroako Unibertsitatekoak, Bolibiako ikasleak, Baionakoak...

Mintegiko parte hartzaileen jatorria askotarikoa izan den moduan, landu diren gaiak ere anitzak izan direla erran behar. Hala, Historia aitzakia hartuta hitz egin zuten aurreneko eguneko hizlariek, baita prentsan euskal diasporak duen presentziaz ere. Bigarren egunean berriz, Artearen txanda izan zen eta euskaldunek munduan utzitako arrastoen gainean mintzatu ziren batzuk; irudia eta zinea izan zen besteen hizketa gaia.

Azken egunean berriz, abizenak nagusi izan ziren mintegian; Euskaltzaindiko bai eta bestelako adituen eskutik entzun zituzten euskal abizenei buruzko kontu ezberdinak kultur etxean bildutakoek. Egunari eta oro har jardunaldiei amaiera emateko, gazte ikerlarien txanda izan zen eta hauek beraien ikerlanen gaineko erakusketa egin zuten. Adin guztietako entzuleak gerturatu ziren Arrasatera hiru egunetan zehar. Askotariko entzuleria

Entzuleak ere anitzak izan dira, euskal gaiei buruzko jakinminak batzen zituen guztiak. Lehenengo eguneko inaugurazio ekitaldian politikariak egon ziren; horien artean Arrasateko alkate Ino Galparsoro edota Julián Celaya Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria.

Baina hiru egunetan zehar hitzordu gehienetara txintxo agertu zenik ere badago. Arrasateko Helduen Heziketa Iraunkorrean Artearen Historia ikasten diharduten gizon–emakumeek beraien aulkiak bete zituzten entzule gisa eta atentzioz jarraitu EHMGn jorratutako gaiak.

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatetik ere ikasle talde bat aretoan agertu zen ostegunean, beraien ikasketetarako baliagarri suertatu dakieke esperientziak gainera. Baina publiko gazteagoa ere eduki du EHMGk, hain zuzen Arizmendi ikastolako neska–mutikoak.

Bizitza honetan dena ez denez hizketan egitea, ikus–entzunezko ekimen bat jarri zuten abian, hain zuzen ere Thunder in the Sun film amerikarra eskaini zuten. Modu horretan, kultur etxeko areto nagusian bildutakoei 1957ko filmean ematen den euskaldunen gaineko ikuspegi okerra erakutsi zitzaien.

Hiru egun askotariko gaiak lantzeko, bakoitzak gaia bere esparrura eramanez, baina beti ere nolabaiteko koherentzia mantenduz guztien artean. Ezin baita ahaztu nazioarteko mintegia izanagatik ere, oinarrian euskaldunak egon direla.