486 Zenbakia 2009-05-15 / 2009-05-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Athletic, ameskeria zirudien arren

RODRIGUEZ, Janire

Testua eta argazkiak



Nork ez ote du amestu Athletic Kopako finalean ikustearekin? Zenbatetan entzungo genuen gure gurasoen ahotik: Ondo gogoratzen dut Madrilen bizitako hura! Bartzelonaren aurkako finala izan zen! Barçak gorriak ikusi zituen garai hartako Athleticen aurka... Maiatzaren 13an San Mamesen hartutako irudia.

Sinistu ezinik genbiltzan, baina, egia da, maiatzaren 13an Athletic Mestallan ikusteko parada izan genuen. Web Ofizialean ziotenez: ameskeria zirudiena egia eta ilusio hutsa bilakatu da. Instituturen batean azterketak atzeratu zituztela ere entzun nuen. Eta batek baino gehiagok pentsatuko du: Partida bat baino ez da! Zoratuta al gaude? Ba bai, jauna, zoratuta gaude! Baina zelan ez gara egongo ba, zuri–gorriz jantzita jaio baginen? Ereserkia ere ondo baina hobeto dakigu. Eta zenbat aldiz hurbilduko ginen, gurasoak lagunduta, Katedralera...

Hunkituta gaude. Hunkituta eta batzuk etsita. Sarreren salmentaz ari naiz. Zenbat ordu ez ote genituen eman athletic zaleok BBK–ko bulegoetan sarrerak gure eskuetan sentitu arte... ezagutzen dut ilaran hiru ordu eman zituenik ere. Hori partida San Mamesen ikusteko “baino ez”. Beraz, Valentziara, nahi bai, baina... ! Hori bai hori erronka! Hala eta guztiz ere, bazen Sevillaren aurkako norgehiagoka irabazi eta bidaia eta egonaldia erreserbatu zuenik.

Eta Aldundiak eginiko zozketaz, zer esan? Sarrera hauek Valentziarako ziren. 110 zozketatu zituen pasa den apirilaren 28an Bizkaiko Foru Aldundiak. 110 sarrera, bai, baina hamaika eskaera.

Sarreren kontua alde batera utzita, hitz egin dezagun finalaz, maiatzaren 13ko egun bereziaz. 1–4 irabazi zuen Barçak. Egia esanda, askok espero zuten eta besteok esperantza bagenuen ere, jakin bagenekien oso zaila zela Kopa Bilborantz ekartzea. Hala eta guztiz ere, Athletic zaleok irabazi egin genuen, Mestallan, San Mamesen, Bizkaian... Barçak ezin hobeto jolastu zuen eta eskuratutako golak behar bezala bereganatu zituen. Athleticek, aldiz, egin zitekeen guztia egin zuela esango nuke.

Partida galduko zuen baina Bizkaiko kaleak, besteak beste, zuri–gorriz jantzita esnatu dira gaur goizean. Beraz, ikusitakoa ikusirik, inork ezin uka dezake futbola emozioak sortzeko makina denik. AUPA ATHLETIC!