485 Zenbakia 2009-05-08 / 2009-05-15

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Mikele Irazusta. (Tenis jokalaria): Nire herrialdea ordezkatzea eta Argentinako kamiseta janztea tenisak oraindaino eskaini didan saririk onenetarikoa da

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Eskuineko eskuarekin heltzen dio erraketari Mikele Irazusta gazteak tenisean dabilenean; hala ere, errebeskada biekin egiteko abilezia dauka. Tenisean oso gaztetan hasi zen eta beraz, ez da harritzekoa 16 urterekin hainbat tituluren jabe izatea. Argentinarra izan arren, euskaldun ere bada bihotzean. Euskonews Gaztearekin mintzatzeko tartea hartu dut, txapelketatik txapelketara bitartean.

Oso gaztea zara. Konta iezaiezu gure irakurleei, noiz hartu zenuen aurrenekoz erraketa bat?

Lau urte nituela hasi nintzen kirol hau praktikatzen. Roaldo Fernández nire aitonarekin ekin nion tenisean aritzeari; izan ere, nire amaren aldeko familia tenislariz beterik dago.

Nola moldatzen zara tenisa eta ikasketak uztartzeko?

Nahiko gai korapilatsua dela esango nuke. Iazko ikasturtera arte, erregulartasun dezentez joaten nintzen eskolara. Esan dezaket irakasleek aintzat hartzen zutela nire egoera, eta kurtsoak arazorik gabe gainditzen nituen. Aurtengoa berriz, desberdina izango da. Gauzak aldatuko dira, izan ere, lehen baino askoz ere gehiago bidaiatu beharko dut eta ezin izango naiz ia inoiz eskolara joan. Hala ere, nire asmoa, hirian nagoen bakoitzean klasera joatea da eta ikastetxearen laguntzarekin, urte amaieran nire kabuz gaindituko nituzke irakasgaiak.

Tenisean buru–belarri zabiltza beraz. Esaguzu, nolakoa da zure egun bat?

Egia esateko, nire egunak oso desberdinak dira beraien artean; esate baterako, torneoa Buenos Airesen edota Bahia Blancan baldin bada. Txapelketa edukiz gero, jokatu baino pare bat ordu lehenago jaiki, gosaldu eta beroketak egiten hasten naiz. Partidurako prestatu eta txapelketan aritu ondoren, suspertu eta bazkaltzera joaten naiz. Ondoren, egun berdinean beste txapelketaren bat edukiz gero, hotelera bueltatzen naiz, edo bestela, klubean geratzen naiz nire txanda iritsi arte. Gauean berriz, afaldu eta goiz oheratzen saiatzen naiz.

Bahia Blancan egonez gero, ostera, goizetan eskolara joaten naiz eta arratsaldetan entrenatzen dut.

Lan gogorra eskatzen duen kirola da tenisa. Profesionalki aritu nahiko al zenuke?

Bai, hori izango litzateke nire asmoa, baina horrekin ez dut esan nahi beste ikasketarik burutzeko asmoa alboratzen dudanik!

Gaztea izan arren, herrialde ezberdinetako torneoetan aritu zara. Ba al daukazu horien artean kuttunen bat?

Pentsatzen jarriz gero, txapelketa eder askotan parte hartzeko aukera eduki dudala esango nuke, baina agian orain arte eduki ditudan esperientzia hoberenak hamabi urterekin izan ziren; Quiton (Ekuador) txapeldun irten ginen. Gero, 14 urte nituela, Bolibiako La Pazen txapeldunorde geratzea ere esperientzia ederra izan zen.

Niretzako, nire herrialdea ordezkatzea eta Argentinako kamiseta janztea tenisak oraindaino eskaini didan saririk onenetarikoa dela esango nuke.

Beste jokalari batzuen jokoa begiratuz asko ikasten da. Zure kasua al da?

Ez dut bereziki inorengan arreta ipintzen; hala ere, egia da asko ikas daitekeela jokalaririk apartenen eta profesionalen jokoari erreparatuz gero. Dudarik gabe, urte luzetako esperientzia daukate eta hortxe nabaritzen da kirolari junior eta profesionalen arteko desberdintasuna.

Eta ba al daukazu idoloren bat?

Nire gurasoak izugarri miresten ditut; momentu on zein txarretan hor egon dira nahi izan dudan guztia egiteko laguntza ematen. Giro onuragarri batean hazi naute, beti onena eskainiz eta hori famatua izatea edo telebistan agertzea baino garrantzitsuagoa dela iruditzen zait. Nire idoloak ez dira ez tenis jokalariak, ezta bestelakoak ere; egunero nire alboan ditudan eta bizitza eder bat eskaintzen eta edozertan laguntzen didaten nire gurasoak ditut idolo.

Aitortzeko moduko maniarik baduzu?

Txapelketa batetan jokatzera irten aurretik motibatzen nauen musika entzutea gustatzen zait, ia beti reggaetona.

Suposatzen dut oraindik jokatu ez, baina gustuko izango duzun txapelketaren bat egongo dela, ezta?

Bai! Esaterako Grand Slamak jokatzea gustatuko litzaidake, izan ere barnean munduko tenislari onenen mailan egoteko grina daukat.

Tenisari lotutako azken galdera. Zeintzuk dira 2009rako dituzun asmoak?

Aurten kategoria bat aurreratzea erabaki nuen, modu horretan handienekin jokatzeko aukera izateko eta 18 eta profesionaletan aurreneko puntuak batzen hasteko. ITF –Nazioarteko Tenis Federazioa– rankinean ahal dudan eta gehien aurreratu nahiko nuke aurten, datorren urteko COSAT –Hegoamerikako Tenis Konfederazioa– biran postu hobean egoteko eta bide batez, junior mailako Grand Slametan parte hartzeko.

Gaiz alda dezagun. Bahía Blancako euskal zentroan dantzari izan zinen.

Horrela da, bai! Oso txikitatik aritu izan nintzen euskal dantzetan, txapelketek utzi zidaten arte noski. Oso talde ederra da eta lehiatzen naizen bakoitzean beraien babesa daukadala pentsatzeak izugarri pozten nau!

Euskal erroak dituzula ezin ukatu. Baina ezagutzen al duzu Euskal Herria?

Oraindik ez dut eduki bertaraino bidaiatzeko aukera, baina ezagutzea gustatuko litzaidake, nire arbasoen sorterria baita. Kontatu didatenagatik eta ikusi ditudan argazkiengatik herrialde ederra dela pentsatzen dut.

Amaitzeko, ba al dakizu euskarazko hitzen bat?

Baten batzuk bai, baina erabiltzen ditudanak hauexek dira: ama, aita, amona, aitona, zorionak eta beti aurrera.