Koldo DIAZ BIZKARGUENAGA
Euskal lurraldea aztertzean nekez bana ditzakegu aspektu sinbolikoa, administratiboa edota juridikoa: aldi berean bizi diren dimentsioak dira hauek. Euskal gizartean Internetek izan duen egonkortzeak eta garapenak, honen isla argiak dira.
Doktorego Tesian euskal identitatea zer da definitzea akademiari ez dagokiola ikasi nuen, erantzunkizun hau euskal gizartearen eskubidea da. Gizarteari hitza eman behar zaiola esaten da sarri, baina akademia edota erakunde politikoek ohartu ez arren, euskal herritarrek aspaldi hartu zuten hitza. Beraz, hitza eman beharrean, euskal gizartea entzun beharra dugu euskal identitatea zelan eraikitzen den ezagutzeko.
Era berean, inguruko nazio identitateekiko alderaketa-ariketa bat eginez gero, hau definitzen ez dela ikus daiteke: zer da espainiar identitatea? Zer da frantziar identitatea? Kuestionamendu soziologikoak gaindituz, estatuaren mekanismo legalei esker erantzun hauek objektibatzea lortu dute. Alegia, ez da euskal estaturik, oraindik, eta ondorioz ezin daiteke beste Herriek kuestionatuko ez duten erantzun juridiko bat sortu.
Maila akademiko batean, ordea, gaur egungo kontzeptu eta teoria nagusiak euskal identitatearen kasura aplikatuz identitatea sozialki esangura anitz dituen arren —edo agian dituelako— soziologikoki defini ezina dela esan daiteke. Estatudun akademiko gisa aritu beharra dago, euskal identitatea zelan eraikitzen da galdetuz.
Interneten kasuan ia landu gabeko ikerketa-galdera da hau, izan ere, euskal gizarte zientzietatik gutxi ikertu den ikerketa-espazioa da. Euskal Herrian, diskurtso etnosoziologikoak dira nagusi gai honi dagokionez eta maiz atzerritik datozen oihartzunak hauek kuestionatu gabe errepikatzen ditugu. Horrela, “redes sociales” edo “social networks”, “sare sozial” berbara itzuli dugu; kontuan hartu gabe euskal gizartean koadrila bezalako sare sozial zein agente sozialitzailea genuela. Edo “zortzigarren lurraldea” kontzeptua erabiltzen da lurralderik mugatzen ez duen hodeia edo Internet izendatzeko.
Online sare sozialei dagokionez, Eusko Ikaskuntzak 2007. urtean burututako ikerketan ondorioztatutako ideia berretsi daiteke: euskal identitatearen eraikuntzan dimentsio sozial eta kulturalek geroz eta pisu handiago dute euskal gizartean. Gazteek Facebooken (bidez) —ezin baita ahaztu hau tresna eta espazio bat dela— euskal identitatea eraikitzeko partekatutako erreferente nagusiak kultura, aisia, kirola edota musikarekin zer ikusia dute alderdi edo lema politiko klasikoekin baino.
Batetik, euskal identitatearen eraikuntza abertzaletasuna gainditzen duela esan daiteke. Euskal identitatea gizartean barneratu den identitatea den heinean, hau egunerokotasunean eraikitzen den identitatea da, eta ez beti asmo politikoak jarraituz: eraikuntza sozialagoa da, banalagoa da, normalizatuagoa da. Horregatik, “euskaldunak” hitza erabili beharrean, “euskal herritarrak” erabiltzea egokiagoa da: hau baita euskal identitatea eraikitzen duen, euskal gizartearen eta etorkizuneko euskal estatuaren subjektua.
Bestetik, euskal identitate erreferente aniztasun honek, euskal identitatea zer da soziologikoki definitu ezina dela erakusten du, izan ere, sozialki hamaika definizio ditu eta akademiatik ezin daitezke erantzun hauek ukatu. Euskal identitatea aztertzerako orduan ikuspegi integratzailea behar da: elementu bat edo bestea izatetik, bata eta bestea izateko aukera errespetatu behar dugu.
Azkenik, eta aurreko bi ideiei lotuta, euskal gizartea eta euskal komunitatea ulertzeko modua ere aldatu beharra dagoela agerian geratzen da. Euskal identitatea zer da galdetzean, erantzuna nahi eta nahi ez bat eta bakarra izan behar zuen eta honek “totem” baten inguruan antolatzen zen euskal komunitate homogeneoaren irudia zekarren. Internet aroan, ikerketa-galdera aldatuz, euskal identitatea zelan eraikitzen da galdetuz, ikuspegi integratzaile bat izanik eta dimentsio sozialari garrantzi emanez, ordea, euskal gizartea ulertzeko komunitate eredu hetereogeneoaren irudia egokiagoa da: komunitate horren baitan kolektibitate txikiago asko baitaude, euskal identitate erreferente beste. Era berean, aniztasun honek lausotasuna iradokitzen du: komunitatearen kolektibo txikiagoetatik sartu eta ateratzeko erraztasuna zein kolektibitate bat baino gehiagoko kide izateko aukera.
Internet garaian, euskal komunitateak habitatzen duen espazioaz hausnartu beharra dago. Beste era batera planteatuta, aurreko hamarkadatan nazio identitatea lur geografiko baten baitan eraiki izan bada ere (estatuaren, nazioaren edota diaspora ezarrita zegoen Herrietan), baina egun lur geografikorik okupatzen ez duen Internet bezalako espazio batean eraikitzen da ere.
Bi dimentsio ezberdin daude, beraz: lur geografikoaren leku offlinea (mapa) eta Interneten espazio onlinearen dimentsio sinbolikoa (hodeia), non estatuen eragina ere ematen den. Baina gainera, bi dimentsio hauek elkar bizi dira eta ezin dira bata bestearengatik banatu: IKT gizartean hainbeste egonkortu dira ezen beste garai bateko gizarte harraemanak harreman sozio-tekngolikoak diren. Bi dimentsio hauen konbergentzia territorio moduan azaldu dezakegu: muga geografikoez eta sinbolikoez zedarritzen den territorioa, hain zuzen ere. Dimentsio hau, Internet garaiko Euskal Herriaren lurraldetasunaren konfigurazioa, “Herri digitala” kontzeptuaren bidez landu egin da Doktorego Tesian.
Bi dimentsio ezberdin daude, beraz: lur geografikoaren leku offlinea (mapa) eta Interneten espazio onlinearen dimentsio sinbolikoa (hodeia), non estatuen eragina ere ematen den.
Kontzeptu honen aukera teorikoetatik haratago, kontzeptu honi esker euskal gizartean aska daitezkeen korapiloak nabariak dira. Interneten egonkortzeak euskal gizarteak bizi duen bi estatu ez propioetako banaketa gainditzeko aukera ematen du. Historian zehar ez bezala, Euskal Herriko herritar guztiok espazio bera partekatzeko aukera dugu: aurrez-aurre ez bada ere, herrialde guztietako biztanleok Interneten aurki gaitezke euskal identitatea erreferente anitz bidez eraikitzeko distantzia zein muga geografikoak gaindituz.
Bukatzeko, dimentsio sinboliko eta afektibotik historian zehar errepikatutako “zazpiak bat” izateko aukera dugu; are gehiago, Diasporan edota atzerrian behin-behinekoz dauden herritarrekin egoteko eta egiteko aukera dugu. Interneten egonkortzeari esker, zatiketa administratiboak gaindi daitezke maila sinboliko batean. Eta maila sinboliko batean ere, zazpi lurraldeak bat izan arte Herri izaera mantentzeko aukera dugu, maila administratiboan hiru prozesu ezberdin jarraitzen diren bitartean.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria