Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Pierre Lafitte.
Zazpi urte zituela umezurtz gelditu zen eta osaba-izeben etxean hezi zuten. Beloken eta Baionan egin zituen ikasketak. Lafittek berak aitortzen zuenez, Saint-Pierre artzapezpikuaren eraginez egin zen euskaltzale eta abertzale. Hark ematen zizkion hegoaldeko aldizkari abertzaleak. 1924ean apaiz egin zen. Okzitaniako Tolosan egon zen ikasten bi urtez, eta 1926tik aurrera, Uztaritzeko apaizgaitegi txikian irakasle izan zen. “Le Carrillon des Jeunes” aldizkari feministan idatzi zuen emakumeen eskubideen alde, Pierrette Labé izengoitiz. Uztaritzen berriz lan arazoetarako zentru bat zabaldu zuen. Garai hartako idazlanak “Eskualduna”, “Gure Herria”, “Le Courrier de Bayonne”, “La Presse”, eta “La Liberté de Sud-Ouest” aldizkarietan argitaratu ziren. 1932. urtean Aitzol ezagutu zuen eta hegoaldeko abertzaleekin harremanak sendotu zituen. EAJren ideologia oinarri hartuta, “Programme Eskualerriste” idatzi zuen. 1934ean “Aintzina” izeneko hilabetekaria sortu zuen. Espainiako gerra zibilaren garaiean hegoaldeko euskaldunei laguntzeko talde bat eratu zuen iparraldean. Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen eta gero erresistentzian. 1944ean “Herria” aldizkaria sortu zuen, T. Monzon eta Sotaren laguntzarekin, eta Lafitte bera izan zen zuzendaria. 1952. urtean, euskaltzain oso izendatu zuten. Ohorezko kalonje Baionako katedralean (1961) eta Doctor Honoris Causa Euskal Herriko Unibertsitatean (1982).