Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Iñaki Martinez de Luna, soziologoa formakuntzaz, Euskal Herriko adituen artekorik nabarmenetakoa dugu egun soziolinguistika arloan. Euskal kulturaren legatuaz konprometiturik, euskal gizartean euskarak duen funtzioak nolakoa izan behar duen ikertzen eskaintzen ditu eskuzabal bere ahaleginak. Martinez de Lunaren iritziak aintzakotzat hartzen dira arlo publiko eta pribatuetan.
Behin idatzi zenuen Gasteiz hiriaren euskal bilakaerarekin batera neur litekeela zeurea ere...
Horrela idatzi nuen eta egia da. Vitoria erdaldun peto batean jaio nintzen eta denboraren poderioz eta jendearen lanari esker Vitoria hura Vitoria-Gasteiz bilakatu zen, eta ni ere —erdaldun petoa nintzela— ahalegin batzuk tartean euskaldundu egin nintzen. Eta orain bai hiria baita Iñaki Martinez de Luna ere elebidunak gara. Zentzu horretan ibilbide berea egin dugu hainbat urtetan.
Alde horretatik Gasteizen historia egin zuten duela hogeita hamabost bat urte, Caballero, Fontaneda, Lopez-Adan eta beste banaka batzuek. Otarre bereko fruitua al zaitugu?
Baietz uste dut. Lopez-Adanen aitak ere, Presa izenarekin ezagutua, itzal handia zeukan euskararen munduan, mundu hura txikia bazen ere. Erreferentea genuen. Eta Karlos Caballero ere hainbat gizarte mugimendutan sartuta zebilen eta euskaldundu egin zen. Gogoratzen dut Guridi antzokian antolatutako mahai inguru batean Caballero euskaraz aritu zela. Trantsizio garaia zen. Niri deigarria egin zitzaidan, erakargarria, interesgarria. Eta pentsatu nuen, bera euskalduntzeko gai izan zen bezala nik ere erronka hori jarri behar niola neure buruari. Aipatu dituzun pertsona horien aztarnari segitu nion, beraz, nire euskalduntze prozesuan.
Eta zeintzuk izan ziren urratsak?
Konbentzituta nengoen euskalduntzen hasteko euskal giroan murgildu behar zela. Lanean hastearekin batera erabaki nuen Lazkao aldera joatea eta inguru haietako lantegi batean sartu nintzen. Lana zein gau eskolan tokia bilatzen Estibalitzeko nagusia zen Aita Isidro Baztarrikak lagundu zidan. Euskaraz tutik jakin gabe Lazkaora aldatu nintzen —lanean dena erdaraz, lantegia erdaldunez josita baitzegoen— eta gauean fraideetara joaten nintzen euskarazko klaseak hartzera. Euskal giroarekin egin nuen topo eta nire lehen harremanak bilbatu nituen. Dena den, arazo politiko batzuk tarteko, bolada hark ez zuen luze iraun eta Gasteizera itzuli nintzen.
Eta hemen segitu nuen nire euskalduntze prozesuarekin, baita fraideekin ere, baina kasu honetan agustindarrak ziren. Eragin handia izan zuten Gasteizko euskal giroan. Haien burua Eusebio Osa zen, eta beste izen batzuk botatzearren Juanjo Uranga, Pako Eizagirre eta Peli Razkin aipatuko ditut.
Lehengo ibilbidera itzultzen naiz, eta batera joan zinetela esango duzun arren nik zu askoz jantziago ikusten zaitut, Gasteiz hiria bera baino...
Hirian aurrera pausu handiak eman dira. Adibidez, gaur egun Arabako Bertsozale Elkarteak astean hiruzpalau saio eratzen ditu bertsogintzaren inguruan. Horrek esan nahi du euskaldun gaituak eduki behar dituela entzule. Beraz, bistan da ez dela ni jaio nintzeneko Vitoria. Kultura dinamika batzuetan hala igartzen da, eta noski kalean ere bai. Euskaraz ikasten hasi nintzen garaian, euskaldun batekin topo egitean normala nuen lagunetako batek niri esatea “ése sabe euskera; !háblale!” Hori desagertu egin da, normaltasun osoz mintzatzen baita, inorengan harridura sorrarazi gabe.
Soziologoa zara, eta hizkuntzak maite dituzu. Horregatik ere tiratzen al zaitu soziolinguistikak?
Bai. Batetik formakuntzaren arrazoia da, eta bestetik zaletasun edo konpromezuarekin bat egitea. Soziolinguistika munduan murgildu nintzen, betidanik euskararekin kezka handia nuelako. Soziologia oso formakuntza aproposa da hizkuntzen unibertsoa, estatusaren aldetik, ezagutzeko. Hau da, hizkuntzak gizartean zer leku, aukerak eta mugak dituen ulertzeko. Hitzaldiren batean edo aurkeztu egin naute linguista bezala, baina oso gutxi dakit nik linguistikaz. Soziolinguistika, aldiz, oso gustukoa dut, batez ere nire barne konpromezuarekin bat egitea ahalbidetzen didalako.
Soziolinguistika bilakatu al duzu ogibide?
Ogibide ez, baina nire bizitzaren ordu mordoa daraman eremua daukat soziolinguistika.
Modu kolokialean: zer da soziolinguistika?
Hitzak berak dioen bezala, hizkuntza eta gizartea uztartzen dituen diziplina da. Gizarteak hizkuntza batean eragiten dituen gora beherak aztertzen ditu, oro har. Hizkuntza baten hiztunak ugari badira, normalean hizkuntzak aurrera egingo du. Latina bere garaian eta egun ingelesa, espainiera, frantsesa eta txineraren kasuak, adibidez. Hizkuntza horiek dituzten herriek garapen handiko garaiak bizi izan dituzte historian; munduan barrena hedatu ziren eta horrek hizkuntzaren indarra ekarri zuen. Soziolinguistikaren kezketako bat, hain zuzen, horixe da, hizkuntzak nola garatzen diren egungo munduan eta zergatik batzuk aurrera doazen neurrian beste asko desagertzear dauden. Zerk eragiten du hizkuntza hori darabilten hiztunengan, beren hizkuntza ahul dezaten?
Euskararen kasuan, adibidez, soziolinguistikaren bitartez aztertu da zergatik hizkuntzaren erabileran joan izan den atzera mendetan eta duela mende erdi bat inguru euskal hiztunengan ardura nola piztu zen; euskararen defentsarako martxan jarri beharreko mekanismoak aztertu zituen orduan; eta modu berdinean, nolakoak beharko genituzkeen orain. Horrek guztiak zientzia interesgarri bat osatzen du, eta gurearen moduko gizarte batean hizkuntzaren gora beheretaz gutxi genekien XX. mendeko hirugarren herenera arte.
Artean pentsatzen genuen euskara ikaste hutsarekin denak mintzatuko ginela euskaraz. Orain badakigu horrela ez dela. Gauza bat da hizkuntza ezagutzea eta diferentea dugu praktikara eramateko hortik egin beharreko jauzia. Soziolinguistikaren beste kezka bat horixe bera da, zer egin behar den norbanakoak hizkuntza ondo hitz egitetik gizarte harremanetan normaltasunez hitz egitera iristeko. Diziplina hori nik bizi dudan bezala, ez dago hertsiki lotua mundu akademikoarekin, baizik eta proiekzio sozial batetik bideratzen da, hau da gizartean euskara bizi berritzeko asmoarekin, euskarak beharko lukeen errekonozimendua lortze aldera.
Zure azkenetako lan batean aipatzen duzu, euskara “framing” berri baten premian dagoela. Duela berrogei urte inguruko garai gogoangarri haietan —zuk diozun bezala, euskara jakitearekin mundu idiliko batean egongo ginela pentsatzen genuenenekoetan— egindako iragarpenak ez dira bete, eta orain beste eszenatoki batean gaude. Premiak diferenteak ditugu...
Hizkuntzak aldakorrak dira, gizarteak eurak bezalaxe. Denborak beti dakartza berarekin aldaketak. Gure artean aurrera egin dugu soziolinguistika zientzian, baina aldi berean hizkuntzaren baldintzak eboluzionatu egin dira. Trantsizio garaiko lilura, oro har, euskal gizartearentzat izan zen. Eta euskararen esparruan modu bereziz gertatu zen. Ia-ia ordurarte debekatua edo, behintzat, jazarria izan zen hizkuntza askatasunera eta berpizkundera itzultzeko aroa iritsi zela uste izan genuen. Eta egia da leku garrantzitsua eskuratu zuela gizartean. Batzuk bazebiltzan nahiko mesfidati, etorkizuna hain argia izango ez zelakoan, baina giroak baikor izatera gonbidatzen zuen. Hizkuntzaren gaineko negoziazioetan ibilitako politiko batek euskal munduko ordezkari bati esan zion behin “Nos daréis al menos dos años para aprender euskera ¿no?” Horixe zen hastapen haietako errealitatea. Beste adibide bat jartzearren, Bilbon karrera egiten ari nintzela euskararen mintza praktiketara joaten nintzen eta ikaskide neukan batek proposatzen zuen bost urteko epea ematea jendeari euskara ikasteko. “Bestela, kanpora” mehatxatzen zuen.
Baziren ere euskarari uzkur begiratzen ziotenak baina isilean gordetzen ziren. Euskararen ardura instituzionalizatu zen garaian, hizkuntza politika eta plangintza jarri ziren martxan eta hortik neurri zehatzak etorri ziren. Eta batera, lo zorrotan zeuden mesfidatiak esnatu egin ziren. Derrigortasuna ezarriko ote zitzaien izan zen lehen kezka, alde batetik, eta bestetik euskara ikur gisa erabiltzen ari zelako aitzakia haizatzeari ekin zioten. Lege-ikuspuntutik sektore horiek inplikatuta ikusten ziren unean hizkuntza-garapenaren edo berreskurapenaren kontra altxatzen ziren. Kolore batzuetako politikoek hori baliatu izan dute eta populismo batera erori dira euskararen kontrako aldarrikapenak egiten; ez euskararen kontra, bete betean eta modu agerian, baizik eta euskararen alde hartutako neurrien kontra.
“Vitoria erdaldun peto batean jaio nintzen”.
Alde batetik diote, kolore guztien arteko adostasuna dela euskararen irtenbidea —horretan ez dira agerian aurka azaltzen— baina bestetik baliatzen dituzte euskararekiko atxikimendu bat ere ez duten sektoreak euren politika ezkorra egiteko. Horixe da gaur eguneko panorama. Publikoki gizarteko sektore guztiak daude euskararen alde, baina hizkuntzaren aldeko neurriren bat hartuz gero batzuk gehienetan kontra agertzen dira. Aldekotasun hori non geratzen den ez dakit, oso ahul dagoen hizkuntza batentzat osatze tratamendua aukeratuz gero osagaiak errefusatzen bazaizkio. Ez da logikoa. Gizarteak asumituak dituen beste gai batzuetan —generoa, etorkinak,...— kontzentzuan babes neurriak hartzen diren ez bezala, euskararentzat ez da hori ematen, gure hizkuntzak ere babes konpentsatzaileak behar dituela garbi baino garbiago dagoen arren... Nola bilatu oreka puntu bat, euskara benetan defentsa dezakeen politika batean? Horixe da eguneko gakoa.
Aipatu duzu uzkur izatea. Eta lehen komentatu dudan zure lanean —“Euskarak duen Framing Berri baten premia asetzeko proposamena” deritzanean— bi “framing” edo enkaje aurkezten dituzu. Aldarrikatzailea, eta identifikatu egiten duzu abertzaletasunarekin, eta uzkurra, euskarari mesfidantzaz begiratzen diotenen multzoak osatua. Nola lortu oreka puntua?
Oreka ezinbestekoa da. Egia da, abiapuntuan nahiko berdinak direla bi diskurtso horiek, baina txanponaren bi aldeak direlako, bata besteari bizkarra emanez. Biek oinarrian dutena ideia bat da, estatu bakoitzak nazio bat eta hizkuntza bat izan behar dituela dioena, alegia. Nazionalismo mota guztietan horixe bera defendatzen den argumentua da. Framing aldarrikatzailean Euskal Herria estatu propioarekin kokatzen da, nazio bezala eratua eta bere hizkuntza propioarekin. Eskema ideologiko horretan sartzen ez diren beste muturrekoak, hots, hego Euskal Herrian espainolak sentitzen direnak ditugu, planteamendu berdinarekin baina gaztelania izanik defendatuko duten hizkuntza bakarra. Horiek framing uzkurrean kokatzen ditut. Atxikimendu nazionalaren araberako planteamendu berdinak ditugu biak.
Bi pentsamolde horien arteko zubiak eraiki beharra dago, monolitismo horiek puskatu behar direlako. Gizarteak aldatzen doaz eta gureak ere hala egin du, eta zer esanik ez hizkuntza desberdinen aldetik. Hizkuntza-aniztasuna eguneroko elementua bihurtu zaigu, lanean zein kalean eta gainerako harreman pertsonaletan ere. Hizkuntzen kudeaketa egokia da kezka handi bat, eguneroko bizitza arruntean. Beraz, hizkuntza bakar bateko estatu batean pentsatzeak ez du zentzurik epe motzean, bederen eta derrigorrez ireki behar dira eskema horiek. Egunerokotasun horrek lagunduko du beste planteamendu batzuetara salto egiten, izan ere aldarrikatzaileek ez ezik, uzkurrek ere irabazi egingo dute Euskal Herriko ondare kultural ezinbestekoa den hizkuntzarekin. Hizkuntzak, gaur egun, gizateria osoaren ondaretzat hartzen ditugu eta ez bakarrik hizkuntza hori hitz egiten dutenen artean. Hortxe daude mundu mailako hizkuntza-planteamenduak: hizkuntzen ekologia, iraunkortasuna, jasangarritasuna defendatzen dutenak, eta horien arabera denok galtzen dugu munduan hizkuntza bat desagertzean.
Ikuspuntu horretatik, Euskal Herrian bizi garen guztiok —euren buruak abertzaletzat eduki ala ez— daukagu ondare partekatu bat eta horren defentsan egiteko ahalegina behar da. Batzuek nahi izango lukete hizkuntza horri —euskarari— lehentasuna ematea, beste batzuek gaztelaniarekin edo frantsesarekin batera kudeatzea nahiago luketen bitartean. Baina ez dago bueltarik: ados ipini behar gara, euskarak etorkizun oparoa izan dezan, osterantzean ezina baita gurearen moduko hizkuntza gutxitu bat aurrera ateratzea. Elkarrengana nola hurbildu da asmatu behar duguna, hasieran kontrajarriak diren bi jarrera horietatik abiatuta. Horretarako pentsatu bat eman behar zaio egoerari, baina ez klabe politikoan edo alderdien jokoaren baitan, baizik eta eztabaida horretatik atereaz. Gogoeta patxadatsu baten beharrean gaude, eta onetsi beharko da hizkuntza bat berreskuratzea ez dela gauetik goizaldera burutzen den fenomenoa. Batzuek nahiko genuke ahalik eta arinen gertatzea baina errealitatea egoskorra da eta bere epeak markatzen ditu. Bada epe horiek azkartzea baina elkar bizitzaren aldeko apustuan ezin daiteke, gizarte multzo bat kaltetuta gertaraz lezakeen neurririk har. Horregatik orekaren bila abiatu behar dugu, adostasunerako bide horretan uneko irabazle eta galtzaileak izango direla jakinda. Edozein interbentzio motak halako ondorioak dakartza eta horregatik lasaitasunean aritu behar da. Egungo baldintzak aspaldikorik zabalenak dira elkarri begira lan egin dezagun. Une polita da alde horretatik eta garai batean ezinezkoak ziren planteamenduak aurkez litezke orain. Hortxe dago erronka.
Hurbiltze prozesu horretan eta eguna iristen ez den bitartean, euskaldunok gure kalbario propioarekin segitu beharko dugu, ezta?
Idatzi izan da, eta oso kontzeptu polita da, stress linguistikoaz. Hizkuntza gutxituko hiztunok, hizkuntza horrekiko atxikimendua eta aurrera atera nahia tartean, beti ahalegin berezi bat burutu behar dugu. Gizarteak gehienetan saritzen ez duen ahalegina, alegia. Horixe da, bai, gure kalbario propioa. Egiten dugun tentsio puntu hori utziz gero errazen egiten zaigun hizkuntza erabiliko genuke; eta ez, gaitasun pertsonalaren ikuspuntutik begiratuta baizik eta sozialki erdarak aukera gehiago dituelako. Erdara egiteak ez du sufrikariorik adierazten. Tentsio hori beharrezkoa da edozein giza talde gutxitutan euren aldarrikapenak egiteko orduan: emakumeak, generoa, etorkinak...
Dialektika horretan, aldarrikatzaile, uzkur eta euskaldun arruntekin, noraino da euskara gure gaurko gizartearen oinarrizko eta ezinbesteko zeinua?
Hizkuntzak funtzio ugari betetzen ditu gizarte batean. Ezagunena, noski, komunikazioa da. Euskarak, bere egoera gutxituarengatik, ez du komunikaziorako espainiera edo frantsesaren ahalmena. Baina hizkuntzak nortasuna ere adierazten du, eta horixe da, batez ere, egun euskarak betetzen duen funtzioa. Giza talde bat identifikatzen du. Euskal Herria hitza ere, etimologikoki, horixe dugu, hots, euskararen herria. Euskarak identitate bat ematen digu bertakooi. Eta ez naiz bakarrik euskaldunetaz ari, azken finean bertako edonor harro egon daiteke hemen hizkuntza baliotsu bat dugulako. Adibide bat: ni ez naiz aizkolari ezta pilotari ere, baina kanpotar bat baldin badatorkit harrotasunez erakusten dizkiet kirol horiek. Hizkuntzarekin beste horrenbeste gertatzen da, edo gertatu beharko luke. Aurrera begira beste pausu batzuk eman ezean ahulegia izan daiteke euskarak eskainitako identitatearekiko harrotasuna. Horregatik euskararentzat beharrekoak dira beste gizarte funtzio batzuk eskuratzea, egunerokotasunean leku duin bat, gaur ez daukana izan dezan. Eta normaltasunez hainbat esparrutan erabilia izan dadin. Horrek presentzia handiagoa emango dio gure hizkuntzari, etorkizuna bermatuz.
“Soziolinguistika munduan murgildu nintzen, betidanik euskararekin kezka handia nuelako”.
Lehen Eusko Legebiltzarra sortu zela hogeita hamabi urte eman ondoren, normaltzat hartu behar da oraindik ere funtzio publikoko hainbat esparru eta zerbitzutan, batez ere publikoari begira lan egiten denean, euskararen gaineko ezagutza ez derrigortzea?
Egungo ziklo politikoa abian jarri zenean euskararen egoera oso ahula zen, sozialki eta pertsonalki. Garai hartako euskaldun ia guztiak erdaraz alfabetatuak ziren eta euskararen gaitasuna txikia genuen hainbat funtzio modernotan. Ziurrenik, garai hartan oso zaila edo ezina gertatu zen funtzio horietarako euskaldunak jartzea. Egia da hogeita hamabi urte eman direla, belaunaldi oso bat hain zuzen, eta aukera izan da euskaldun gaituagoak ugaritzeko. Alde horretatik, nik uste dut garaia iritsi zaigula —generoarekin gertatzen den bezala— euskararekin ere kuotak ezartzeko. Eta kuota horiek izan beharko lirateke aurrerakoiak, hau da plus batekin sortuak, euskarak gizartean duen presentziarena baino altuagoa. Izan ere, gizarteko aitzindariek lidergoa duten neurrian markatu behar diote iparra gizarteari. Ipar horri eutsiko bazaio, aitzindariengandik hasi behar da eredua ematen. Hauteskundeetan planteamendu horri heldu behar zaio, euskarak aurrera egingo badu. Erantzukizun publikoa duten gehienek euskara jakitea derrigortu behar da. Badira ere, funtzio publikoan diren beste zerbitzari batzuk, lidergoan ez daudenak, eta horietan ere ezarri beharko dira eskakizunak. Unea heldu da. Euskal Herrian euskaldunak gero eta gehiago garen heinean zerbitzu publiko euskalduneko premia areagotu egin da, euskaraz artatuak izateko ditugun eskubideengatik eta, Gernikako Estatutuak dioen legez, gure harremanak idatziz edo ahotsez euskaraz erabiltzeko eskubidearengatik. Hori praktikan behar bezala jartzeko, ezinbestekoa da zerbitzu publikoko pertsonak euskaldunak izatea. Aurrera pausuak eman behar dira, neurri horiek mahai gainean jarriz, eztabaidatzen hasteko. Ezadostasunak sortuko dira, noski, baina Txillardegiren adibide politean bezala, finlandiarrak XX.aren hasieran suomiera eta suedieraren hiztunen artean gerra piztu zen, zenbait hilabetez iraun zuena. Hizkuntzen gerra izan zen. Baina konturatu egin ziren bide hartatik ez zirela oso urruti ailegatuko eta negoziatzeari ekin zioten, zenbait akordio ezarriz. Hitzarmen haiek egokitzen joan dira egoera berrietara, gizartea aldatu ahala. Guk ere badugu zer ikasi bide horretan. Gakoa da nola kudeatzen ditugun kontrajarriak izan daitezkeen interesak, denontzat onurarik handiena eta kalterik txikiena bilatuz.
Katalanaren murgiltze ariketa behartuak abantaila aterako dio, ezta?, euskararen “nahi eta ezin”ari...
Oso egoera diferenteak dira. Dena den, nik murgiltzeari ez diot problemarik ikusten gaztelania ikaste aldera, izan ere etxetik euskaraz egiten ez duten umeek —murgiltze ariketan ibili arren— behin esnatuz gero %14 baino ez dute euskaraz errezibitzen. Sendi giroan, eskolaz kanpoko ihardueran eta hainbat esparru luzetan erdara hutsean ari dira ume horiek. Telebista piztea baino ez da egin behar euskarak zer leku gutxi daukan ikusteko. Hedabideak, oro har, eta Internet erabilera arrunteko lanabesak dira eta gehiengo absolutuan erdaraz daude. Beraz, murgiltze eredu batean ibili arren beste hizkuntza batzuk —gaztelania, ingelesa...— ikasteko zailtasun berezirik ez dago. Murgiltze ariketari ongi deritzot hizkuntza gutxituko kasuetan. Gizarte mailan pairatzen duten egoera murriztua konpentsatzeko. Gizartean hizkuntza batek eta besteak daukaten indar diferentzia tartean, hizkuntza gutxitua ez da behar bezain ongi menderatuko. Murgiltze sistemak konpentsazioa dakar berarekin, baina inolaz ere gizartean beste hizkuntzak daukan pisua iraultzeko adinakoa. Soziolinguistikak ez du murgiltze ereduan bat ere arazorik ikusten; arazoa legoke, aitzitik, ustezko berdintasunean, alegia gehienbat erdalduna den gizarte batean euskarari eta erdarari maila bereko tratamendua ematean.
Jaurlaritza berriak eskatuko balizu, nolako plangintza diseinatuko zenuke 2020an euskaraz orain baino %10 gehiago hitz egin dadin?
Lehenik eta behin, galdetuko nuke zifra hori adostua daukaten. Ez indar politiko guztien artean, hori ezinezkoa izango bailitzateke, baizik eta gehiengo zabal baten aldetik. Garrantzitsuagoa deritzot helburuetan adostasuna lortzeari zifra altuxeago bat markatzeari baino. Aurrera pausu sendoagoak emango ditugu, ahalik eta sentsibilitate gehien eskutik joanda, indar gutxiagoko planteamendu handinahietatik abiatuz gero baino.
Adostasun hori ziurtatuta, bigarren puntu bat ipiniko nieke mahai gainean: elkar lana. Hogeita hamabi urteko tradizio txikian oso ohikoa izan dugu politika instituzionala batetik eta herrigintza bestetik ibiltzea. Unea da koordinazioan saiatzeko, elkarrekin arituz gero ahaleginek onura handiagoa ekar dezakete eta gainera efizientzia areagotu. Ditugun baliabide eskasekin ahalik eta probetxu handien ateratzeko ezinbestekoa da elkar lana. Koordinazioa da elkarri entzutea, eta ahal dela elkarrekin lan egitea. Beraz, bi puntu horiek lirateke nire plana diseinatzeko hanka sendoak.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusIñaki Martinez de Luna Perez de Arriba (Gasteiz, 1950)
Soziologian Doktorea (Deustuko Unibertsitatean).
Hizkuntzaren Soziologian aritua, bereziki hizkuntza gutxituen inguruan. Soziolinguistika Klusterraren lehendakari ohia. HIZNET Hizkuntza Plangintza Graduondoko ikastaroaren zuzendari. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) Soziologia irakasle da gaur egun. Bat Soziolinguistika aldizkariaren argitalpen-batzordeko kide eta kolaboratzailea da. Argia aldizkarian iritzigilea, Eusko Ikaskuntzako kidea eta Auñamendi Eusko Entziklopediaren zuzendaria.
Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria