zorionak

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Garapenerako Lankidetzaren analisia Euskadin, 25 urte

Jorge GUTIÉRREZ GOIRIA, UPV/EHU
Irati LABAIEN, UPV/EHU

Garapenerako lankidetza berebiziko krisi garaian aurkitzen da. Estatu mailatik proposatzen diren garapenerako lankidetza politiketan ez ezik, lankidetza deszentralizatuan ere murrizketa gogorrak izan dira azken hilabete hauetan, zenbatekoak iraganeko mailara jaitsi arte gainera.

Hausnarketa ezinbestekoa den testuinguru honetan (nahiz eta hainbat gogoeta krisi aurretikoak izan), lankidetza politikek gurean izan duten eragina aztertzea behar-beharrezkoa dela deritzogu, horretarako, lortu diren arrakastak goraipatuz eta gabeziak aztertuz. Ikerketa egitasmo honek, lankidetzan benetako bilakaera suposatuko duen eta justuzkoagoa den mundura gerturatuko gaituen etorkizunerako aukera desberdinak proposatzea du helburu, giza justizia unibertsal baten alde elkartasuna mantenduz eta gertuen ditugun egungo egoera zailak kontutan hartuz..

Xede honekin, Hegoa Institutuko (UPV/EHU) Garapenerako Lankidetza Politiken Analisi eta Ebaluaziorako Ikerketa Taldeak burututako ikerlan honek, Euskal Autonomia Erkidegoko zazpi erakunde nagusiak barneratzen ditu: Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Aldundiak, eta hiru hiriburuetako udalak. Ikerketa egitasmo honek 1987 - 2012 denboraldia hartzen du bere baitan, honela, politika hauen bilakaera osoa aztertuz.

Erakunde hauetako 300 dokumentu baino gehiago (maila desberdinetakoak, hala nola: Plan Zuzentzaileak, legeak, deialdiak, eta abar) eta eurek finantzaturiko ia 7.000 ekintza analizatu ostean, bi ikerketa eremu desberdindu daitezke: politiken diseinua eta hauek kudeatu eta aplikatu diren modua.

Argazkia: CC BY - PLANET?N GO

Diru funts hauek garapenerako proiektu eta programetako sektore anitzetara (osasuna, hezkuntza, tokiko garapena...) eta leku desberdinetara zuzendu dira.
Argazkia: CC BY - PLANET’N GO

Politiken diseinuari dagokionez, egokitasuna eta koherentzia, nazioartean proposaturiko eraginkortasuna eta kalitatea, lege oinarria eta honekiko koordinazioa, helburuen eta ekarpenen zehazpena, aurrera eramandako lankidetza erlazioak, gizarteari zabaldutako informazioa eta azken honen parte-hartzea hartu ditugun kontutan.

Politika hauek kudeatu eta aplikatzen diren moduari buruz aldiz, erabilitako baliabide tekniko eta finantzarioak, diseinaturiko eta finantzaturiko jardueren arteko erlazioa, erakundeen arteko koordinazio eta osagarritasuna, eta informazio eta parte-hartze bideen funtzionamendua aztertu dira.

Ikerlanaren ondorio nagusienak euskal lankidetzaren inplikazio eta ahaleginaren onarpenean oinarritzen dira; izan ere, arlo askotan aitzindaria izan da eta oraindik ere erakunde autonomikoetako eta udalerrietako esfortzu solidarioek gogor darraite. Azken 25 urteetan zehar, aztertutako erakunde desberdinek 850 milioi eurotako ekarpena egin dute milaka jarduera desberdin finantzatuz. Diru funts hauek garapenerako proiektu eta programetako sektore anitzetara (osasuna, hezkuntza, tokiko garapena...) eta leku desberdinetara (zonalde latino-amerikarra nagusiena izanik, Sahararekin batera) zuzendu dira. Honetaz gain, Garapenerako Hezkuntza eta Sentsibilizaziora eta laguntza humanitariora zuzendutako jarduerak ere kontutan hartu behar dira; honela, Garapenerako Gobernuz Kanpo Erakunde (GGKE), unibertsitate, ikastetxe, erlijio erakunde eta beste hainbat organizazioekin elkarlana sustatuz. Gainera, plangintza dokumentuetan, hornidura teknikoetan, profesionalizazioan, prestakuntzan edota zeharkako gaiak (generoa eta ingurugiroa besteak beste) kontutan hartzerako orduan emandako hobekuntza nabaria izan da.

Euskal lankidetzan eman diren aurrerapauso eta ekarpen positiboak biltzeaz gain, ikerlan honek hobekuntzak ere proposatzen ditu, egungo testuinguruan politika hauen bilakaeran laguntzeko asmoz.

Zentzu honetan, euskal lankidetza ereduak, %0,7aren aldeko gizarte-mugimendu eta firma bilketetako kanpainetan erroa izan zuela plazaratzea ezinbestekoa da. Are gehiago, mugimendu hauen sorrerako bultzatzaile nagusiak GGKEak izan ziren, eta eurek egungo sisteman duten protagonismoa oraindik ere begi bistakoa da. Modu honetan, aztertu diren 7 erakundeek lankidetza mota bera dute amankomunean, oro har externalizatua edo kanporakoa da; honela, erakunde publikoek diru funtsak eskuragarri jartzen dituzte, eta erakunde sozialek (bereziki GGKEak) funts horien gehiengoa kudeatzeaz arduratzen dira. Funtzionatzeko modu honek alde positiboak baditu: gizartearekiko gertutasuna, lankidetzan egon daitezkeen bestelako interesekiko independentzia, eta GGKEak bezalako agenteek duten jardunbidean eta esperientzian oinarriturik egin ditzaketen ekarpenak besteak beste. Hala ere, garapenerako lankidetzako jardueretan agente berriak (bereziki erakunde publikoak) kontutan hartzeko mugak ere islatzen ditu lankidetza eskema honek. Gai honek berebiziko garrantzia du, izan ere, lankidetza nekez bereiz daiteke bestelako agenteek eragin zuzena duten arazo edo interes ekonomiko eta sozialetatik; are gehiago, alor hauek guztiak hala nola lankidetzaren ahaleginetan islatu beharko lirateke. Honetaz gain, lankidetza sistema ez-sustengagarri baten aurrean gaudenaren susmoa zabala da: alde batetik GGKEek kanpoko funtsen dependentzia handia baita eta bestetik, erakunde publikoek garapenera bideratutako egiturak ahulak baitira. Azken argudio honen adibide dugu Vitoria-Gasteizko Udalaren kasua, zeinak modu gogorrean murriztu duen lankidetzari eskainitako aurrekontua (gogoan hartu beharrekoa da historikoki udal hau estatuko erreferentzia izan dela). Adibide honek, egoera gogorren aurrean, externalizatzen edo kanporatzen diren aurrekontu partidak gutxitzea edota ezabatzearen erraztasuna agerian uzten du.

Foto: CC BY - PLANET’N GO

Gure gizartean, jarrera aldaketaren eta egindako lanaren isla gisa Garapenerako Hezkuntza eta Sentsibilizazioaren gaia aipatuko genuke, ahalegin garrantzitsua egin dela azpimarratuz (jarduera hauek aztertu den denboraldiko funtsen %8,5a suposatzen dute).
Argazkia: CC BY - PLANET’N GO

Lankidetzari buruzko nazioarteko debateei dagokienez (prestakuntza eta formulazio prozesuak, jarraipena eta ebaluazioa, edo zeharkako lerro diren genero berdintasuna eta ingurugiroa), eta politiken diseinua kontuan hartuta, aurrerapen handia eman dela ikusten da; dena dela, kasu askotan diseinaturikoa aplikatzeko zailtasuna handia izan ohi da.

Arlo teorikotik praktikora igarotzeko zailtasun hauek guztiak, plangintza prozesuko maila guztietan nabariak dira, hots, hausnarketa teorikoak, agente, baliabide edo lankidetza erlazioen errealitateak arlo praktikora eramateko arazoak azaleratzen dira. Kasu askotan, ikuspuntu berrien beharraren inguruan sakontzen den bitartean, tresna berdinak erabiltzen jarraitzen da; honela, teoria berriek proposatzen duten erlazio horizontalak alde batera utziz eta praktikan, orain arte aurrera eraman diren emaile-hartzaile dinamika oinarri duten lankidetza formulekin jarraituz.

Jorratu beharreko gaietako bat politiken koordinazioarena da, gutxi landutako alorra izan baita, salbuespenak salbuespen. Saharari dagozkion akordio (udalen kasuan) edo Foru Aldundien Plan Zuzentzaile bateratuaren kasuaz gain, erakunde publikoek elkarrekin egindako lanen adibide gutxi aurki daitezke; alegia, lanaren banaketaren aukera errealik ez da proposatu. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzan zentratzen dena) ere tendentzia berdina jarraitzen du. Euskal Herriaren tamaina ikusita, arraroa suertatu zaigu argitaratzen diren plan estrategiko anitzek elkarren artean duten lotura txikia eta bateratutako jardueren urritasuna.

Euskal lankidetzaren izatea suposatzen duen eta gehiago landu beharko litzatekeen bigarren arloa, balio erantsiaren eta identitatearen hausnarketarekin loturik dagoena da. Azken hau gutxi lantzen den gaia da, baina gure aburuz, berebiziko garrantzia duena. Lankidetza deszentralizatuaren izatea suposatuko luketen tokiko garapenaren, parte-hartzearen eta garapen instituzionalaren garrantzia lausoturik gelditzen dira gaiari dagozkion termino edo helburu berrien zehaztasun faltagatik. Gure gizartean, jarrera aldaketaren eta egindako lanaren isla gisa Garapenerako Hezkuntza eta Sentsibilizazioaren gaia aipatuko genuke, ahalegin garrantzitsua egin dela azpimarratuz (jarduera hauek aztertu den denboraldiko funtsen %8,5a suposatzen dute). Hala ere, Garapenerako Hezkuntza kontzeptu global moduan ikusten duten azken planteamenduekin lotuko litzatekeen ikuspegi egoki baten adostasuna falta da oraindik.

Beraz, aurre egin beharreko arazo globalekin bat datorren lankidetza modua proposatzen dugu, laguntza soil moduan ulertzen den nozioa (edo emaile-hartzaile nozioa bestela esanda) alde batera utziz eta arazo amankomunei aurre egin ahal izateko elkartasun bideak sustatuz.

GGKEak prozesu honetan duten betekizuna kontutan hartuz, erakunde publikoen parte-hartze aktiboagoa beharrezkoa dela uste dugu, finantzariotik haratago doan eta norbanakoaren ahalmenenean oinarritzen den parte-hartzea alegia.

Honek guztiak, mekanismo egoki eta berritzaileak bilatzea, eta espazio egokietan (Kontseilu, informazio teknologiak, eta abar) parte-hartze eta gardentasuna sustatzea suposatzen du; betiere, garapenerako lankidetza beharrezkoa denaren uste irmoarekin, baita pairatzen ari garen krisi momentu honetan ere.

Ikerlan osoa ondorengo estekan eskuragarri dago, euskaraz eta baita gazteleraz ere.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia