Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Ebaristo Bustinza “Kirikiño”.
Mañariako “Etxanoa” etxean 1866ko urriaren 26an jaio zen Ebaristo Bustintza, baina zazpi urteko zela etorkizunean atseden une eta idazki ugariren helduleku izango den herri bereko “Zumelaga” etxera aldatu zen familia. Lehen ikasketak herriko eskolan eginik, Durangon jo zuen gero, eta 1878an familia Almansara (Albacete) aldatu zenez, bertan burutu zuen Batxilerra. Hamazazpi urtez Madrilen dugu bide ingeniari izateko asmoz, baina helburua baztertuz Zientzi Fakultatean burutu zituen Fisika eta Matematika ikasketak. Madrilen ostatuz bizi izan zen, Miguel Primo de Rivera eta Martzelo Torrontegi kide ziren ikasle taldearekin. Honekin eginiko solasaldiek lagundu zioten euskaltzaletasuna bizten.
Lanik handiena 1913an Euzko Alderdi Jeltzalearen ideologiari loturik argitaratzen hasi zen Euzkadi egunkarian egin zuen, “Euskal Atala” zeritzanaren zuzendari jarri baitzuten hasieratik. 1928an utzi zuen arte egunero argitaratu zituen bere lanak eta beste askorenak zuzendu. Aurrerantzean “Kirikiño” izengoitia erabiliko du “Mañari”, “Bloa” edo “Boldro” baztertuz.
Asko idatzi zuen arren, ez zuen libururik atera. Lan gehienak egunkarietan agertu ziren, eta ipuinak, zatika bada ere, aldizkari eta egunkarietan. Horregatik, oso aipatua zen arren, ezezaguna ere gertatu da. Euskaltzaindiak bost ipuin eman zituen argitara bizkaieraz eta gipuzkeraz 1956an Donostian. Xabier Pereak Euzkadi egunkarian 1913tik 1928ra egunero idatziriko lanak bildu ditu 16 aletan; batzuk, Labayru Ikastegiak kaleraturiko hiru aletan argitaratu dira Bilbon. Baina aipagarrienak Abarrak (Bilbao, 1918), Bigarrengo Abarrak (Zornotza 1930), Abarrak...eta abar (Bilbao, 1966) dira.