Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Sabin SALABERRI
Carmelo A. Bernaola 1981an Gasteizko “Jesús Guridi” Musika Kontserbatorioaren zuzendaritzaz arduratu zenean (beretzat ez zen Kontserbatorioa, Musika-Eskola baizik), bere aitormenaren arabera, musikarako ikasle bikain eta hautatuak aurkitu zituen.
Sail hartatik eta hurrengoetatik musika jardueraren alor desberdinetan sendoki hezitako profesionalak bilakatu dira Araban. Gaur egun, hainbat konpositore, orkestra zuzendari, kantari eta instrumentista arabarrak argi distiratsuz nabarmentzen dira nazioarteko agertokietan.
Baina Arabak, naiz eta musikari lurra izan, naiz eta bertan benetako talentu handiak jaio, naiz eta behar bezala ikasle hornitu hauen ibilera bideratzea dakiten trebakuntza zentroak egon, ez du substraturik, ezta ere azpiegitura nahikorik, bere nusikari nabarmenenak agertarazteko. Inoiz, ez sarri, gure musikarien arteaz goza gaitezke Gazteizen bertan. Baina Viena, Manchester Erroma, Boston, Freiburg, Sidney, ... dira gure konpositore, zuzendari, kantari eta instrumentistak egiazki txalotzen diren tokiak.
Ez dira musikari guztiak hemendik joan. Batzuek gure Lurralde Historikoan bizi izatea erabaki dute, ia guztiak irakaskuntza lanetan okupatuta. Ez dira gehiegi: esku bateko hatzekin konta daitezke. Bere irakaskuntzaren lana benetan goresgarria dela esan dezakegu; baina bere jarduera sortzaile edo interpretatzailea ohargabe pasatzen da hirian; hemendik kanpo, bestalde, Errenteriako Musikasten, Donostiako Hamabostaldian; Holandako, Helsinkiko, Alacanteko jaialdietan... biziro eskertzen da bere lana:
Gasteizko “Jesús Guridi” Musika Kontserbatorioa.
Kontu hau ez da berria. Araba, musikari-lurra, ez da inoiz bere musikariekin eskuzabala izan. Jada Tomás Alfaro-k bere La ciudad desencantada liburu nostalgikoan zioen: “Gasteizko eskasiak (musikari) baliotsuenak alden zitezela eragin zuen... musikaririk nabarienak beste lur batzuetara aldentzen ari ziren, zorte hoberen baten bila; lotsak edo beste begizta batzuek atxikitutakoak geratzen ziren hirian...”
Gure historia errepasatuz, musika-interpreteak alde batera utzi eta konpositoreei bakarrik begiratuz, Luis Aramburu ezean, gainerako arabar sortzaile ohargarri guztiak bere jaiotze-lurretik urrun bizi eta profesionalki jardun izan dutela egiaztatu dezakegu.
Francisco Pérez de Viñaspre-k bere bizitzako aldi motzetan jardun izan zuen Araban organo-jotzaile bezala. Familiaren gorabeherek eraman zuten Jesús Guridi harat-honat. Sebastián Iradier-ek eta Germán Landazábal-ek, biak sustraigabe eta egongaitzak, ez zuten gogobeteko bizilekurik leku finkoan inoiz aurkitu, ez Araban ezta inon ere. Emilio Serrano eta Francisco Cotarelo, Araban jaio arren, ez ziren arabar inoiz sentitu eta Arabatik kanpo pasatu zutez bizi osoa. Juan García Salazar eta Bixente Goikoetxea saiatu ziren bere musika-jarduera Araban garatzen, baina merezi zuten harrera ukatu zitzaien. Gure konpositore onenek, batek ere ez, bere talentuaren ariketarako beharrezko baldintzak ez zituzten jaiotze-lurrean aurkitu.
(Tuesta, 1639 - Zamora, 1710)
Tuesta-n jaio bezain laizter bataiatua izan zelarik, Sendotza Espejo-n jaso zuen 1650an. 1659an Simón bere anaiarekin Burgosko Katedraleko koruan agertzen da abesten; ez dakigu noiz sartu zen, baina ezin daiteke ukatu, bere heziketa urteak gaztelar katedralean pasatu zituela. 1661ean Gasteizko Parrokien Unibertsitateko Kapera zuzendari gabe gelditu zen: Burgosko maisuak Juan Salazar proposatu zuen postu hortarako; “zerbait obea nahi zuten” gasteiztarrek, ordea, eta Burgosko proposamena ez zuten onartu.
Urte berean, 1661ean hain zuzen, García Salazar Toro-ko (Zamora-n) kolegiatan Kaperamaisu oposizioetan aurkeztu zen. 1663an Burgo de Osma-ko katedralean (Sorian) kargu bera onhartzen du. Gero, 1668an, Zamora-ko Kaperamaisu oposizioetan irabazi zuen.
Juan García Salazar-en musika ia guztia erlijiosoa da. XVI mendeko espainiar polifoniaren estilo garbienean idazten du. “Salazarren hizkuntza —dio José López Calo-k— XVI mendeko klasikoa da. Melodiaren martxari eta konposizioaren bilberari dagokionez, zehatzagoa izango litzateke esatea, klasikoa nahi duela iza,: “a capella”, kontrapuntistikoa, tradizio klasikoari jarraitzea nahi duten melodiekin. Baina aldaketa gehiago nabaritzen den tokia, sentimenduan datza, definiezin baina erreal “ez dakit zer” horretan, lan baten inspirazioa eskola batekoa edo bestekoa izan daitela egiten duena”.
Bere lana gehien bat Zamorako katedralaren artxiboan mantentzen da, nahiz eta kopiak Burgos-en eta Burgo de Osma-n ere egon. Motete batzuk Lira Sacro Hispana aldizkarian argitaratu ziren; hauetako batzuk edonongo kaperamaisuen begiko jarraitu zuten izaten XX mendearen barrena. Gasteizko katedralaren artxiboan, Zamoran Salazarren ondorengoa izan zen Gaspar Arabaolaza gipuzkoarrak egindako trascriptzioetako bilduma bat gordetzen da.
(Aramaio, 1726 - Antequera, 1796)
Leintz Gatzagan, Gipuzkoan, jaioa zelakoan (bere familia han bizi izan bait zen), ikerkuntza berriek erakutsi dute, bai bera eta baita Gabriel eta Joakin bere anaiak, Aramaioko Ibarran jaio eta Zalgoko Martín Deunaren parrokian bataiatuak izan zirela.
Oraindik umea zela Burgosko Gurutze Santuko Ikastetxean izan zen kantari eta, ondorioz, musika heziketa betea jaso zuen. Gero Madrilera joan zen. 1759an Antequera-ko Kolegiataren kapera maisutzat oposizioetara aurkeztu zen. Epaimahaikoek aho batez aukeratu zuten.
Naiz eta kapera-maisuak elizgizona izan behar zuela erabakita egon, kabildoaren baimena lortu zuen ezkontzeko, hain haundia bait zen sortzen zuen estimua. Geroztik kontutan hartua izan zen “bere kapera-maisurik adierazgarrienetako bat” bezala.
Bere izena laizter zabaldu zen Antequerako Kolegiataren mugetatik kanpo. Bere lanak Granada-ko Errege Kaperan, Escorial-ean eta Malaga, Astorga, Burgos, Cuenca eta Sto. Domingo de la Calzada-ko katedraletako artxiboetan aurkitzen dira. Hauen artean aipatuko ditugu: Biolin bostkoterako meza, tronpa eta oboekin. Salmoak eta Magnificat 5 eta 8 biolinekin edo hauek gabe; Aste Santuaren Aihenak biolin eta tronpekin; Moteteak, Gabon-Kantak eta Jaunari, Jaiotzari eta Ama Birjinari Duoak kontrabaxu eta tronpekin.
(Lantziego, 1809 - Gasteiz, 1865)
Sebastián Iradier Salaberri.
Hamasei urtekin, Gasteizko Mikel Goiaingeru Deunaren elizako organo-jotzailea zen. Postu bera irabazi zuen 1827an Aguraingo Jon Bataiatzaile Deunaren elizarako.
1833an lau hilabetetan zehar aldentzeko eta Madrilen konposizioa ikasteko baimena eskatu zuen. Sei urte beranduagorarte ez zen itzuli. Pio Barojak, gertaera nobela gisan kontatzeko asmoz, “harrapaladan... senar iraindu baten amorruak jarraituta” ihes egin zuela Aguraindik idatzi zuen. Honetako zerbait izan zen? Argi dago Iradier, ideiez eta portaeraz, liberala zela; Agurainen, berriz, integrismo tradizionalista zen nagusi: Kontutan izanik, Iradierrek lehen gerra karlistaren hasieran egin zuela ihez, eta hain zuzen hau amaitu ondoren itzuli zela, ba dirudi bere burua jazarpen eta errepesalietatik salbu jartzeagaitik egin zuela ihez. Suposamendu hau ez da sentzugabe eta ergela: bere aitaren baieztapenen batek egiaztatzen du.
Madrilen zirkulu aristokratikoetan sartu zen eta literatoekin (Merimée, Espronceda, Zorrilla eta Campoamor), musikariekin (Carnicer, Saldoni, Espín y Guillén, Liszt eta Glinka) eta politikariekin (Narváez, González Bravo eta Tomás Rodríguez Rubí) harremanetan jarri zen. Lizeo Artistiko eta Literarioko bazkidea, Matritense Akademia Filarmonikoaren zuzendariordea, Espainiar Institutuan harmonia eta konposizioko katedraduna, Musika Kontserbatorioan solfeo maisu eta Ikastetxe Unibertsalaren irakaslea izan zen. Erlazio publikoetarako trebetasunak aristokraziaren ateak ireki zizkion. Francisca, Albako Dukesa eta Eugenia, Frantziako Kaiserandrea, Montijo Kondesaren alabak, bere ikasleak izan ziren.
Erlazio hautaz kanpo, musika ere idatzi zuen. Zarzuela arloan ukiketaren bat egin ondoren, ospea eman zioten eta bere musika-ibilbidea markatu zuten kantak konposatu zituen, batez ere.
1850ean Parisera bidaiatu zen: Merimé berraurkitu eta Gioacchino Rossini eta Pauline Viardot kantaria ezagutu zituen. Lan berriak eskatzen zioten, espainiar arroztasuna modan bait zegoen. Iradier arrakasta haundiz mugitzen zen Parisko aretoetan.
Ameriketatik ibilaldi bat egin ondoren, begi gaixotasunez jota, Gasteizera itzuli zen.
Berejabea, atsegina, apaina, bizizalea, ipurdantzailea, erlazio publikoetarako trebetasun haundikoa izan zen beti. Bera izan zen habanerak nazioartean, Frantzian batipat, lortu zuen arrakastaren eragilea La Paloma mundu guztian zabaldu zen. El Arreglito, Georges Bizet-ek Carmen operan sartu zuen, egile anonimo baten herri kanta zela pentsatuz.
(Gasteiz, 1850 - Madril, 1939)
Emilio Serrano Ruiz.
Militarraren semea, berak bost urte zituela familia Madrilera aldatu zen. Madrilgo Kontserbatorioan musika ikasketak egin ondoren, 1894an Konposizio katedra lortu zuen: “Maisu belaunaldia” izeneko saila izan zuen ikasletzat: Conrado del Campo, Ricardo Villa eta Julio Gómez.
Konpositore emankorra, postu ofizial asko jasan zituen Madrilgo musika bizitzan. Pianojotzaile trebea, sarritan egin zuen lan ganbera musika kontzertuetan. 1895tik 1898ra “Teatro Real” antzokiaren zuzendari artistikoa izan zen, zentroa Madrilgo musika eszena nabarmenduena bihurtuz. Bestalde, Isabel Infantaren gorteko musikaria eta San Fernandoren Arte Ederren Akademiako musika sailaren lehendakaria izan zen. Halaber, Arte Ederretako Zirkuluaren herri kontzertuen sorreran hartu zuen parte.
Operak (espainiar nazio-operaren ordezkari nabariena izan zen), zarzuelak, sinfoniak, ganbera musika eta pianorako lanak idatzi zituen. Nahiz eta bere musika erro italiarretatik jaio, lerro nazionalistari jarraitu zion eta gai folklorikoez baliatu zen. Operen egilea da: Juana la Loca, Tamayo y Baus-en Locura de amor lanean oinarrituta; Irene de Otranto, Echegaray-ren libretoarekin; Mitrídates, etabar. Bere azken lana, La maja de rumbo Carlos Fernández Shaw-en libretoaz, Buenos Aires-ko Kolon Antzokian estreinatu zen 1910ean. Baita zarzuelak ere idatzi zituen; nabarmenena, agian, La Bejarana, Francisco Alonso-ren kolaborazioaz.
(Gasteiz, 1852 - 1927)
Mutil koskor bat zela, kontzertuak eskaitzen zituen Gasteizko Olave Kafean. Lege ikasketak egin zituen Madrilen eta ondoren, Zaragozan frantsesa erakutsi eta hiri honetako Masa Korala eratu zuen.
Erlijioso deia entzun eta 48 urtekin apaiz bizitzari jarraitu zion. Apezgoa lortu ta gero, eta beharrezko oposaketak gaindituz, Caceres-eko Coria-n katedraleko organo-jotzaile postua irabazi zuen. Bi urte geroago Bergarako Pedro Deunaren parrokian, Gipuzkoan, organo-jotzailearen lanbidea onartu zuen. Bergarako Orfeoiaren fundatzailea da. 1919an elizopidedun bihurtu zen Sevillako katedralean.
Oposizio epaimahaietan etengabe parte izan zen. Irakasle bikaina, ikasle asko izan zituen, haien artean Juan Alfonso Ugarte konpositorea.
Lan erlijioso eta koru abesti askoren egilea dugu. Batzuetan bere izen betearekin sinatzen zuen, beste batzuetan Fernández de Retana izenarekin eta noizean behin Pedro Retana bezala.
Gasteizko Udalak antolatutako Lehen Jaietan, 1878an, Celedón kalejira, bere adizkide Celedonio Iturralde Armentia-ri eskainia, estreinatu zuen; (Celedón hau ez zen, jendeak uste duenez, zalduondotarra: Zuia-ko Bitoriano herrixkan, Murgia-tik hurbil, 1810ean jaioa zen). Geroago, handik urte batzuetara, Mariano San Miguel oinatiarrak Retanaren Celedón biribilketa borobildu eta gaur egun ezagutzen den bertsioa asmatu zuen.
Beste abesti ergel batzuk ere konposatu zituen: Oh Pepita esate baterako; abestia hauek ez zen bere izenarekin sinatzen ausartu; horrelakoetan “M?ller” izengoitia erabiltzen zuen
(Aramaio, 1854 - Valladolid, 1916)
Vicente Goikoetxea Errasti.
Autodidakta gehienbat musika hezkuntan, Gasteizen batxilergoan ziharzuela, José M? Abad, Bizente Done parrokiako organo-jotzailearekin harmonia landu zuen eta Mateo Moraza-k bere etxean zeukan pianoan saiatzen zen. Gero bere musika ezagutzeak sakondu zituen Felipe Gorriti-ren irakaspenak jasoz eta konpositore hautatuak (XVI. mendeko polifonistak, Bach, Cesar Franck, Gounod eta Wagner) aztertuz.
Naiz eta bere benetako bokazioa beste bat izan, aitaren esanak jarraituz, legeak kurtsatu eta notario tituluaren jabe egin zen. Aita hil zenean, 34 urte zituela apezgo bidea hautatu eta Gasteizko apezgaitegian sartzea erabaki zuen; diru beharrean, ikasketak kanpoko ikasle bezala nahi zituen egin, abokatutza lanetan bide batez arituz; eskaera ez zen onartua izan. Eskakizun berbera, ordea, Valladolid-en onartua izan zen eta gaztelar hiriko apaiztegian sartzea lortu zuen. Handik gutxira, oposizioetara aurkestu eta 1890ean katedraleko kapera maisu postua lortu zuen.
Eleiz musika nola zegoen ikusita, Pio X.aren 1903ko disposapenak baino lehen, musika liturgikoaren erreformari aurre egin zion. Espainiako eleiz musikaren berritzaile mugimenduaren buru egokitu zen eta horrela nazioartean izendatua izan zen. Funtsezkoa izan zen bere lan pedagogikoa Apezgaitegian, heziketan musika materia beharrezkoa bezala ezarriz.
Bere elizaren lanaz gainera, Euskal-Nafar Orfeoia, unibertsitateko ikasleek osatuta, eratu eta zuzendu zuen.
Bere ekoizpena eleiz musikari oso osorik lotuta dago. Aipatzekoak dira: Meza desberdinak, Miserere salmoa, Agur Maria, Agur Erregina, Aste Santurako Motete eta Erantzunak eta abar. Utzi zuen, baita, koru herrikoi eta organorako konposizio kopuru luzea.
Bera da, zihur asko, polifonista klasikoen ondoren, munduan zahar gehien hedatu den espaniar eleiz musika egilea.
(Laguardia, 1854 - 1938)
Francisco Pérez de Viñaspre Ortiz.
Bere lehen musika heziketa Laguardia-n jaso zuen Ambrosio eta Felipe Arriola anaiekin. Gero Bizente Goikoetxea-rekin etorri zen bat Gasteizko Done Bizente elizako kaperan: tiple ahotsa kantatu zuten elkarren ondoan eta bien artean adiskidetasun handia sortu zen; biek hertsiki ilusio berdin-berdinarekin egin zuten lan eleiz musikaren zaharberritzean: Viñaspre hizlari trebea eta luma arinekoa zen; Goikoetxea, ordea, nabarmenagoa izan zen konpositore bezala.
Oraindik diakonoa zela, Zieko-ko elizan organo-jotzaile bezala aritu zen denboraldi batean. 1879an Logroño-ko kolegiatan jarraitu zen lan hontan eta 1884an oposizio bitartez organo-jotzaile plaza irabazi zuen Zamorako katedralean. 1886an Gasteizko katedralean organo-jotzailea zen eta 1904an Burgosko katedralean eleizotsein eta organo-jotzailea. Geroztik Goikoetxea bere lagunarekin sintonia osoan jarduera sakona burutu zuen, Pio X Aita Santuak iragarritako musika erreformaren alde. Txostengile zorrotz bezala parte hartu zuen Valladoliden, Sevillan, Bartzelonan eta Gasteizen antolatutako Eleiz Musikaren Nazio Kongresu desberdinetan; espainiar musikariak ordezkatu zituen Erroman 1912an Italiar Musika Elkartearen Kongresuan. Irizpide sendo eta erakusketa argidun, etengabe agertzen da Felipe Pedrell-en ondoan oposizio auzitegietan eta konposizio epaimahaietan. Musica Sacro Hispana aldizkarian ohiko kolaboratzailea izan zen.
Lan erlijioso nahiko zabala utzi zituen, José M? Beobide, Aita Donostia eta Jesús Arámbarri bezalako maisuek goraipatutakoa. Harmonia eta konposizio irakasle bikaina izan zen: bere ikasleak dira Germán Landazábal, Ramón Sáez de Adana, José Escoriaza eta Julián García Blanco.
(Madril, 1869 - Bilbo, 1948)
José Sainz Basabe.
Gasteiztar familikoa, hala beharrez Madrilen jaio zen. Umetan tiple bezala kantatu zuen arabar hiriburuko Pedro Deunaren parrokian. Gero biolina eta konposizioa ikasi zituen Madrilen eta 19 urterekin Musikari Nagusi plaza irabazi zuen Barbastro-ko batailoian. Urte bete geroago, Erroma Saria lortu zuen eta bost urtetan zehar ikasketak osatu ahal izan zituen Erromako Kontserbatorioan.
Oposizio bidez, 1894an Bilboko Udal Musika Bandaren zuzendariordetza eta 1896an, jabetasunezko zuzendaritza lortu zuen, 1918rarte karguarengan mantenduz. Solfeo eta Harmonia irakaslea izan zen Bizkaitar Musika Akademian, Filarmoniko Gizartearen menpean; baita irakaskuntza jaso zuen Bilboko Gor-Mutuen eta Itsuen Ikastetxean. 1919ko uztailean Bizkaia-ko Foru Aldundiak Bilboko Musika Kontserbatorioa sorrerarazteko proiektua onartu zuen; fundaziotik Sainz Basabe klaustroko kidea izan zen, Kontrapuntu eta Fuga irakatsiz eta 1927tik bere heriotzararte zentro honen zuzendaritza bere gain hartuz. 1948an hil zen.
Sustapenezko lan garrantzitsua garatu zuen El Cuartito zeritzan erakundearen barnean. Talde hau ezinbestekoa zen Bilboko XX. mendearen hasierako garapen kulturala ulertzeko. Giro honetan eskuzabalki lagundu zion Jesús Guridi-ren musika heziketari.
Udala operaren eta lan koral askoren egilea da. Baina bere konposizioak gehienez musika-bandarako dira, zeinen idaztea ezin hobeto menderatzen zuen: Bilboko Udal-Bandak ia guztiak estreinatu zituen. Beste tresna batzuetarako ere konposatu zuen: “Antología Moderna Orgánica Española” aldizkariak Sainz Basabe-ren tituluak dauzka, Nemesio Otaño-k 1909an argitaratuta.
(Gasteiz, 1884 - Donostia, 1943)
Musikarako jaioa, hamar urte bete gabe piano errezitaldi bat eman zuen Logroño-n, Cotarelo familia denboraldi batean bizi izan zen hirian. Gero, 1896tik aurrerantzean, pianoa, harmonia, kontrapuntua eta fuga ikasten aritu zen Madrilgo Kontserbatorioan: hamasei urte zituela, lehen piano-saria lortu zuen. Baita ere konposizioa egin zuen Emilio Serrano gasteiztarrarekin. Karrera amaitu bezain laster, irakaskuntzan eta kontziertoak ematen aritu zen Madrilen, Lisboan eta beste hiri batzuetan. 1911n Nazioarteko Pianojotzaile Bertutetsu Lehiaketan parte hartu zuen Parisen, Lehen Ohore-Domina lortuz.
Francisco Cotarelo Romanos.
Santander-eko “Real Club de Regatas” erakundean pianojotzaile plaza urte batzuetan zehar bete ondoren, 1913an piano laguntzaile izendatu zuten Donostiako Kasino Handian; hamaika urtetan zehar kontzertu ugarietan parte hartu zuen, munduko artista apartaenei lagunduz: Manén, Cassadó; Thibaud, Francescatti, Conchita Supervía, José Mardones etabar. Baita solista bezala jo zuen, Arbós maisuak zuzentzen zuen Kasino Handiko Orkestraren saioetan. 1913an oposizio bidez irabazi zuen Donostiako Musika Kontserbatorioan piano katedra; hogeita hamar urtetan zehar aritu zen, eta 1934an Estetika eta Musikaren Historia azaltzera pasatu zuen kargua.
Irakaskuntza eta piano-errezitaldiak konposizioarekin aldizkatu zituen, lan zabal eta desberdinaren egilea izanez. Kontzertu arloan utzi du: Piano eta Orkestrarako Kontzertu bat; Sol menor-ean Hirukotea; Arkutresnetarako Laukotea; Pianorako bi Sonata; Sonata menditarra, Nokturnoa eta Capricho español (biolin eta pianorako hiru pieza hauek). Kanta-kopuru nabarmena sortu zuen ahots eta pianorako. Hiru zarzuela osatu zituen, bata Santander-en 1909an estreinatuta eta beste biak Donostian 1929 eta 1930ean; Haur bi komedia. Alma navarra lanak bere garaipen handienetako bat eman zion maisuari: partitura oparoa, Nafarroako erriberan jasotako herri kantu ugarikoa da. Cotarelo-ren beste lan bat da Nacimiento, Víctor Espinós eta Joshemari Arozamena-ren testuaz; musikan, berriz, Jesús Guridi eta Moreno Torroba-ren laguntzaz gozatu zuen.
(Araia, Araba, 1884 - Entre Ríos, Argentina, 1953)
Germán Landazábal Garagalza.
Umetatik izaera bikaina erakutsi zuen musikarako. Lehen ikasgaiak herriko organo-jotzailearekin jaso eta gero Gasteizen jarraitu zituen, Juan Arámburu-rekin pianoa eta Francisco Pérez de Viñaspre-rekin harmonia ikasiz. Gasteizko Elkarte Filarmonikoan arrakasta handiko kontzertuak garatu zituen. Madrilera joan zen eta Kontserbatorioan, zortzi urtetan zehar, Trago eta Arín irakasleekin arituz, karrera amaitu zuen eta lehen sariak lortu.
Hogeita hiru urtekin, oposizio gorrien bitartez, Erroma-n, Paris-en eta Munich-en ikazteko bekak lortu zituen. Itzuli zenean, piano joaldiak eman zituen Madrilen, Bilbon eta Donostian, nahiz bakarrik, zein orkestrarekin. Ordaindutako karguen etsaia zenez gero (Artistak bere artetik bizi behar du) kontserbatorio-irakasle plazarako oposizioak egiteari uko egin zion; eskuzabalki, musutruke nahi zuen musikan ihardutea.
Altobizkar gailurrean poema sinfonikoaren egilea da: Donostiako Kasino Handiko Orkestra Sinfonikoak lehen entzuketan interpretatu zuen Arbós maisuaren zuzendaritzaz; lan deskribatzailea da, teknika onekoa eta sakonki euskalduna; inspirazioa Juan Iturralde-ren La batalla de los muertos (Orreaga-ko guda) elezaharrean hartuta dago. Berehala La reina Margarita komedia lirikoa estreinatu zuen Donostiako Antzoki Nagusian; orkestrazioan harpa parte bat idatzi zuen oso zaila: parte hau Nicanor Zabaleta gazteak jo zuen bere lehen interpretaketa publikoan.
Gipuzkoa-ko Aldundiak lehiaketa bat antolatu zuen, Juan Sebastián Elkano-ren omenez ereserki bat konposatzeko; lehen sari bakar bat besterik ez zegoen; epaimahaiak ez zion saria eman Landazabal-en konposizioari, baina, zeukan merituak aitortuz, sari berezi bat sortu zuen beretzat.
Etorkizun disdiratsu bat izan arren, naiz eta musikari bikainen mirespenaz gozatu, euren artean Nemesio Otaño eta Aita Donostia, Amerikara lekuz aldatzea erabaki zuen; bizimodu apala eraman zuen; klaseak ematen zituen, ia ez zuen musikarik idatzi eta ez zuen bere lanak interpreta ziezazkiotela kudeatu.
(Gasteiz, 1886 - Madril, 1961)
Jesús Guridi Bidaola.
Musikari familiakoa, musika zaletasunari etxean eman zion hasiera, Lorenzo Guridi bere aita biolinjotzailea bait zen eta Trinidad Bidaola, ama, piano irakaslea. Gero Madrilen Valentín Arín-ekin eta Bilbon José Sainz Basabe-rekin musika sakondu ondoren, Parisen, Bruselan eta Kolonian osatu zuen bere heziketa.
Bilbora itzuli zen 20 urte zituela; berehalaxe kontserbatorioko irakasle, Santiago basilikako organo-jotzaile eta Koral Elkartearen zuzendari aipatua izan zen. Lan hauetaz gain, Bartok-ek eta Kodaly-k marraztutako jarraibideak jarraituz, euskal musika herrikoia ikertu zuen biziki: sakonki aztertu zituen Azkue eta Aita Donostiaren kantutegiak eta beraiekin erlazio estua mantendu zuen; berbera ere kanta herrikoi bila aritu zen, Ator Ator bezalako abesti ederrak aurkituz; herri kanta hauek oparo erabiliko zituen geroago bere ahots eta sinfoni lanetan. 1932an XXII canciones del flolklore vasco - Euskal folkloreko XXII abesti, ahots eta pianorako, argitaratu zituen. Eta azkenik, 1947an San Fernando Arte Ederren Akademian sartu zen El canto popular como materia de composición musical (Herriko kantua musika-konposizio materia bezala) diskurtsoa irakurriz.
Bilboko bere musika-lan luze eta zabalaren ondoren, 1940an organo-katedra lortu zuen Madrilgo Kontserbatorioan, non 1956tik 1961 arte zuzendaria izan zen.
Bere konposizioek herrikoitasuna kalitatearekin konbinatzen dute jakituri bikainez. Musika-mota zabalean edatzen dira. Alor sinfonikoan konta genezake: Sinfonia Pirenáica, Diez melodias vascas - Hamar euskal melodi eta hainbat olerki sinfoniko. Bere kontzertuen artean nabarmentzen dira Elegia biolin eta orkestrarentzat eta Walt Disney-ri Omenaldia, piano eta orkestrarentzat. Ganbera musikari heldu zion hainbat soka-laukoterekin. Mirentxu eta Amaya operen eta El Caserío, La Meiga, Peñamariana eta beste hainbat zarzuelen egilea da. Piano eta organorako makinatxo bat lan utzi zuen. Eta, azkenik, kanta ugari ahots eta pianorako eta koruentzat, euskal herrikoi abestiak harmonizazio berri eta trebearekin jantzi eta apainduta.
(Gasteiz, 1927 - Madril, 1977)
José Mª. Sanmartín Fernández de Pinedo.
Gaztetan Luis Aramburu-rekin ikasi zuen Gasteizen. Ikasketak Bilbon osatu ondoren, Paris-ko Kontserbatorioan lerroratu zen: Jules Gentil-ekin eta Yves Nat-ekin pianoa landu zuen, 1955ean lehen saria lortuz. Arthur Honegger-en konposizio ikaslea ere izan zen. 1956an Parisera itzuli zen, Alfred Cortot-ekin lan egiteko. Gero Genevan eta Berlin-eko Unibertsitate Teknikoan jarraitu zuen. 1958an Unesco-ren Nazioarteko Musika Kontzeiluak beka bat eskuratu zion. 1966an oposizio bidez Espainiako Irrati-Telebista Orkestra Sinfonikoaren piano-jotzaile plaza irabazi zuen; hirukote bat eratu zuen Hermes Kriales eta Enrique Correa kideekin.
Bere lanen artean nabarmentzen dira In memoriam, pianorako eresaurre eta fuga, Ataulfo Argenta-ren oroipenean, Berlin-eko Kontserbatorioaren saria 1957an; Lily y Bonita, orkestrarako, 1958an Lehen Nazio-Saria haurren ballet onenarentzat; Suite Arabarra, Musikako Nazio-Saria 1963an; eta pila bat lan desberdin piano, orkestra, koru eta kamera taldeentzat.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus