Fuente: Auñamendi Eusko Entziklopedia
Pierre Adrien Duny-pétré.
Nafarroa Behereko pertsonaia polifazetikoa dugu. Aduanazainez eta artisauez osatutako familia batean hazi zen. Filosofia ikasi zuen, eta pentsamendu estoikoaren jarraitzaile sutsu bilakatu zen. Argelesko kontzentrazio-eremua kontrolatzen zuen Frantziako ehiztari alpinoen errejimenduko kide izan zen. Espainiar errepublikanoak pilatzen zituzten bertan, egoera tamalgarrian, eta senitartekoen hitzetan, orduan erabaki zuen zeintzuk izango zituen bizitzan konpromiso.
Gerra-presoa izan zen, Somme-ko batailaren ondorioz, eta 1942an, Alemaniara ihes egitea lortu zuen, bost saialditan porrot egin ostean. Erresistentziaren Armada Sekretuan sartu zen, haren osaba Jean Pétré koronelaren agindupean. Gero, Gestapoak atxilotu, eta Büchenwald-era erbesteratu zuten. Pierre Duny-Pétrék Marseillako askapenean parte hartu zuen, eta intsignia ugari jaso zituen. Quelques basques dans la tourmente (1939-1945) izeneko autobiografia laburrean, bizitzako pasarte horri buruz idatzi zuen.
Euskaltzalea zen: 1963an Enbata mugimendua sortzerakoan sartu zitzaion abertzaletasuna. Lehenago ere, idazle gisa aritua zen, euskaraz bereziki, eta hainbat argitalpenetan lan egin zuen, besteak beste: Gure Herria, Elgar, Herria, Gure Almanaka, Eusko Gogoa, Enbata, Euskalerriko Adiskideen Elkartearen Aldizkaria, eta Principe de Viana. Haren idazlanen artean, nabarmena da Basa Jaunaren mitoari buruzko ikerketa, Société de Sciences, Lettres et Arts de Bayonne elkarteak 1960an argitaratu zuena. René Lafon hizkuntzalariaren eta Norbert Tauer txekiar euskalariaren lagun mina zen, eta 1963an Euskaltzaindiko akademiko urgazle izendatu zuten.
80. hamarkadaren amaieran, Eusko Folklore urtekarian Nafarroa Behereko haurren ohiturei buruzko Xirula mirula obra argitaratu zuen, publiko zabalarentzat berriz editatuta.
Horrez gain, ipuin-bilduma bat eta kondaira herrikoiak argitaratu zituen: Ipuinak. Ahozko euskal literatura Garazin eta Jean Pétré koronelaren biografia bat. Dunny-Pétrék alde poetikoa ere bazuen, eta Euskal Herriko aldizkari ezberdinetan euskarazko olerki ugariak dira horren isla.