Migel Olasagarre, Damaso Intza.
Migel Olasagarre Zubillaga zuen jaiotza-izena 1902an ordenatutako kaputxino honek. Araiz bailarako Intza herrian sortu zen eta haur zelarik fraile eraman zuten familiakoek. Iruñea eta Tuteran egin zituen ikasketak. Talde frantziskotar sekularrekin lanean aritu zen garaian, Irugarren’go Frantziskotarraaldizkaria sortu zuen, 1913an, eta bertako zuzendari izan zen.
Handik urte gutxira, 1919an Aita Buenaventurarekin batera Zeruko Argia aldizkaria sortu zuen. Hogeitamar urte zituen orduan. Aldizkarietako zereginetan ezezik, Nafarroako euskalkiak aztertzen eta sailkatzen ematen zituen egunak. Euskaltzain oso genuen 1920 urtetik.
Ehun urte betetzeko egun gutxi falta zitzaizkiola hil zen Aita Damaso Intza, Iruñeko Errotxapeako komentuan, 1986ko urrian. Zendu baino hilabete batzuk lehenago, euskara batuaz mintzatzean, damua baino ez zuen agertzen, irabazpiderik ez zela eta «erabat espainol eta frantseseratu» zela aipatzen zuen.