metro_bilbao

Igancio Barandiaran Maestu (Donostia-San Sebastián, 1937)

Ignacio Barandiaran Donostian jaio zen 1937. urtean. Geografia eta Historia ikasketak egin zituen Zaragozan, eta ondoren, historiaurrearen bidea hartu zuen. 1964an Zaragozako Unibertsitatean irakasle hasi zen, eta 1967an doktoregoa burutu zuen bertan. Hurrengo urtean Antzinaroaren Historiako sailburu izendatu zuten.

Irakasle aritu zen Tenerifeko La Laguna Unibertsitatean, non Arkeologia, Epigrafia eta Numismatika katedradun izan zen. Gero Kantabriako Unibertsitatean hasi zen lanean, 1980. urtean Euskal Herriko Unibertsitatean abiatu berri zuten Gasteizko Fakultatera igaro zen arte. Bertan egin du lan erretiroa hartu arte. Paleolitoan eta Mesolitikoan aditua, hainbat indusketa-lan garrantzitsu zuzendu ditu.

1980 eta 1982 artean Espainiako Kultura Ministerioaren Labar-arte Batzorde Nazionalaren lehendakari izan da. Era berean, Nafarroako Kultura Kontseiluan Arkeologia batzordeko lehendakari-karguan aritu da. Hainbat testuren eta esku-hartzeen egilea da. Historiaurreari buruzko hainbat elkarteko kide da, hala atzerrian nola penintsulan.

Barandiaranek Ikerkuntzako Euskadi saria jaso zuen 2007an, eta Espainiako Historiaurreko katedradunen dekanoa da. Gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun emeritua da.

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Ignacio Barandiaran / Arkeologoa

"Arkeologook zalantzez inguratuta gaude beti"

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA

Arkeologia eta paleontologia gizakiaren jatorrira hurbiltzen gaituzten zientziak dira. Espezieen hastapenetan izaki bizidunek izan zituzten jokabideak eta egoerak ulertzen laguntzen digute, edo horien interpretazioa egiten, bederen.

Jakina denez, gure historiaurrea ikertzera garamatzaten zientziak dira, eta gure urrutiko iraganari buruzko argibideak ematen dizkigute. Horrela, egunez egun, gure herri-izaeraren abiapuntua hobeto kokatzeko beta eskaintzen digute.

Donostian jaio zinen 1937an. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Donostiako Loiola kalean jaio nintzen, eta Artzain Onaren katedralean bataiatu ninduten. Gure aita Foru Aldundiko langilea zen. Lau anai-arrebetatik bigarrena naiz. Marianistetan ikasi nuen, irakasle bikainekin; garai hartan hemen unibertsitate publikorik ez zegoenez, Zaragozara joan nintzen Geografia eta Historia ikasketak egitera. Bertan aurkitu nituen irakasleek eraman ninduten historiaurrearen esparrurantz.

Ez dakit zerk bultzatu ninduen historiaurrea ikastera, baina gogoan dut 1953. urtean edo, Jose Migel Barandiaran deserritik itzuli berria zela, San Telmo Museoan euskal etnografiari buruzko zikloa antolatu zutela, haren bildumak erakusteko. Igande goiza zen, eta gure aita bertara joan zen, uste zuelako On Jose Migel gure senitartekoa zela, gure aitona ere Ataungoa baitzen, San Gregorio auzokoa. Aitak berarekin eraman ninduen, eta On Jose Migelen hitzaldia entzun ahal izan genuen. Aulki gainera igota eta bitrinen aurrean, nekazaritzako lanabesei buruz mintzatu zen. Orduan agurtu nuen lehenengoz On Jose Migel.

Karrera amaitu ostean, irakasle izan nintzen Donostiako Marianisten ikastetxean, eta aldi berean tesia prestatu nuen. Udako oporraldietan On Jose Migelekin batera aritu nintzen nire lehen indusketetan, Aitzbitarten eta Lezetxikin, eta Altxerri ere aztertu genuen. Zaragozako bizitza akademikoan murgilduz joan nintzen, eta 1967an doktore egin nintzen bertan. Ordutik bizimodu nahiko ibiltaria izan dut. Zaragozan agregatu izan nintzen Antzinaroaren Historian, baina Historiaurreko sailean egin nuen lan. Handik Tenerifeko La Laguna Unibertsitatera joan nintzen, Arkeologia, Epigrafia eta Numismatika katedradun; gero Kantabriako Unibertsitatean izan nintzen, historiaurrea lantzen duenarentzat toki garrantzitsua den horretan. Baina Euskal Herriko Unibertsitate berrian Gasteizko Fakultatea sortu zutenean Luis Mitxelenak bertan lan egiteko gonbita egin zidan, eta 1980. urtean eskaintza hura onartu nuen. Eta hementxe hartu dut erretiroa.

Alderdi asko jorratu ditut nire lanean, batez ere K.a. 30.000 eta 10.000. urteen arteko garaia. Irakasle-lana eskerronekoa izan da niretzat, eta bizitza akademikoak utzi didan denbora librean hainbat indusketa egin ditut.

Arkeologo-lanetan hasi zinenean pertsona arrarotzat hartuko zintuzten behin baino gehiagotan...

Jarduera berez arraroa izateaz gain, toki askotan baliabide oso urriekin lan egin behar izan dugu, eta bizi ere bai. Arkeologo izatea altxor-bilatzaile izatearekin parekatzen zuten leku askotan, eta ezin zuten ulertu hamar edo hamabi lagun arraro —betaurrekoekin, beste era batera hitz egiten...— euren lurretan azaldu eta ezohiko zereginetan aritzea. Zuhurtzia erakusten zuten gure aurrean. On Jose Migelengandik ikasi nuen gure lanari mesfidantzaz begiratzen zioten pertsona horiekin bizitzen, eta horrela, epe nahiko laburrean haien konfiantza geureganatzen genuen. Gogoan dut Aitzetako Txabalako trikuharrian lanean ari ginela, Donostiatik oso hurbil, 1963. urtean edo, tirabira ugari izan genituela lurren jabearekin. Ezkutuko altxorren baten bila genbiltzala uste zuen. Lanen zuzendari zen On Jose Migelek dokumentua sinatu behar izan zuen, lur haietan ager zitekeen urre guztia jabeari emango zitzaiola aginduz. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi genuen dokumentua. Bertatik atera genuen bakarra ehiztariren batek utzitako kartutxo parea izan zela uste dut! Eta gizon horrek, guk berak baino gehiago galdu genuelakoan, askaltzera gonbidatu gintuen lanak amaitzean. Tokiko jendearen konfiantza bereganatzen zuen, eta hori oso lagungarria izaten zen batez ere funtsean etnografikoak ziren lanetan.

Igancio Barandiaran Maestu

“Alderdi asko jorratu ditut nire lanean, batez ere K.a. 30.000 eta 10.000. urteen arteko garaia”.

Arkeologia, jende nahiko “bereziaren” jarduera izatetik sarritan azalkeriaz espekulatzen den esparrua izatera igaro da. Jakinduriaren hedapenarekin irabazi dena ez al da sakontasunean galdu?

Produktua saltzen ez jakitea leporatu izan didate niri. Arkeologia egiteko modu amateurra eta modu profesionala daudela entzutean haserretu egiten naiz. Gaur egun Espainiako estatuan ez dago erakunderik arkeologian profesionalki lan egiteko titulurik ematen duenik, medikuntzan egiten den moduan, esaterako. Eta horrek alde ona eta alde txarra ditu. Indusketa egiteko baimena eskatzeko baldintza bakarra bete behar da: lanaren arduraduna adinez nagusia izatea, eta lan horretan hasiberriak direnek adituren baten abala aurkeztu behar dute, besterik ez. Beraz, lan publikoen segimendua egitean betetzen diren esku-hartzeei buruzko txostenak prestatzeko lanari bakarrik esan ahal zaio arkeologia profesionala.

Arkeologian hasi nintzen garaian oso gutxi ginen, eta zientzia oso arraroa lantzen genuen, arkeologia diletantea, ikerkuntzakoa; gaur egun, badira arkeologia lanbide dutenak ere. Zenbaitek, fede txarrez, kabineteko arkeologia —nik lantzen omen dudana— eta profesionala ezberdintzen dituzte. Azken hori, lan publikoetako ondare arkeologikoa gordetzeko egiten da, ezinbestean, eta indusketa azkarrak izaten dira, premiazkoak baitira. Gainontzekook egiten ditugunek, berriz, urte asko iraun ditzakete, eta dirua behar izaten da, ez bakarrik ondasunak antzeman edo aurkitzeko, baita ere horiek interpretatzeko. Horrenbestez, zeregin horretarako aproposena Unibertsitatea da, lan hori soseguz eta hainbat espezialitateren ahalegina batuz egiteko aukera baitu.

Presaka aritzea ez da ona izaten, eta duela milaka urteko ondasunen prospekzioaz ari gara. Ikuspegia nahigabe apur bat desbideratuz gero, eta distantzia kronologikoa horrenbestekoa izanik, askotariko tesiak sortuko dira...

Hemendik aurrera bizitzan dudan obsesioetako bat da niri ez gertatzea beste batzuei gertatu zaiena, hau da, eskuartean dudan lana bukatu gabe alde egitea mundu honetatik. Ez naiz indusketa bakar batean luze aritu diren arkeologo horietakoa, baina urte asko eman ditut lan batzuetan, Urdaxetik hurbil dagoen Berroberria haitzuloan, esaterako, non hamahiru urte egin ditudan. On Jose Migelekin ikasi nuenez, haitzulotik informazio gehiago lortu ezin denean hobe da indusketa-lanak gelditzea eta, aztarnak aztertuz, interpretatzeari ekitea. Arkeologo askoren bidezko obsesioa da materialak in situ gordetzea etorkizunerako, zientzia aplikatuen prozesu azeleratua ikusita gero eta gertuago dagoen etorkizunerako, alegia. Karbono 14aren bidez egiten diren datazio absolutuak ezinezkoak ziren duela 80 urte, eta euskal eremuan joan den mendeko 80ko hamarkadan hasi ziren erabiltzen. On Jose Migelen indusketetatik ateratako laginak gorde ez bagenitu, ezinezkoa litzateke gaur egun egin daitezkeen azterketak egitea, orduan pentsaezinak zirenak. Horregatik, eskertzekoa da arkeologi lanak egiten ibili eta aztarnategien bi herenak induskatu gabe utzi zituztenen jokabidea.

Igancio Barandiaran Maestu

“Hemendik aurrera bizitzan dudan obsesioetako bat da niri ez gertatzea beste batzuei gertatu zaiena, hau da, eskuartean dudan lana bukatu gabe alde egitea mundu honetatik”.

Hautematean izan litekeen desbideratzea borondatezkoa izan liteke, baina manipulazioak ere ematen dira...

Gu ere erratzen gara, guztiok bezala. Batzuk arinkeriagatik, ausartegiak izateagatik, eta gaiztakeriaz ere egin liteke. Oraindik ere asko interesatzen zait faltsifikazioen gaia, hau da, mistifikazioa, iruzurra. Gaiari buruzko ikastaroren bat ere eman dut. Atribuzio okerrak ere eguneroko gauza dira, bai asmo onez egiten direnak eta baita asmo txarrez egindakoak ere. Lehenengoen artean dago, adibidez, guretzat sakratua den posizio estratigrafikoan nahasten den arkeologoaren kasua. Eta hor daude baita ere egiazko faltsifikatzaileak. XX. mendeko hogeita hamarreko hamarkadan tratatu oso ospetsua idatzi zuen Vayson de Pradennek historiaurreko iruzurrei buruz. XIX. mendeko arkeologiako faltsifikazio-kasu ezagunak aipatzen ditu, eta horren esanetan, egunen batean faltsifikazioren bat egiteko tentaziotik ez da inor libratzen: faltsifikatzaileen zerrendan pertsona ikasiak eta ez-ikasiak daude, handinahiak eta suminduak, iruzurra egiten dutenak euren onurarako edo hurkoaren ospea zikintzeko eta suntsitzeko. Historiaurrea ikertzen dugunon artean kasu hori ezohikoa da. Indusketa egiten dugunean gehienetan aurkakoa gertatzen da, hau da, azaleratzen ari den informazio guztia jasotzeko gaitasunik ez dugula pentsatu behar dugu lanean hastean, izan ere, induskatuz goazen neurrian zerbait suntsitzen ari gara. Konparazio batera, liburu baten ale bakarra irakurtzen ari den batek orri bat irakurri ahala apurtu eta sutara botatzen du, eta bukatu ondoren, irakurri duena interpretatu behar du eduki hori etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko. Horretarako, arkeologook argazkiak atera behar ditugu, lekukoengana jo, etab. On Jose Migelek induskatutako Bolinkobaren estratigrafia desagertu eta hogeita hamar urtera, haren hitzak, argazkiak eta marrazkiak sinetsi behar ditugu; eta zalantzarik baldin badugu, hark toki horretan aurkitutako materialari heldu beharko diogu. Beraz, informazioa fideltasunez transmititzea da garrantzitsuena. Horregatik, osoa den arkeologoak nahiago du berak aurkitutako materialekin lan egitea, besteek berreskuratutakoa erabili beharrean. Izan ere, bakoitzak hobeto kontrolatzen ditu aurkikuntzaren nondik norakoak, edo hori uste du behintzat —eta baita nahi ere—.

Gaian jakitun ez garenok egiten dugun galdera da honako hau: zein da arkeologoen gogobetetasun-adierazlea...

Galdera bitxia da, oraindik ere neure buruari egiten diodana. Ikasgelan indusketa-lanetarako kolaboratzaileak eskatzeko oharra jartzen dugunean, oso interesgarria izaten da jendearen erreakzioa ikustea. Bizpahiru irakasle azaltzen gara, lan-eskuz lagunduta; Paleolitoko indusketetan ez ditugu laguntzaileak peoi-lanetarako erabiltzen, nahiago ditugu ikasleak. Eta egin didazun galdera bera egiten diot sarritan nik neure buruari abuztuko egun horietan, etengabeko euripean, hotzetan, bazkalostean haitzulora iritsi eta gazteak pozik ikusten ditudanean... “Zer ikusiko ote diote horiek lan honi?” galdetzen dut. Induskatzeak ez du esan nahi zerbait aurkituko duzunik, gehienetan oso deigarriak ez diren gauzak galbahetu eta neurtu besterik ez baitugu egiten. Eta bitxiena da hurrengo urtean ere izena ematen dutela. Haien lana artxibategiko erreferentzia-bilatzailearenaren antzekoa da: oso gutxitan aurkitzen duzu pisuzko zerbait.

Nire arkeologo-ibilbidean aurkitu ditudan gauza garrantzitsuengatik galdetuko balidate, datuak direla erantzungo nuke. Museo-zuzendari batek agian pieza esanguratsuak aipatuko lituzke; arkeologoak, berriz, datuak bilatzen ditu batez ere. Emazteak Nafarroa iparraldean induskatu zuen K.a. 7.500. urte inguruko aztarnategi batean, garai hartan jaten zituzten arrainen arrastoak aurkitu zituzten. Irati errekaren harpe bat zen, eta arrain haietako batzuk bertakoak ziren, amuarrainak eta barboak, adibidez, baina baziren izokinen hondarrak ere, eta horiek Pirinioen beste aldetik ekarri behar izan zituzten. Beraz, badakigu inguru haietako bizilagunek hemezortzi edo hogei kilometro egiten zituztela isurialde atlantikorantz arrantzan egiteko; erabiltzen zituzten hezurrezko amuak aurkitu ditugu. Eta animalien hondarren ondoan bertan lurperatutako emakume gazte batenak azaldu ziren; indusketa-taldeko hainbat adituren informazioa bilduz pertsona horren elikadura-dieta nolakoa zen ondorioztatu dugu, zein gaixotasun izan zituen, gutxi gorabeherako adina. Era berean, basoko sagarren hondakinak aurkitu ziren, ziurrenik emakume hark udazkenean bildu zituenak, eta tratatu ondoren gero jateko gorde zituztenak. Tailatzen zituzten harriak ere berreskuratu ditugu, besteak beste. Eta informazio horrekin guztiarekin giza talde txiki bat irudikatu dugu, urteko sasoi batean —martxotik udazkenera— Irati errekaren ertzean bizi zena.

Zer bilatzen dugun arkeologiaren bidez? Zuzenean lurra zulatzen duzu eta informazioa ematen dizuten datuak aurkitzen dituzu. Jose Migel Barandiaran, Hugo Obermaier edota Vega del Sellako Kondea lanean hasi zirenean, ia guztia eurek egin behar izaten zuten. Asko aurreratu zen Barandiaran, Eguren eta Aranzadi elkartu eta ikertzaile-taldea osatu zutenean: Aranzadi goi mailako antropologoa zen, Eguren natur zientzietan aditua, eta Barandiaran, berriz, arkeologo eta etnologoa. Argitaratzen zituzten memoriak geureak baino sinpleagoak ziren, baina haien ideiei esker bikainak izaten ziren. Etengabe galderak sortzen dira, eta erantzun egin behar zaie, lan bakoitzetik lortzen ditugun datu txikien bidez.

Igancio Barandiaran Maestu

Ignacio Barandiaran Jose Miguel Barandiaranekin.

Eskalako edozein ekonomiatan bezala, arkeologian ere inbertsioak areagotuko balira gure historiaurreari buruzko ezagutza handiagoa eta sakonagoa izango genuke, ezta?

Errentagarritasuna bilatu beharko litzateke. Gure artean ere badira serioak eta friboloak, askonahiak eta horrenbeste ez direnak, diruzaleak... Eremu politiko eta administratibo guztietan arkeologia-jarduna arautzen duten batzordeen bidez ahal dena egiten da ildo horretan. Errentagarritasun turistikoa izan ditzaketen inbertsioei ematen zaie lehentasuna: erromatarren garaiko aztarnategia historiaurrekoa baino erakargarriagoa izan liteke. Badira Atapuerca eta antzeko kasuak ere, enpresa handien egitura dutenak, alde zientifikoa eta turistikoa uztartzen dituztenak. Askotan ahaztu egiten dira, edo baztertu, horren izen handikoak ez diren zientzia-proiektuetako inbertsioak. Hori toki guztietan gertatzen da. Batzuetan, kolore politikoaren arabera, sekulako norabide aldaketak egiten dituzte indusketetan: unibertsitateetako ikertzaileok hauteskunde politikoen edo errektoretzakoen araberako ziklo kronologikoen gainetik egin behar dugu lan. Baina eremu autonomikoetako zentroen arteko ezinbesteko lankidetza kimera bat da: Goi Paleolitoko euskaldunak nola konpontzen ziren galdetzen didaten bakoitzean erantzuten dudanez, seguruenik euskaldunak bertan egongo ziren, baina ez zegoen ez Euskal Autonomia Erkidegorik, ez Nafarroako Foru Erkidegorik, ez inguruko administrazio-esparrurik ere.

Sarritan aipatu duzu Jose Migel Barandiaran; aurten haren heriotzaren 20. urteurrena betetzen da. Nola gogoratzen duzu On Jose Migel?

Ikasle gazteek ez dute Barandiaranen izena ezagutzen. Agian, batzuek, lizeoren batekin edo instituturen batekin lotzen dute. Tamalez, urruntzen ari den figura da. Ni saiatzen naiz eskoletan historiaurreko ikerketen ikuspegi historizista eskaintzen, eta halabeharrez Barandiaran aipatzen dut, mugarri garrantzitsua izan baitzen. Gure diziplinaren historiografia eginaz, On Jose Migel eredugarria da. Pertsona oso apala zen, ikerkuntzan oso serioa. Nire ustez ez zitzaion merezi zuen garrantzia aitortu, ez zuen bizimodu erraza izan. Espainian, zientzia-arkeologiaren lorpenetako asko Barandiarani zor zaizkio. Arkeologia horretan ere hainbat garai daude: aitzindariena, XIX. mendetik lehen mundu gerrara artekoa, non denbora librean antzinako gauzak bilatzen zituzten profesional liberalak nabarmendu ziren; 1910. urtearen inguruan ikerlari bikainak azaldu ziren, hala nola, Hugo Obermaier alemana edota Henri Breuil frantziarra; eta garai horretatik aurrera jarduerak bizitasun berezia izan zuen. Orduan agertu zen On Jose Migel, apaiza eta irakasle Gasteizko Apaiztegian, bere jatorriari buruz eta euskaldunen herriaren historiaurreko arbasoen inguruan jakin-minez. Barandiaran Alemaniara joaten zen udan, Wilhelm Wundt irakasleak alemanez giza taldeen psikologiari buruz ematen zituen ikastaroetara —garai hartan oso diziplina arraroa zen—, eta aldi berean, bere kabuz, etnografia-ezagutza bikaina bereganatu zuen Europako museoetan informazioa bilatuz. Barandiaran pertsona bikaina izan zen bere garaian, Europako arkeologian funtsezkoa, eta berezia izan zen bere lanean ikertu nahi zuen lurraldera egokitu zelako, batez ere Gipuzkoan. Gaur egun handikiro koordenada cartesiarrak esaten dietenak erabili zituzten Barandiaranek eta Aranzadik, hau da, laukietan induskatu zuten, eta gerora beste egile batzuk euren gain hartu zuten lan egiteko modu hori.

Hogeita bi urte nituela, On Jose Migelekin eta Jesus Altunarekin lan egitera joaten nintzen. Aitzbitarteko 1959ko lanen lehen egunean, On Jose Migelek kristalezko aspirina-hodia atera zuen bere lan-jantzi urdinetik, hustu eta urez bete zuen, aire-burbuila bat utziz. Gutako bi haitzuloaren alde banatan jarri gintuen, burdindegiren batean erositako gomaren muturrei heltzen, eta etxean egindako nibel harekin zero planoa ateratzen joan zen, koordenatuak sortuz. Gaur egun horretarako daude teodolitoak.

Luis Barandiaran ilobak gutun eder batzuk argitaratu zituen, Bartzelonako Unibertsitateko katedradun Telesforo Aranzadiren eta On Jose Migelen arteko harremana erakusten dutenak. Horietan, Aranzadik esaten zion Barandiarani zer erosi behar zuen Altzaniako mendi-zerran elkarrekin induskatu zuten lehen trikuharriaren inguruan lan egiteko. Galbaheak, hainbat tamainatako kutxak eta bestelako materialak erosteko eskatzen zion, eta jarduteko moduei buruzko jarraibideak ere adierazten zizkion. Hori ez zen batere ohikoa horren balio handiko pertsonen artean.

Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun emeritua zarenez, zein egitasmo dituzu?

Arkeologo-ibilbidean ez dut lankidetzarik nahi izan. Gaur egun ezinbestekoa da taldean lan egitea. Nire arkeologo-garaian, baimenak eskatzez gain, indusketa-zuzendariak denetarik egiten zuen, orkestra-gizakien antzera. Gaur egun badira polenean adituak, faunan adituak diren paleontologoak, etab. Konturatu gara gizaki unibertsala ez dela existitzen, eta halabeharrez eta apaltasunez besteengana jo behar duzula. Bestalde, indusketen arautzeak sekulako korapilo administratiboa ekarri du, helburutik aldentzen gaituena. Betebehar horrek ez zuen On Jose Migel harrapatu.

Lankidetzan aritu naiz batez ere Ana Cava emaztearekin, garai batean ikasle izan nuenarekin. Berak apur bat geroagoko garaia lantzen du, post-paleolitoa, eta beraz, kronologikoki bat egiten dugu interesari eta jakin-minari begira. Duela hamabost urtetik elkarrekin argitaratzen dugu. Erretiroa hartu dudanez eta indusketa-lan fisikoa gogorra denez, lehenago hasi nituen lanak burutzen ari naiz. Gaur egun, induskatu genituen Nafarroako aztarnategietatik azkenaurrekoarekin ari gara; aire librean dago, Urbasan eta Gravetiense arokoa da. K.a. 25.000 urteko harri-tailer oso garrantzitsua izateaz gain bizitoki ere izan zen, eta produktua handik Asturiasera edota Frantziako erdiko Pirinioetara eramaten zuten.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media