metro_bilbao

Pedro Zarrabeitia Miñaur (Bilbo, 1939)

Euskal argazkilaria ezaguna da argazkilaritza artistikoaren esparruan kolorea landu duelako, sarritan etnografiara hurbilduz, eta aditua da irudietan prozedura kimikoak, plastikoak eta digitalak erabiltzen. Industri Ingeniaritzan doktorea da, eta 1969. urtean ekin zion argazkilaritzari Bilboko Vizcaya Club de Cine-Foto elkartean, betiere argazkilaritza amateurraren eremuan.

1977. urtean Irudi Taldea sortu zuen Getxoko beste argazkilari batzuekin batera, 80ko hamarkadan euskal argazkilaritzaren suspertzaile izan zena. Elkarteko lehendakari izan zen hainbat urtetan. Bilboko Arte Eder Museoan erakusketa egin duen lehen argazkilaria da, 1980. urtean hain zuzen. Kolorea ardatz duten lanen bilduma erakutsi zuen. Gerora erakusketa ugari egin ditu Euskal Herriko hainbat aretotan eta baita Espainiako hiriburu nagusietan ere. Gainera, Montrealen (Quebec) eta Chicagon, Denverren eta Renon (AEB) erakutsi ditu bere lanak. Hainbat sari irabazi ditu, Estatu mailakoak eta nazioartekoak. 1984. urtean Eusko Jaurlaritzak antolatutako Quebec-en eta Euskadiren arteko kultura-trukean hartu zuen parte.

1987an Argazkilaritzako Artista titulua (AFIAP) jaso zuen Argazkilaritza Artearen Nazioarteko Federazioaren eskutik, eta Paisaje triste (Paisaia goibela) izeneko bere lana erakunde horrek Genevan duen Argazkilaritzako Bilduma Historikoan dago. 1994an Espainiako Argazkilaritza Sarirako izendatu zuen Argazkilaritza Konfederazioak.

Haren lanak hainbat erakundetan daude, besteak beste, Bilboko Arte Eder Museoa, Euskal Museoa, Donostiako San Telmo Museoa, Zarauzko Photomuseum, Lugoko Museoa, Reusekoa, Gipuzkoako Argazkilari Elkartea, Bilbao Bizkaia Kutxa, Bilboko Udala edota Getxokoa, eta baita ere hainbat bilduma pribatutan.

Euskal etnografiaren esparruan azken aldian egin dituen lanen emaitza da Estelas discoidales de Euskal Herria liburua, euskal arte herrikoia adierazten duten monumentuen gaiari helduz Euskal Herriko lurralde historiko guztiak kontuan hartu dituen lehen liburua. 5.000 argazki baino gehiagoren bidez landu duen ikerlana jaso du bertan.

Iturria: www.pedrozarrabeitia.com

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Pedro Zarrabeitia Miñaur / Estelas discoidales de Euskal Herria liburuaren egilea

"Euskal Herrian 3.000 hilarri baino gehiagoren kokapenaren berri dugu, eta litekeena da beste horrenbeste galduta edo lurperatuta egotea"

Maider SILLERO ALFARO

Pedro Zarrabeitia argazkilaria eta industri ingeniaria da, eta euskal etnografia eta artea ditu zaletasun. Hilobi-monumentuei buruzko liburua argitaratu berri du, Estelas discoidales de Euskal Herria (Pamiela), non diziplina horietako batzuk landu dituen. Bere burua argazkilari profesionaltzat hartzen ez badu ere, Zarrabeitiak 30 urtetik gora daramatza argazkiak egiten, eta berak dioenez, “euskal estetikaren” bila.

Zer dela-eta disko-formako hilarriei buruzko liburua? Hilobi-monumentuen gaian zerk erakarri zintuen? Zertan datza haien edertasuna?

Argazki-lanetan euskal estetika bilatu izan dut beti, gaiak aukeratzerakoan, kolorean edota sentimenduan. Iparrorratz horrekin disko-formako hilarrietara iritsi naiz ezinbestean, eta gaur egun horiek aurki litezkeen lekuetara ere, hala nola, Nafarroara eta Iparraldeko lurraldeetara, horiek baitira Euskal Herriaren antzinako sineskeren eta tradizioen sorleku eta babestoki. Euskal Herriko lurralde historiko guztietako hilarrien inbentarioa jasotzen duen libururik ez zegoenez, eta biltzen joan nintzen dokumentazioa horren garrantzitsua zela ikusita, liburu-forma eman behar niola erabaki nuen, gure herriaren kultur ondare horren berri emate aldera.

Sinbologia astraleko antzinako hileta-errituekin lotutako esanahia izateaz gain, disko-formako hilarrietan Euskal Herriaren historiaren hainbat alderdiren kronikak ditugu harrian idatzita, 2.000 urte baino gehiago hartzen dituztenak. Haien edertasuna misterioan datza, grabatuen harmonian eta orekan, argi eta itzalen jokoan, ikurren bariazioetan, abstrakzioetan eta originaltasunean.

Zenbat denbora eman duzu hilarriok bilatzen, argazkiak ateratzen eta aztertzen?

Sei urtez Euskal Herriko lurralde guztietako 270 herritan izan naiz, eta landa-lana eta ikerketa, marrazkiak eta sailkapen-lana uztartu ditut.

4.500 hilarriren argazkietatik 1.150 sartu dituzu liburuan. Zein irizpiderekin egin duzu aukeraketa?

Hilarri gehienak bi aldetatik daude grabatuta, aurrealdetik eta atzealdetik. Aurrealdean marrazki nagusia azaltzen da. Atzealdean marrazki bera ageri da, edo gurutze soila, edo monogramaren bat, zonaldeen arabera, eta sistematikoki errepikatzen da. Kontuan hartu dudan irizpidea izan da beti marrazki nagusia aukeratzea eta guztiak ezberdinak izatea. Era berean, lehentasuna eman diet gizakien, animalien eta lanbideen irudiei, ezohikoak eta erakargarriak direlako.

Zenbat hilarri daude gaur egun Euskal Herrian? Non aurkituko ditugu?

Euskal Herrian 3.000 hilarri baino gehiagoren kokapenaren berri dugu: 2.000 inguru hilerrietan, elizetan, monasterioetan eta ermitetan daude; 400 bat bertako museoetan dituzte; eta gainontzekoak bilduma pribatuetan dira. Lurraldeka, gutxi gorabehera 2.000 hilarritik gora egongo dira Iparraldean, 900 Nafarroan eta 100 inguru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Litekeena da beste 3.000 bat galduta edo lurperatuta egotea.

Ba al da besteak baino interesgarriagoa iruditu zaizun hilarririk?

Bata bestearen atzetik aipatuko nituzke, gelditu gabe. Horrela, bat-batean, honako hauek aipagarriak direla uste dut: Emerandokoa, Bizkaian, Euskal Herriko hilarri ederrenetakoa eta zaharrenetakoa; Ligi-Athereiko emakume dantzariena, Zuberoan; Santakarako hanka birakariena, Nafarroan; Tulebraseko monasterioko durbanteduna; filigrana geometrikoak dituztenak, Erdi Aroko Nafarroakoak; gurutzerik gabeko gurutziltzatuarenak, Orotz-Betelun eta Abaurregainan; hankarik gabeko hegaztienak, Lapurdin; Argiñetako hilarriak, Bereteretxeko gurutzea, Etxebarren; Garruzeko pilotaria; eta beste asko aipatuko nituzke, liburuan koloreztatuta azaltzen diren 835ak esan arte.

Estelas discoidales de Euskal Herria liburua ez da hilarriei buruz argitaratu den lehen lana...

Disko-formako hilarrien ikerketan badira funtsezkoak diren bi lan, baina Iparraldea bakarrik hartzen dute kontuan: Louis Colásen La Tombe Basque (1924) eta Barandiaranen Estelas funerarias del País Vasco, 1970ean argitaratua lehenengoz eta 1981ean bertsio zabalagoan plazaratu zena. Izan ere, nire lana bi lan horien berrikuspen zabala da, azaldu diren dokumentu berriak eta desagertu diren beste batzuk jaso baititut.

Aipatu dituzun lanekin alderatuta zure liburuak baditu berritasunak...

Euskal Herrian argitaratu diren liburuen artean lehenengoa da zazpi lurralde historikoak kontuan hartzen dituena. Gainera, hilarrien marrazki gehien biltzen dituena da, eta lehenengoz, koloretan marraztutako hilarriak jasotzen ditu, eta beraz, errazagoa da haien marrazkiak interpretatzea. Data duten 100 hilarriren bilduma kronologikoki sailkatuta eskaintzen duen lan bakarra da. Azkenik, sistematikoki kapituluetan (12) antolatutako lehen liburua da, hilarrien munduko alde interesgarrienak jasotzen dituena.

Estela de Amenduze (Nafarroa Behera)

Amenduzeko (Nafarroa Behera) hilarria.
Argazkia eta marrazkia Pedro Zarrabeitia.

Zein esanahi eta garrantzi dute Euskal Herriko hilarriek?

Disko-formako hilarria hileta-monumentu artistikoa da, hasieran sinbologia astrala zuena eta gerora astral eta kristaua; Antzinako Baskonian eta Nafarroako Erreinuan landu zuten, hau da, Euskal Herria historikoan, gure garaiaren aurretik eta gaur egunera arte. Euskal Herriaren historiaren 2.000 urteko kronika da, harrian idatzia, bertako errituen, erlijio-sineskeren, gizarte-ohituren, hizkuntzaren eta arte-adierazpenaren isla, mezua mendeetan aldatzen ez den formazko eta materialezko euskarrian gorde duena. Munduaren alde honetan dagoen bilduma bakarra eta aparta da, 3.000 hileta-monumentu artistiko baino gehiago baititugu.

Hori guztiagatik, Euskal Herriko disko-formako hilarrien multzoa gure Herriak Gizateriaren ondareari egin dion ekarpenik handiena da, euskararekin eta Paleolitoko labar-pinturekin batera.

Zer esanahi dute marrazkiek?

Hilarrien marrazkietan hainbat kategoria daude:

Sinbologia astraleko marrazkiak: eguzki-ikur guztiak, zirkuluak, gurpilak, triskelak, horzdun koroak, izarrak, ilargiak, lauburuak, etab. Sinbologia kristaua erakusten duten marrazkiak: era guztietako gurutzeak, grekoak, latinoak, maltakoak, lis-loredunak, birgurutzatuak, etab. Errepresentazio figuratiboak: giza irudiak, animalienak, lanbideenak, etab. Jesus eta Mariaren monogramak, izenak eta datak. Irudi geometrikoak: pentalfak, hexapetaloak, Salomonen zigiluak, izar itxurako poligonoak, etab., eta esanahiaren aldetik ikur babesleak, esoterikoak edo besterik gabe dekoraziozkoak dira.

Estelal de Ligi-Atherei (Zuberoa)

Ligi-Athereiko (Zuberoa) hilarria.
Argazkia eta marrazkia Pedro Zarrabeitia.

Bilboko Arte Eder Museoan erakusketa egin duen lehen argazkilaria zara, hori duela hiru hamarkada. Ordutik nola aldatu da zure lana, zure teknika?

Betidanik argazkilari amateurra izan naiz, eta beraz, neure estiloarekin lan egiteko aukera izan dut, intuizioz, inongo modari lotu gabe, nahi izan dudana eginaz, eta horrela jarraitzen dut. Teknikari dagokionez, lehen asmakuntzetan ibili beharra zegoen, ia dena egiteko baliabideak probatzen, eta orain hori guztia digitalki konponduta dago. Dena da errazagoa eta azkarragoa, baina lanaren funtsa berbera da.

Zein toki du argazkigintzak artearen munduan gaur egun?

Duela 25 urte esan nuen pinturaren etorkizuna argazkilaritza dela. Urtero ARCOtik osteratxoa egin eta azken proposamenak ikustea besterik ez dago. Eta bestalde, iraganaren argazkilaritza erreferentzia garrantzitsua da artearen munduan.

Hurrengo egitasmoan murgildu al zara?

Hilarrien inguruko lana osatzen jarraituko dut, inguruko erregioetara zabalduz, eta nire bi web orriak lantzen segituko dut, argazkilaritzari buruzkoa den pz.fotografiavasca.com, eta hilarriak ardatz dituen estelasdiscoidales.com.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media