Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Trantsizioaren euskal kronika

Lierni ALKORTA, Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Humanitateak Enpresan lizentziaduna (Mondragon Unibertsitatea) eta Berria-ko kazetaria
Aitor ZUBEROGOITIA, Informazio Zientzietan doktorea eta Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko irakaslea (Mondragon Unibertsitatea)

Asko idatzi da azken boladan aro digitalak ekarritako aldaketez, eta baita horien ondorioz bi belaunaldiren artean sortu bide den ustezko etenaz ere (ezin ahantz, dena den, gaur egun zenbaitek gainditutzat jotzen duela Sarearekin batera jaiotakoen eta etorkin digitalen arteko afera). Kontu horretaz hausnartzeari ekin genion duela lau urte inguru Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (HUHEZI). Gauza bat geneukan argi orduan komunikazio ikasketetako ikasle zein irakasleok: erreferentzia asko ez genituen partekatzen, tartean paradigma-aldaketa bat jazoa zelako; alegia, testuaren eta irakurketaren kulturan hazi eta hezitako irakasleak bide batetik zihoazela, eta ikus-entzunezkoen kulturatik etorritako ikasleak beste batetik, bakoitza bere akats eta bertute guztiekin, eta maiz samar, gainera, bideok elkarrekin topo egiten ez zutela.

Gazteak, susmoa baino gehiago konstatazioa zen hau, irakasleak baino jantziago zetozen konpetentzia digitaletan, baina oro har orainaldian instalatuta zeuden, maiz iragan hurbileko erreferentzien arrastorik ere ez zeukatela: Euskaldunon Egunkaria 1936ko gerra garaian, 1970eko hamarraldian edota 1990ean sortu ote zen galdetuta, berbarako, asko eta asko ziren ezin erantzunda geratzen zirenak; gauza bera, adibidez, Ipar Euskal Herriko euskal irratiez edota Pello Zubiriaz itaunduz gero (baina guzti-guztiek ezagutzen zuten, hori bai, Pedro J.Ramirez).

Transmisioan hutsune hori zegoela antzemanda, Ikus-entzunezko Komunikazioa lizentzian Euskarazko Komunikazioaren Historia hautazko ikasgaia eskaintzeko pausoa eman zen. XIX. mendean euskarazko estreinako kazetak plazaratu zirenetik aro digitalera arte eginiko bidea erakustea zen asmoa; han-hemenka gai jakinei buruz argitaratutakoak bildu, kasik ikertu gabeko beste aldi batzuei buruz ikertu eta ikuspegi globala eskaintzea, funtsean. Izan ere, arlokako azterlanak (prentsa, irratia, telebista, zinema, liburugintza) egon bazeuden arren, perspektiba global diakronikoa eskainiko zuen ikerketa baten falta antzematen baitzen. Hutsune hori betetzeko asmoz ekin genion, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) beka bat lagun, liburu hau osatzeari. Masa-komunikazioa euskaraz: hastapenetatik aro digitalera izan zen egitasmoaren estreinako izenburua.

Masa-komunikazioa... euskaraz?

Masa-komunikaziotik informazioaren gizartera

Izenburu horrek, ordea, aurreiritzi bat gordetzen zuen, hots, masa-komunikazioaren fenomenoa euskaraz ere gertatzen zela, eta, egia esan, bati baino gehiagori burura dakioke gure hizkuntza-komunitatearen tamainak kolokan jar dezakeela baieztapen hori. Kontua argitze aldera, John B. Thompsonen 1995eko definizio kanonikoa hautatu genuen, eta baita hark aipaturiko masa-komunikazioaren bost ezaugarriak euskarazko komunikazio-fenomenoekin alderatu ere. Ondorioa, honako hau:

1. ezaugarria: masa-komunikazioak hainbat produkzio- eta hedapen-medio tekniko eta instituzional dauzka bere baitan. Hori, bistan denez, hala da euskaraz ere.

2. ezaugarria: masa-komunikazioak balio ekonomikoa duten forma sinbolikoak ekoizten ditu. Gainerako hizkuntzetan bezala, euskarazko komunikazioak ere bere imajinario sinboliko propioa eraikitzen du eta merkatuan trukatzen dira imajinario hori osatzen duten produktuak.

3. ezaugarria: masa-komunikazioan haustura egituratua gauzatzen da, forma sinbolikoen ekoizpenaren eta haien harreraren arteko haustura egituratua. Euskal Herrian ere, bere txikian, banatuta daude ekoizlearen testuingurua eta hartzailearen testuingurua; ez beharbada hain modu garbian tokiko hedabideen kasuan, baina bai nazio osoa xede duten egitasmoetan, eta are nabarmenago oraindik mundu zabal interkonektatuko edozein bazterretik euskarazko produktuak kontsumitzen dituztenen kasuan.

4. ezaugarria: masa-komunikazioan, forma sinbolikoen erabilgarritasuna espazioan eta denboran hedatzen da. Puntu honek lotura zuzena dauka aurrekoarekin, eta, esana dugun moduan, maiz espazioan eta denboran elkarrengandik urrun dauden lagunek jasotzen dituzte euskarazko mezuak (espazioari dagokionez, gurean ere bada kilometrorik mendebaldetik ekialdera eta iparretik hegora, eta zer esanik ez diasporatik Euskal Herrira).

5. ezaugarria: industria mediatikoen produktuak askotariko hartzaileentzat daude erabilgarri: kopia kopuru handitan ekoizten dira eta hartzaile-kopuru handi bati helarazten zaizkio. Honi dagokionez, komunitate txiki samarra da euskaldunena, baina gero eta masa itxura handiagoa hartzen ari da: CIES etxeak 2009ko maiatzaren 20an ezagutarazitako datuen arabera, berbarako, EITB taldeko euskarazko irratiek 200.000 entzule baino gehiago zituzten aste barruan Nafarroan eta EAEn (Ipar Euskal Herriko entzuleak zenbatu barik, beraz): 105.000 Euskadi Irratiak eta 98.000 Euskadi Gazteak; ETB 1-i, berriz, 197.000 ikusle eman zizkion neurketa horrek (Ipar Euskal Herriko ikusleak gehitu behar zaizkio zifra horri); CIESen 2009ko lehen ikerketa horrekin jarraituz, bestalde, Berria egunkariak 79.000 irakurle zituen egunero: 64.000 paperean eta 15.000 gehiago webgunean; produktu horiek eta beste batzuk kudeatzen dituen Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) 2008ko uda-atarian martxan jarritako Iragarki Laburrak proiektuak ere, bestalde, masa-produktuaren tankera dauka: iragarki merkeen euskarazko atari horrek 100.000 aleko botaldia daukan paperezko produktua du osagarri. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioan bildutako aldizkarien paperezko edizio guztien artean ere 135.000 etxe ingurura iristen dira. Eta liburugintzari dagokionez ere aintzat hartzeko moduko zifrak daude: Harry Potter-en bildumako lehen liburuaren euskarazko itzulpena, esate baterako, 17.000 ale saltzera ailegatu zen. Euskarazkoari buruz ari garela ere, eta eskala txikian izanagatik, badagoela, hortaz, masa-komunikazioari buruz jarduterik.

Masa-komunikaziotik Informazioaren Gizartera

Euskarazko masa-komunikazioaren sorrera eta bilakaera izan gura genituen, beraz, hizpide, baina kontua da ordurako paradigma-aldaketa nagusitu zela bazterretan: masa-komunikazioak baino gehiago haren ondorengo kate-mailak markatzen zuen orain komunikazio-munduaren erritmoa, Informazioaren Gizarteak. Egia esan, Informazioaren Gizartea kontzeptua bera lehenagokoa da; 1980ko hamarraldi hasierakoa, hain zuzen: egin kontu Europako Ekonomia Elkarteak Dublinen 1980an eginiko bilkurak kontzeptu hori izan zuela goiburutzat; 1981ean plazaraturiko Yonesi Masudaren The Information Society as Post-Industrial Society liburuak, berriz, kontzeptuan are gehiago sakontzen eta berau gizarteratzen lagundu zuen. Hamarkada bat geroago, Informazioaren Gizartea kontzeptua mundu akademikotik at ere erabiltzen hasi zen. 2000. hamarkadan, azkenik, Interneten erabateko zabalkundeak bete-betean eragin zion masa-komunikazioaren paradigmari, berau kolokan jartzeko punturaino eragin ere.

Gurera etorrita, badira urte batzuk Josu Landak aldaketok usaindu zituela (2004: 411)1: “Internetek hedabideen mundura ekarri duen aldaketa pisuzkoenetako bat (...) mass media kontzeptua kolokan jartzea izan da. Informazio iturrien fragmentazioa ekarri du. Egia da fragmentazioa ez dela inolako mahuka berez. Oraindik orain, norbanakoei ahotsa emateak sortu ohi duen indibidualismoa kolektiboan nola uztartu konpontzeke dago.”

Harrezkero (Sarearen zabalkunde masiboaz geroztik) etorri direnak guztiok ezagutzen ditugu gutxi-asko; digitalizazioaren eraginez trantsizio-garai betean sartuta dago komunikazioaren mundua: azken bi mendeetan nagusi izan den eredua (masa-komunikazioarena) atzean geratzen hasi zen Interneten jaiotzarekin, eta, mende berriarekin batera, Sare Gizartea gailendu zaigu. Funtsezko aldaketak ekarri ditu Informazioaren Gizarte horrek; honako hauek, besteak beste: informazioaren joan-etorri etengabea, bat-batekotasuna, interaktibitatea eta norabide bakarreko mezuen gainbehera, eduki-sorkuntzaren demokratizazioa, horizontaltasun handiagoa, audientzien zatikatzea, teknifikazioa edota multimedia elementuen ugalketa.

Argazkia: Daquella manera

Argazkia: Daquella manera.

Paradigma-aldaketa hori aintzat hartuta, hasieran pentsaturiko izenburua (Masa-komunikazioa euskaraz: hastapenetatik aro digitalera) aldatu beharrean izan ginen, liburuaren beraren edukiak osatzeaz batera: Masa-komunikaziotik Informazioaren Gizartera. Euskararen bideetan barrena titulua hobetsi genuen azkenean, liburua, izan ere, horixe delako: batetik, euskarazko masa-komunikazioaren historia (orain arteko arlokako ikuspegi partzialak ikuspegi global diakroniko bakarrean integratuta), eta, bestetik, XIX. mendean sorturiko paradigma horretatik digitalizazioak ekarritako Informazioaren Gizarterako jauziaren kontakizuna. Komunikazio-munduak hankapeko lurra dardarka sumatzen duen trantsizio-garai hauetako euskal kronika bat, funtsean.

Trantsizioaren ostean zer etorriko den? Inork ezin dio galdera horri erabateko ziurtasunez erantzun, aise antzeman daiteke hori aditu zein profesionalekin berba eginez gero; guri dagokigunean, liburuko azken paragrafoa ekarriko dugu hona, hondar-gogoeta modura:

“Horrelaxe izan ohi dira kontuak: konturatzerako mende eta erdi joan zaigu ia masa-komunikazioaren estratetan barrena abiatu ginenetik, eta, sekula baino euskarazko hedabide gehiago ditugun honetan, inoiz ez bezalako aukera dago erdarazkoetan ere; kinka konplexuan ekin zion masa-komunikazioaren bideari euskarak, eta kinka konplexua bizi du orain, Informazioaren Gizartearen aroan. Oinarriak, hala ere, XIX. mendekoak baino sendoagoak dira: hedabideen ekosistema txiki bat daukagu, euskara batu estandarra egina eta gizarteratua dago, euskal hezkuntza sistema ere badugu eta baita nola-halako ofizialtasuna lurraldearen zati batean. Horiek guztiak eta arestian aipaturiko elkarlan-esperientzia aberasgarriak gogoan, beraz, bada arrazoirik euskarazko komunikazioaren garairik onenak etorkizun direla pentsatzeko.”

1Landa, J. (2004): “Informazioaren gizartea?”, Euskarazko kazetaritzaren I. Kongresuan aurkezturiko komunikazioa, Bilbo, 2004ko azaroa. Eskuragarri in Zenbait Egile: Kazetaritza euskaraz. Oraina eta geroa [linean], Bilbo: EHU. 2009-12-18ko.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media