Egilea

Argazkiak:

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Nerbioi itsasadarra

Nerbioi arroa da, zalantzarik gabe, Bizkaikorik adierazgarriena 535,51 km2-ko azalera du eta Ipar-Iparrekialde norabidea du oro har. Arabako Gibijo mendikatean dauka iturburua. Arro hori osatzen duten ibaien guztirako luzera 331km-koa da.

Nerbioi ibaiak zeharkatzen dituen Bizkaiko lehen lurrak Urduña aldekoak dira. Beherago, berriro ere Arabako lurretan sartzen da, eta azkenik, Untzeta mendiaren oinaldean, Zuloaga parean, behin betiko sartzen da Bizkaiko Lurraldean. Kantauri itsasoarekin bat egiteko Bizkaiko hiriburua heldu baino lehen, Nerbioi ibaiak Arrankidiaga, Ugao-Miraballes eta Arrigorriaga herriak zeharkatzen ditu. Basauri eta Galdakao bitartean ibaiadarrik handiena bereganatzen du: Ibaizabal ibaia.

Ekialdetik, bi ibaiadarrek isurtzen dituzte euren urak Nerbioi ibaira, Altube eta Zeberio ibaiek. Lehenak Arnauri ibaia hartzen du Orozkon, eta bigarrena, Ugarte iturbegietan sortzen dena, Ugao-Miraballesen batzen da Nerbioi ibaiarekin.

Arroaren ibai-buruan ikus dezagun landarediak dauka artapen-egoerarik hoberena, eta nahikoa basotxo handiak aurki ditzakegu bertan, hariztiak eta pagadiak batik bat. Hala ere, arro hau ezin sailka daiteke artapen egoerarik hoberenetarikoekin batera. Ibaibidean behera goazelarik, nekazaritza eta abelaintza-ustiategiek –ibaiaren lehen zuinetan– eta industria kopuru handiaren ezarketak -beherago- izugarri lazki kolpatu dute ibaiaren arroa. Hots, bazka-larreen eta baratzeen ur bazterrera arteko aprobetxamenduak eta isurkin kutsagarriek -Km2-ko biztanle dentsitaterik handiena duen ibai-arroa ahaztu gabe- nabarmenki kaltetu dute Nerbioi ibaia, bai uren kalitatean, bai ur-bazterretako lurrei doakienean.

Ibaizabal aldean, esate baterako, Bilbo hiria bera harea eta lokatzeko hezegunetan fundatu zen, Atxuriko harkaitzen babesean eta Artagango labarren azpian. Barakaldo-Galindoko padurak eta lur zabalak, aspalditik baratzak eta larreak sortzeko erabiliak, kokaleku ezin hobea izan ziren Labe Garaian eta beste industria asko eraikitzeko, burdina-meategietatik eta itsasotik hurbil egoteaz gain ur geza ere eskura zegoelako. Gobelas-Bolueko paduretan eta hareatzetan gaurko Areeta eta Fadura auzoak daude (Getxo). Lamiako padurako azken hondarrak ere lurperatzen ari dira gaur egun, bertan industriak eta zerbitzuguneak eraikitzeko.

Nerbio itsasadarra

Nerbioi estuarioko hondartzak

Ibaizabalen estuarioko hondartza bakarrak itsasadarraren eskuinaldean daude, lehenago ezkerraldean ere egon ziren arren: Portugaletekoa, aspaldi desagertua, oso ezaguna zen itsasadarraren ahoko harea-bankuagatik oztopo arriskutsua zelako nabigaziorako. Bertara joaten ziren bainatzera Bilboko goi-mailako jendeak XIX. mendean. Garai berean, Areetako aldean iriste zaileko hareatzak eta padurak baino ez zeuden, eta Getxoko gainontzeko inguruetan itsasorako biderik ez zuten baserriak besterik ez zegoen, La Avanzadan salbu, hantxe baitzegoen Algortako arrantza-portu txikia.

Hala ere, gizakiak sano aldatu du hango ingurunea: Neguri eta Areeta sortzeko, padurak lehortu eta Gobelas ibaia bideratu zen, Udondorekin bat egin arte. Izan ere, orduko paduretatik dagoen arrasto bakarra Bolueko hezegunea da, gaur egun ur geza hutsez betea; geroago, 1913an, Arriluzeko portuaren eta kaiaren obrak bukatu ziren, Evaristo Churrucaren proiektuaren arabera; gaur egun superportuaren lanak daude martxan, eta haiekin batera Zierbenako kala naturala ere desagertu den arren, herri horretan bertan egin den hondartza artifizialean hareatza txiki bat kontserbatu da, urtetik urtera zaindua.

Itsasadarraren lorratzak eragina du eskuinaldeko Areeta, Ereaga eta Arrigunagako hondartzetan, baita Arriluzeko pasealekuaren eta Algortako kontradikearen artetik ikusten den hareazko eta lokatzeko gune txikian ere (lehengo La Bolako hondartza, Zugazarteko pasealekua eraiki arte Areetakoaren zatia zena). Biologikoki, hondartza horiek, bereziki lehenengo biak eta Bolakoa, oso eraldatuak daude gaur egun. Espezie eta indibiduoen urritasunak haraino heltzen diren uretako hiri eta industri-kutsaduraren norainokoa erakusten du, leku berean egoteagatik kutsadura bentosean metatzen delako. Arazoaz jabetzeko, kontuan izan behar da hasierako egoeran Nerbioi aldeko fauna Gernikako itsasadarrekoa bezain aberatsa eta anitza izango zela, areago Nerbioiko emaria eta ubidearen tamainagatik. Dena den, azken hamar urteotan egoera ekologikoak hobera egin du inguruko hondartzetan, Nerbioi-Ibaizabal arroko eraldaketa industrialagatik eta Bilbo-Bizkaiko Ur Partzuergoak saneamendu osorako bultzatutako planagatik.

Azaleko korronteak ipar-ekialderantz eramaten ditu Abrako estuarioaren ekarpen gehienak, eta handik urrundu ahala, elkarren antzekoak diren hondartze eta kala batzuk ukitzen ditu: La Galea, Tunelboka edo Saneamiento, Gorrondatze (Aizkorri), Barinatxe (Salbaje), Arrietara-Atxabiribil (Sopela), Meñakotz, Barrika eta Gorliz, azken hau Butroeko bokaletik haratago (Plentziako hondartza ez dago sail horretan sartuta, duen Ostrea Mercierellaren komunitatea erabat desberdina baita besteen aldean). Beraz, behin azterturik haien artean dauden maila apalagoko desberdintasunak (arroka margokaredunen eta beren txerto diapirikoak edo lehorretik heltzen den ur geza) eta lekuan lekuko faunaren komunitatea (Mytilus-Corallina, adibidez), esan daiteke gainontzeko desberdintasunek, hein batean, zerikusia dutela Nerbioiko bokalerainoko distantziarekin: Bilboko itsasadarretik urrundu ahala aniztasuna handiagoa da. Adibidez, ekinodermatuak eta beste talde batzuk gero eta gehiagotan ikusten dira. Bestalde, ondoko hondartzetan ugari diren beste espezie batzuk urriagoak dira: Cirriformia taldeko poliketo uztariak eta sarraskitik edo zaborretatik bizi diren beste poliketoak bakanagoak dira Barrikan eta Gorlizen.

Fenomeno deigarria da komunitateen banaketa asimetrikoa hondartzetan: mendebaldeko harkaitzetako fauna ekialdekoetan baino urriagoa eta eskasagoa da. Beharbada, Mendebaldean pantaila gisako efektua dago, haitzek berek sortua; beste aldean, ordea, nabarmenagoa litzateke Bilboko itsasadarreko uren eragina, bere ekarpenak, ordurako behar bezain diluituak egonik, ongarri antzekoak bailirateke.

Badago beste fenomeno interesgarri bat, Abraren inguruko hiru hondartzatan hauspeatzea da. Eragina oso nabarmena zen Arrigunagan, baina gaur egun ez da nabaritzen, hondartza berreskuratzeko harea askearekin estali baitute.

Nerbio itsasadarra

Barrualdeko hondartzak, Abraren eskuineko ibarreña

Naerbioi.Ibaizabaleko hirien eta industriaren presioa itzela den arren, paisaiaren balioa handia da ibaiaren eskuinaldeko hainbat hondartzetan: hala ere, haietan bizi diren marearteko organismoen komunitateak behar baino motelago agertzen dira, ura arreagoa eta eraldatuagoa baita.

Bertan, bisitatzeko modukoak dira Areetako hondartza, La Bolako hondartza txikia, Ereagakoak (ia 900 metro luze dira guztira) eta Arrigunagakoa.

Estuarioaren barnealdeko ohiko hondartzak izanik, era guztietako substratua dute, lokatzezkoa leku babestuenetan eta haitzezkoa astinduenetan. Marearteko haitz-tarte luzeenak hondartzetako eskuinaldean daude. Kutsadura dela-eta alga eta animalia-komunitateak patalagoak badira ere, ikusten dira haitzetan fukazeo sortak, muskuiluak, lapak eta itsas ezkurrak. Karramarro asko ere dabiltza haitzen artean. Lokatzean, ordea, muxila fina (Venerupis decassata) eta berberetxoak (Cerastoderma edule) bizi dira.

Abrako eskuinaldea uherragoa da, hor isurtzen delako estuarioko ur gehiena itsasora. Euri sasoian ibaietako urak diluituago uzten du itsasokoa. Kostaldeko planktona ugari da, eta berarekin batera ornogabeen eta arrainen larba eta arrautzak daude. Beraz, oso leku egokia da larbak haz daitezen eta arrain helduek ere jana bila dezaten.

Ereaga eta Arrigunagako egoera kaskar samarra zen 1978an, hango garaian Ibaizabalen itsasadarra hirietako eta industriako hondakin-uren hustubide handi bat zelako, eta ondorioz denetariko hondarrak heltzen ziren flotatzen. Horretaz gain, portuko eragina ere nabaria zen hondartzetan: haitzak galipotez eta bestelako hondarrez ziki-zikin zeudenez, ez zuten ia bizi arrastorik erakusten. Nereido (Perinereis cultrifera) eta karramarro beltz asko (Pachygrapsus marmoratus) ikusten ziren, hondakinjaleak direlako baina, kaioen antzera. Arrigunagan ez zegoen jada harea askerik, bakarrik azpiko geruzak ikusten ziren, uharriez eta trinkoturiko hareaz osatuak. Aipatutako organismoez gain, aktinia bakan batzuk eta Carcinus maenas espezieko karramarroak hazten ziren.

Orduko lehen ikerketatik honako urteetan Abran burututako ekimenei esker (industriaren berrikuntza, saneamendurako plan orokorraren hasiera, superportuko ekimenak eta hondartzetako garbiketa-kanpainak), hondartza horietako egoerak hobera egin du nabarmen. Horren adierazgarri dira haitzak, bai babestuagoak daudenak (Ereagako harkaiztia, Algortako portutik iristeko modukoa bera) bai babesgabeak ere (Arrigunaga), orain babesean dagoen substratu gogorreko komunitatea ikusten baita: kthamalidoak, muskuiluak, poliketo serpulidoak eta krustazeo zefalopodoen hainbat espezie. Arrigunaga lehengoratu ahal izateko. Bakioren aurreko barran erauzitako harea erabili da.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media