Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza sailean aspaldi agertu zen hezkuntzaren historiari buruzko jardunaldiak antolatzeko gogoa; alde batetik, Euskal Herriko lurraldeak elkarrengana hurbiltzeko, eta bestetik, egun Euskal Herriko toki ezberdinetan indarrean dauden hezkuntza-sistemak hobeto ezagutzeko eta denboran zehar izan duten bilakaera ezberdinaren berri izateko. Antolatze-lanak luze jo baldin bazuen ere, azkenean, 2007ko ekainean egin ziren jardunaldiak Donostiako Miramar jauregian Hezkuntzaren Historia Euskal Herrian izenarekin.
Ez dira gutxi gai hori ikertzen diharduten sailkideak, era gaur egun hezkuntza munduan gertatzen ari diren aldaketen harira, une egokia iruditu zitzaigun ikerketok ezagutzera emateko eta gogoeta egiteko.
Hezkuntza-sistemak zenbait gorabehera ezagutu du historian zehar, eta gainera ibilbide ezberdinak izan ditu lurraldeen arabera. Euskal Herrian zehar hezkuntzak izan duen bilakaera hori ezagutzeko eta etorkizunari begira dauden erronkei buruz hitz egiteko, hainbat aditu bildu genituen jardunaldietan.
Aurkeztu ziren gaiei ez zitzaien gaurkotasuna falta. Are gehiago kontuan hartzen baditugu Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan gertatzen ari diren aldaketak, esate beterako, hizkuntza-ereduen aldaketa eta euskal curriculumaren ezarpena.
Baina Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan gertatu eta gertatzen ari den bilakaera ezagutzeaz gain, Nafarroako Foru Aldundian eta Euskal herriko Iparraldean gertatu den bilakaera eta hezkuntza zertan den eman nahi genuen ezagutzera.
Bi egunetan zehar, hizlariak ikuspegi historikotik abiatu ziren eta hezkuntzaren alderdi ezberdinak jorratu zituzten: alfabetatzeko prozesuak; euskal curriculuma; hizkuntza-eskubideak eta hizkuntzaren egoera; hezkuntza-politikak eta hezkuntzaren oroimen historikoa. Jardunaldiei amaiera emateko omenaldi xume bat egin zitzaion Gregorio Arrieni, garrantzitsua baita hezkuntzaren historiari egin dion eta oraindik ere egiten dihardun ekarpena eta Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza sailean izan duen eta duen baldintza gabeko parte-hartzea.
Ikastariaren zenbaki honetan, hasteko, jardunaldi horietan izan ziren bi hizlari gonbidatuen hitzaldiak jasotzen dira; ondoren, parte hartu zuten beste adituek aurkeztu zituzten komunikazioak biltzen dira; eta azkenik, Gregorio Arrienen omenalditxorako Javier Granjak idatzi zituen hitzak. Hortaz, hurrengo orrietan irakurleak aurkituko duen lehenengo hitzaldia Joseba Intxaustik eman zuena da, Luis Astigarraga Ugarte (1767-1840) politikari eta pedagogo euskaltzaleari buruz jardun zuen. Astigarragari aitortzen zaion garrantzia euskarari lotuta dago, lehen hezkuntzan proposamen eta ikusmolde berriak sartu baitzituen hizkuntza horri dagokionez. Bigarren hitzaldi gonbidatua Salomó Marquésen ardurapean egon zen, Gironako Unibertsitateko katedraduna Hezkuntzaren Historian, eta aditua irakasleriaren ikerketan. Maisu-maistren bizi-ibilbidea ezagutzeko beren lekukotzat jasotzeak duen garrantziari buruz hitz egin zuen Marquések.
Argazkia: Honou.
http://www.flickr.com/photos/honou/2936937247/
Aurkeztu ziren gainontzeko komunikazioak bi multzotan bilduko ditugu. Lehenengoa, alfabetatzea eta curriculumari buruzkoa, eta bigarrena, hezkuntza erakundeak eta irakasleriaren prestakuntzari buruzkoa. Paulo Iztuetaren ekarpenak euskalduntze-prozesu berri bat du ardatz, koadrilekin egiten ari den esperientzia batean oinarritua; lan honen hurbilbidea ez da historikoa, soziologiko eta eraberritzailea baizik. Curriculumarekin lotutako lanak direla eta, ikuspegi historikoa erakusten duten bi ekarpen aurkituko ditugu, biak testuliburuaren azterketan oinarrituta. Alde honetatik, Begoña Bilbaok curriculum tradizionala eta gaur eguneko alderatzen ditu; Gurutze Ezkurdiak, bere aldetik, testuliburuek Euskal Herriari buruz erakusten duten ikuskera du mintzagai; Ikuskera horrek egungo egoera eta euskal curriculumaren inguruan sortu den eztabaida hobeto ulertzea ahalbidetzen digu. Euskal curriculuma da, hain zuzen, Javier Granjak hurrengo komunikazioan hizpide duen gaia. Atal honi bukaera emateko, euskararen egoera orokorrari buruz eta aitortutako hizkuntza-eskubideak ezartzeko abian jarri diren politikei buruz mintzatzen da Iñigo Urrutia; nazioarteko testuinguruan kokatu eta lurralde ezberdinen ikuspegi heltzen dio gaiari.
Hezkuntza-erakundeen eta irakasleriaren prestakuntzaren atalari dagokionez, ordena kronologiko eta gaiaren araberakoa jarraitze aldera, lehenengo, hezkuntza-erakundeei buruz hitz egiten duten lanak bildu dira, eta ondoren, irakasleriaren prestakuntzari buruz ari direnak. Hasteko, Iñaki Zabaletaren lanak ardatz duen gaia oso garrantzitsua da Euskal Herriaren hezkuntzak dituen zenbait ezaugarri hobeto ulertzeko: izan ere, euskal nazionalismoaren ezaugarrien azterketatik abiatu, eta hezkuntzan agertzen diren ikuspegi nazionalistak ditu mintzagai. Joxe Garmendiaren ekarpenak erakusten duen esperientzia laburra da denboran, baina agerian jartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsi duen interesa, ez bakarrik landa-analfabetismoaren tasak murrizteko, baizik eta, euskara aintzat hartzen zuten landa-eskolen bitartez, haur populazioaren ezaugarri kontuan izanda egiteko alfabetatze-lan hori. Paulí Dávilak eta Luis María Nayak Sallestar Anaien ikastetxeei buruz aurkezten duten lanak, 1904 eta 2006 bitartean Gipuzkoako La Salle ikastetxeek izan duten bilakaeraren berri ematen du, eta ikasleriaren eta irakasleriaren egoera azpimarratzen du. Hezkuntza-erakundeari buruzko atalari amaiera emateko, Igor Caminok aurkezten duen lanak XIX mendean Gipuzkoan zegoen bigarren hezkuntza du hizpide.
Irakasleen prestakuntzari dagokion arloan bi ekarpen aurkituko ditugu. Lan hauek frankismoaren garaia historikoa hartzen dute kontuan. Hilario Muruak Gipuzkoako kasua eta bertan 1936 eta 1975 bitartean izan zen prestakuntza aztertzen du. Bigarren lana, Irene López-Goñirena, Nafarroako ikastoletako irakasleek 1967-1983 bitartean izan zuten prestakuntzari dagokio. Horrela, irakasleen prestakuntzaren bi ikuspegi osatzen dira.
Jarraian, Idoia Fernándezek koordinatu dituen bi lan agertzen dira. Lehenengoak, Caracasen (Venezuela), Euzkadi-Venezuela ikastolaren bitartez aurrera eraman zen eskolatze-esperientzia interesgarri baten berri ematen du, eta agerian jartzen du euskal kultura eta hizkuntzarekiko izan zen interesa eta prozesu horretan emakumeek izan zuten zeregina. Bigarren lana, ikasleekin partaidetzan egindakoa, ahozko historiaren bitartez oroimen historikoa eta eskolakoa biltzeko proiektu bati dagokio.
Eta gorago esan dugun bezala, Gregorio Arrieni egin zitzaion omenaldiaren harira Javier Granjak eskaini zizkion hitzek ematen diote amaiera Ikastariaren alde honi.
Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza sailak bere jadanik historia luzean Euskal Herriko hezkuntzaren historiarekiko interes berezia agertu du beti, horren kariz Jardunaldi hauek aukera egokia eman digute Euskal Herriko hezkuntzaren historiaren ikerketa-ildo desberdinak zertan diren ezagutzeko. Aurrerantzean ere, guztion laguntzarekin, gure lurraldeen arteko harremanak estutu eta gai honi jarraipena eman ahal izatea espero dugu.