Pedro Miguel Etxenike (Isaba, 1950)
Gaur egun, UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna, Donostia
International Physics Center Fundazioko lehendakaria, CIC Nanoguneko Bazkide
Batzordeko lehendakaria, Jakiundeko lehendakaria eta Innobasqueko lehendakariordea
da Etxenike. Lehenago, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua (1980-1983)
eta CSICeko Kontseilu Errektoreko kidea (2001-2007) ere izan zen.
Horrez gain, BBVAko Fundazioko Zientzia Kontseiluko eta Hirualdeko Batzordeko
kidea, IDOMeko eta Mapfre Norteko kontseilaria eta Eusko
Ikaskuntzako Bikaintasun Kontseiluko kidea da.
Ondorengo titulu akademiko hauen jabe da: Fisika Zientzietan lizentziatua
Nafarroako Unibertsitatean (1972), Philosopical doctor Cambridgeko Unibertsitatean
(1976), Fisika Zientzietan doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan
(1977), Zientzietan doktorea Cambridgeko Unibertsitatean (1998), Honoris Causa
doktorea Valladolideko Unibertsitatean (2000) eta Honoris Causa doktorea Nafarroako
Unibertsitate Publikoan (2008).
Lortutako bereizgarri eta sari ugarien artean, honako hauek aipatu daitezke:
Bartzelonako Zientzia eta Arteen Errege Akademiako kidea, Euskadiko Ikaskuntza
Saria, Euskal Herriko Unibertsitateko Urrezko Domina, Zientzia eta Teknika
Ikerkuntzako Principe de Asturias Saria, Zientziaren Aurrerabiderako Amerikar
Elkarteko Fellow Saria, Espainiako Fisikaren Errege Akademiako Urrezko Domina
eta Gipuzkoako Urrezko Domina.
Pedro Miguel Etxenikek mintegiak eman ditu nazioarteko hainbat zentrotan,
hitzaldiak ehun bat nazioarteko biltzarretan, 24 doktore-tesi zuzendu ditu
eta 300 lan baino gehiago argitaratu ditu liburu eta aldizkarietan.
Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Euskonews & Media astekariak bere 10. urtemuga betetzen du 2008an. Hori dela eta, beste ekintzaren artean, hilean behin eta abendura arte, elkarrizketa berezi bat argitaratuko dugu gure herriko azken urteotako historiaren pertsonai adierazgarri batekin. Astero ditugun milaka irakurleei egin diezaiekegun oparirik onena delakoan gaude.
Pedro Migel Etxenike Euskal Herriak emandako zientzialaririk ospetsuenetakoa da. Oso gazte zenetik goi mailako ikerkuntzan aritu delarik, bere bizitzaren aldi bat Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistema eratzeari eskaini zion, Eusko Jaurlaritzako Sailburu bezala. Inor gutxik baino hobeto ezagutzen du zientzia ikerkuntzaren entramatua eta Euskal Herriko Unibertsitatetik zein berak sortutako Donostia International Physic Center-etik bere ekarpena eskaintzen du Etxenikek.
Antza denez, zorte oneko ikertzailea zara zu: interesak non, ikertzaile orok hara jo behar duela adierazi baituzu, nonbait irakurri dudanez. Eta zu Donostian bizi zara eta bertan lan egiten duzu...
Hala esan nuen behin batean, bai, eta interpretazio bikoitza du horrek. Alde batetik, zientzia unibertsala dela, zientzia globala dela esaten da, eta batek benetan zerbait konkretua ulertu nahi badu eta zerbait hori munduan edonon garatzen ari bada, hara joan beharko du. Ez dio, besteek ulertu ondoren, emango dioten esplikazioari itxoingo. Haiek argitaratu orduko, garapena oso aurreratua izango da, eta horregatik mugan egon behar du. Eta ezagunaren eta ezezagunaren arteko muga, betiere, oso kontu lausoa da.
Eta era berean, bigarren adierari doakionez, bai, zentzu horretan zortea dut nik, bizi nahi dudan tokian gauzatu baititzaket nire interesak. Egia da, baita ere, Euskal Herrian badagoela belaunaldi bat, lan egiteko tokia aurkitu duena eta esparru horretan lan egin ahal izateko baldintzak sortu dituena.
Esan nahi dut gaur egun jende askok munduko lehen lerroko ikerketa lana mamitu dezakeela hemen. Gure aurrekoek ezin izan zuten; guk, bitarteko belaunaldikoak garenok, egin dugu, baina aldi berean etxea eraiki dugu.
Nolabait esan, garai batean, gure lanaren esparruan, munduko gainerakoekin lehiatu behar izan genuen bizkarrean motxilak generamatzala. Txindokira igotzea bezalakoa da, baina Cambridgekoak motxilarik gabe zihoazen bitartean, gu motxilarekin gindoazen eta aldi berean igotzeko botak prestatu behar genituen. Eta hori nik uste oso ondo jasota dagoela Ibarretxe Lehendakariak Korta Zentroan egin zuen hitzaldi batean, gure herriko pertsona talde ugari baten lana ezagutu eta esaten zuela orain talentua erakartzeaz gainera, hemen sortuz joan dena atxiki, zaindu eta mimatu beharra dagoela.
Gogoak ematen dit, eta Donostia International Physic Center (DIPC) zentroari buruzko testuak irakurtzean ere begiztatu dudanez, hori lortu egin dela eta, seguruenik, Zentro hori litekeen nazioartekoena dela...
Gai hauetan arriskutsua da esatea zein den gehiena... Lehenik eta behin, konparazioak behargabe haserregarri gerta daitezkeelako. Nire ustez, alabaina, zientzia nazioartekoa izatea da garrantzizkoa. Balioak nazioartekoak dira, baina zientzialariak tokikoak, eta baliabideak sortu beharra dago nazioartekotze horri begira. Eta DIPC helburu horrekin sortu da: nazioartekotzea. Eta Euskal Herriko Unibertsitatean, puntako alorretan ziharduten goren mailako talde batzuen ikerketa nazioartekoa zen jadanik. DIPC zentroa, beraz, talde horietako batzuei tresna bat emateko sortu zen eta, nire ustez, daramatzagun urteetan arrakasta garbia izan du.
Agian lurra ondua zelako halako ekimen baterako. Hori ezin loratu zitekeen, esaterako, ni Eusko Jaurlaritzan nengoela egin izan bagenu, 1980 urtean, zeren desberdinak baitziren haztegia, giroa, masa kritikoa, balioak, gizarte babesa.
Nire ustez, arrakastaren arrazoia, alde batetik, liderren nazioarteko harremanei zor zaie, eta, bestetik, erakundeen apostu estrategikoari, halako eran non DIPCko patronatuan denak ordezkaturik dauden, esan nahi baita ez direla xehetasunetan sartzen baina bai azter dezaketela gauzak ongi egiten diren eta babestu. Eta DIPC zalutasunez funtzionatzen du, burokrazietatik urrun. DIPCn maila gorenean ordezkaturik daude EHU eta beste hainbat unibertsitate. Unibertsitatea DIPCren parte bat da, funtsezkoa, baina DIPC ez da unibertsitatearen parte bat. Ez dago erregulazio molde burokratikoen, geldien, funtzionarialen mende.
Euskal Herriko Unibertsitateko Materialen Fisika Sailaren eta CSIC-EHU Bitariko Batzordearen funtsezko jardueraren katalizatzailea da DIPC. Gizarte berrikuntza batek, gauzak egiteko bestelako era batek goi berrikuntza zientifikoa eta goi produkzio zientifikoa nola sortzen dituen erakusteko adibide guztiz egokia da hau.
Zientziaren eta berrikuntzaren arazo handienetako bat zera da, gizaki gehienoi oso zaila zaigula dagokien garrantzia ematea. Konbentzitzen ahal gaituzu, hitz gutxitan, zientzia eta teknologiaren aplikazio egokiak gizartearen garapenean duen isla zuzenaz?
Hori egunero ikusten dugu denok ohetik jaikitzen garenetik. Egunean zehar egin duguna gogoan erabiliz gero, edonor konturatuko litzateke jarduera horietariko gehienak orain dela 100 urte askoz desatseginagoak izango zirela. Goizeko bainutik gosaria berotzeraino, buruko mina duzunean harturiko aspirina barne.
Zientziak murriztu egin du natura ingurunearekiko mendetasuna. Hobbesek duela 300 urte bakarrik zioenez, bizitza miserablea, anker eta laburra zen, gutxiengo pribilegiatu batentzat izan ezik. Joan den mendearen hasieran zuk eta biok gisa honetako elkarrizketan jarduteko aukera gutxi izango genituzkeen, zeuk bizirik izateko probabilitatea oso txikia izango zelako, eta biok bizirik izatekoa are txikiagoa oraindik. Bizi esperantza bikoiztu da, naturarekiko mendetasuna murriztu da. Noski, oso polita da natura idilikoan pentsatzea, baina ez du gauza bera pentsatuko Bangladesheko zikloia jasaten duenak.
Duela 200 urte Rousseauk zioen: “Haurren erdiak hil egingo dira 14 urte bete aurretik, hori ezin aldatuzko zifra da, ez zaitezte aldatzen saiatu”. Zientziak, teknologiaren bidez, eginkizun humanizatzailea izan du. Gizartearen bizitza gizatiarragoa eta atseginagoa egin du.
Aldi berean arazo sail bat sortu izana beste kontu bat da, zeren, Leibnitzek zioenez, ezezaguneranzko aurrerabideak berez mehatxu bat sortzen baitu askotan. Burdina: ezpata edo aitzurra; erabilera zein den. Nork pentsatu behar zuen kalkulu infinitesimalak, osasun diagnostikorako makinak eta konputazioa diseinatzeko bide ematen duena, era berean, misil bat gidatzeko erabili daitekeela. Hori da zientziaren dualtasunaren arazoa. Nolanahi ere, garbi dago zientziak bizitza gizatiarragoa egin duela. Hori alde batetik.
Gainera, zientziak erantzun die grekoengandik gizakiak eginak zituen funtsezko galderei. Filosofia naturalaren atal bat da. Humanismo eta kultura modernoen funtsezko atal bat. Eta, nire ustetan, jenderik gehiena konbentziturik dago horretaz. Horrek ez du esan nahi teknologiaren aldetik egin litekeen guztia komenigarria edo osasungarria denik. Hor dago jakintasuna, ezagupena ez dena, helburuen kontzepzio zuzena dena, eta horretarako gizarteek era demokratikoan ildo hori aurkitu behar dute.
Kontua da, batzuetan, zientziaren funtsezko alderdiak zailak direla transmititzeko. Esaterako, literaturako irakasleak lehen unetik transmititu diezaieke testu bat ikasleei, ez noski autorearen sofistikazio berarekin, baina bai halako edertasun batekin. Besteak beste, ikasleek 15, 16 edo 18 urte daramatzatelako hitz egiten, pentsatzen, hizkuntza erabiltzen eta hitz horiek menderatzen edo haiekin jolasten.
Fisikako irakasle batek ezin du erlatibitatearen teoria orokorraren edertasuna transmititu. Ez da samurra norbaitek ulertzea ADNaren helize bikoitzeko egiturak erreplika mekanismoa berekin eramatea, hots, belaunaldi batek ondokoari bere ezaugarriak transmititzeko era, bizitzaren sekretua. Hizkuntza kontua da. Eta horregatik da garrantzitsua zientzialariek, egiazki aurrerapenak gauzatu dituztenek, gizarteari azal diezaioten zer egiten duten, zergatik, zertarako balio duen, nola egiten den. Dena lotua dago, nik “zientzia eta gizartea” deituko nukeen horren atala da.
Interesgarria da zientzia eta teknologiak gizarte garapenean duen eraginaz diozuna. Eta zein liluragarria den alor hau guztia! Hala ere, zein eragin gutxi duen gure gazteengan, ez baitirudi ikasketa teknikoek eta ikerketak asko erakartzen dituztenik...
Bai, egia da, eta nire ustez hori hainbat faktorerekin lotua dago. Gizarte bat zenbat eta garatuagoa den, itxuraz, sariak beste alor batzuetara desbideratzen dira. Adibidez, urte askotan Espainian “kasinoko ekonomia” deitzen nuena goraipatu da. Espekulazioaren bidez aberasturiko jendea zen arrakasta zuena. Eta gizarteak onartu egiten zituen balio horiek, Finlandian onartzen zirenez bestelakoak seguruenik. Arrakasta zuena beste pertsona mota bat zen.
Gizarteak ez baditu aintzat hartzen gurditik tiratzen dutenak, ez begirune sozialaren aldetik ez diruaren aldetik, zaila izango da hori erakargarri gertatzea. Anaia txikiak ikusten badu bi anaia nagusietatik bat, biologia molekularra ikasi duena eta ikerketaren alorrean diharduena, gaizki bizi dela, eta bestea, brokerra, aberaste bidean dabilela, agerikoa da non izango duen erreferentzia.
Nire ustez, hein batean gizarte ezagutzarekin du zerikusia, baina baita hizkuntzaz azaldu dudanarekin ere. Zenbait gauza lehen unetik erakargarritzat jo dezakegu, baina zientziak halako denbora bat eskatzen du hizkuntza bat ikasi beharra dagoelako, eta hori gogorra da. Ingelesa ez badakizu, ez duzu Shakespeareren testuez gozatuko. Eta ingelesa ikastea aspergarria gerta daiteke, baina horretan jarraituz gero, bihar gozatu egingo duzu. Hori izan daiteke zailtasunetako bat. Horregatik, garrantzitsua da hezkuntza alderdia guztiz era egokian tratatzea.
Nik uste berrikuntzaz, teknologiaz, garapenaz hitz egiten denean, hezkuntza sistema da funtsezko muina. Hezkuntza sistema nolakoa, gizartea halakoa, haren bidez transmititzen baitira ezagupenak, jokabideak eta balioak. Eta zientziaren kasu zehatzean, garrantzizkoa da irakaskuntzan ari direnak, batxilergo mailan funtsean, oso ongi tratatuak izatea, bai diru aldetik bai gizarte aldetik, eta baldintza egokiak izatea beren lana gauzatzerakoan, zeren modu horretara bakarrik transmititu ahal izango baitute egiten dutenarekiko ilusioa eta maitasuna, zaletasuna. Horiek erremindurik badaude, ez dute deus transmitituko.
Laburbilduz, hiru faktore: gizarte balioespena, zerbait estimatzeko zailtasuna hartarako behar besteko entrenamendurik gabe eta hezkuntza sistemak zientziaren balioespena helaraztea, ez bakarrik ondorio onuragarriei dagokiena, baita zientziaren balio kognitiboak ere. Gizarte baten garapenari begira, onuragarria ezagutzea funtsezkoa izanik ere –baita garapen sozialerako ere–, are funtsekoagoa gertatzen da gizartea ezagutzaren onuraz jakitun izatea.
Hala garapen teknologikoak nola zientziarenak gure bizimodua hobetu dute. Aldaketa horretan baitezpadakoak izan diren aurrerabide batzuk aipatu ditzakezu?
Zientziak, fisikak zehazki, bi norabidetan egin du aurrera, eta hori da jendeak beti garrantzi handienekotzat, ikusgarrienekotzat hartzen duena.
Bietako bat, handienaren ezagutza da, unibertsoarena, nora goazen. Eta bestea, txikienari, zatiki elementalei dagokiena. Biak elkarri loturik daude. Figura poetikoa egin nahiko lukeenak, Alberto Galindorekin esan lezake: eztanda handiaren alfa eta materia desegitearen omega, kosmologia eta zatiki elementalak.
Hori da jendeak, oro har, irakurtzen duena fisikaz interesatzen denean. Bizitza konpondua duen jendearekin afaltzera zoazenean, hau da, bestelako gaiei buruz pentsatu ahal dutenekin, soken kontua, big bang-a, unibertsoa, materia iluna, etab. aterako dizute mintzagai. Hots, handiena eta txikiena. Esan nahi baita 10-35 (hamar ber minus hogeita hamabost), sokak eta Plancken erradioa edo 1025 (hamar ber hogeita bost), unibertsoa.
Galaxia 1021 (hamar ber hogeita bat) da, argiak 8 segundo behar du ilargira iristeko, 8 minutu hemendik eguzkira joateko eta ehun mila urte gure galaxia zeharkatzeko, batto besterik ez dena ezin konta ahala galaxien artean. Eta hori halako handia da non jendeak hor aurkitzen duen edertasuna, gorabehera. Hain zuzen, fisikariak dira azken aldi honetan Jainkoaz mintzo diren bakarrak. Nik esan ohi dut ezen, hemen gutxienez, apezpikuek beste gauza batzuez hitz egiten dutela.
Handienaren eta txikienaren fisika hori, ordea, beste batekin kontrastatu beharra dago, hots, objektu errealen natura errealaren zientziarekin. Ingelesez paradoxa bat formula daiteke: “the matter that matters”, kontua eta materia den matter horren esanahi bikoitzarekin jolastuz. Hor dago gizakia, hor dago ameba, hor dago ADNa. Eta funtsean hori da mundua eta teknologia aldatu duen zientzia.
Beste zientziaz ere hitz egiten da, hala nola, esaterako, erlatibitate orokorraz eta mugatuaz, GPSak ahalbidetu dituena, ez baita huskeria. Denboraren eta sistema azeleratuen funtsezko alderdi batzuek bide ematen diote GPSari zerbait hautemateko. Erlojuen zuzenketarik ezean, satelitea mugitzen denez eta, garaiera dela eta, lurrarenaz bestelako grabitazio eremu batean dagoenez, sateliteak egun batean hamar kilometroz huts egingo luke helburua. Eta zenbait mikrosegundotako zuzenketak dira. Beraz, badira onura eta aplikazioen adibideak.
Dena dela, objektu errealen natura errealaren muinean, zergatik daude metalak, zergatik daude erdieroaleak, nolakoak dira molekulak, nola gertatzen da katalisia, nolakoa da ADNaren helize bikoitzeko egitura...? Nire ustez, hiru hitzek hiru lorpen sinbolizatzen dituzte: atomoa, genea, bita.
Atomoa: materia ezagutzeko zentzuan, hortik datoz mikroelektronika, zentral nuklearrak, laserrak. Genea: ADNaren helize bikoitzeko egiturak bizitzaren sekretua dauka. Genomikara eta medikuntzara pasatzen gara. Konputagailua: analisia bideratu duena, eta iraultza mikroelektrikoak, ondorio onuragarriak ekartzeaz gainera, aldatu egin du ia-ia arazoez galdetzeko era, kultura hitz batean.
Fisika kuantikoa dugu XX. mendeko iraultza kontzeptual handia, materia ulertzea, molekulak ulertzea, ADNaren helize bikoitzeko egitura ulertzea... ahalbidetu baitu. Hor daude laserrak, erresonantzia magnetikoa, medikuntza diagnostikoa, droga berriak, genoma, energia, dena. Materia kondentsatuaren fisika, hitz batean, ekarpen handietako bat da.
Atomoa, materia, genea, bizitza, bita, konplexutasuna... izango lirateke XX. mendearen aurrerapen ikaragarriaren laburpena, eta hori ahalbidetzen duena, fisika kuantikoa, XX. mendearen lorpen zientifiko-teknologiko handienetako bat da.
Bai, benetako baieztapena da duela 100 urte seguruenik ez gintezkeela elkarrizketa honetara iritsi, orain dugun adinera ez ginen iritsiko eta. Nolanahi ere, dar-dar egin dut jakitean hemendik gutxira gizakia 1.000 urteko bizialdira irits daitekeela, nonbait irakurri dudanez.
Hori ez dakit nik. Besteri galdetu beharko zenioke. Zein egoeratan ikusi beharra dago. Edonola ere, badira hiltzen ez diren zenbait organismo. Zientzia modernoak seguru asko bizitza luza dezake.
Benazko ikerketa batzuk egin eta Science eta Nature aldizkarietan argitaratu dira. Aldizkari handiak dira horiek, ez eragin mediatikoagatik, baizik eta horietan argitaratzen denak pasa beharreko kalitate kontroleko sistemagatik. Eta hor idatzi dute nola luza daitekeen bizitza, sagu eta eulien kasuan adibidez. Bizi baldintzak aldatuz, eta hori giza arrazara estrapolatuz gero, 500 urteetara irits litekeela hitz egiten ari dira dagoeneko.
Ikerketa horien arabera, bizitza guztiz luzea izatea ahalbidetuko luketen baldintzak hiru dira, eta ez oso atseginak. Nik behintzat ez nituzke nahi niretzat. Lehenengoa hotza jasatea da, bigarrena gose handia jasatea eta hirugarrena ez da abstinentzia, baizik eta gonada sexualak erauztea. Edonola ere, hau irakurtzean, litekeena da oso, jende askok ez jakitea bizitza oso luzea izango litzatekeen, baina bai, zalantzarik gabe, oso luzea irudituko litzaiekeela.
Bizitza luzea jende askoren xedea da. Beti oso atsegin izan ditut bi esamolde. Bata, oso zinikoa, Benjamin Franklinena uste dut: “Ez zaitez etorkizunaz kezka, hark ez baitu ezer egingo zure alde”. Eta Woody Allenena bestea, txantxetakoa: “Nik bai, etorkizunera pasa nahi dut, baina ez nire lanengatik, esan ohi den bezala, baizik eta ez hilez, besterik gabe”.
Zientzialariak garbi ikusten badu zer gertatzen ari den, badu ahalmen motaren bat etortzekoa dena ikusteko?
Esan beharrean nago, lehenengo eta behin, zientzialariak ez duela inoiz oso garbi ikusten zer gertatzen ari den, zientzialaria, ikertzailea ezagunaren eta ezezagunaren arteko mugan dabilelako, eta hori oso kontu nahasia da. “Ikerketan egindako aurrerapen bakoitza –Migdalek dioenez– ulertzetik dator”. Baina ulertzea aurrerapenetik beretik dator, kontraesan intrintsekoa dago hor. Kontraesan hori gainditzea da aurrerapen zientifikoa.
Orduan, berriro diot, zientzialariak ez du oso garbi ikusten; aurrerapen lausoak dira, ezezagunean egindako urratsak, galdetzeko era desberdinak, eta bai, batzuetan bat-batean aurkikuntzaren unea agertzen da, norbaitek zerbaitekin topo egiten duenean muga horretako nahasmenduan. Hori da ikertzailearen eta jakintsu –“scholar”– baten artean dagoen aldea. Scholar batek ikertu nahi du ulertzeko; besteak ulertu nahi du, jakintsu bat da. Baina ikertzaile batek ulertu nahi du aurkitzeko, esploratzaile bat da.
Batzuetan, egia da, hitzaldietan aurkikuntzaren unea esaten diodana gertatzen da. Watson eta Crick ADNaren helize bikoitzeko egitura horretan, osagai dituen lau nukleotidoen sekuentziarekin –bizitzaren alfabetoa deitua– bizitzaren alfabetoa zegoela konturatu zirenekoa. Hori une magikoa da, aurkikuntzaren unea da.
Ikertzaile guztiek sentitu dute hori, gehienek ez aurreko adibidean bezain maila sakonean baina. Edo Einsteinek erlatibitate orokorra ulertu zuenekoa. Baina une jakin batean sentitu dute eta horregatik ikerketa alde batera uzteko zaila da, une magikoak direlako, nahi den bezain laburrak izanik ere.
Ikertzailea kontuak garbi ikusten dituen norbait delako ideia hori ez da zuzena. Kontrakoa da. Ikertzaileak ia beti gauzak garbi ikusten ez diren mugan ibili ohi dira. Garbi ikusiz gero, ikerketa ez litzateke horren interesgarria izango.
Ez didazu esango zeu ikertzaile ez garenok baino nahasiago zabiltzala etorkizunari begira...!
Nahasi ibiltzea nola definitzen den, zeren jende gutxi izango da egunero komunikabideetan maisuarenak egin eta ziurtasun osoz diharduten horiek baino nahasiago, ezta?
Baina, benetan hitz eginez, prestakuntza oneko pertsona batek, buruargiak, ikuskera argikoak zerbait posible dela esaten dizunean... ia seguru asmatzen duela. Zerbait ez dela posible esaten badizu, ia seguru oker dabilela.
Horren adibide pila bat dago zientziaren historian. Iparramerikako Patente Bulegoko presidenteak, fisika klasikoaren arrakastek liluraturik, XIX. mendearen amaieran zioenez, asma zitekeen guztia jadanik asmatua zegoen. Eta hori esan zuen XX. mendeko zientzia aldatu zuten eta ezin konta ahala asmakizun –gaurko egunean ere– ekarri dituzten fisika kuantikoaren eta erlatibitatearen teoria agertu baino bizpahiru urte lehenago.
Oraingo iphone horrek goi teknologiako 200 patente dauzka; zuk argazki bat ikusten egotea eta irudia biratu egin ahal izatea ez da huskeria bat. Zuk Estatu Batuetatik segundo batean konektatu zaitezke zure etxearekin, ezin pentsatuzkoa zena; nire aitatxik 30 egun pasatzen uzten zuen Kaliforniako senitartekoei deitu arte, eta mundu guztia zegoen Puerto Ricoko osabak esango zuenaren zain. Orain gizon hark, aitatxik, zer pentsatuko luke Baztango mendi batean holako traste bat hartu eta iloba ateratzen zaiola? Ez luke ulertuko...
Adibideen ildotik jarraituz, duela 50 urte, Watson, IBMko presidentearen ustez, mundu osoan agian 5 konputagailurako merkatua izan zitekeen. Digital-eko presidenteak 1977an, atzo goizean esaterako, ez zuen inolako arrazoirik ikusten norbaitek ordenagailu pertsonala etxean nahi izateko. Gaur biztanleriaren %20ri ordenagailu pertsonala kentzen diezu eta depresioa eragiten diezu. 1981ean, Bill Gates-ek esan zuen 640 KB aski izango zirela edozeinentzat. Mikelson-ek, maisuarena eginez, fisikaren lege guztiak ezagutzen zirela azaldu zuen. Foch mariskalak esan zuen hegazkinak jostailuak zirela, baina ez zutela inolako balio militar estrategikorik.
Iragarpenak egitea...! Bada iruzkin guztiz egoki bat, Niels Bohr, daniar fisikari handiak esana: “Inoiz ez da iragarpenik egin behar, batez ere etorkizunari buruz”. Eta Groucho Marxen beste esaldi bikain bat gehitu genezake: “Etorkizuna ez da jadanik lehen zena”.
Zein dira zientzialari onaren bertuteak?
Nik “Aholkuak zientzialari gazte batentzat” izenburuko hitzaldi bat eman ohi dut eta, jakina, badira zientzialarien ezaugarri diren bertute batzuk, baina “zientzialaria” ez da existitzen. Horretan ni ez nator bat zenbait lankiderekin, ez baitut uste “zientzialari” mota bakarra dagoenik. Jauregi bat edo arkitektura obra bat egiterakoan arkitektoa, diseinatzailea, lehen begiratua ematen diona, obra azkentzen duena... diren bezalaxe, zientzialari batzuek kontu bati buruzko lehen hitza esan nahi dute eta beste batzuek gai bati buruzko azken hitza esan nahiko dute, eta bai mota batekoak nola bestekoak berdin bikainak dira. Batek gaiari buruzko lehenengo “paper”ean idatziko du, eta beste batzuek azken “review”an. Zientzialari batzuk eskulangileak bezalakoak dira, beste batzuek bildumazaleen antza gehiago dute, eta denek laguntzen dute zientzia egiten, zientzia aurrerabidea da, obra kolektiboa da.
Andre Gideren gogoratu ohi dudan esaldi bat: “Itsasoko uhin guztiek aurretik joan eta atzera egin dutenei zor diete beren profilen edertasuna”.
Mende batzuk lehenago Newtonek, aurreko batzuk aipatuz, antzeko zerbait esana zuen: “Aurreko erraldoien bizkarretara igo naizelako ikusi ahal izan dut hain urruti”.
Zientzia aurrerabidea da guztia kate mailak direlako, horietako bakoitza era oso desberdinean. Horrenbestez, zientzialariak ez dituzte bertute bakar batzuek definitzen. Batzuk zenbaiten jabe dira, beste batzuek beste zenbait izango dituzte. Batzuk irudimentsuak dira, beste batzuk ez hainbeste. Hala ere, nire ustetan, zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da, arazo bati irtenbidea aurkitzeko borondatea. Batek egiten duena maite badu eta borondatea izanez gero, arazoak konponduko ditu. Eta egia da, hainbat aldiz egiaztatu dugunez, zientzia %99 izerdia eta %1 inspirazioa dela..., eta inspirazioak lanean harrapatu behar zaitu.
Hain zuzen ere, batzuetan, adimen oso azkarrak ez dira zientziarako egokiak lasterregi aspertzen direlako. Borondatea, jarraikitasuna, halako zorroztasun bat ere, jakina, ezin hautsizko borondatea, oinarrizkoa ezagutzea, lanerako gaitasuna, egiten duzuna maitatzea, gauza horiek guztiak ongi etorriak dira. Zientzialari gazte batentzako aholkuak puztu gabe, batzuen batzuk eman ohi dizkiet, zinikoak horietako batzuk, idealistak beste batzuk, zientzialari gaiek bizirik iraun dezaten gaurko munduan.
Gaur egungo zientzia, bere talde kolektiboekin, eta Newtonen zientzia ez dira berdinak. Seguru asko gizadiaren historian ez dira Newtonekin konpara litezkeen talentu asko izango. Newtonek ezin funtzionatuko luke gaur egun orduan funtzionatu zuen bezala, eta jarraikitasunaz, borondateaz esaten dudan hori, ederki islaturik ageri da Newtonen emandako erantzun batean. “Nola lortu zenuen grabitazioa aurkitzea?” galderari, honela erantzun zion: “Hartan etengabe pentsatuz”. Obsesiotik ere bada zerbait.
Dena dela, kontuz ibili beharra dago, jeinu batek uste baitu –Faradayk zioenez– beretzat egia dena egia dela guztientzat, eta ondorioz borroka egingo du horren alde. Baina ergel batek berdin-berdin egingo du. Hemen, beraz, bikainetik barregarrira lerro bat besterik ez da.
Ikasle talde batean, igartzen da nor izan litekeen ikertzaile?
Bai muturretan igartzen da, batez ere izango ez dena nabaritzen da. Oro har, bai, sumatu egiten da, baina lehen esan dudanaren konbinazio bat da. Egiten duzunaren zaletasuna, ilusioa, borondatea, adimena, nahiz batzuetan adimena disimulatua izan daitekeen, hau da, ongi ezagutzen ez duzun norbait bada, baliteke adimentsu ez ematea ulertzen ez duelako, baina agian ez du ulertuko oinarri egokia ez duelako.
Haien ibilbidean ezagutzen badituzu, orduan bai nabari zaie. Baina kontuz hor ere, zeren ikertzaile onenentsuenetako batzuk ez baitira ikasle onenak izan. Geroago zaletu dira.
Horrek ez du esan nahi jendeak curriculum onak izatea bultzatu behar ez denik, ezta bost urteko lana ez balioestea ere. Alabaina, doktoregoan gehiago nabaritzen da, beraiek lagundu eta zerbait ekarri behar dutenean. Nik ilusioa, lan egiteko gogoa ikusten dudanean, beti aukera ematearen aldekoa naiz.
Galdera partikular bat: gaztetxo zenean Pedro Miguel Etxenike normala zen?
Erabat. Orain bezala...
Inork ez zizun esan “zu zerbait izan zaitezke...”?
Beti nota onak izan ditut. Badut markaren bat Lekarozen, esan didatenez. Han conducta, urbanidad eta aplicación notak zeuden. Conducta diziplina zen; urbanidad delakoan, esaterako, mantala txukun-txukun eramaten bazenuen nota bat jartzen zizuten, eta, alderantziz, hobeto gogoratzearren mantalan lau formula idatzita eramanez gero, beste bat; aplicación hura, ordea, irakasgaien batez besteko nota zen. Lekarozen jarri nituen markak dagoeneko gainditu egingo zituzten seguruenik. Baina lehenago inork ez zituen lortu... Conducta-n 5 izatea eta beste 5 urbanidad-ean ia-ia zigorra zen, eta batez beste 7 ateratzea aplicación-ean saria zen kasik. Prefektuak notak jendaurrean irakurtzen zituen eta behin hauxe eman zidaten: Conducta 1, Urbanidad 1 eta Aplicación 10.
Oso ikasle ona izan naiz ni, ia guztian. Zenbait gauzatan txarra nintzen, Formación del espíritu nacional hartan, esaterako, ez nintzen oso ona, baina horrek ez zuen axolarik. Kontua da Lekarozen sektore jakin batetik gentozenak, noski, ez ginela hain zaletuak alor horretan.
Ni txarra izan nintzen musikarekin eta marrazketarekin zerikusia zuen guztian. Entrenamenduarekin ikasi egiten dela diote, baina niri kosta egiten zait tonua hartzea eta segur aski egun osoa eman beharko dut bertso bat errepikatzen kantatu ahal izateko, nahiz gero gozatzen dudan. Soinketan oso txarra nintzen, baina gero kiroletan ona nintzen.
Beraz, mantalean formularen bat idatzia eramaten zenuen?
Bai, gauza batzuez oroitzeko idatziak eramaten nituen mantalean, horregatik 1 jartzen zidaten urbanidad-ean. Lekarozko ikastetxean bikaintasun sari bi izaten ziren ikasketetan, ohorezko laukian agertzen zirenak, eta ia beti bi lagun izaten ginen hartan: Pedro Miguel Etxenike eta Carlos Tamayo, adiskide handia, orain Kutxako zuzendaria dena, oso pertsona argia eta zentzu komun handikoa.
Beraz, labealdi ona zuena... Ikerketaz hitz egin dugu. Ikerketan denak balio du? Gehiegi egitea ez da erraza?
Zientziak, lehen buruan, mugak ditu eta izan behar ditu. Baina behar ez dutenak muga horiek jartzen hastea da arriskutsua hemen; izan ere, historian hori gertatu den bakoitzean ondorio txarrak izan dira, eta bada horren adibideak. Oso zaila da ezagueraren erabilera iragartzea. Esaterako, kalkulu infinitesimala ona edo txarra da? Einsteinen ekuazioa e = mc2. Zientziari mugak jartzea oso arriskutsua da.
Beste gauza bat da zientzian mugak izatea, are intrintsekoak ere, baina hori beste kontu bat da. Esaterako, argiaren lastertasuna finitua izatea, Gödelen teorema, Heisenbergen indeterminazio printzipioa muga intrintseko absolutuak dira zientzian.
Horiek ez dira garrantzitsuenak, erlatiboak dira garrantzitsuenak. Horietako batzuek zerikusia dute Popper-en hipotesiarekin –esperimentu batek teoria baten faltsutasuna froga dezakeelako hipotesia–, baina bilioika esperimentu inoiz ez dira ehuneko ehunean teoria baten egia berrestera iritsiko. Horiek dira mugak.
Sarrera honen ondoren, alabaina, hemen funtsezko muga, zuk galderan aipatzen duzun muga hori muga etikoa da, ezta? Orduan, eztabaida guztiz zaila da hori. Berriro diot kontu handiz ibili beharra dagoela. Baina niretzat posible den guztia ez da desiragarria. Adibidez, birusetan esplizituki ikertzea arraza bat hiltzeko xedeam, berez da txarra. Baina horrek ez du esan nahi ikerketa on batetik ez dela agertuko hori ahalbidetuko duen zerbait.
Baina helburuari berari dagokionez... Esaterako, bonba atomikoan lan egin zuten ikertzaileek aurre egin behar zioten dilemaz ari bagara... hori ikertu behar da edo ez? Batek esan dezake: sekula ez. Eta aldi berean naziak ikertzen ari badira... ezta ere? Mundua beren mendean hartzea utzi behar? Galdera horri, jakina, ez zioten berdin erantzun Europan nazismoa jasan eta Estatu Batuetan ikertzen ari zirenek eta hura jasan ez zuten jakintsuek.
Nik erantzungo nuke posible den guztia ez dela desiragarri eta mugak kontu handienez tratatu behar direla, eta, hala badagokio, oro har gizarteak jarri beharko lituzkeela mugak, eta ez zientzialariek bakarrik. Zientzialariak ez dira hobengabeak, beren interesa ez da balio gorena.
Gizarte berrikuntzaz hitz egiten denean...
Zer da gizarte berrikuntza?
Bizitza hobetzera bideraturiko mugimenduak... Oro har, ongi zuzendurik daude?
Nire ustez, hor mugimendu guztiak lagungarri izan daitezke zerbaitetan, eta hondatzen ere lagun dezakete, ikusiak baititugu, adibidez, duela hogei edo hogeita hamar urte, mugimendu antinuklear batzuk, ezjakintasun zientifiko izugarrian oinarriturikoak; horiek, ikerketa geraraziz, agian, gizakien eta gizartearen garapena, munduko komunitateen garapena atzeratzea lortu dute. Honetan ere kontu handiz ibili beharra dago.
Ni ez naiz dena librearen aldekoa. Nire ustez, gizarteak garapenetan parte hartzeko bide bat izan behar du. Baina zentzuzko era batez egituratua izan behar du, Ingalaterrako Royal Commission delakoa izan litekeen bezala. Eta hori ezin da talde pribatuen interesen eskuetan utzi.
Gogoeta egiten duten benazko mugimendu guztiak onuragarriak izango dira beti. Baina, era berean, zenbait mugimendu erabiliak direlako susmoa izaten dut batzuetan. Presio taldeen aurka ari direlakoan, presio taldeek manipulatzen dituzte. Eta hor gizarte demokratiko baten zolitasunak, gizartearen mailak eta partaidetza mekanismo egokien artikulazioak erabakitzen dute.
Egia esan, zaila da...
Horregatik esan dut gizarte batek zientziaren aldetik informatua egon behar duela, modu horretara interes partikularrek manipulatua izateko aukera gutxiago izango izango baita. Hobeto juzgatu dezakete. Gizarte modernoek hartu beharko dituzten erabakietan parte handia dute zientziak eta teknologiak.
Zientziaren alderdi orokorretan informatua den gizarteak, zientzia zer den eta zer ez den, nola funtzionatzen duen dakienak hobeto erabaki dezake. Bat homeopatiaren alde edo kontra izango da, baina homeopatia zer den jakin behar du. Eta, jakina, homeopatiak eritasun larri baten diagnostiko bat atzeratzen badu, ez da gauza bera.
EAEn unibertsitate publiko gaztea dugu, 80ko urteetakoa. Eta kanpotik ikusten dugunok antzinako unibertsitatearen tik asko dutelakoan gaude. Nik entzun dizut zuri esaten Espainiako unibertsitatea gutxiegi finantzatua eta gehiegi arautua dagoela. Gauza bera gertatzen da euskal unibertsitatean?
Bai, noski. Espainiako parlamentuan onartzen diren lege organiko arautzaileegi horiek dira euskal unibertsitatea –haren egitura nagusian–arautzen dutenak. Guk Autonomia Estatutua bozkatu genuenean, inoiz ez zitzaigun bururatu autonomia politikoa, funtsean, botere publiko zentralek arautua izango zenik.
Hori da behin eta berriro salatu dugun estatutu ituna haustea. Euskadiko kasuan hauste hori, ez da hainbeste finantzatze kontua, Kontzertua kontuzko berezitasuna izan baita eta ondorio gisa autogobernuan funtsezko hobekuntzak ekarri baititu, baina bai ahalmen politikoari dagokiona. Kafea guztientzat hark pertsonalki bizi izan dudan zerbaitera darama: “Aizu, arrazoia duzu horretan baina ezin dugu egin, zeren 17 erkidegoekin hau eta bestea...”. Horregatik, Espainiarekiko bestelako harremanen, harreman berezien aldekoa naiz ni.
Euskal unibertsitatea, bere egituran, unibertsitate funtzionariala da, Espainiakoa bezalakoa. Eta euskal unibertsitateak arau gehiegi ditu. Unibertsitateen barne autonomiaren aldekoa naiz ni. Eta lege organiko xehetasun zale batek eta xehetasunetan are gehiago sartzen den euskal lege batek arautzen dute gainetik euskal unibertsitatea. Eta gutxiegi finantzatua da.
Esanak esan, aitortu beharra dago euskal unibertsitatea funtsezko eran hobetu dela, eta hobetzen ari dela. Baina euskal unibertsitatea, batez ere ikerketa alderdiari dagokionez, hori baita munduan unibertsitate lehiakorra definitzen duena, irakasleen portzentaje minoritarioan oinarritzen da. Hori argituz joan behar dugu zeren ikerketa unibertsitate batean ia-ia irakasle guztiek edo irakasleen portzentaje handiak ikertzaile izan behar dute. Eta hori da helburua.
Abiapuntua, beraz, zaila da. Gauza batez konturatu beharra dugu: unibertsitate ona izatea garestia, oso garestia da, uste duguna eta inbertitzen ari garena baino askoz ere garestiagoa. Munduari begiratu besterik ez dago. Hortaz, berrikuntza eta ikerketa alorretan, Euskal Herria mundu edo Europa mailako erreferentea izango bada, funtsezko bi zutabe daude eta horien gainean eraiki behar: hezkuntza sistema, oro har, eta unibertsitate sistema, bereziki. Talentua erakarri, atxiki eta zaintzeak gaurkoak baino sari eta lan baldintza askoz hobeak eskatzen dituela ongi jakinik.
Hori da errealitatea, eta gainerakoa su festak dira. Esaten duguna benetan sinesten badugu, horren ondorioen arabera jokatu behar. Eta, nire iritziz, hezkuntza sisteman eta unibertsitatean ez da adierazpenen mailan jokatzen ari, nahiz garrantzizko urrats batzuk norabide egokian egiten ari diren.
Ereduren bat?
Nire gustuko eredua, funtzionatzen duela ikusi dudan eredua da. Unibertsitate sistema, erakunde gisa, eliza katolikoaren ondoren, gehien iraun duena da seguruenik. Ezta hala? Zein erakundek iraun du horrenbeste? Unibertsitatearen gainean eratu da zientziaren aurrerabidea XX. mendean eta historian zehar, baita garapen zientifiko-teknologikoa ere. Ekonomiaren euskarria izan da, eta bilakaera horretan hainbat eredu izan dira. Saiakuntzak eta erroreak izan dira, eta zein izan da arrakasta izan duen eredua?
Munduan arrakasta izan duen eredua anglosaxoi unibertsitatearena izan da, botere publikoekiko autonomia eta independentzia oso-betekoa, eta autoarautua. Baina, noski, autoarautze horrek hastapen baldintza egokietatik abiatzea eskatzen du.
Une honetan baditugu halakoak? Harvarden antzera funtzionatzen utziz gero, zer egingo lukete Espainiako unibertsitateek? Irakasleek beren burua izendatzea bizi guztirako? Ez dakit, nik esaten dudana zera da, funtzionamendu hori ez onartuz gero, inoiz ez garela bikaintasun mailetara hurbilduko. Erabateko unibertsitate autogobernurantz joaten utziz gero, bitarteko garai oso zaila izango genuke; hainbeste lardaskeria egingo lirateke ezen bideaz zalantza egingo genukeen.
Autonomiak ez du esan nahi irakasleek beren nahia egitea eta erakundea bera autoarautzea. Ereduak eginak ditu proba saioak eta, nire ustez, hartara jo behar dugu. Alabaina, gainetik arauturiko eta gutxiegi finantzaturiko eredu batetik eredu ez arautu, aske batera, finantziazio oparoa duen eta erantzukizunak eskatzen dituen batera igarotzea, traumatikoa eta lortzeko guztiz zaila izan daiteke, baldin eta soil-soilik jadanik barrenean daudenen interesetan oinarritzen bada. Baina saioa egiten ez badugu, beti erdipurdikoak izango gara.
Gure Euskal Herriko Unibertsitatea, gutxienez, munduko 200 onenen artean jarri beharko genuke. Ez dut esaten 50 onenen artean. Gaur egun, inongo balioeste irizpidek ez gaitu lehenengo 200en artean kokatzen. Zein dira munduko unibertsitaterik onenak sailkapen guztietan? Lehenengoen artean beti berak ageri dira: Cambridgeko Unibertsitatea, ez baita halabeharrez Newtonen, Darwinen, Bertrand Russellen, Rutherforden, Watsonen eta Cricken unibertsitatea; Oxford, Imperial College-rekin; Zurich-eko ETH, europarren artean. Alemaniarren artean, oso onak badira ere, ezein ez da agertzen lehen 30 edo 40en artean. Eta gero, lehen postuetan, amerikarrak daude beti: Harvard, MIT (Massachusetts Institute of Technology), Berkeley publikoa, Stanford pribatua, Yale, Columbia, Illinois, Princeton, etab.
Zergatik hori? Zerikusi handia du autogobernuarekin baina zerikusi handia du baita finantza funtsekin ere. Harvardeko Unibertsitatean, erreserba funtsetan bakarrik, 35.000 dolarretara iritsi dira aurten. Horrek bide ematen du –soil-soilik bere funtsez baliatuz– 1.000 eta 2.000 milioi artean ikerketa proiektuetan, ikasle beketan eta abarretan erabiltzeko
Bestelako tamaina mailaz ari gara. Horretaz ari nintzen lehenago, esaten nuenean benetan sinetsiz gero, finantziazioan jauzi kualitatiboa eman beharra dagoela. Hezkuntza kontua da. Nire iritziz, hezkuntza sistemako –oinarrizko eta unibertsitateko– irakasle ikertzaileak bestela tratatu behar dira.
Zeu 1980an eraturiko Eusko Jaurlaritzako lehen Hezkuntza Sailburua izan zinen. Eta euskaldun gisa pentsatzen duzu. Zientzialari zaren aldetik, izaera horrek ateren bat itxi dizu?
Espainiako unibertsitate munduan ezetz uste dut. Munduan, seguru ezetz. Nik uste espainiar unibertsitate sistemak, oro har, eta Consejo Superior de Investigaciones Científicas delakoak, bereziki, ederki tratatu nau. Orain bertan, lankidetza eginkizunak ditugu Consejo Superior-ekin, eta izugarri ongi tratatua sentitzen naiz; izan ere, Carlos Martinez, Consejo-ko presidenteak sari mota guztietarako proposatu nahi nau beti, eta ni izaten naiz, askotan, beste batzuk proposatuak izatea nahiago duena.
Litekeena da proiektu esleipenen batean gauza horietakoren bat gertatu izana. Oroitzen naiz behin, hispanoamerikar proiektu batean, iritsi zela tipo bat esanez –ergel halakoa– ez zela euskaldunak finantzatu behar. Kanpo Arazoetako Ministeriora deitu genuen eta irristaldi hura zuzendu zuten.
Hala ere, zenbait enpresatako Administrazio Kontseiluetan parte hartzeari dagokionez, bai, betoa jarri didate, ez euskalduna izateagatik baizik eta joera politiko jakin batzuetakoa ez izateagatik.
EHU, EAEko gure unibertsitate publikoaz eta munduko berrehun garrantzitsuenen artean kokatzeko erronkaz hitz egin duzu... Tamainak garrantzia du, ezta? Euskal Herria txikia da...
Tamainak badu garrantzia, noski, baina Suitza ere txikia da eta dauzkan unibertsitate erakundeetako batzuk munduko onenen artean daude: Zuricheko ETH, Lausanako Politeknikoa. Nire ustez, Euskal Herria txikia da, baina unibertsitate handi bat izateko behar bezain handia dugu. Horra txikiaren erronka handia.
Handiaz eta txikiaz ari zarela, azalduko zeniguke, mesedez, zer den nanoteknologia?
Arestian, handia eta txikia azaldu ditudanean, beste testuinguru batean egiten nuen. Unibertsoaren bazterrak eta zatiki elementalak. Esan dut atomoa materiaren ulerkeraren sinbolo bezalakoa dela fisika kuantikoan, XX. mendea definitzen duten giltza hitzetariko bat.
Materiaren eraketan, haren egonkortasunean, fisika kuantikoak funtzionatzen du, eta nanoteknologia ez da diziplina zehatz batetik, hala nola fisikatik, datorren zerbait, baizik eta eskala jakin batean, eskala nanometrikoan, egiten den materiaren jokabidearen azterketa. Zehazki fisiko-atomikoa ez den materia bat, ezta fisiko-makroskopikoa ere. Nanometroaren tamainan gertatzen diren gertaerak. Nanometroa metroaren milioirenaren milarena da. Adibidez, ADNaren helize bikoitzeko katearen zabalerak 2 nanometro ditu. Nanometro bat 10 amstrong da eta nanometroa 10-9 metro da, hots, metro batean mila milioi nanometro daude.
Biologian, kimikan edo fisikan, testuinguru horretan gertatzen dira fenomeno asko. Diziplinartekoa da intrintsekoki. Inguru nanometrikoetan materiak duen jokabidea da. Zeren askotan ez baita atomoa propietatea finkatzen duena, baizik eta inguruak. Adibidez, 70 edo 50 nanometroko zatiki nanometrikoak dira –argiarekiko interakzioa dela bide– antzinako katedraletako beirateetan kolore zoragarriak sortzen dituztenak. Materiaren jokabidea desberdina da nanometroaren eskalan. Urrea guztiz horia da begiz ikusten denean baina tamaina txikiagotuz gero edo lohitasunak izanez gero, kolore desberdina du. Tamainak badu garrantzia.
Nanoteknologia materiaren ikerketa da halako eskala batean non zenbait propietate eta atomo bakartuen edo atomo kopuru askoz handiagoko agregazioen propietateak kualitatiboki desberdinak diren.
Zer ahalbidetzen ahal digu nanoteknologiak?
Lehen esan dudanez ez naiz etorkizunari buruzko igarkizunen zale. Garrantzitsuena ez da zer ahalbidetuko digun esatea –hori eginez gero, huts egingo dugu– baizik eta ondokoaz kontziente izatea: nanoteknologiaren erronka handia egitura jakin batzuk sortzeko gai izatea da, posizio jakin batzuetan, atomo mailako doitasunez eta funtzio jakin batzuetarako. Enbolia bat leherraraziko duen nanorobot bat sor dezakegu, adibidez.
Erantzun nezake esanez ezen nanozatiki magnetiko edo urrezko nanozatiki batzuek, infragorriarekin elkar erreakzionatzerakoan elektroiak kolektiboki kitzikatzeko prestatu direnek, tumore bat urtu lezaketela. Espekulazio horiek imajina litezkeen baino askoz gauza bikainagoak ekarriko dituzte. Horregatik ulertu beharra dago. Zuhurtziaz betiere, erroreak ez egitearren. Oraindik ulertzen ez dugun zerbait da. Ulertzen ez dena ezagutzetik gauza garrantzitsuak eta ustekabekoak sortu dira beti.
Baina era berean ez naiz hori iraultza handitzat hartzearen aldekoa. Hein batean gertatzen ari da Txema Pitarke eta Igor Campillo lagunek, Nanoguneko Zuzendari Nagusiak eta Erakunde Zuzendariak, hurrenez hurren, nanoionizazioa edo nanoiosoziazioa esaten diotena, hots, mundu guztia egiten ari denari nano deitzea, nanoak biltzen baitu finantziazioa.
Horrekin esan nahi dut ezin dugula orain, Espiritu Santua bagina bezala, nanoaren alde egitea soilik. Ezagueraren alde egin beharra dago. Ni materialen, egoera gotorreko fisikaren alde egiteko zalea naiz, baita, nahiz ez soilik, nanoteknologiaren aldekoa ere, eta ezin dira erdipurdiko proiektuak finantzatu nano direlako eta, nano ez izateagatik, beste proiektu bikain batzuk bazter uztea.
1980 urtera itzuliko naiz eta, zehazkiago, Karlos Garaikoetxearen telefono deia hartu zenuen unera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko sailburu izatea eskaini zizun unera. Burutik pasa zitzaizun noizbait politikan jardutea?
Lehenik eta behin, Garaikoetxeari eskertzen diot nigan pentsatu izana. Eta ustez nire gaitasunetatik askoz gorago zegoen mundu batean parte hartzeko bidea eman zidalako. Gero ikusi nuen laguntzen ahal nuela, maisu handiekin ikasi bainuen, horietan lehena Garaikoetxea Lehendakaria. Hiru aldiz esan nion ezetz Garaikoetxeari. Izan ere, hari ezetz esatera etorri nintzen Euskal Herrira, baina Koldo Mitxelena, Pako Garmendia, nire anaia eta beste batzuen artean, Bizkaiko Diputaziorako bidean, ukotik onarpenera pasa nintzen. Eta orain poz-pozik nago onartu izanaz.
Nik estimu handitan dauzkat politikariak, eta ez naiz inola ere politikoaren jarduera gutxiesten duen oraingo joera horretakoa, politikaria horretan etekina ateratzeko bakarrik dagoelako iritzi horretakoa. Bistan denez, bada politika erabili duen jendea, guztien irudia zikindu duena. Baina duen gauzarik garrantzitsuena –bizikidetza– antolatzeko hautatzen dituen horiek mespretxatzen dituen gizarte batek... huts egiten du zerbaitetan.
Nik pertsona pila bat ikusi dut asko ematen gauza gutxiren truke, gizarte honen bizikidetza antolatzeko ahaleginetan. Guk asko lan egiten genuen, zenbat ordu sartzen genituen! Hura talentua Jaurlaritza hartan bildutakoa! Eta, noski, ez dut niregatik bakarrik esaten, baizik eta nire talde guztiengatik, zeu ere horietakoa izan zinen. Enpresa pribatuan gogo bero harekin aritu izan bagina, noraino iritsiko ginen? Seguruenik diruz josita izango ginateke, etsita nago. Nik uste mirestekoa dela Jaurlaritza hark egindakoa.
Pozik nago kabinete hartako kide izanik, eta pozik, esaten didatenez, markaren bat edo beste eginik. Euskadiko historian Sailburu gazteena izan naizela esaten didate. Hezkuntza eta Kultura, bi Sail desberdinetan, Sailburua izan den bakarra naiz, Ramon Labayenen ondorengo izan bainintzen.
Politika, atzera-aurrerako bidaia gisa ikusi dut beti nik. Eta politikan gogokoa dut jendeak, itzultzeko orduan edo beste gauzaren bat egiteko erabakia hartzerakoan, arazorik ez izatea, zeren, bestela, horrek jendearen erabakiak baldintzatuko bailituzke. Atzera-aurrerako bidaia ona da nire ustez, baina era berean errespetua diet politikari profesionalei. Nik inoiz ez dut behin betiko bide gisa ikusi. Oso pozik nago hor egonik, eta pozik nago, halaber, ez egoteko erabakia hartua izanik.
Seguru asko, politikan jarraitu izan bazenu, ez zinen Jakiundeko Lehendakaria izatera iritsiko...
Ba, seguruenik ez.
Esaten ahal didazu zer espero duzu Jakiundetik?
Nik espero dut Jakiunde erakunde irekia izatea, batek bertan sartzeko beste bat hil arte itxaron beharko ez duen erakundea. Hau da, kontuzko masa kritikoa hartuko duen erakundea, kide kopuru handia bilduko duena. Gizartea urtean-urtean Jakiundeko izendapenen zain egotea, izendatuak kide dituzten erakundeek prestigioa hartuko dutelako, eta masa kritiko horrek erakunde publiko eta pribatuetarako goi aholku batzordea bihurtzea.
Gizarte ekintza nabarmeneko edozein erakundek Jakiunderi galdetzea egiten duenaren egokitasunaz. Eta gero balioestea, gizarteak guztiz ohitua baita ekimenak hartzera baina ez horrenbeste horiexek geroago balioestera. Ekimen batzuetan diru kopuru handiak gastatzen dira eta gero ez da horien emaitza neurtzen.
Nik talde gisa eratzen utziko nuke, izan ere egina da dagoeneko, jarduera multzo batean bikaintasuna hedatuko duena eta burujabe izango dena, baina euskal zientzia, hizkuntza eta kulturaren alorren garapenarekin inplikatua. Gustatuko litzaidake bideratua uztea hurrengo lehendakariarentzat, hemendik bizpahiru urtera, dena dela.
Trilateraleko Batzordeko kidea zara, Asturiasko Printzea Sariduna, Euskaldun Unibertsala, Bianako Printzea Sariduna, Isabako Seme Kutuna...
Ohore horiek guztiek eta beste askok esan nahi duten gauza bakarra zera da, zorte handia izan dudala, eta harrotasunez diot hau. Iruditzen zait apalkeria baino harrokeria handiagoko gauza gutxi dagoela. Baina apalkeriarik gabe eta oinak lurrean ditudala, esan nahi dut zortea izan dudala eta nire lurraldeak eta nire herriak onetsi nautela, baina ez dut horren aurkako protestarik egingo, bihotzez eskertu baizik.