Luix Mari ZULAIKA
Traducción al español
A
Argazkia: CRLS. http://www.flickr.com/photos /dkn/54671791/ |
Baina azal dezagun balizko zergati-ondoriozko harreman hau. Zein argudio aipa ditzakegu jarduera fisikoa eta kirola baliabide hezitzaile gisa justifikatzeko? Literatura zientifikora joz gero nabarmendu dezakegu zerrenda amai ezina litzatekeela; baina, idazki honen testuingurua eta asmoak kontuan izanik, aipamen xume batzuk soilik bildu ditugu.
Sintesi gisa, oro har, esan daiteke, jarduera fisikoa eta kirolari esker, haurrak: Balio positiboak eta Ikastetxeko Hezkuntza proiektuko zehar lerroak lantzen dituela, heldutasuna eskuratzeko laguntza bikaina jasotzen duela, gizarteratzen laguntzen diola, finean, bizitzarako beharrezkoak diren gaitasun eta konpetentziatan trebatzen dela.
Egiaztapen potolo hauek osatze aldera, horietako zenbait argudio azaltzen saiatuko gara:
GIZALEGEZKO PORTAERAK ikasiko ditu, kiroltasunean eta joko-garbian oinarrituak. Besteak beste ondorengo ezaugarriak barneratuko ditu: arauak errespetatu, ziririk sartzen ez saiatu, besteekin harreman zuzenak izan, guztientzat aukera berdinak ziurtatu, helburua lortzeko edozein jokabide ez onartu, arrakasta zein porrotaren aurrean jarrera duina izan, ahalik eta gehien saiatu, barkamena eskatu eta onartu, neurriz kanpoko protestarik ez egin.
TALDELANERAKO gaitasuna hobetuko du; lankidetza, elkarlana, solidaritatea eta antzeko balioak landuz. Enpatia garatuko du, hau da, bestearen azalean ipini eta haren ikuspegitik gauzak nola jaso eta sentitzen diren ulertzeko ahalmena. Elkarren artean helburu komun bat lortzearren harremanak era egokian bideratzen ikasten du, taldearen interesak norbereen aurretik ipintzen, kideen beharraz jabetzen bere egitasmoak aurrera egingo badu...
Argazkia: elgarydaly. http://www.flickr.com/photos/elgarydaly/2442132086/ |
Arauak, kideak, arduradunak onartzen eta ERRESPETATZEN ikasiko du. Oro har gizarteko egitura, antolaketa eta ordezkariekiko begirune handiagoa izaten ikasten du. Kirola bizitzarako eskola dela esan ohi da, egunerokoan behar dituen trebetasunak landuko ditu. Ikaskuntza honek familia, eskola zein beste taldetako elkarbizitza erraztuko dio. Oinarrizko hierarkia-printzipioa bereganatzen ere lagunduko dio. Hau da, partaide den elkarteko interesen onerako bakoitzak eginkizun desberdina izango duela.
Kirol jardueran hartutako konpromisoek ARDURA-zentzua garatzen lagunduko diote: entrenamendu saioetara joatea, puntualtasuna, gogoz saiatzea, bere esku dagoen guztia egitea eta ematea, bere arropa eta poltsaz jabetzea, materiala eta instalazioak zaintzea, arriskuez babestea, bere osasuna zaintzea... Finean, besteen aurrean emandako hitzaren balioaz jabetzen da.
ESFORTZUAREN KULTURA garatuz eguneroko lanaren garrantziaz kontzientziatuko da. Kirolari esker ikas dezake bizitza honetan dena ez dela egina jasotzen, saiatzea eta ahalegintzea beharrezkoa dela bere ilusio eta epe luzerako helburuetara iristeko.
HOBETZEKO joera eskuratu dezake kirol jarduerari esker, hau da, ez konformatzea une honetan daukan mailarekin eta lan egiteko grina pizten zaio, maila hori hobetzeko. Eskolan ere, bostekoa ateratzea mugatu beharrean etengabe bere burua gainditzeko sena barneratzen lagunduko dio. Etengabeko prestakuntza ezinbestekotzat jotzen den gizarte lehiakor honetarako ezaugarri baliagarria izango du hau.
Argazkia: rasbcn. http://www.flickr.com/photos/rasbcn/1523989599/ |
Bere burua eta portaera AUTOKONTROLATZEN ikasiko du. Emozioak puri-purian dauden uneetan epe motzerako bere interesen aurkako zenbait erabaki onartzen, hain zuzen ere. Kirolak nortasuna, heldutasuna eta morala garatzeko aukera aberatsak eskainiko dizkio. Bertan sortzen diren hainbat egoera eta testuingurutan kirolariak aukeratu behar izaten du buruak eta bihotzak eskatzen dionaren artean. Sari erakargarria eskura izan arren gai izan behar du zenbait kasutan horiei uko egiteko, kideen osasunagatik edo zuzen jokatzeagatik.
AUTODIZIPLINA zentzua garatuko du. Kirolari esker bere buruari arau batzuk ezartzen eta horiek betetzen ikasiko baitu. Bere eguneroko eginkizunak aldez aurretik antolatzea, (errutina bat jarraitzea), denborari etekina ateratzea eta lehentasunak finkatzen ikastea eragiten du kirolak. Bere borondatez, hainbat erosotasuni uko egin eta esfortzua zein konpromisoa onartzea eskatzen dio.
Kirolari esker bere SOZIALIZAZIO GAITASUNA garatuko du, lagun berriak egiteko aukerak ugalduz, eta harremanetarako beharrezkoak diren trebetasunak eta portaerak landuz: parte hartzea, behar den bezala komunikatzea, arazoak negoziatzea, porrotak onartzea, balio komunak bereganatzea... Gure artean zabalduak dauden arauak, balio moralak eta kultur ereduak barneratzen lagunduko dio eta bere izaerarekin bateragarriak egiten. Taldeko partaide sentitzen lagunduko dio.
PORTAERA DESEGOKIEI bizkarra ematen lagunduko dio. Kirolaren bitartez arauak errespetatzen, emaitzak onartzen, agresibitatea baretzen, autoestimua igotzen, aisialdia betetzen, lagunak egiten, protagonismo soziala izaten, ilusioa eta motibazioa bereganatzen ikasiko du. Horri esker bizitzaz eta gizarteaz ikuspegi baikorragoa izango du.
Argazkia: Daquella manera. http://www.flickr.com/photos/daquellamanera/355061741/ |
Kirola elkarbizitza sozialerako lagungarri da. Berdintasunezko printzipioetan oinarrituta, guztiak onartuak eta errespetatuak sentitzea ahalbidetzen du, bai eta ETORKINAK INTEGRATZEA ere, elkarren artean hobeto ezagutuz eta aurreritzi kultural eta topikoak gaindituz. Honetaz jabetzea positiboa da bai etorritakoentzat bai eta lehendik bertan zeudenentzat ere. Elkarrekin jolastea, lankidetzan, kooperatuz helburu berbera lortze aldera lagungarri gertatuko da gaitasun fisiko, genero edo jatorri desberdina dela medio sortutako bereizketak gainditzen ikasteko.
NESKAK eta MUTILAK azken finean gaitasun berdinak dituztela eta elkarrekin parte har dezaketela edozein jardueretan ikasten lagunduko dio kirolak. Gizartean zabaldutako hainbat aurreiritzi eta uste okerri aurre egiten, beraz. Adinean aurrera egin ahala egoera hau aldatzea eragin kulturala izan daiteke, neurri handian.
DROGAK baztertzen lagunduko dio: bere buruarekin pozik sentituko da eta gozatu egingo du. Bere burua zaintzeko jarrera garatu eta aisialdia ohitura osasuntsuekin beteko du. Lagunartean ibiliko da eta taldeko presioari aurre egiten ikasiko du. Osasuntsu eta pozik badago, ez du esperientzia berri arriskutsuen beharrik izango.
Ikasketetan EMAITZAK hobetzen lagunduko dio: lasaitu ondoren arreta handiagoa izaten delako, autokonfiantza garatuko duelako, esfortzuaren kultura barneratua izango duelako, gurasoekiko harremana hobetuko duelako, eskolako balioekin identifikatuko delako, oztopoen aurrean jarraitzeko kemena garatuko duelako eta denborari etekina ateratzen ikasiko duelako.
Argazkia: vecinodelquinto! http://www.flickr.com/photos/13427321@N02/2151722536/ |
Kirolari esker, AISIALDIrako ohitura egoki, osasuntsu eta positiboak ikasi ditzake. Zenbaitentzat denbora librea alferkeriarako eta portaera arriskutsuentzako aukera izan ohi da (drogak, delinkuentzia...). Bere formazio pertsonal eta sozialean erabiltzeko giltza badu ordea. Aldi berean ludikoa eta hezitzailea den jarduera honi esker bere garapena eta heldutasuna sendotuko ditu. Gaztetan landu ez diren ohiturak nekez eskuratuko dira helduaroan.
Gure kulturaren atal garrantzitsua ezagutzen, baloratzen eta zaintzen lagunduko dio. Berezkoak ditugun ohiturak eta gure arbasoen hainbat laneko jarduera, besteak beste (HERRI-KIROLAK).
Eskolatik kanpo eta lagunartean EUSKARA erabiltzeko ohitura finkatzeko bitarteko ezinhobea da gorputz hezkuntza, gerora ere, eskola orduz kanpo antzeko jarduerak burutzerakoan barneratuta izango baitu hizkuntza hori erabiltzea ekintza hori egiten duen bitartean.
Egungo gure testuinguruan, beste hainbat alderdi ere kontuan hartu beharko genituzke:
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |