Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español
Kale estuak bereizten zituen gure jaiotetxeak. Aramaioko giro eguzkitsuak hartu gintuen biok eta gure lehendabiziko ume jolasak bide harzoladunetan eta baratzeko lore artean burutu genituen. Lotzen gintuen sendien hurbiltasunak eta adiskidantzak. Eta sentimendu ezkutuek ere. Urte batzuetako diferentziarekin munduratu ginen arren, lagunak izan gara beti. Datozen lerroak, baina, asepsia eta emozio oreka osotik daude idatzita.
Sabin Salaberri. |
Sabin Salaberri Aramaion jaio zen 1934ko abuztuaren 20an, kide ugariko sendi batean. Aramaioar gizarte txikitxo hartan aurki piztu zitzaion musikarako zaletasuna, lehen notak -normala den moduan- herriko organo joleari esker ikasi zituelarik. Txikitatik, beraz, uztartu zituen eliza eta musika, eta bide horretatik abiatuta Gasteizko apaizgaitegira heldu zen, apaiz karrera egiteko asmoarekin. Baita ikasketak amaitu ere. Teologian Lizentziatua da, Historia adarrean, eta “Vicente Goicoechea y Errasti, renovador de la música religiosa española” lanarekin lortu zuen titulua. Karrerako gaiez gain ikasketa musikaletan barrena egin zuen gogoz eta goi mailako titulazioa erdietsi zuen, pianoan eta musika konposaketan.
Apaizgaitegiko “Schola Cantorum”-aren zuzendaria izan zen 1960tik aurrera. Gasteiztar lagun batzuek 1968an Araba Abesbatza sortu zuten eta Sabini eskatu zioten zuzendaritza artistikoa. Onartu egin zuen eskaintza eta ordudanik talde horrekin sekulako lan dibulgatiboa egin zuen euskal musikaren alde. Giro zoragarraia piztu zen Araba Abesbatzan eta Sabinek abian jarri zuen musika konposatzeko bere trebezia. Hamazazpi urtez aritu zen Abesbatzan.
Hamazazpi urtez ere luzatu zen bere erlijioso-bizitza eta tarte horretan irakaskintza izan zuen ofizioa, apaizgai berriei klaseak ematen Gasteizen, eta apaiz izateari utzi zionean ere irakasle gisa ihardun zuen, lehendabizi arabar hiriburuko Olabide Ikastolan eta 1975etik Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. Bertan, Carmelo Bernaola Gasteizko musika eskolako zuzendaria zela, ikasketa buru izendatu zuten Sabin. Eta 1991ean, Bernaola jubilatzean, zuzendari kargua eskuratu zuen aramaixoarrak.
Musikak bete du Salaberriren bizitza eta Kontserbatoriotik kanpo, Arabako Diputazioaren babespean lurralderako prestatutako Musika Irakaskuntzaren Plangintzako koordinatzailea izan zen 1988tik. Behin LOGSE delako legea ezarrita, “Luis de Aranburu Udal Musika Eskola” eragin zuen Gasteizen eta bi urtez zuzendaria ere izan zen. Horrek esan nahi du, tarte luzexka batean Arabako musika irakaskuntzaren arduradun nagusia izan zela.
Sabin Salaberri. |
Araban ez ezik Salaberriren merituak lurraldez eta Euskal Herriko mugaz gain ere dira ezagunak. Horren adibidea da, San Fernando Arte Ederretako Akademiaren kide izatea 1996tik. Eusko Ikaskuntza eta Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen partaidea da, bestalde. Hori gutxi bailitzan, 2006an Urrezko Zeledoia eman zitzaion, Gasteiz hiriaren alde burutu lan eskerga errekonozituz. Eta 1999an Aramaioko Udalak Seme Kuttuna izendatu zuen.
Lerro xume hauetan ez dira sartzen, inondik ere, gure lagunaren lanen gaineko aipamen guztiak. Publikapen berezia egin beharko da horretarako. Sabin Salaberriren kultura ibilbidea luze eta emaritsua izan da eta oraindik ere fruitu ugari emango dituelakoan nago. Zorionak!
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |