Klima aldaketa. Zer dakigu?Escuchar artículo - Artikulua entzun

Maider SILLERO ALFARO
Traducción al español

Lurraren klimaren aldaketa globalari klima-aldaketa deritzogu. Aldaketak hainbat denbora-eskalatan eta klima parametro guztietan gertatzen dira: tenperaturan, prezipitazioetan, hodeietan eta abarretan. Aldaketak naturak eragiten ditu, eta azken mendeotan baita gizakiak ere.

Eta klima eremu geografiko jakin bateko eta aldi jakin bateko baldintza metereologikoaen multzoa da. Horregatik oso garrantzitsua da egoera klimatikoa eta egoera meteorologikoa ez nahastea. Adibidez, klima atlantikoaz ari garela, eremu geografiko jakin bati buruz hitz egiten ari gara. Egoera meteorologikoa, aldiz, egun jakin batean, eremu atlantikoko leku zehatz batean ematen dena da.

Fenomenoek ugari eragin dezakete klima aldaketa:

Azken fenomeno horri dagokionez klima aldaketak sistemaren osagaiak (atmosfera, hidrosfera, biosfera, etab.) aldatzen ditu eta horiek, era berean, klimari eragiten diote. Berrelikadura prozesuak dira horiek, eta positiboak (hasierako perturbazioa zabaltzen dutenak) edo negatiboak (perturbazioa moteltzen dutenak) izan daitezke.

Ondorio kontrajarriak eragiten dituzten perturbazioak ere badaude. Esaterako, aireko CO2 kopuruak gora egitean, Lurra eta ozeanoak berotzen dira; beraz, ur gehiago lurruntzen da. Uraren lurruna berotegi-efektua eragiten duen gasa da, beroa gordetzen duena, eta horrek Lurra gehiago berotuko du. Dena den eta aldi berean hodei gehiago sortuko ditu eta horiek eguzkiaren erradiazioa islatuko dute.

Klima aldaketaren bilakaera

Lehen aipaturiko berotegi-efektuko gasak betidanik izan dira atmosferan, baina industria-iraultza gertatu aurreko mila urteetan ez zuten ia aldaketarik izan.

Industria-iraultza gertatu zenetik kontrolik gabe areagotu dira, batez ere, erregai fosilak (ikatza, petrolioaren deribatuak eta gas naturala) erabiltzeagatik; izan ere, erretzen direnean, CO2-a aireratzen dute.

Klima aldaketaren ondorioak

Atmosferako negutegi gasen kontzentrazio aldaketen aurrean, sistema klimatikoak astiro erantzuten du. Hori dela eta, zientzialari batzuek baieztatzen dute atmosferan dauden gasek oraindik agerikoak ez diren ondorioak sortuko dituztela etorkizunean.

Atmosferako negutegi gasen kontzentrazioak maila kritikoa gainditzen badu, Lurreko klimak aldaketa sakona jasango duela esatera heltzen dira horietako zientzialari batzuk, bai eta, hori gertatuz gero, oreka egoera batetik beste batera iragango garela esatera ere.

Kliman izango diren aldaketen tamaina bezain garrantzitsua da horiek zein abiaduratan gertatuko diren, abiadura horretan baitago ekosistemek egoera berriei moldatzeko izango duten gakoa.

Gertatutako ondorioak

. Munduko batez besteko tenperatura 0,2 eta 0,3 gradu artean hazi da azken 40 urteotan; XIX. mendetik gaurdaino, berriz, 0,3 eta 0,6 gradu artean.

. Itsas maila 10 aldiz azkarrago jaso da azken 100 urteotan, azken 3000 urteotan baino. 2100erako itsas maila 13 eta 94 cm artean jaso daitekeela kalkulatzen da.

Gerta daitezkeen ondorioak

. Baso eremuei dagokienez, espero da tenperaturak gora egitean, hosto erorkorreko basoen kopurua areagotzea, koniferoen kalterako.

. Klima hotzetako berezko ekosistemen azalera murriztu egingo da, esaterako, glaziarrak eta neguko elur-estaldura; eta atzera egitearekin batera, denbora laburragoz iraungo dute.

. Prezipitazioek ere aldaketak izan dituzte, negutegi gasen eraginez. Izan ere, Ipar hemisferioan prezipitazioen kopurua handitu egin baita, batik bat, urtaro beroan; tropikoen hegoaldean eta Afrikatik Indonesiara arteko tropikoetan, berriz, prezipitazioen kopurua pixkanaka txikitu egin da 1960tik.

. Nekazaritzak ere ondorioak jasan ditzake; batetik, etekinak gutxitu egin daitezkeelako; eta, bestetik, zerbait lurraldetan ureztatzeko ur kopurua txikitu egin daitekeelako.

. Espezieen antolaketa aldatu egin daiteke, eta espezie eta ekosistema batzuk desagertu ere egin daitezke.

. Munduko beroketak tropikoetako gaixotasunak zabaltzea ekarri dezake, aurretik horrelakorik gertu ez den lekuetan, edota, horrelakoak noizean behin gertatzen diren lekuetan, maiztasuna areagotu dezake.

Euskal Autonomia Erkidegoan gerta daitezkeen ondorioak

Ekosistema naturalek jasan ditzaketen eragin nabarmenenak kostaldeko hezeguneetan gertatuko lirateke. Aurreikusi daiteke ekosistemek mediterraneoko ekosistemen gero eta antz gehiago izango dutela, bai eta baso ustiapenen ekoizpena txikitu egingo dela eta atlantikora doazen arroetako aldakortasun hidrologikoa handituko dela ere.

Hondartzen zati batzuk desagertu egin daitezke, hondar kopurua handitzen ez bada (era naturalean edo artifizialean), eta behe kostaldeetako zenbait alderdi urpean geldi daitezke.

Aldaketak espero dira prezipitazioen egituran, haize erregimenetan eta lainoa bezalako fenomenoen maiztasunean.

Aldaketa horiek guztiek ondorio nabarmenak ekarri ahal dituzte zenbait sektoretan, esaterako, garraioan, turismoan, edo energiaren eta uraren horniduran.

Zer egiten dugu klima aldaketari aurre egiteko?

Klimari buruzko Munduko Lehen Konferentzia 1979an izan zenetik, nazioarteko hainbat bilera politiko eta zientifikoak ez ezik, arazo larri honi aurre egiteko estrategiak ezartzeko negoziazioak ere izan dira. Klima aldaketarekin zerikusia duen konpromisorik handiena Kyoto Protokoloa izan da:

. Kyotoko Protokoloa Klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren kideek sortu zuten.

. Ekonomia garatuko herrialdeetako Berotegi Efektuko Gasen (BEG) emisioak kontrolatzeko muga malguak dituen sistema globala ezartzen du.

. Protokoloa negoziatzeko eta ezartzeko prozesua luzea izan da. Nahiz eta 1997ko Aldeen Hirugarren Konferentzian emisioak murrizteko konpromisoak eta beren oinarrizko diseinua onartu, 2005eko otsailaren 16an jarri zen indarrean Protokoloa, 2004ko azaroaren 18an Errusiar Federakundeak berretsi eta gero. Kyotoko Protokoloa indarrean jartzeko baldintza da Konferentziako gutxienez Estatuen % 55ek eta Eranskinean dauden 1990ean BEG emisioen % 55 baino gehiago aireratu zituzten Estatuek berrestea.

 

Iturria: www.ingurumena.net

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 06-29 / 07-06