Gipuzkoako eskola kirolaren bilakaera 1989-2005 aldianEscuchar artículo - Artikulua entzun

Iñaki UGARTEBURU, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari nagusia
Imanol FERNANDEZ DE LARRINOA, Gipuzkoako Foru Aldundiko Eskola Kiroleko teknikaria

Gipuzkoako eskola kirolaren azken urteotako bilakaera azaltzeko hiru alderdi hauek jorratu beharko ditugulakoan gaude: lehenengoa, eskola kirolaren eredua eratzen duen araudia; bigarrena, eredu hori ezartzeko egin diren urrats nagusiak, eta, azkenik, ezarpen prozesu horren emaitzak.

Irizpide horiei jarraituz, hona hemen bilakaera prozesu horri buruz daukagun ikuskera.

a) Araudia

. Gaur egun Gipuzkoan indarrean dagoen eskola kirolaren sistema Gipuzkoako Foru Aldundiak 1989ko abuztuaren 31ko 49/1989 Foru Dekretua onartu zuenean jarri zen abian. Dekretu haren bitartez benjamin eta alebin kategorietako lehiaketako kirol jardueren antolaketa arautu nahi izan zen.

. Horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak eskola kirolari buruzko 160/1990 Dekretua onartu zuen eta hori da, hain zuzen, gaur egun Gipuzkoan indarrean dagoen eskola kirolaren sistemaren oinarria, bai jardueren eskaintzari dagokionez bai eskaintza hori aurrera eramateko antolaketa egiturari dagokionez.

Argazkia: Iban Aguinaga
Argazkia: Iban Aguinaga.

. Eredu hori indarrean jartzeko izan dugun oztopo nagusietako bat izan da ez dela irizpide batasunik izan Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeen artean, eta horren ondorioz desberdintasunak egon dira eta plana gutxiesteko erabili da. Ez 337/1994 Dekretuak, 160/1990 Dekretua aldatu zuenak, ez eta 14/1998 Kirolaren Legeak ere ez dute lortu Euskal Autonomia Erkidegoan eskola kirolaren eredu homogeneoa zabaltzerik, nahiz eta Kirolaren Legeak eskola kirolaren kontzeptua, printzipio orokorrak eta jomugak, argi eta garbi azaldu zituen, eta bertan esku hartzen duten agenteen eskumenak eta betebeharrak ezarri zituen.

. Horregatik, hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako teknikariez osatutako Koordinazio Batzordeak bere jardueraren lehen helburu gisa ezarri zuen eskola kirolari buruzko dekretu berri bat prestatzea, 14/1998 Kirolaren Legea garatuz.

. Hala, dekretu berria izango zenaren egituraren zirriborroa adostu zuten, 2002ko martxoko txostenean jasota dagoen bezala. Txosten hark jasotzen zituen arautu behar ziren alderdi nagusiak. Azpimarragarrienak honako hauek ziren, besteak beste: eskola kirola kategoria edo adinen arabera antolatzea; jarduera motak azaltzea, kirol irakaskuntzakoak barne; parte hartzeko egiturak banan-banan azaltzea, haietako bakoitzaren eginkizunak emanda; eskola kirolean diharduten teknikariek prestakuntza aldetik bete behar dituzten gutxieneko eskakizunak eta eduki behar dituzten titulazioak; eta bestelako gai batzuk, hala nola, mediku azterketak, aseguruak, eta abar; baita erakundearteko koordinazio batzorde bat sortzea ere.

. Kirolaren Euskal Plana egiteko erabakia hartu zenean ordura arte egindako lana etenda utzi zen plana onartu bitartean. Onartu ondoren, 2003ko erdi aldean, eskola kirolari buruzko dekretu berria prestatzen eta adosten hasi zen. Horren oinarri hartutako egitura lehen aipaturiko txostenekoa izan zen, Kirolaren Euskal Planean adierazitako aldaketak kontuan izanda, jakina, esate baterako, hiru kirol ibilbide finkatu ziren, eta parte hartzeko gehienezko kopuruak ezarri ziren horietako bitan, errendimenduan hastekoan, eta talentudunak eta etorkizuneko kirolariak identifikatzekoan, hain zuzen ere.

. Halaber, Kirolaren Euskal Planak eta eskola kirolari buruzko dekretuaren zirriborroak aldaketa handia dakarkiote gaur egun Gipuzkoan indarrean dagoen eskola kirolaren antolaketari: kirol klubak parte hartzeko lehentasunezko egiturak dira parte hartzeko ibilbidean infantil kategoriatik hasita.

b) Eskola kirolaren eredua ezartzea

. Gipuzkoako eskola kirolaren ereduak bi oinarri hauek izan ditu azken urteotan:

. Batetik, jarduera eskaintza egokituz joan da, gero eta modalitate eta diziplina gehiago hartuz, federazioekiko akordioak bitarteko direla. Eskaintza horren barruan lau jarduera multzo handi daude: heziketa eta jolas helburuko lehiaketak, sustapen jarduerak, teknifikazio jarduerak, eta errendimenduan hasteko lehiaketak.

. Bestetik, antolaketa egitura jakin bat garatu da eta egitura horretan eskola kirolean parte hartzen duten agenteek zeregin osagarriak betetzen dituzte, eta udaletako kirol zerbitzuek, ikastetxeek, klubek eta federazioek ere parte hartzen dute.

. Eredu hori ezartzeko bidean bi irizpide nagusi izan ditugu:

. Kirol sistema sistema bizia da, etengabe aldatuz doana, eta bizitasun horren eraginez tirabira ugari sortzen dira.

. Sistemak berak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu behar dira, esaterako, modalitate jakin batzuk aurrez ezarri, eragile onak diren agenteak baliatu, etorkizunean oihartzun handia izan dezaketen kirol berriak sartu, eta abar.

. Jarrera edo ikuspuntu hori dela eta, eredua abian jartzeko faseak modu batera edo bestera bideratu ditugu; hasieran, esate baterako, proposamenak zurrunagoak ziren, ereduaren funtsa gal ez zedin, baina denbora aurrera joan ahala malgutuz joan dira, behar besteko onarpen maila lortu ondoren.

. Jarrera malgu hori ekarri duena da, era berean, esku hartze eremuetan oso errealitate desberdinak egotea:

. Kirol modalitateak oso desberdinak dira elkarren artean, alderdi askotatik begiratuta: modalitatearen eta/edo osagai dituen diziplinen ezaugarriak, lurralde osoan duten ezarpen eta garapen maila, aritzeko garai egokiak, geroko urteetan kirola egiten jarraitzeko aukera, eredu eragingarriak beste kirol batzuetara aldatzeko aukera, eta abar.

. Beste gorabehera pragmatikoago batzuk, esaterako, modalitate batzuek sistema osoari presioa egiteko duten gaitasuna, eta ordainetan beste gauza batzuk lortzeko duten trebetasuna, ez bakarrik diruzkoak, baita ere tarteko diren administrazioen aldetik tratu malguagoa jasotzeari buruzkoak.

. Inplikazio eta jardun maila oso desberdinak tarteko diren eragile-taldeetan, bai ikastetxeen artean bai klub, federazio eta udalen artean.

Hori dela eta, inplikazio maila desberdinak identifika daitezke, egiturazko egoeren ondorio direnak, hala nola, ikastetxeen kasuan irakaskuntzako sare publikoan edo pribatuan egotea. Kluben kasuan egiturazko alderditzat jo daiteke kirol bakarrean jardutea edo diziplina anitzerako bokazioa izatea, kirol sail bat baino gehiago edukita, edota bere lurralde eremuko elkartze mailan monopolioa edukitzea, edota jarduerak edo programak gauzatzeko orduan beste klub batzuekin lehian aritu behar izatea.

Kontuan hartu behar dira, gainera, faktore pertsonalak, hau da, entitate bakoitzean pertsona batzuek inplikazio gaitasun eta maila handiagoak edo txikiagoak edukitzea, horrek berarekin baitakar entitatearen kirol jarduerari bultzada handiagoa edo txikiagoa ematea.

Udalen esku-hartzeetan ere era guztietako aukerak bereiz daitezke, hasi bokazio interbentzionista nabaria duten udaletako kirol zerbitzuetatik, eta tokiko kirol sistemaren antolaketan eragin txikia edo hutsa duten udaletaraino.

Azkenik, federazioei dagokienez ere, sorta zabala topatzen dugu, hasi gehienbat ikuspegi administratiboa duten entitateetatik, eta bere modalitatearen kirol garapenean bete-betean sartutako entitateetaraino.

c) Ezarpen prozesuaren emaitzak

. Ezarpen prozesu honen emaitzak baloratzerakoan ez dago zalantzarik, emaitzak onak izan dira alderdi kuantitatibotik begiratuta, baina ez alderdi kualitatibotik begiratzen badiogu. Horrekin esan nahi dugu ikasle gehiagok parte hartzen duela jardueretan, baina oso txikia dela kirolen kalitate maila.

. Orokortze ororekin gertatzen den bezala, halako balorazio batek ezkutatu egiten ditu erdietsitako lorpenak eta ikasleek egiten dituzten kirolen kalitate maila areagotzeko asmoz egin diren eta egiten ari diren urratsak.

. Alderdi kuantitatiboak

. Hona hemen alderdi kuantitatibo azpimarragarrienak:

. Jarduera eskaintza nabarmen hazi da: 20 kirol modalitate eskaintzen hasi ginen eta gaur egun 38 eskaintzen ditugu.

. Udalekin lankidetzan aritzeko hitzarmenak nabarmen hazi dira: 1993an 3 hitzarmen sinatu genituen, orain 54 ditugu sinatuta, eta guztira 62 udalek parte hartzen dute.

. Eskaintzen ditugun jardueretan parte hartzen duten ikasle kopuruak ere gora egin du, % 30etik % 70era, hain zuzen, eta horien artean gehienak mutilak dira (mutilak % 60, neskak % 40).

. Alderdi kualitatiboak

. Eskola kirolari buruzko alderdi kualitatiboak baloratzerakoan bi multzo handi bereiz daitezke: kirolen kalitateari buruzkoak, eta antolaketa egiturei buruzkoak.

. Kirolen kalitateari dagokionez, bereizketa bat egin behar da: alde batetik ditugu sustapen jarduerak (irakatsi beharrekoa programa baten arabera antolatzen da eta horien ardura duten pertsonak horretarako prestatuta daude) eta teknifikaziokoak (salbuespenak salbuespen, gauza bera gertatzen da), eta bestetik, lehiaketako jarduerak (parametro horiek nabarmen jaisten dira, eta hala erakusten dute heziketa eta jolas lehiaketei dagokien Gipuzkoako eskola kirolaren kalitatearen ebaluaketa eta hobekuntzari buruzko azterketaren emaitzek).

Nolanahi ere, azkeneko kasu horretan aldea dago modalitate batetik bestera, esaterako, gimnastikan, igeriketan, judoan, karatean, piraguismoan, belan, eta abarretan, teknikariek prestakuntza maila egokia dute, titulazioen egungo egoera kontuan hartuta, nahiz eta irakaskuntzaren programazioa batzuetan eztabaidagarria izan, eta beste modalitate batzuetan, berriz, hala nola, futbolean, saskibaloian, eskubaloian, eta abarretan, gabezia handiak daude.

. Errendimenduan hasteko lehiaketei dagokienez, ez dago horiei buruzko datu edo azterlan berezirik, nahiz eta haien egoerak antz handia duen heziketa eta jolas lehiaketekin, hau da, kirol batzuetan, esaterako, igeriketan, gimnastikan, tenisean, eta abarretan, teknikariek titulazio eskakizunak betetzen dituzte, eta beste batzuetan, berriz, futbolean, kasu, oso gabezia handiak daude, Gipuzkoako futbolaren plan estrategikoaren barruan bere garaian egin zen azterlanaren arabera.

. Lehiaketen laguntza edo kontrol teknikoa dela eta, egoerak nabarmen aldatzen dira kirol batetik bestera. Kirol batzuetan, hala nola, igeriketan, judoan, karatean, arraunketan, gimnastikan, eta abarretan, egoki prestatutako epaileak edo arbitroak dituzte, eta saioak duintasun handiz antolatzen dira; beste modalitate batzuetan, berriz, hala nola, futbolean, saskibaloian, areto futbolean eta abarretan, arbitratze lan gehienak berariaz prestatu gabeko jendeak egiten ditu, parte hartzen duten taldeen entrenatzaileek, normalean, txandaka egiten baitituzte lan horiek.

. Antolaketa egiturei dagokienez, ez dira gutxietsi behar ikastetxeetan eskola kirola kudeatzeko eta bultzatzeko zerbitzuei dagokienez lortutako emaitzak, ez eta kirolen kalitate maila areagotzeko herri eta eskualdeetan egindako ekimenak ere, hala nola, Oarsoaldean eta Bidasoaldean, ez eta teknikariak prestatzeko lurraldeko herri edo eskualde dezentetan egindako ikastaroak ere.

. Jardueretan laguntza teknikoa emateko ardura duten federazioak arduradun teknikoz hornitzeko ahaleginak ere ez dira gutxietsi behar, horiei esker egin baitira ondorengo gauza hauek, besteak beste: joko-arau egokituak negoziatzea eta gero haiek ezartzea, sustapen eta teknifikazio jarduerak irakasteko programak antolatzea, teknikariak prestatzeko jarduerak bultzatzea, eta dokumentazioa prestatzea kirol modalitateak irakasteko/ikasteko prozesuak arrazionalizatzeko eta egituratzeko, kategoria edo adin tarte bakoitzean lehentasunez landu beharreko irakaskuntza helburuak eta edukiak adieraziko dituzten prozesuak, hain zuzen ere.

. Egitura kontuak amaitutzat jotzeko Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua eratu eta abian jartzeko prozesua aipatu nahi dut.

. Azkenik, atal honekin bukatzeko, aipatu behar da Foru Aldundiak azken urteotan izandako helburu finkoa Gipuzkoako eskola kirolaren kalitate maila igotzea izan dela eta hala dela orain ere. Hori frogatzeko, hor daude lehen emandako datuez gain, egin diren zenbait azterlan, proiektu edo txosten, hala nola, lehen aipatutako Kalitatearen ebaluaketa eta hobekuntza, Eskola kiroleko irakaskuntzaren kualifikazioari buruzko txostena, zeinaren ondorioek jarraibide gisa balio izan baitute begiraleak prestatzeko oinarrizko ikastaroak eta irakaskuntza-ikaskuntza programak edota Lan harremanei buruzko txostena proposatzeko orduan.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2007 / 06 / 08-15