Luis María ZALDUA, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioaren zuzendaria
Traducción al español
Saroiak eta kortak Pirinioen eremu sartaldekoan dagoen kultura ondarearen alderdi ezezaguna dira. Garai batean ehunka saroi zeuden eta lurralde-antolaketaren oinarria ziren, baina gaur egun, eskuarki, haien idatzizko aztarnak baizik ez ditugu ezagutzen.
Saroien izaera hirutakoa da. Etxola, korralea eta larretokiak dauden lekuak dira saroiak, bai, baina, hala berean, eremu berezi eta berezituak nahiz abeltzaintza-ustiapen arauak edo eskubideak dira.
Euskal Herriko esparru zabal batean, antzinatik, eredu edo araudi bera egon da abeltzaintza-inguruaren ustiapen eta eraldaketarako. Behinolako abeltzaintza-ohituratik datorren eskubidea jabetza bihurtzea izan da azken aldaketa garrantzitsua saroien ibilbidean. Ematen du eskubide horren zehaztapena lehen milurtean gertaturiko aldaketekin dagoela lotua, eta, zehazkiro, Iruñeko erresumaren sorrerarekin batera amaitu zen aroarekin. Dena dela, saroien jatorri eta bilakaeraz aritzerakoan gogoan izan behar da beti Pirinioen inguru sartaldekoan historian zehar izandako aldaketak ez direla orobat gertatu alde eta aldi oro. Aldaketa horiek eragin dituzten zergatikoen nondik norakoa ere askotarikoa da: barrutik kanpora, kanpotik barrura...
Saroiak Euskal Herrian. Argazkia: www.saroiaketakortak.com |
Erdi Aro Goiztiarrean, gaurko zenbaitek aurkakoa dioen arren, mendialdeko biztanleriak ez zuen osatzen familia-harremanetan erabat oinarrituriko giza-taldea, espazioaren erabilpen-eskubidearen inguruan antolaturiko gizartea baizik. Espazioaren erabilpen-eskubidea bereganatuz indartu zen hemen aurrerago saroiak elizari emango zizkion aristokrazia. Halaz guztiz ere, saroiak ez dira Erdi Aro Goiztiarraren azken aldera sorturiko zerbait; antzinateko giza-antolaketaren oinordekoak dira zenbait gauzatan. Denboraren buruan, erabilpen-eskubidea zena jabego bihurtuz joan zen, monasterioen eta jauneriaren eraginez, besteak beste.
Saroiak eskubideak direla garbi ikusten da bi herriren artean (eta bi probintziatan) kokaturiko saroietan, edota larratzeko eskubidea eta egurra egitekoa bereizten direnean. Saroien zati edo txotxek gauza bera adierazten dute. Saroi baten hamasereinak ez du balio handirik jabetza bezala, baina bai eskubide gisa, hobeki esan, eskubideak izateko bide moduan. Herritarrek norbaiti “saroi-eskubidea eman ziotela” biltzen duten agiriak badira.
Saroiak izaera berezia eta berezitua duten eremuak dira, horrenbestez. Berezitasunez ari garenez, erdiko gune batzuk, berez, babes-elementuak lirateke, ez mugarriak. Saroien lehen aipamen idatziak Erdi Aro Goiztiarrekoak dira, baina erdiko gunearen euskal izenaren aurreneko lekukotasun idatziak 15. gizaldikoak dira.
Aldi hartan hausterretza-k ez zuen ezinbestean ‘mugarria’ esan nahi. Idatzizko lekukotasunek ‘sua egindako tokia’ adiera ere bazuela garbi egiaztatzen dute (esp. foguera). Guztiok dakigunez, batzuetan -tz(a, e) atzizkiak tokia adieratzen du eta, ondorioz, hausterreza-ren etimoa haust [hauts] + erre + -tza dela uste dugu, eta ez haust [hauts] + (h)arri. Abstarria (1452), abstarri (1487), (h)ustarria (1516) aldaeren ondoan austerreça (1433), austerraça (1433), vstarriça (1485) eta austerriça (1539-1542) aurkitu ditugu.
Hausterretzen ildotik, hauxe uste azpimarratu nahi dugu: duela hamarkada bat Gorostarbe eta Mendabiko erdiko guneetan egindako indusketetan bilduriko ikatz laginen jatorriak gizakiarekin zerikusirik ez duela pentsarazten digun daturik ez dugula aurkitu, bai, ordea, erromanizazioaren garairako, eta agian lehenago, saroiak edota haien aurrekariak bazirela adierazten duen askotariko informazioa. Hitz batean, Urnietako bi datazioekin lorturiko emaitzak gezurtatzen dituen informazioa ez ezen, datu horiek berresten dituzten zergatikoak bildu ditugu denboraren buruan.
Akolako saroia. Argazkia: www.saroiaketakortak.com |
Gehiago da: gure ustez saroiak, neurri batean, Kultura Megalitikoarekin daudeke lotuak, Kultura haren oinordekoak baitira zenbait gauzatan. Izan ere, ez du ematen Kultura Megalitikoa bat-batean erabat desagertu zenik. “Saroiak” diogunean, gauza materialez (erdiko guneaz) bakarrik ez gara ari, giza-antolaketaz (unamaizterra, ola-jauna, eli-jauna, buruzagia...), neurri-arauez (gorabila, gizabetea, hamalau-oina...), eta, batez ere, eskubideez ari garelako (herena, laurdena, hamaseirena).
Guztiarekin, galdera askoren erantzuna, idazkietan baino, saroietan bertan dago, erdiko guneetan batez ere. Orain arte hamarka erdiko gune baizik ez ditugu ezagutzen, baina ehunka egon dira. Merezi du, beraz, ikertzea ez ezik, saroiak babestea, erdiko guneak bereziki, aurrerantzean ere guztiok ikertzen jarraitu ahal izateko, zuk, guk eta haiek, mendialdeko antzinako gizartea (eta gaurkoa) hobe ulertzeko.
Saroiak eta haien erdiko guneak babeste aldera, aurreneko urratsa Pirinioen eremu sartaldekoan izan duten garrantzia aditzera ematea da, ezezaguna dena maitatzea ezinezkoa delako. Gainera, denboraren buruan ikasi dugu lan hauetan ezin daitekeela bakarrik ibili: taldean ez ezen, sarean aritzea beste erremediorik ez dago. Izan ere, beste batzuei ere saroiez hautatu zaie begia. Ildo horretan, www.saroiaketakortak.con URLan gure lana argitara ematearen helburuetako bat saroiak ikertzen ari garenon arteko saretxoa eratzen laguntzea baizik da. Ea bada denon artean gure nortasunaren ezaugarri den heinean, hemendik Kulturari egindako ekarpena ere baden ondarearen behar moduko babesa lortzeko gai garen.
Erdiko gunea duten saroiak idoro ditugu, besteak beste, Aezkoa, Baztan, Basaburu Txikia (Goizueta, Leitza), Oiartzun, Errenteria, Hernani, Urnieta, Zizurkil, Elduain, Aralar, Altzania, Leintz-Gatzaga, Oñati, Legazpi, Elgoibar, Legutio, Arrazua-Ubarrundia, Dima, Otxandio, Alonsotegi, Mendexa, Amoroto, Markina, Gamiz, Morga, Murelaga eta Berriatua-Mutrikun.
Gongeda, Peripando eta Artibako kortak. Argazkia: www.saroiaketakortak.com |
Saroien lekukotasunak ondoko lekuotan aurkitu ditugu: Zaraitzun (Ori, Abodi, Ezkaroze), Aezkoan (Garralda), Orreagan, Erroibarren, Esteribarren (Larrasoaña), Zugarramurdin, Urdazubin, Beintzan (Labaien), Basaburu Nagusian (Beruete), Larraunen (Baraibar), Berastegin, Andimendin, Entzian, Asparrenen, Zalduondon, Donemiliagan, Barrundian, Aiaran, Orduñan, Zeanurin, Busturian, Lekeition, Elorrion, Markinan, Durangon, Aramaion, Aizarnan, Errezilen, Aian, Villabonan, Usurbilen, Ataunen, Zegaman, Azkoitian, Azpeitin, Bergaran eta Elgetan, asko eta asko erdiko gunea izan dutenak, guztiak ez esateagatik. Orobat Luzaiden, Alduden, Kintoan, Eiheralarren, Urepelen, Bankan, Lasan, Bortzirietan (Etxalar, Bera), Hondarribin, Deban, Amorebietan, Busturian, Zeberion, Igorren, Gueñesen, Sestaon, Arrigorriagan, Berrizen eta Mañarian. Badaiteke, Gasteizen, Ollaranen (Senosiain), Etxarri-Aranatzen, Arbizun eta Larrainen ere saroiak egotea.
Hirugarrenik, saroi eta korta hitzen lekukotasunek beteriko lurralde zabala dago, erdiko gunea duten saroien eremua biltzen duena. Saroi hitzaren hegoaldeko muga Harana-Iturrieta, Urbasa-Andimendia, Deierri, Zirauki, Gares, Artaxoa, Tiebas, Muru Artederreta, Eslaba, Ezporogi eta Irunberri lotuz marraz liteke. Korte / gorte-ren hegoaldeko muga, ostera, Arraia-Maeztun, Entzia-Iturrietan eta Artaxoan barrena igarotzen da. Iparraldean, azkenik, saro / saroi-ren arrastoak daude Sara, Arnegi, Baigorri, Arrosa, Ortzaize, Irulegi, Azkarate eta Lekunberrin.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |