Iokin Zaitegi. Mendeurrena (1906-2006)Escuchar artículo - Artikulua entzun

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA

I
  Iokin Zaitegi
Iokin Zaitegi.
okin Zaitegiren jaiotzako mendeurrenean izan diren ekitaldi eta hitzaldietan erabili ditudan zenbait pasarte aldatzen ditut hona, Euskonews-en irakurleek ere aukera izan dezaten.

Aurtengo irailaren 21ean Arrasaten plaka jarri zaio Zaitegi bizi izan zen etxeari, Zaitegi han bizi izan zela gogoratzeko. Txomin Txiki-enean (Erdiko Kale, 17) jaio zen baina amaren aldeko bere aitonarena zen eraikin honetara aldatu zen aurki. Eta hemendik irradiatu zuen Iokinek bere haur mundua. Hemendik bere lehen eskolara - Haur Eskola- 19. zenbakian, hemendik berrogeita hamar metro inguru zituen. Hemendik Santa Barbara parkera, Erdiko Kaleko aldapa honetatik gora, Benito Axpe, Antonio Azkoaga eta Juanito Mancebo bere lagunekin. Hemendik, Arrasate Pasealekutik barrena, Etxaluze eta Axeri baserrietako inguruetara. Hemendik bere parrokiara, Don Pacoren monagillo. Hemendik, noizik behin, garai hartako arrasatearrentzat herriko mugaz kanpo zegoen Musakola auzora... edota Uribarrira.

Zaitegi noble samar jaio zen, langileriak Arrasate txiki hartan markatzen zuen mailarekin alderatuta. Zaitegi ez zen beste haurren modukoa. Amaren aldeko aitonak Union Cerrajeraren ugazabekin zituen harremanak... Areago, lantegiko akzioduna zen Simon Plazaola. Iokinek liburuak maite zituen, zeharo kualitate bitxia orduko umeen artean... etxeetan libururik ez zen izan ohi eta. Zaitegi -Orixek idatzi zuen moduan- “kalekume zango zuri” zen, baserrietatik egunero -oinez edo astoz- eskolaraino jaisten ziren batzuk ez bezala. Yon (Yontxu) Arana mutikoaren antzera, adibidez. Txorien izenak eta landareen deiturak menderatzen zituen bedoñar hura ikaskide izan zuen Iokinek Haur Eskolan. Urte batzuk geroago Zaitegik idatziko zuen Yontxuri (Loramendi poeta, hain zuzen) inbidia ziola... bera ez baitzen gai birigarro eta zapelaitza bereizteko.

Eta, zer esanik ez, Zaitegiren moduko noble bat jesuita bakarrik izan zitekeen, berari otu zitzaion bezala. Aita Basabek konbentzituta, noski. Eta erabaki horrek Zaitegi dimentsio berri batera igoarazi zuen, gure Iokin euskaldun guztion ondarea bilakatuz. Arrasatear “kalekume zango zuri” hura euskalgintzako Kixote bihurtuko zen. Eta hain zuzen ere, horregatik gaude hemen.

Etxe hartan eman zuen Zaitegik, Ameriketatik betiko herriratuta, 1972-1976 bitartekoa. Lau urtebete... Urte gogorrak Zaitegirentzat. Urte latzak, fisiko zein moral aldetik. Eta zerbait esan dezaket horretaz... ordu batzuk eman bainituen berarekin, bere gelako iluntasunak eta hotzak gainezka.

Iokin Zaitegi  
Iokin Zaitegi.
Etxe hartako ormek ikusi zuten Zaitegi, jo eta su bere xede handiaren kontrako lasterketan. Hantxe erre zituen bere azken sosak, ilusioak eta osasuna. Hantxe erre zitzaion, adierazpenik borobilenean, bere liburutegia eta artxiboaren zati garrantzitsu bat... Hantxe burutu zituen bere azken liburuak... Platonen konplizitatearekin gauzatuak. Hantxe galdu zuen ama... Lau urte itzel, jendearen indiferentziak jota. Ia-ia bakartasunean.

Eta handik atera zen 1975eko amaieran Oñatirantz... bere etxera berriz ez itzultzeko. Eta bere txoko eta bazter haiei agur esan zien, lar sufritu gabe, nonbait, bizitza guztian maletekin alde batetik bestera aldatzeko ohituta dagoen pertsonen arabera. Azken aurreko etxe aldaketa zuen hura.

Zaitegiren bizitzan eragina izan zuten pertsonaia batzuen gaineko aipamena egin nahi dut jarraian:

Simon Plazaola

Iokinen aitona da, arrasatear petoa bihurtuta, nahiz eta Leintz Gatzagan jaioa izan. Sarrailaria zen, ofizioz, eta Arrasateko aro modernoko industriaren adibiderik argigarrienetakoa dugu. Herriko orduko industrialik adierazgarrienen adiskidea zen eta beraiekin hasi zen lanean 1864an, gero Unión Cerrajera izango zenaren “Almacén de Cerrajería” zeritzan lantegian. Akzioduna ere bilakatu zen handik gutxira.

Zaitegik ez zuen bere aitona ezagutu, hau 1897an hil baitzen, baina beti geratu zitzaion gizon haren gaineko “kezka”, izan ere XX mendearen hasierako sendi osoaren ibilbidea aitonak irekitakotik burutu zen.

Simonek kapital txiki bat egin zuen eta Arrasateko Erdiko Kaleko 52 zenbakiko etxea erosi zuen, aurrerantzean eta mende oso luze batean sendi egoitza bilakatuko zena. Simon Plazaolak, bestalde, aurrezki kutxa txiki baten betebeharra egiten zuen, lagun eta ezagunen dirua gordetzen zuelarik.

Simonek egin zuen diru pilo apurra ondorengoentzat utzi zuen, Ameriketara joandako bi semeak barne. Baina Francisca alaba, -hau da Iokinen ama- izan zen etxearekin geratu zena eta aitonaren diru hondarrekin, sendi hartako semeei ikasketak eman ahal izan zitzaizkien. Lau anaietatik hiru goi mailako ikasketak izatera helduko ziren, eta bat bakarrik elizaren edo kongregazio baten kontura. Horrek esan nahi du etxe hartan giro berezi bat zela formakuntzari dagokionez.

Zaitegik etxe hartantxe, bertantxe irakurri zituen lehendabiziko liburuak; umeentzakoak eta erlijiosoak, gehien bat, Don Paco abade zenaren laguntzaile izateak -eliz mutila zen- ematen zion aukera aprobetxatzen baitzuen. Amak Don Jose Joakin Arin erretorearekin zuen adiskidantzaren bitartez heltzen ziren etxe hartara irakurgaiak, Iokinek gustura irensten zituenak.

Francisca Plazaola Martinez de Alegría

Iokinen bizitzako emakumerik garrantzitsuena.

1880-10-10ean jaioa Arrasaten bertan, Simon Plazaola Zabaleta eta Angela Fermina Martínez de Alegría Ortiz de Elguearen alaba zen, azken hau haren bigarren emaztea zena, eta jaiotzez mendibiltarra genuen. Gurasoak ezkondu zirenean (1870), sendi etxea artean erosi gabe zeukaten (1877), eta beste batean bizi izan ziren.

Francisca bosgarrena zen, sei seme alabaren artean.

Juan Zaitegirekin ezkondu zen 1903ko ekainaren 13an. Eta 1932ko azaroaren 30ean bereiztu egin ziren.

Francisca emakume gogorra zen, zailtasunetara ohitua, zeharo. Urte luzez bakarrik bizi izan zen eta estualdi dezente jasan zituen. Bihotza gogortu egin zitzaion, idortzeraino esango nuke.

Ezagutu nuen emakume hura, Iokin baino askoz lehenago. Kolegiorako bideko aldapan gora egiten genuela, eguzki errainuetara eserita, etxeko atartean egoten zen, udako arratsaldeetan, auzokoren batek lagun. Emakume hura nor zen jakin aurretik ere, deigarria iruditu zitzaidan beti, erakusten zuen portaera irmoa zela eta. Txikitxoa, beti beltzez jantzia. Goizeko seietako mezatarako ohitura zuenak erregimen espartanoa zeraman, bere baliabide murritzei atxikia.

Juan Zaitegi Ibarzabal

Aitaren aldetik, ausartuko nintzateke esatera, arabar jatorria zuten, jaiotakoen artean 1818koa delarik aurkitu dudan lehen Zaitegi Arrasaten, Benita Joaquina Zaitegi Arrese, aitaren bigarren abizena Landaburu zelarik1.

Amaren aldetik bizkaitarrak ziren, Ixurtzakoak (Jose Antonio Rafael Ybarzabal Bargundiagoitia zen Juanen aitona; Arrasaten bigarren abizena Usorgondia bilakatzen zaio).

Juan Zaitegi Ibarzabal, Iokinen aita, kalamidade hutsa izan zen, berarekin tratu izan zutenek diotenez. (Aita kalamidadea eta ama kandela baino zuzenagoa). Nik ez nuen ezagutu, 1946ko urriaren 20an hil baitzen. Iokin Guatemalan zegoen ordurako. Aitarengandik ez dut uste ezer ikasi zuenik.

Iokinek hitz gutxi zituen bere aitaren gain. Gutxitan mintzatu zitzaidan hartaz. Eta egiten zuenean halako laztura bat antzeman zekiokeen hitzetan, aitarenganako oroitzapena eroso gertatuko ez zitzaion bezala.

Egia esan, Zaitegik oso harreman gutxi izan zituen bere gurasoekin. 1920eko uztailean, hamalau urterekin2 aldatu zen Durangora eta 1955ra arte, bizitzera urtebete eskas batez Arrasatera itzuli zela, buruz buruko elkar ikusteak oso urriak izan ziren gurasoen eta semearen artean. Ameriketara Miarritzetik itzulita 1962an, beste hamar urtez kanpoan egongo da. Eta ama Zaitegi behin betiko geratzeko asmoz Arrasatera ailegatu eta hiru hilabetetara hil zen, 1972ko urriaren 28an, 92 urterekin.

Francisco Urrutia eta Elias Azpiazu

Zaitegiren lehen maisuak izan ziren, eta Iokinek beti gorde zuen haiekiko estimu handia. Maisu apalak, herriko maisuak, hain zuen, beren ikasgaiak herri jakinduriaz zipriztintzen zituztenak. Batez ere Azpiazu izan zen Zaitegirengan zeinu sakonagoa utzi zuena. Formazio liberalagokoa, liberal hitza zentzurik inozoenean erabilita. Urrutia naturalagoa bide zen, Espainiako ibaien izenak erakutsi aitzin Arrasatetik igarotzen diren errekenak erakustea nahiago zuena. Gizon haiengandik edan zuen Zaitegik lehen heziketaren ura; haiekiko begirune eta eskerronari eutsi zion bizi izan zen bitartean. Esan daiteke haiek piztu ziotela jakinerako gose grina, sekula abandonatuko ez zuena.

Errandonea, Estefania, Agirrezeziaga

Maisu handiak, boteretsuak. Formazio klasikoan eraikitako nortasun pedagogikoko irakasle borobilak.

Aita Pedro Boetto

Josulagunen bisitari nagusia izan zen Gaztela eta Aragoi lurraldeetarako, 1919-1921 urteetan. Genovako Kardinala Artzapezpikua izan zen eta hiriko apaizgaitegia judutarrak hartzeko, babesteko, erabili zuen nazismoaren garaian. Irekia bere pentsamoldean, honela idatzi zuen Oñako barrutia bisitatu zuenean, 1921ean:

“Hemos de estar ajenos e indiferentes a toda cuestión política, pero no a la lengua de la región en que residimos, pues la lengua de suyo implica la defensa o la impugnación de ideas políticas, y además San Ignacio la recomienda, pues tratando de los medios de ayudar a los prójimos dice: “studeant que ad id munus obeundum linguam populo vernaculam bene addiscere”. Por la misma razón, en la regla 10 de los Comunes se manda “que todos aprendan la lengua de la región en que residen”.

Luego, según el espíritu de nuestra vocación, también en las lenguas regionales debemos tener excelentes operarios, predicadores, escritores. Deber que resalta directa e inmediatamente del fin de la Compañía; pues para obtener la mayor gloria de Dios y la salvación de las almas, es preciso conocer la lengua de aquellos a quienes queremos salvar”.

Baina gauza bat da pulpitutik predikatzea eta beste bat, guztiz desberdina, gari ematea. Honela irakur daiteke “Orixe”-ri gertatutakoa3,

“Tuteran oraino zegoela, Pedro Boetto ordenaren bisitatzaile nagusiari igorri zion eskutitza bere arazoek zuten zergatiaren azalgarri gerta dakiguke: «Después de mucho preguntar, el P. Etxenike en Tudela me dijo de parte del P. Leza, que me acusaban de bizkaitarra, así llaman a los nacionalistas vascos. Pruebas, ninguna. El hecho que me refirieron otros, no los superiores, fue que según el P. Bianchi, yo contribuía secretamente a la redacción de un folleto periódico nacionalista, haciendo campaña en pro de esas ideas (...) Se atenua todavía mi falta porque fue protesta natural de ver perseguido el vascuence. A mí mismo me sucedio, que habiendo saludado con una sola frase a un seminarista, me recordó un simple gramático: Padre, esta prohibido hablar en vascuence. Claro, que cuando se juntaba una terna de catalanes, no hablaban otra lengua que la suya, pero no se atrevían con ellos. Después, los inquietos y alborotadores, los vascos».

Edota Zaitegik eskaintzen dituen hamaika adibide esanguratsuak ere hortxe daude, erakuspen argi bat, josulagunen etxean jazarpen sistematikoa izan dela euskaldunen aurka. Gaizka Barandiarani ere gauza bera gertatu zitzaion. Barandiaran ez zen noble jaio.

Wlodimir Ledochowski

Vienan jaioa, hogeita seigarren nagusia izan zen Josulagundian, 1915etik 1942ra arte. Beraz, Zaitegiren ia ibilbide osoan izandako nagusi bakarra. Hurrengoa, Zaitegiren hondarretan, Jean Baptiste Janssens belgiarra izan zen. Baina Zaitegik ez du ezta aipatu ere egiten bigarren hau.

Zaitegik ez zuen harreman zuzenik Ledochowskirekin, baina pairatu behar izan zuen gizon haren politika. Begi bistan dago euskal josulagunen bidean oztopo izan zela Ledochowski; oztopo ez ezik estatu gabeko nazionalismoentzako zigorra bilakatu zen josulagun nagusi aristokratikoa. Beraren ideia izan zen 1918an estatu katolikoen federazioa sortzea, Sobiet Batasunaren kontrako aliantzan. Eta dokumentu bat ibili bide zen zenbait enbaxadatan. Ledochowski faxistekin lerrotu zen eta judutarrekiko bere jokaera zalantzagarria gertatu da gure egunera arte. Euskal abertzaleentzako haren jokaera ez da zalantzagarria, argia baizik: ez zituen onartzen.

Josulagundiaz barneko jarrera euskal kideentzat espainiar errepublikaren garaian ez zen erreza ulertzeko. II Errepublikak josulagunak kanporatzeko dekretua aldarrikatu zuen 1932an, nahiz eta ez zen sekula bete. Zaitegi eta lagunak, teorian bederen, erbesteratuta zeuden... nork bidaliak eta euskal abertzaleek ontzat ematen zuten erregimen politiko batek! Nola ulertu hori? Baina ez da egia txikiagoa, josulagunen jokaera ez zela hain gogorra izan ohi, euskaldunena baino komunitate handiagoa osatzen zuten beste gutxiengotako kideekin. Hementxe ere, indarraren arrazoia arrazoiaren indarraren gainetik zegoen, ahalkeen kalterako.

Errebeldeentzat Konpainiak Ameriketarako bidea erabili ohi zuen sarri. Ozeano batek aldenduta, otzanduko ote ziren esperantzan igortzen zituzten kide protestatzaileak.

1938an El Salvadorrera heldu zen, eta hiriburuko San Salvador sumendiaren alboan San José de la Montaña Apaizgaitegia4 izango du aurrerantzean lantegi Zaitegik. Apaizgaitegia 1845ekoa zen baina urte hura izan zen lehena, josulagunek Apaizgaitegiaren kudeaketaz arduratzen zirela. Bera heldu zenean 70 inguru ikasle ziren zentro hartan; 1944an Lagundia uzten duenean Apaizgaitegiko ikasleria bikoiztuta zegoen kopuruz. Zaitegik teologia eta idazteunak (idazki sakratuak) erakusten zituen, ingelesa eta grekeraz gain. Apaizgaitegiko “canpusa” gustukoa zuen Zaitegik, ikasleen formazio osorako aukera ematen baitzuen, kirol instalazioak zirela eta, ingurugiro osasuntsu batean. Kontuan izango du hori, urte batzuk beranduago Guatemalan bere ikastetxe propioa duenean.

Zaitegiren nagusia Apaizgaitegian Agustin Bariain (Beriain idazten du Zaitegik) zen, nafarra jaiotzez. Lehendik ezagutzen zuen arrasatearrak bere nagusia, euskaldunak begi onez ikusten zituen garaietatik, hain zuzen. El Salvadorren, ordea, haren errieta eta zigor mehatxuak jasan zituen. Zaitegik Beriainen gaineko mugaketa egiteko zioenez, “eguzkia nora zapia hara” zen.

El Salvadoreko Apaizgaitegian zegoela ezagutu zuen Guatemalako Artzapezpikua. Eta Zaitegi hurreratu egin zitzaion.

Mariano Rosell Arellano

Mariano Rosell Arellano zen Guatemalako artzapezpikua eta Zaitegi artean El Salvadorreko San José de la Montañako Apaizgaitegian lanean ari zela mintzatu zen Arellanorekin, Guatemalara aldatu nahi baitzuen arrasatearrak... Lagundiaren lokarrietatik aske. Arellanok pertsona egokia ikusi zuen Zaitegi, Guatemalako Ciudad Vieja-ko San Jose elizako erretore izendatzeko. Eta laguntza eskaini zion, aldaketa egiteko.

Guatemalara iristen denean Jorge Ubico presidentea, euskal jatorrikoa bera, dimisioa aurkeztear zegoen. Hala ere, Zaitegi ezagutu nahi izan zuen, norbaitek -ziur asko Arellano artzapezpikua bera- azaldu baitzion jeneral diktadoreari Guatemalako mugan fraide bat ageri zela, egoskorra bere jarreran, sakelan euskal pasaportea bakarrik zeramalako eta harekin sartu zela. Ubico jenerala -diktadore guztiak bezala- gizon iluna zen, beldurgarria, eta begirune gutxi zien gizarte gutxiengoei, Guatemalan batez ere indioek adierazten zutena. Kontuan izan behar da Zaitegi hara heltzean konstituzioaren bermeak etenda zeudela, Ubicoren errepresioa zela eta. Baina Zaitegi ez zen hain errez kokiltzen eta aurrera jo zuen bere saiakeran.

Zaitegik kontatzen zuenez, oso elkarrizketa bitxia izan zen. Ubicok zutik errezibitu zuen Guatemalako Presidentziaren Jauregi modernoan. Eta lehendabiziko hamabost minutuak jeneralak euskal gaietaz galdetzeko erabili zituen. Ubicoren lan gela zabala hiruzpalau aldiz gora eta behera ibili ondoren jarleku eroso batean eseri eta honela esan bide zion Zaitegiri: “Oraintxe ulertzen dut zergatik ez duzun Guatemalara sartzeko euskal pasaportea besterik erabili. Zu bezain kaskagogorrak al dira euskaldun guztiak? Aitortu behar dizut nire aitaren aldetik euskal odol apur bat badudala... ” Eta Zaitegi, egoskorra bezain diplomatikoa bere bizitza osoan, erantzun zion: egoskortasuna eta arrazoia ez dira etsai. Ubico jenerala 1944ko uztailean bota zuten lehendakaritzatik eta Ponce jeneralaren agintaldi laburraren ostean Juan Jose Arevalorena etorri zen, 1944ko urrian.

Ubico aipatu dut eta badirudi Zaitegik goia jo zuela herrialde hartako presidenteekiko harremanei dagokienez, baina ez da horrela. Goazen aurrera eta ikusiko dugu nola mugitzen zen Zaitegi politikaren ur haietan.

Guatemalan izan zuen lehen lana, eliza apostolutzaz gain, “Instituto América” izenekoan izan zen. Institutuaren garaiko zuzendaria Arevalo presidentearen idazkaria zen. Arevalok, aspaldiko partez militarra ez zen lehendakaria, hezkuntza sistema bultzatu zuen lehen lehenik. “Instituto América” ez zihoan ongi, eta ugazabak Ministerioan hitz egin zuen zuzendaria aldatzeko. Arevaloren gobernuak jarritako baldintzetako bat, idazkari berria ospe eta eskarmentu handiko pertsona izatea izan zen. Eta Zaitegiri eskaini zioten kargua, Monsanto ugazaba, Arevaloren idazkaria eta Iokinen beraren arteko bilera batean. Halaber, Hezkuntza Ministerioaren Argitaldariko zuzendaritzan esku hartzea eskatu zitzaion. Zaitegik hura guztia onartu ahal izateko ipinitako bere baldintzen arteko bat hauxe izan zen: soldataz gain, Institutuak eman litzakeen irabazien erdia berarentzat izatea. Hala ere, Institutuak ez zuen Zaitegi aberats bihurtu.

Zaitegik tartekatu zuen “Instituto America”-ko lana eta San Carlos Unibertsitatean egiten zuena. Unibertsitatea Arevalok presidenteak inauguratua, denbora berrietarako eredurik bikainena zen eta bertan humanitateak eta, oro har, letrak langai bilakatu ziren erregimen berriarekin. Baina 1951ean “Liceo Landibar” bere ikastetxea jarri zuen martxan.

Zaitegik diru kopuru bat El Salvadoreko Muyshdont de Langhe jaunarengandik jaso zuen Lizeoaren lehendabiziko gastuetarako. Eta urte hartan bertan (1951) Jacobo Arbenz-ek hartu zuen Guatemalako lehendakaritza. Arbenzek nekazal iraultza aldarrikatu zuen, estatubatuar United Fruit Company, IRCA (International Railroad of Central America) eta Electric Bond and Share konpainiek adierazten zutenaren aurka, 1944ko Urriaren iraultzaren arrazoietako bat “populazioaren zati handienen bizitza kalitatea hobetzea eta Guatemalako atzerapen ekonomikoa gainditzea” zela argudiatuz. Komunistatzat hartu zuten Arbenz eta bere burua eskatu zuten guatemaltar aberatsek... Arellano artzapezpikua operazio kolpistaren lemari printzipala bilakatu zelarik.

Zaitegiren artzapezpikuak, eskuin indarrekoa bera, guatemaltar Kristau Demokrazia sortu zuen, espainiar falangisten irudira, eta Arbenz botako zuen Castillo Armasen zerbitzura jarri zuen. Baina Zaitegik mesedetxo bat zor zion Arellanori -gogoratu honi esker sartu zela Guatemalan- eta artzapezpikuak detailetxoa oroitu zion. Eta presidenteak atzerritar koloniarekin izango zuen hurrengo batzarrera agertzea eskatu zion arrasatearrari, haren asmoetaz ahalik eta informaziorik gehien lortzearren Zaitegi espioi lanetan! 1954an gaude, eta Jacobo Arbenzen kontrako Arellanoren pastoral idatzia CIA-ren hegazkinek bota zituzten guatemaltar zeruan.

Zaitegi eta Arbenz lagunak ziren Arevalo aurreko presidentearen garaietatik. Arbenz Defentsako Ministroa izan zen Arevalorekin, eta hark harreman estuak izan zituen Francoren kolpe faxistarengatik Espainiatik atera behar izan zuten errepublikazale batzuekin. Horien artean Zaitegi zegoen, Arbenzekin sarritan elkarrizketatu zena. Bien artean adiskidantza sortu zen.

Zaitegi bere artzapezpikuaren aginduetara zegoen, alde batetik, eta Arbenzenganako zintzotasuna ezin zuen ahaztu, bestetik. Zaitegik lortu zuen audientzia bat Presidentearekin eta Guatemalan gertatzen ari zenaz bere kezka azaldu zion. Arbenzek, ordea, bere erara lagundu zion Zaitegiri: “Drogazale bilakatu naiz, eta CIA daukat hornitzailea. Laster akabatu egingo naute... eta Guatemala Ponceren garaietara itzuliko da, tamalez” .

Zaitegik ez zion elkarrizketaz ezer azaldu artzapezpikuari, horrek nahikoa baitzuen bere tramarekin. Arbenz bota zuten 1954ko ekainean, baina ez zuten erail, berak suposatzen zuen moduan. Aldiz, Guatemalak maldan beherako prozesu tetrikoari ekin zion une hartatik.

Arevaloren urteetatik ere mantentzen zuen adiskidetasuna Zaitegik beste ministro batekin: Enrique Muñoz Meany. Kanpo Harremanetarako Ministroa izan zen, 1944-45 eta 1947-49 aldietan. Muñoz Meany gai zen esateko: “Ameriketan ez da inoiz ezker muturreko gobernurik izan. Eta izan dira beti, gaur sekula baino gehiago, eskuineko gehiegikeriak, mendetako atzerapentzat hartu ezin daitezkeenak. Hori baino larriagoa da, ilunagoa: egoera berriak, beren izugarrikerian hobetuak, Hitler eta Franco euren aitzindarien denborarik gaiztoenetan bezala”.

Muñoz Meany Guatemalako Pariseko enbaxadorea izan zen ere eta ofizioz literaturako irakaslea. Zaitegirenarekin bikain ezkontzen zuen bere zaletasuna, eta sarri biltzen ziren estetikaz (estetikaren gaineko kritikoa ere genuen) eta etikaz mintzatzeko. Muñoz Meanyz baliatu zen Zaitegi 1951ean, Andima Ibinagabeitia Guatemalako bidean jartzeko... baina baimena lortu arren elantxobearrak uko egin zion aukera hartan.

Muñoz Meany 1951eko abenduaren 22an hil zen Parisen. Zaitegik zioenez euskaldunok biziki estimatzen zuten Muñoz Meany, garai hartan guatemaltar gobernuaren bidali berezia Frantzian. Zaitegik berak kontatua dakit ondoko anekdota hau: munduko bigarren gerraren sasoia zen eta Zaitegi Guatemala sartzear zegoen.. Ubico jeneral diktadorearen azken uneak ziren. Unibertsitateko irakasleak prestatzen ari ziren diktadorearen kontra aritzeko. Irakasle haietako batzuek jo zuten britainiar enbaxadorearengana, ematera zihoazen estatu kolpeak porrot eginez gero enbaxadan sartzerik izango ote zuten galdetzera. Enbaxadoreak adierazi zien, bere herriak ez zuela ezer sinatuta enbaxadetako babes (asilo) politikoari buruz.

Kolpea garaile irten zen eta Ubico jenerala espainiar enbaxada frankistara sartu zen, baina honek -faxista izanik eta kolpista demokratak aurrean eduki zitzakeela pentsatu bide zuelarik- britainiar enbaxadara joan zen, Ubico jenerala berarekin zeramala. Eta britainiarra aurkitu zen zalantza hilgarri batekin: kolpistei ezetza esan zien -eta une haietan gobernua ziren- eta diktadorea berarekin zeukan. Zer egin? Gobernura abiatu zen eta behin behineko gobernuaren idazkaria zen Enrique Muñoz Meanyrekin elkarrizketatu zen. Eta horrek baimena eman zion diktadorea eraman zezan britainiar destruktore batera eramateko. Jarraian telegrama bat bidali zuen Foreign Office-ra, enbaxadorearen jokaera deitoratuz eta “persona non grata” aitortuz.

Enbaxadorea Londresera deitu zuten eta hantxe komunikatu zioten guatemaltar gobernuaren erabakia. Buru makur, gizon hark Londreseko euskal ordezkaritzara jo zuen eta bertakoek txosten bat prestatu zuten enbaxadorearen alde, espainiar gerran Errepublikaren aldeko lan sakona egin zuena. Txosten hura Muñoz Meanyren eskuetara heldu zenean, balorerik gabe utzi zuen “persona non grata” aitorpena, euskaldunen testigantza ontzat emanez.

Landibar Lizeoa

Rafael Landivar Bustamante, XVIII mendeko josulagun poeta bat zen. Filosofia eta teologiako irakaslea izan zen Guatemalan, eta bertatik desterrura bidali zuen Landivar Carlos II errege espainiarrak. Lehenik Mexikotik eta geroago Boloniatik, edozein erbesteraturen tragedia pairatu zuen Landivarrek. Latinez sortutako “Rusticatio Mexicana” deritzan obra du entzutetsuena, Italian idatzia, eta bere sorterriari buruzko poema multzo handia da, bost tomotan argitaratua. Hori dela eta, guatemaltar poeta nazionaltzat daukate.

Baina desterruko ozpintasunetik erdietsi zuen aintzaren koroa. Guatemalako poetarik handienetakoa izanik, bere aberritik urrun idatzi eta kantatu zion izpiritu nazionalari. 1793ko irailaren 27an hil zen eta ustezko bere gorpuzkinak 1950ean aurkitu zituzten Bolonian. Handik gutxira Antigua Guatemalan - poetaren jaioterria- ehortzi zuten.

Zaitegik “Rafael Landivar el poeta de Guatemala” José Mata Gavidiaren liburua irakurri zuen 1950ean eta harrituta geratu zen poetaren bizi indarraz. Haren poesiaren indarrak erakarria eta, nola ez!, abizenaren euskal jatorria kontuan izanda, Zaitegik erabaki zuen Landibarren izena ipini behar ziola bere proiektu berriari. Hala egin ere, baina Zaitegik “v”a “b” bilakatu zuen. Eta, noski, hori ez zen ongi ikusia izan guatemaltar zenbait zirkulutan.

LA UNIVERSITA’ DI SAN CARLO DI GUATEMALA
ALLA MEMORIA DELL’UMANISTA INSIGNE
DON RAFFAELE LANDIVAR
SACERDOTE
E
POETA GUATEMALTECO
CHE
CANTO' CON FERVORE LA PATRIA LONTANA
NEL POEMA GEORGICO
RUSTICATIO MEXICANA
NELLA CLASSICA LINGUA
DI ORAZIO E DI VIRGILIO
IN RICONOSCIMENTO ALLA DOTTA
CITTA' DI BOLOGNA
CHE
NE ADDOLCI' GLI AFFANNI NEI CINQUE LUSTRI
D'ESILIO
E
A QUESTA
PARROCCHIA DI SANTA MARIA DELLE MURATELLE
CHE
NE CUSTODI' MATERNA I RESTI
PER CLVI ANNI
IN NOME DELLA PATRIA
ALLA QUALE TANTA GLORIA EGLI ACCRESCE
QUESTO MARMO DEDICA
OGGI
XI NOVEMBRE MCMXLIX

Carlos Martinez Duran

Zaitegiren errektorea izan zen San Carlos Unibertsitatean. Medikua zen eta Iokinek zioenez oso gizon irekia zen, beti laguntzeko prest egoten diren horietakoa. Medikua zen eta Zaitegiri hamaika aholku eman bide zizkion osasunari buruz. Martinez Duran, besteak beste, Zaitegiren botoarekin izendatu zuten errektore, irakasle, ikasle eta langileek esku hartu zutelarik Unibertsitate hartako lehen hauteskunde demokratikoetan, 1944an.

Zaitegik harremanari eutsi zion urte luzez, eta Baionan ari zela ere elkarri gurutzatu zizkioten zenbait eskutitz, gizon hark Zaitegirengan miresmena sortzen zuelarik. Zaitegiri, batez ere, gizon haren formazio humanistikoa interesatzen zitzaion, filosofia, literatura eta artearen historian ere aditua baitzen. Baina ez zen hori bakarrik: giza eskubideak gero eta zapalduago zeuden garaietan Martinez Duranen jarrera oso kritikoa izan zen Guatemalako gobernuarekin eta disgustuak izan zituen. Zaitegi Baionatik jarraitu zuen Martinez Duran-en hautagaitza prozesua berriro errektore izateko, 1958an.

Inoiz esan zidan Zaitegik, Martinez Duranek behin bere lankidetza eskaini ziola Euzko Gogoan idazteko. Errektoreak guatemaltar eta kanpoko aldizkari kultural batzuetan kolaboratzen zuen, literaturaz batez ere, eta nahi izanez gero Zaitegiren aldizkarian ere esku har zezakeela adierazi bide zion. Baina Zaitegirentzat garbi zegoen zein zen helburua: Euzko Gogoa-rako nahiago zituen sortzez euskaraz idatzitako testuak. Aldiz, Zaitegik lagundu zion 1948an Ertamerikako Unibertsitateen Kongresua antolatzen, El Salvadorren.

Jose Antonio Agirre

  Jose Antonio Agirre
Jose Antonio Agirre.
Jose Antonio Agirre lehendakariak erakarpen berezia zuen Zaitegirentzat, pertsonalki artean ezagutzen ez zuen arren. Zaitegik El Salvadoretik jarraitu zuen -perspektiba zirriborrotsuz- haren kalbarioa, gero jakingo du lehendakariaren Belgikako ezkutuko egonaldia josulagunen Bruselako komentuan eman zuela, alemaniarren ihesean. Erbesterako bidaian Sueziatik Brasilera eta Uruguay eta Buenos Airesen zehar -Euzkadiko Lehendakari bezala errezibitua izan zelarik- Agirrek bere egoitza New Yorken jartzen du, 1942n, eta Columbiako Unibertsitatean irakasle lana eskaintzen diote, Euskal Kultura eta Historia erakusteko. Lehendakariaren asmoa Eusko Jaurlaritza berriz biltzea zen eta aliatuekin harremanak ezartzea. Idazten du “De Guernica a Nueva York, pasando por Berlin” liburua, eta Buenos Aireseko Ekin argitaldariak kaleratzen dio. Ale bat aurki heldu zen San Jose de la Montañako apaizgaitegiraino, eta Zaitegik eseraldi bakar batean irakurri zuen.

Orduantxe eta irakurketaren ondorioz pizten zaio Zaitegiri New Yorkera aldatzeko gogoa, lehendakariarekin lan egiteko. Obsesioa bilakatzen zaio. Eskatzen du baimena New Yorkerako... eta nagusiek -lehen unean ezetza eman ondoren- Iparrameriketarako baimena luzatzen diote, baina Idahora joateko. Iraintzat hartu zuen hori Zaitegik eta Lagundia uztea erabaki zuen, Guatemalako artzapezpikuarekin mintzatu ondoren.

Lehendakariaren gogo bizia erbesteko euskal mundua behar zen moduan antolatzea izan zen, kohesiorako lanabesak ezarriz. Nazioarteko laguntzan zuen fedea eta baita, jakina, aliatuen garaipenaren osteko Euzkadi askean. Zaitegik Guatemalatik lagundu zion, Arevalo eta Arbenz presidenteengana heltzerik zuen eta. Agirreri laguntza modurik onenean hel zekion Lizeo Landibarren Guatemalako lehen Centro Vasco-a antolatu zuen Zaitegik. Eta Euzko Gogoa aldizkaria ibilgailu paregabetzat jotzen zuen Zaitegik euskal abertzaletasunaren garra pizturik iraunarateko.

Agirre Europara itzulia, 1956ko irailaren 23 eta urriaren 1 bitartean I Euskal Kongresua eratu zen. Ordurako itxaropena galtzear zegoen lehendakaria “hurrengo urtean, etxean” esaera ospetsua errealitatetik gero eta urrunagoa zegoela ikusten baitzen. Kongresu hartan bi gizon haiek topo egin zuten lehen aldiz: Agirre eta Zaitegi. Bien bihotzak nekatuta, eta izpiritua etsita. Handik gutxira Agirrek zioen, “penintsulako herriak zapaltzen dituen gobernuaren arrazoirik indartsuena baioneta da... eta iparramerikarren dolarrak”.

Zaitegi zintzo izan zen beti EAJ-rekiko. Jose Antonio Agirre maite zuen. Eta 1956ko Pariseko Kongresuan - Amerikako zentro askoren sostenguarekin burutua- Zaitegik bere laguntza osoa eskaini zion. Bere sakelako diruaz finantzatu zituen Zaitegik kongresu hartako gastu ugari. Zaitegiri ordura arteko zoriak aurpegi osasuntsua azaldu zion eta, itxuraz, aurrerantzean ere horrela izaten jarraituko zuelakoan zegoen. Atera kontua: orduko agintari euskaldunen artean aski ezaguna; erbesteko euskal kolektibitateetan miretsia; Guatemalako gobernuak begi onez ikusita; erdialdeko Amerikako estatu haren hezkuntza-seistemak ahalbidetutako dirutza baten jabea. Baina Zaitegi ez zen negozio gizona... eta ahaztu bide zuen bere dirua - Guatemalan- higiezin sektoreko operazio batean oinarritu zuela. Eta Baionan ez zegoen baldintza horietan... eta ez zen ohartu irabazpide beharrean hondorik gabeko otar batekin ari zela lanean. Konturatu zenean berandu zen.

Zaitegik, bere inozotasunean, suposatzen zuen Euzko Gogoa aldizkaria lanabes egokia izan zitekeela, euskal kultura ardatz hartuta, euskal sentimendua indartzeko. Agirrek alderdiaren eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere agindu zion... Eta berak eskuak ireki zituen eta gogoa. Dena eman zuen. Kontraprestazioa hutsaren hurrena ez baizik zeharokoa izan zen.

Agirre lehendakaria 1960ko martxoaren 22an hil zen. Eta buruzagi berriak Leizaola eta Ajuriaguerra izango dira, hura izendatu zutelarik Eusko Jaurlaritzaren lehendakari. Zaitegi ez zen eroso sentitu, bistan da. Zategik bazekien aire berriek ez zutela batere lagunduko. Haizeak ez zituen aldeko.

Jesus Mari Leizaola

  Jesus Mari Leizaola
Jesus Mari Leizaola.
Jesus Mari Leizaola Lehendakari ohiak onartu egin zuen nire gonbidapena Zaitegiren biografia ko-aurkezteko, Juan San Martinekin batera eta honako hauxe izan zen bere adierazpena, argindarreko generadore batek eskainitako argitasun apalean, Arrasateko Udaletxera bildu ginen arratsalde ekaiztsu eta hotzean: “Zaitegiri ez zitzaion eskerroneko keinurik egin, inondik ere” esan zigun San Martini eta bioi eta nik uste dut Leizaola labur geratu zela baieztapen hartan, bere hitzei balazta ipini ziela ziur nagoelarik. Leizaola politikoak ezin zion kultura gizonaren sentimenduari aukerarik eman. Ene ustez, Leizaola ez zen ari Zaitegi literato edo literatur eragileaz. Leizaolak garbi zuen, bera ere euskal literaturaren gaziak ongi ezagutzen zituelako, eskerrona “andereño” ezezaguna zela literaturaren esparruan. Ez; Leizaolak zerbait gehiago adierazi nahi zuen bere hitz haiekin.

Baina kontuan eduki behar da ere, ezin dela mitifikatu erbesteko Eusko Jaurlaritza. Haren ahalmena oso txikia zen eta ezer gutxitan lagun ziezaiokeen Zaitegiri. Europan ari da EAJ-PNV lanean, europar mugimenduan, espainiar Kontseilu Federalaren inguruan, Salvador Madariagaren lehendakaritzapean. Indar demokratikoen elkartzea du helburu mugimenduak, Frankoren diktadorearen “bigarren aldia” dei genezakeenaren kontra aritzearren. Kulturak ez zuen toki handirik planteamendu ahalke haietan; are gutxiago, hain motel eta gaixo zegoen euskarazko kulturak.

Leizaolak ziostan bezala, zordun zegoen euskal gizartea Zaitegirekin. Nik esango nuke, euskal gizarteak ez zekiela zein zen Zaitegi; beraz, ezin zorrik eduki ezagutzen ez denarekin. Euskal gizarteak ez, baizik politiko batzuek zuten zorra Zaitegirekin, ene ustez.

Juan Gerardi Conedera

Juan Gerardi Conedera izan zen 1968tik Zaitegiren gotzaina, hau Cobanen aritu izan zen bitartean. Aurreko urteetan San Martin de Jilotepeque-ko parrokian egundoko lan humanitario eta kulturala burutu zuen arrasatearrak eta batez ere behartsuenekin saiatu zen, onbidean jartzen. Handik Alta Verapaz departamenduko Coban herrira aldatu zuten eta Gerardik beso zabalik errezibitu zuen. Gerardik aldarrikatu zuen indigenen eskubidea beren kultura garatzeko, eta tokiko katekistentzako ikastaroak antolatu ziren lehen aldiz. Pastorala ere bertako hizkuntzetan hasi zen egiten... Zaitegiren gozamenerako. Gerardik guatemaltar agintarien gogoz kontra, liturgia indioen hizkuntzan emateko bideak ireki zituen.

Aurrerantzean ere Zaitegik indigenekin jardun zuen buru belarri. Baina euskaran idazten jarraitzeko ere animatu zuen gotzainak.

Gerardik Europara egindako bidaia batean Zaitegi bisitatu zuen eta baita arrasatearraren etxean lojatu ere. Gogoratzen dut esaten zigula berarentzat ohorerik handiena zela bere gotzaina etxean hartzea, erosotasun gutxi eskain ziezaiokeen arren. Nik ez nuen Gerardirekin hitz egin ahal izan baina Zaitegiren sendikoek esanda dakit bi gizon haiek biziki estimatzen zioten elkarri eta gustura egon ziren kontu kontari. Eta biek sukaldaritza maite zutenez gero... ez zuen Zaitegik aukera galdu nahi izan eta euskal errezetekin oparitu zuen bere nagusi izandakoa.

Juan Gerardi Conedera, Guatemala hiriburuko Gotzain laguntzailea zela. Eta bere lanen artean Artzapezpikutzako Giza Eskubideen Bulegoaren ardura izan zen. Eta Memoria Historikoaren Berreskurapena Proiektua sortarazi zuen, guatemaltar gizartean azken 30 urteetan pairatutako giza eskubideen kontrako bortizkeria eta bortxaketa salatzeko abian jarritako egitasmoa, hain zuzen. Eta ikerketari ekin zioten, guatemaltarren arteko bizitza baketsua bakar-bakarrik egiaren ezagutzatik etor zitekeela konbentzituta. 1998ko apirilaren 24an aurkeztu ziren lehen emaitzak. Eta 27an erail zuten Gerardi. Nork? Gehienetan bezala... krimena ez zen inoiz argitu.

Monseñor Romero eta Gerardi... biak Zaitegirekin lotuak.

1 Landaburu abizenaren jatorria Aiala, Amurrio eta arabar zenbait herritan dago. Berdin esna daiteke Zaitegi abizenaz.

2 1906ko uztailaren 26an jaio zen Iokin Zaitegi

3 Joxemiel Bidador Euskaldunon Egunkaria, 1997-12-5 Eta 1997-12-12

4 Apaizgaitegi hartara 1937an Oscar Romero hogei urteko gaztea heldu zen ikastera. Zazpi hilabete eskas egin zituen Erromara bidali baitzuten aurki, Teologia ikastera. Gazte hura urteekin Monseñor Romero bilakatu zen, El Salvadorreko eliza eta gizartearekin zeharo konprometitua eta 1980an eskuin indarrek tirokatu egin zuten, meza ematen ari zen bitartean, La Divina Providencia ospitalean. Bezperan armadako buruzagiei Jainkoaren mandamenduak errespetatzea exijitu zien: “Les ruego, les suplico, les ordeno, en nombre de Dios, cese la represión” izan zen bere oihua, militarrak eta eskuineko indarrak haserre arazi zituena. Biharamunean milaka eta milaka eliztar bildu zen San Jose de la Montaña-ra artzapezpikuaren gorpuaren aurrera. Monseñor Romero, aldi batean, Apaizgaitegi hartako errektorea izan zen.

Iokin Zaitegiren biografia (Josemari Velez de Mendizabal)

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/12/01-08