Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español
Aurrekariak
Burdinaren presentziak (kultura) egundoko indarra izan du betidanik Arrasaten. Historiak hamaika lekukotasun ematen digu alde horretatik eta Mondragón izena ospetsua izan zen munduan zehar MCC sortu baino askoz lehenago ere. Ambereseko merkatuetan bañez de artazubiagatarrak ezagunak ziren, XV mendean. Eta topikoa bihurtu da Toledoko ezpatak hemengo altzairuaz eginda zeudela esatea.
Burdin dultzea, altzairu arrunta, altzairu tiratua eta altzairu patentatua, Arrasateko meatzetako materialarekin eta burdinoletako teknologiarekin sortutako produktuak ziren.
Oro har eta Arrasate haren giza egituraketa gogoan izanda, esan daiteke gure herriak asko sufritu zuela XIX hondarretako urteetan. 1833ean lehen karlistada dugu, eta sei urtetan zehar (1839-08-28an eman zen Bergarako Besarkada) gizarte zibilak gerraren ondorioak pairatu zituen. Ez da ahaztu behar testuinguru horretan, 1836-1837an ematen dela Mendizabalen Desamortizazioaren izenarekin ezagutzen den prozesua. Horren bitartez, ordura arte elizarenak ziren ondasunak estatuarenak bilakatu eta salgai jarri ziren, zor publikoari aurre egiteko eta jabegoa jabe gehiagoren artean banatzeko.
Unión Cerrajera. Burdin barren lantegiko xehetasuna. 1915a baino lehen. |
Bigarren karlistadak1 (1873-1875) zauri larriak eragin zituen Arrasateko biztanlerian. 1876an euskal foruen ezabaketa gertatu zen, espainiar gorteetako erabakiaz. Eta 1897ko abuztuaren 8an, espainiar Ministroen Kontseiluko Lehendakaria zen Antonio Canovas del Castillo, foruen ezabaketaren errespontsable zuzena, Gesalibarko Bainuetxean hil zuten tiroz.
Mendizabalen Desamortizazioak ondorio zuzenak utzi zituen Arrasaten ere. Elizaren ondasunak, normala den bezala, aldez aurretik dirua zutenen eskuetara joan ziren. Gure herri mailan ere baziren jauntxoak eta ez zuten aukera alferrik galdu euren jabegoa handitzeko. Arrasatear familia batzuek, tradizioz baserri ekonomiaren kariaz pilatu ondasunen jabe zirenak, industrian garatu nahi izan zuten euren etorkizuna. XIX. mendearen erdialdean gaude; banan banan, XVI–etik Arrasaten izan diren olak desagertzen ari dira eta Zaldibarrekoa2 eta Zigarrolakoa (Zear (zier) Ola) geratzen dira bakarrik. Udalaitzeko meatzeak agortzear daude eta XIXenean Europan nagusitzen ari diren prozesu siderurgikoak atzeratuta uzten ari dira hemengo ekoizpen sistemak. Kostuak ez dira lehiakorrak eta krisia hasi da azaltzen hemengo industrian.
Zigarrolako olak nekazaritzarako lanabesen alde egin zuen eta Zaldibarkoak, berriz, etxe-sarrailgintza aukeratu zuen bere garapenerako. Lehen karlistadak Euskal Herria suntsituta utzi zuen eta etxegintzak gorantz jo zuen ondorioz. Mugak kostaldera pasatzea –Ebro ibaiak adierazten zuen euskal muga galdu zelarik- hemengo industriarentzat onuragarria gertatu zen, espainiar merkatua irekitzen baitzitzaion eragozpenik gabe. Garbi asko uzten zen beste behin ere ekonomiak eta politikak ez dutela zergatik elkarrekin joan behar eta, areago, batzuetan elkarrekiko etsai gerta daitezke.
XIX mendeak sekulako inportantzia izan zuen burdinaren negozioan, izan ere Udalaitzeko meatzeak agortzen joan ziren eta lantegiak birmoldatzera jo behar zuten negozioan jarraituko bazuten. Sei ziren burdinolak 1826an Arrasaten eta hogeita hamar urte beranduago, 1856an, bi bakarrik geratzen ziren, Zaldibarkoa3 eta Zigarrolakoa4, txikiagoa. Industria iraultzaren azken inbentoak Arrasateraino heldu ziren eta neurri batean inplantatuak ere bai, hemengo lantegi apaletan. Ez dugu pentsatu behar, hala ere, Arrasate zeharo herri industriala zenik. Bestalde, biztanle kopurua ere txikia zen, nahiz eta Gipuzkoako herri handienetakoa zen orduan ere.
Unión Cerrajera. Bergarako labe garaiak. 1915a baino lehen. |
Garai hartako merkatua hasi zen kalitatea behar bezala neurtzen, burdina edo altzairuzko produktuetan. Gero eta gehiago eskatzen zuen: eskuko lanabesak, sukaldeko tresneria, oheak, plantxak, sutontziak (braseroak), sarrailak eta abar. Merkatua handiagotzen eta, bestalde, nioen bezala, mugak (aduanak) itsasaldera aldatzen dira foruen desagerpenarekin. Merkatu eremu zabal eta irekiagoa aurkezten zaie arrasatear fabrikatzaileei.
Berrogeita hamar urtetako zikloak
Bitxia da baina hala dela erakusten digu Arrasateko historiak. Azken mende eta erdiko gure ibilbide historikoan mugarri garrantzitsuak ematen dira garapen industrial eta, ondorioz, ekonomikoan. Inoiz ez dira behar bezala ikertuak izan eta mereziko lukeela iruditzen zait. Nik “berrogeita hamar urtetako zikloak” esaten diot fenomeno horri eta pentsaraztera eraman beharko gintuzke. Kasualitatea izan daiteke baina niretzat, historia begi kritikoz aztertzen dudalarik, zerbait gehiago da.
1856-1906
Lehen zikloa 1856an hasten da, hain zuzen Mateo Urzelay Beristain oñatiarrak eta Oñati zein Arrasateko beste sarrailari batzuek “Almacenes de Cerrajeria” izeneko lantegia sortu zutenean. Fundatzaileen artean Jose María Resusta “Maixortxo” arrasatear fabrikatzailea zegoen. Enpresa hark “Urzcelay, Vergarajáuregui y Compañía” deiturarekin jardun zuen merkatuan. Eta Oñati eta Arrasaten zituen tailerrak eta biltegiak. Arrasaten, konkretuki, tailerrak ziren eta Jose Vergarajauregi Salinas eta Jose Maria Resusta Altuna izan ziren kudeatzaileak.
Enpresaren pisu espezifikoa gero eta handiagoa da Arrasaten eta, ondorioz, Urzelayk utzi egiten du 1863an. Geratu zirenak enpresa birmoldatzeko aukera zela uste izan zuten eta sei urte beranduago, 1869ko otsailaren 22an, “Sociedad Comanditaria Simple Vergarajauregui, Resusta y Cia” deiturikoa sortu zuten, 1.098.500 errealetako kapitalarekin.
Enpresa berriaren tailerrak Zaldibarren zeuden baina herri barruan baziren beste batzuk ere, hala nola, Txakolin-enak, urtzagintzaren bitartez, besteak beste, sarrailgintzako produktuak fabrikatzen zituena eta hogeiren bat pertsonari lan ematen ziona.1887an “Vergarajauregui, Resusta y Cia”-k Txakolinen lantegia erosi zuen eta gauza bera egin zuen 1890ean Aretxabaletako “Hijos de Echeverría y Cía”-rekin. Horien jabeak –atxabaltar “Otxan” sendiko Agustin Mendizabal eta anaiak- beraien lantegia desmuntatu eta makineria Zaldibarrera eraman zuten, eta “Vergarajauregui, Resusta y Cia”-ren akziodunen artean sartu ziren.
Unión Cerrajeraren instalazioak Arrasaten (Gipuzkoa). |
“Vergarajauregui, Resusta y Cia”-k 1895ean 600 langile zituen, horietako 500 Zaldibarreko instalazioetan. Gipuzkoako enpresarik handienetakoa zen. Kontuan izan behar dugu, 1900 urtean Arrasatek, auzoak barne, 3.273 biztanle zituela.
XX mendearen hastapenetan Arrasaten bazen beste lantegi bat sarrailgntzako sektorean ari zena: “Axpe y Cía”, Evaristo Axperena. Zigarrolako “zehar (zier) ola” erabiltzen zuen eta sektoreko lehia gero eta handiagoa zela ikusita ibilbide berri bat hartzea erabaki zuten, negozioari indar gehiago emateko.
Ez da baztertu behar, bestalde, ideologia politiko desberdinen saltsa maltsa. “Vergarajauregui, Resusta y Cia”-n karlisten aldeko sinpatia zen nagusi eta bertako tekniko eta langile kualifikatu batzuk gehiago alderatzen ziren liberalengatik. Enpresa utzi eta beraien bide propioari ekitea erabaki zuten eta, dirurik ezean, aristokraziarengana jo zuten – Villafranca de Gaytan de Ayalako kondea- behar zuten kapitalaren bila. Evaristo Axperi planteatu zioten enpresa berri bat sortzea, indartsuagoa, eta beharrezko kapitala bildu zuten, eta enpresaren deitura bera ere aldatu zen, “La Cerrajera Guipuzcoana” izatera igaroz, 1901eko irailaren 22an.
Bost urteren buruan lantegi hartan 100 bat langilek jarduten zuten. Baina, lehia ez zen txikiagotu eta bien arteko gerrak ez zien onurarik ekarri. Askoz gehiago irabaz zezaketen elkarrekin bestearekiko bakoitzaren merkatal politikarekin. Eta halako batean biak bat egitea erabaki zuten. Diotenez, lehen proposamena Bergarako frontoian egin zion Cándido Gaytan de Ayalak – “La Cerrajera Guipuzcoana”-ko presidenteak Jose María Resusta “Vergarajauregui, Resusta y Cia”-koari, 1905eko amaiera aldean.
1 Edo hirugarrena, batzuek dioten moduan, 1848 eta 1849 bitartean, Carlos V-aren semea zen Montemolin-go kondearen inguruan emandako mugimendua dela eta. Baina ez zuen karlista euskaldunen sinpatia bereganatu. Errebolta horri “Matiners-en gerra” esan zitzaion, goiztiarren gerra alegia.
2 1869an Jose Maria Resustak Monterrongo Kondeari erosi zion, sarrailgintza sektoreko enpresa modernoa egiteko asmoz.
3 Olazarra” burdinolaren jabea Jose María Resusta zen, maisu forjatzaile lanetan ari zena. Hortik zetorkion Maixortxo gaitzizena.
4 “Zear ola” esaten zitzaion ola txikiari. Hortik hartu zuen auzoak izena, aldaera okerrarekin.
Unión Cerrajera S.A, ehun urteko aberastasuna (II/II)
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |