MendilepotikEscuchar artículo - Artikulua entzun

UGARTETXEA ARRIETA, ArantxaArantxa UGARTETXEA ARRIETA
Traducción al español

S
  Bogotako Unibertsitate Distritala
Bogotako “Unibertsitate Distritala".
anta Fé de Bogotara iristen ari naizenean abioiez, mendikatearen oinean zelai erraldoi orlegia agertzen zait nire begien aurrean, mirari baten tankera, etxe, behi, baratza, bidexkak, ibaiak, ahantzitako bideak, zenbait baserri eta abarrez margotua..., lurrari josita bizi diren familiaz beterik noski, ¡dagozkien lur Kolonbiarrean txertaturik! Lur hauetan lore baratza ugaria da, beraz, mundu guztira esportatzen dituzte mota guztietako loreak, eta herri honen ikur loredun nazionala, orkidea da.

Oraingo honetan, zelai zabal eta eder hau, trenez ikusteko aukera izan dut, bagoietan musika kolonbiarra entzuteko aukera ere izanaz eta Cajicáko herri turistikoan, ikatzarekin erretako haragia jan dut, juka, aguakatea, arroza eta piperminaz lagunduz. Hau dena, hiru belaunaldik osatzen duten familia maitagarri baten giro ezin hobean.

Baina, mendikate honen mendilepoan ere ibili naiz. Bogota hiria inguratzen duena hain zuzen, miseriaz beterik dagoena, beren lurretatik kanporatuak (eta kanporatuak ez direnak ere bai) izan diren milaka pertsonek, gizarte eta politika maltzurraren, ondorio zuzenak pairatzen dituztelarik. Esan zidatenean 60% miseriaren azpitik bizi zirela, beldurtu egin nintzen, eta gero aukera izan nuen, Paulo Freireren pedagogiaren ildotik eta beste aukeren bidez, nire begiekin ikusteko, madarikatua eta jasan ezina den egoera krudel hau.

Mendilepoa gora eta behera ibili naiz eta duintasun osoz onartu nauten pertsonek, nire larru azala sentsibilitate berezi baten ukituaz jantzi dute, duintasun eza eta hotzikara sentitzen den leku hartan, oraindik nolabaiteko giza zentzua sentitzeko gaitasuna adieraziz. Horregatik, Bogotan bizitutakoa nolabait laburbiltzeko, mendilepoan sustraitzen ditut nire oinak, han elkarrekin besarkatu eta konpartitu dugun Freireren pedagogia, beraiei, nire samurtasuna eta esker ona adierazi nahian, berriro ere aitortuz, zein ongi inguratzen diren pedagogia honetara, zenbait ikasle, irakasle eta hezitzaile kolonbiarrak.

“Bizitza baten biografi aipamena egitea, bizitza baten historia, norberaren bizitza, heriotzez inguraturik egon denean, benetan arrotza gertatzen da, baina nola konbentzituta nagoen Maitasuna Bizitzako Ziurtasuna dela, ahazte eta heriotzaren exorzismoari dei egiten diot, oroitzapenak hitz dezaten, udaberrian eraila izan den bizitza, loratzen uztearren”.

Hitz hauekin hasten da gazte batek eskuratu zidan kontaketa pertsonala, Bogotako “Unibertsitate Distritalean” sartu baino lehen eta kafe bat hartzen genuen unean, azaroaren 3an. Hilabete hau Freireri dedikatua izan behar zuen, eta inaugurazioan bi irakaslek parte hartu behar genuen geure hitzaldiekin. Gazte hura ez dut inoiz ahantziko, bere begietan, esperientziaz jositako amildegia eta hein berean samurtasunaren egarria, sumatu nituelako. Hirurehun pertsona baino gehiago bildu ginen egun horretan, eta nire ezkerrean zutabe batean, Freireren poster bat zegoen, guri begiratzen zigula. Laguntza eskatu nion, eta lagundu zigun! Pedagogo brasildarrak, akademikoki ukitzen dakiela gure sentsibilitatea, berriro ere nabaritu nuen, bere garai hoberenetan bezala. Jardunaldiaren izenburua hau zen: Paulo Freireren BIZITZA, OBRA ETA GAURKOTASUNA. “Seminario-tailerra”. Gai hauek zuzenean jorratzen zirelarik:

Bizitza eta garaia; kartak; hezkuntza eta askatasunaren práktika; hezkuntza hirian; politika-hezkuntza bikotea ahantzi gabe; pedagogía: zapalduarena, itxaropenarena eta autonomiarena. Dena, egun, bizi dugun hezkuntzan lur hartu nahian.

 

Argazkia
Cristina Rodríguez eta Chinca Porras.

Kristina Rodriguez nire laguna, hezkuntza fisikoaren, irakaslea da “San Cayetano” kolegioan, Usmeko mendilepoan geratzen den auzoan, ematen ditu klaseak. Eta kolegio honetako zuzendariak onartu zuen, “Paulo Freireren ondareari buruzko”, komunikazioa egitea, eta harantz abiatu ginen. Mendilepoa autobusez igotzea, benetako katarsia gertatzen da kolegiorako bidean, atari ezin hobea. Beraz duela bost urte eraikitako kolegioa da, inguru hartan dagoen eraikin duinena, nire iritziz. Sartu ginenean, 1.800 ikasle zeunden bilduta patioan Kolonbiako ereserkia kantatzen, egunari hasiera emanaz, jai eguna ospatzen ari ziren. Ikuskizuna zoragarria iruditu zitzaidan, mozorrotuak, sariak, txaloak, aurkezpenak etab., txikiak, gazteak eta nerabeak alaitasunaren babespean, irakaslez inguraturik, fantasia eta artea adieraziz. Hunkitu egin ninduten eta bat batean bururatu zitzaidan Freireri entzundakoa: “Pentsatzen dute pobreak garelako tentelak garela” (uste dut horrela esaten zuela). Pedagogia honen ondasunak 30 irakaslek, gutxi gora behera, entzun nahi izan zituzten. Begiradak, harrerak, entzute bereziak, tentsio pedagogikoari eutsiz denbora guztian (Freire beraren hitz-ekintzek sortzen duten jarrera izaten da gehienetan), igarotako une pare gabea izan zen. Eta 3.300 metroko altueran geundenez, zuzendariak ez zigun utzi beherako bidea hartzen, zerbait jan eta edan gabe, hotza eta energiari aurre egitearren. Oso atsegina eta samurra iruditu zitzaidan, zainketa eta keinu pedagogiko hau!

Usmeko mendilea (Bogota)
Usmeko mendilea (Bogota).

Manolo Martinez, apaiz donostiarra da. “Simon Bolibar” mendilepoan bizi da, “Santo Domingo de Guzman” deritzen parrokian hain zuzen. Tontor hartara iritsi eta ezkerrera gela txiki batean, parrokiko ate nagusiaren bidean, “Jauna kustodia batean” aurkitzen da. Harrigarria eta deigarria suertatzen da, dena dela, ikustaldi bat eginda gero, sartu atera horretan, indar berezi eta zaintzailea sumatzen dela, esango nuke nik. Keinu pedagogikoa izan daiteke baita ere?

Aita Manolok, denak esaten dioten bezala, hezitzaile eta pastoraleko talde batekin harremanak edukitzeko, aukera eman zidan, batez ere Janet Riveraren bidez. Baina bilera aberatsena izan zen, 34 emakumeekin (ia denak amak) edukitako partekatzea, hezkuntzari buruz. Bizitzan benetako katedradunak eta zein egoeretan tokatzen zaien bizitzeaz jabeturik, baina gehiago jakin nahian, dituzten seme alaben egoeraz kezkaturik. Haietako bakoitzari “emakume bikainaren” diploma emango nioke nik. Tailer batean lan egiten dute eta kooperatiba bihurtu nahian dabiltza. Zorte on!

Santo Domingo de Guzman parrokian
Ciudad Bolivarreko “Santo Domingo de Guzman” parrokian. Hezitzaile talde batekin.

Eta Janetekin jarraituz, oraingo honetan Patxita lagun zuela, 70 bat irakasleekin elkartzeko beste aukera bat izan genuen. “Marco Antonio Carreño Silva” eskolakoak ziren. Baina nola, eskola obretan zegoen, ba parrokian bildu behar izan genuen, eta parrokiaren izena hau zen “Jakituriaren Andre Maria”. Izen polita esku artean geneukan eginkizunerako. Eskolako errektorea, Luis Baudilio Albornoz, oso atsegina eta bokaziozko irakasle argia, iruditu zitzaidan. Berriro ere, ikasketa zuzena izan zen niretzat pedagogia hau aztertzea, gehienetan gertatzen zaidan bezala. Kolonbiar irakasle hauek, benetan norbanako balorapenaz jabetzen doazen arabera, herri honen hezkuntza eremuan, gai izango dira, “Irakasle eta ikasleen” arteko eremu pedagogiko aberatsa lortzeko, Freireren tankera hoberenean. Itxaropen honetan nago!

Nuestra Señora de la Sabiduría elizan
Bogotako “Nuestra Señora de la Sabiduría” elizan, “Marco Antonio Carreño Silva” eskolako hezitzaile talde batekin.

Soachako herrian, aita Octavio Arias dago eta bera bisitatzera joan ginen egun hartan, goiz eta bazkari oso atsegina gozatu genuen. Ebanjelioaren benetako jarraitzaile horietakoa dugu apaiz hau, eta gainera humore onekoa. Ados geratu ginen deitzekotan, berak lortzen bazuen irakasle kopuru bat elkartzea Freireren pedagogiaz hitz egiteko. Baiezkoa gertatu zen, deitu zuen eta elkartu ginen. Goiz hartan izugarrizko hotza egin zuen eta lanbroak ez zion uzten eguzkiari indarrez agertzen. Dena dela, 30 bat irakasle elkartu ginen lehenengo bi ordutan, parrokiko areto nagusian. Batzuk pedagogia honen berri bazuten eta beste batzuk, zerbaiten bila etorri ziren, denok gai honi buruz sakontzeko aukera pare gabea izanaz. Niretzako oso pozgarria izan zen, kontutan edukiz, orain dela 33 urte, aita Octavio berak bideratu ninduela pedagogia honetara, Velez (Kolombia) hirian bultzatu zidanean, Alfabetatze Metodoari buruzko antolatutako jardunaldian, parte hartzera.

  Javeriana Unibertsitatean
Bogotako “Javeriana” Unibertsitatean. Ezkerretik eskuinera: Omayra Parra; P. Antonio José Sarmiento; Arantxa Ugartetxea; Maruja Porras; P. Gonzalo Vargas.
Abioian hanka bat nuela eta bestea lurrean, esate baterako, Donostiara itzultzeko egun bat falta zitzaidala, “Javeriana” Unibertsitatean, topaketa garrantzitsu bat eduki nuen, “gazte eta helduan arteko enkontru” diplomaren atzetik, zebilen talde bereziarekin hain zuzen. Unibertsitate honetako “Pensar” erakundeak antolatutakoa Omayra Parraren bidez. Orain dela bi urte gutxi gora behera, erakunde honek Freireri buruzko jardunaldiak antolatu zituen, eta gehiagoren gogoz, pentsatu eta pentsatu, ba aurten era honetara Freire bideratzea erabaki genuen. Horrela, azaroa 12an, elkartu nintzen talde honekin goizez, eta Bogotan bizitutakoa egun haietan partekatu nahian, ez dagoela jokaera neutrala denik eta hein berean hezkuntza neutrala denik ere, nabarmendu nuen. Mendilepotikan hitz egin nien, beste eremu kolonbiar horretatik, Kolonbia asko daudela azpimarratu nahirik. Sentitutako maltzurkeria eta krudeltasuna konpartitu nahian ibili nintzen. Esaten utzi zidaten. Onartu ninduten, adimen eta bihotz zabaltasunez. Saiatu nintzen bizitzen nuena eta esaten nituen hitzek, Freireren aztarnaz ukitzen, kontutan edukiz nolako eskaintzarekin irten zen kalera “Zapalduen Pedagogia”: “Munduko zarpailei eta beraiengan deskubritzen direnei, beraiekin sufritu eta borrokatuz”, benetan eskaintza magistrala egun balio handikoa, ez bakarrik Kolonbian baizik eta nire herrian ere.

Gazte eta helduen arteko topaketa taldea
"Gazte eta helduen arteko" topaketan parte hartu zuen talde bat.

Paulo Freireren utopia zoragarriak, egun, dardara emozionala sortzen dit nire barrua astintzen duen hein berean, itxaropen hori non dagoen sustraituta konturatzen naizenean: aldaketa POSIBLE DELA esaten duenean, emozio argi baten ildoa sumatzen sentitzen bai dut, hau da, sentitu dezakegun ezina eta ahultasuna, HAUSKORTASUN HORI, lantzen baldin badakigu, zapalketa bera baino indartsuagoa izan daitekeela eta gainera, ez bakarrik zapaldua baizik eta zapaltzailea ere, biak, askatasun bidean jartzeko gai. Eta hau esanda, ikusi nola sentipen honek babesten duen Freireren pedagogía, brasildar honen giza sentsibilitate sakona hobeto ulertzera narama, transzendentzia bera ukitzen dudala irudituz, hau da: mendilepoan ukitu nauen hauskortasun bera sentituz, eta Donostian bertan sentitzen dudana, etxerako bidean zenbait gauetan, babes edo babesgabeko lurretan, pertsonak, lo egiten ikusten ditudanean. Jakinda hauek ere, nirea bezala sentitzen dudan hiri hau, osatzen dutela, loaren ametsetan. Horregatik jotzen dut behin eta berriro, ezagutu nuen irakaslearengana, eta baita ere, zergatik ez?, maistra eta mistika zen Txiletar Gabriela Mistralaren, otoitz eder honetara:

“Jauna! Zuk irakatsi zenuenez, nik irakastea bakartu didazu; Lurrean eraman zenuen maisu izen bera eramatea... Maisu, egin itzazu, nire garra, iraunkorra eta lilura eza, pasakorra. Atera ezazu nigandik asaldatzen den justizia ez garbiaren gogoa, eta barrutik, zauritzen nautenean, irteten den protesta adierazpen keinua... Garbia ez den boterearen, mesprezatzaile egin nazazu, eta baita ere, nire bizitzan, zure benetako borondatea ez den indarrarena... Sinpletasuna eta sakontasuna eman dizkidazu; konplikatua edo arina izatetik eguneroko lezioan, libra nazazu... Nire esku zigortzailea arindu eta ferekatzeko leuntasuna gehitu.”

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

KOSMOPOLITA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2006/04/14-21