Nekane
JAUSORO, UPV-EHU
Andrés
DAVILA, UPV-EHU
Ana
HERNÁNDEZ, Soziologoa
Itzultzailea: Koro GARMENDIA IARTZA
Versión original en español
Sarrera: estereotipotik urrun
Gaur egun, mendebaldeko Europako edozein herrialdetan, landa eremuetara jotzeko joeraren aurrean, nekazaritza eta abeltzaintzarekiko begirunea galtzen ari dela suma daiteke. Horrela, landa eta hiri inguruneak uztartu izanaren ondorioz errealitate berriak sortzearekin batera, landa eremuaren gaineko ikuspegi estereotipatuak agertu zaizkigu, batzuk oso agerikoak, eta beste batzuk ez hainbeste. Ikuspegi honen sorrera eta mantenimenduan hainbat gizarte eragilek du zerikusirik; esate baterako, hedabideek, publizitate kanpainen bidez. Aurkezten dizuegun azterlan enpiriko kualitatiboan parte hartu duten emakumeek azpimarratu digutenaren arabera, "emakume nekazariaren" estereotipoak bizirik dirau oraindik ere - zahartzaroarekin, kultura maila atzeratuarekin eta nekazaritzarekin lotuta agertzen da beren irudia-, kanpaina batzuetan "herriko emakume tipikoa" aurkezten dutenean ikus daitekeen bezala. Baina gaur egun landa eremuan bizi diren emakume euskaldunek azaldu digute irudi estereotipatu horrek ez duela errealitatearekin zerikusirik, eta ez dagoela ezberdintasunik hirian eta landan bizi diren emakumeen artean -ingurua baita ezberdina, baina ez emakumeak-, eta, gainera, ez dagoela landa eremuko "emakumeaz" singularrean hitz egiterik, gaur egun mota ezberdineko emakumeak daudelako, beren nortasuna osatzen duten elementuetatik ondoriozta daitekeenez.
Foto: Michael Connors. (http://www.mconnors.com) |
Nortasun hori, oinarrizko bi elementutan oinarritzen da: nekazaritza jarduerarekin, eta landa giroan "bizitzearekin", herri zehatzaren sozialitatean txertatuta. Bi elementu hauek batera edo bereiz joan daitezke; hau da, emakume batzuentzat, nekazari izateak, automatikoki, landa eremuko emakume izatea suposatzen du, eta, kasuotan, bigarren maila batean gelditzen da bigarren elementua; baina beste emakume batzuek, ordea, nekazaritzatik kanpo osatzen dute beren landa izaera; alegia, landa eremuko emakumeak dira, baina ez nekazariak. Kasu hauetan, landa eremuan bizitzeari ematen diote garrantzia, eta honi lotuta doazen ezaugarriei: bizi kalitatearen adierazle den lasaitasunari, izadiari, historia komun bat izateari (familian eta auzoan), harreman estuak izateari, "onerako eta txarrerako” -auzotarren arteko giro ona azpimarratzen dute, batez ere elkarri laguntzeko eta haurrak babesteko orduan-. Harreman honetan elkarlanerako joera handia daukate halaber: auzolanak, bazkari herrikoiak, jaien antolaketa, etab.
Beste alde batetik, landa eremuan bizitzea erabaki duten emakume hiritar batzuek azpimarratu nahi izan digute "hala aukeratu dutelako" direla nekazari: giro hiritarrean hezi dira, aurrez beste bizimodu bat ezagutu dute, eta garrantzi handia ematen diote landara lekualdatzeko erabakia hartu izanari. Aukera hau pozgarria izaten da oso (bizimodu lasaiagoa eramaten dute, izadirik gertu, bizi kalitate hobearekin), nahiz eta aurrez integrazio prozesua pasa behar izan zuten, zeina konplexua izaten baiten, bai landa ongi ezagutzen ez dutelako, bai aurreiritziak izaten dituztelako.
Landa(n) bizitzea: belaunaldien mugikortasuna
Emakume hauen eguneroko bizitzan, mugikortasuna da alderdi guztien artean azpimarragarriena: hurbileko eremuan bada ere, etengabe ari dira mugitzen. Ezaugarri hau baserrian zein herrixketan bizi direnek betetzen dute, eta alde handia sortzen du belaunaldi ezberdinetako emakumeen artean. Izan ere, belaunaldi gazteko eta bitarteko belaunaldiko emakumeen eguneroko bizitzan erabat sartuta dago ibilgailua; alde batetik, autonomia pertsonala ematen dielako, eta, bestetik, beren ardurapean dauzkaten jarduera guztiak betetzen laguntzen dielako.
Belaunaldirik zaharrena, baina, mendekotuta dago mugikortasunari dagokionez, ez bakarrik adinagatik edo osasun egoeragatik, baizik eta baita euren eguneroko ohiturengatik, jaso zuten hezkuntzak ez baitzuen emakumeek gidatzerik aurreikusten. Gogorra, gero, beren bizitza: etxeaz eta seme-alabez arduratu behar izateaz gain, soroan gizonek adina edo gehiago aritu behar zuten lanean, nahiz eta gizartean ezkutu samarrean gelditu beren ekarpena (kotizaziorik gabe, ordainsaririk gabe…). Horren guztiaren ondorioz, denboran zehar areagotuz joan da beren mendekotasun ekonomiko eta pertsonala. Zentzu honetan, bitarteko belaunaldiak mugikortasuna du ardatz, emakume hauen -nekazari izan edo ez- eguneroko lanaldia ez baita "bikoitza", "anitza" baizik –etengabe aritzen baitira batetik bestera mugitzen, laneko zereginez gain etxekoak eta familiarenak ere izaten dituztela, asabak ez ezik seme-alabak ere zaindu behar dituzte-eta. Belaunaldi gaztearen ezaugarri nagusia, berriz, mugikortasuna da, hiru arlotan: ikasketetan, aisian eta lanean.
Foto: Drilon Iberdemaj |
Emakume nekazariak: nortasun profesional emergentea
Emakume nekazaria, per se, landa emakumetzat jotzen da, baina horrek ez du esan nahi profil bakarrekoa denik. Belaunaldi zaharreko emakumeek nekazaritzan egindako lana ilunpetan gelditu da -opakua da gizartearentzat-; sarritan, ustiategiak familiarenak izaten zirelako, eta, kanpotik ikusita, etxeko andrearen zeregina zutelako nagusiki -zeregin hori emakumezkoei esleitzen baitzitzaien beti-. Bertan sartzen zen familia zaintzeko ardura ere. Familiaren ustiategian egiten zuen lana, osagarri edo laguntza modukotzat jotzen zen. Gaur egun, ordea, nekazaritzaren arloan beren bikotearekin, kooperatiba batean, elkarte batean edo bakarka lanean ari diren emakume hauek, nekazarien nortasun profesionala berenganatu dute. Eta profil berri hau, etxeko lanen eta jarduera profesionalaren arteko mugetan disolbatu beharrean, jarduera laboral moduan ikusten da esklusiboki, eta lana eurentzako denborarekin (soldata, aisia, oporrak...) uztartzeko antolatu eta kudeatzen dute. Emakume hauen iritzian, nekazaritzaren irudi sozialak ez du inolako aintzatespen edo osperik, alderantziz baizik; irudi horri alderdi negatibo gehiago ikusten zaizkio positiboak baino, eta horrek ez dio jardueraren etorkizunari batere laguntzen -belaunaldi berriak erakartzeko, adibidez-. Horregatik, erakundeei gehiago inplika daitezela eskatzen zaie, jardueraren orainaz gain geroa ere kontsolidatzeko.
Nekazari ez diren emakumeak: sozialitate diferentzialak
Nekazaritzaren dimentsiotik at, bada nekazaria ez den landa nortasunik, zeinaren ardatz nagusia herriaren sozialitatea den. Hau da, herrian bizitzea, eta baserriaren lekua kaleak hartzea. Eremu honetan egunero izaten dute elkarren presentzia -auzotarrak aurrez aurre egoten dira-, eta herria alboz alboko elkarbizitzaren ingurune bihurtzen da, belaunaldiz belaunaldi osatzen joan den ingurune koherente eta egonkorra.
Baina hiriguneetako biztanle berrien etorrerarekin, landa eremuen auzotarren sozialitatea galtzen ari da, eta herria bizileku soila bihurtzen doa. Landa emakume hauetako batzuk landa giroan parte hartzeko prest agertzen dira, baina beste batzuek, integratzeko arazoak dauzkatela argudiatuz, nahiago dute hortik kanpo gelditu.
Honi dagokionez, gehiegitan ahazten dugu lekuen aberastasuna ez dela materiala bakarrik izaten, harremanetan ere izaten dela. Azterlan honetan parte hartu duten emakumeek sarritan adierazi digute inguruneak elkartasun, gatazka eta mendekotasunen iturri izan daitezkeela.
Artikulu hau “Las mujeres en el medio rural vasco. 2004” ikerketa proiektuaren ondorioetan dago oinarrituta. Proiektu honek metodologia kualitatiboak (EHUko Soziologia 2 Departamendutaren kontura) eta kuantitatiboak (IKTren kontura) uztartu zituen.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Aurreko Aleetan |