Hartza, Pirinioetako altxor naturala, desagertzearEscuchar artículo - Artikulua entzun

Migel Mari ELOSEGI IRURTIA

Pirinioetako animalia guztien artean hartza nabarmendu izan da betidanik. Izan ere, bertako biztanleentzat mirestutako pizti sakratua eta gorrotatutako etsaia izan da aldi berean. Mito eta kondaira gehien sortu duen ugaztun dotore eta zuhurra. Halaxekoa da hartza, oraindik ere Euskal Herriko inguru aberatsenak tarteka bisitatzen dituen animalia mitikoa. Baina, noiz arte iraungo ote du aintzinean Pirinioetako biztanleek gure arbasotzat hartu zuten altxor honek? Betirako galduko ote dugu?

Hartz arrearen biologia

Hartz arrea aski animalia ezaguna da. Ugaztun handi honek munduan zehar dituen forma ezberdinen artean, Pirinioetakoa, 80 eta 250 kilo bitarteko pisuarekin, munduko txikienetarikoa da. Elikadurari dagokionez eta hagin zabal eta zapalek erakusten dutenez, orojalea dugu, eta jende askoren ustearen kontra, neurri handi batean belarjalea. Elikaduraren hiru laurdenak, belarrak, fruituak eta bestelako landarez osatzen da eta beste laurdena animalia jatorriko elikagaiez. Honen barruan mikrougaztunak, intsektuak eta ugaztun handiak nabarmen daitezke. Etxeko aziendek dietaren %6-8-a besterik ez dute osatzen, baina honek gizakion etsai bihurtzen ditu eta horrek arazo franko ekarri dizkie historian zehar.

Habitatari dagokionean berriz, gizakiaren presioari ihesi, mendiko bazter basati eta lasaienetan ezkutatzen da. Oro har, oihanetako animalia dela esan dezakegu, baina pagadi, izeidi, pinudi eta bestelako basoez gain, larreak eta leku irekiak ere ustiatzen ditu. Giza-jarduera handiko lekuetatik aldentzeko joera du eta zalantzarik gabe, ekosistema menditarraren osasun onaren adierazlea da.

Udaberri-bukaeran edo uda-hasieran hartza araldian sartuko da eta arrak emeen bila ibiliko dira batera eta bestera, haiek estali asmoz. Kumeak (1-3 normalean), ama hibernazio-zuloan dagoela munduratuko dira biluzik eta tamaina txiki-txikiarekin. Dena dela, Pirinioetako bertako populazioan, eta 2004ean “Cannelle” izenez ezaguna zen azken hartz-emea hil zutenetik, hiru hartz-ar besterik ez dira gelditu eta beraz, ezinezkoa da beste jaiotzik gertatzea.

Neguari aurre egiteko hartzak arras sistema berezia du. Udazkenean zehar, erruz jan eta ahalik eta koipe-erreserba handienak bildu ondoren, neguan zehar hauei esker biziko da. Honela, negu gorria iristerako, zeharo gizendutako hartza hartzuloan sartuko da eta energia gutxiena gastatuz lozorroan egongo da jan eta edan gabe, bere bihotz-taupadak eta baita arnas-erritmoa motelduta. Eta honelaxe egon daiteke pare bat hilabetez udaberria iritsi bitarte.

Kulturan arrasto zoragarria utzi duen animalia

Munduan zehar bizi diren milioika animalia-espezieen artean gutxi batzuk baino ez dira gizakia bene-benetan hunkitzera iritsi direnak. Eta zalantzarik gabe, hartza horietakoa da. Ekain, Santimamiñe eta beste hainbat haitzulotako pinturek erakusten dutenez, animalia hauek aspaldidanik jaso zuten gure arbasoen arreta. Hainbat adituren arabera, garai batean nolabaiteko gurtza jaso zuten hartzek, alegia, jainkotzat hartuak izan ziren. Egia esan, ez da harritzekoa irudimen piska batekin hartzari nolabaiteko giza-itxura ikustea eta gure urruneko ahaidetzat hartzea, besteak beste, tente jarri baitaiteke, gizakion antzeko hanka-arrastoak uzten baititu eta azkarra baita oso.

Hortaz, eta normala denez, animalia honen inguruan hagitz kondaira, sineskeria, ohitura, dantza, esaera eta abar interesgarriak sortu dira. Hauen artean bitxienetarikoa garai bateko Piriniotarren ustea da: hauen arabera, gizakiak hartzen ondorengoak dira, eta antzinako uste honek XX. mendearen ia bukaera arte iraun du Zuberoan bertan. Garai bateko Zuberotarrek uste zuten gure arbaso zaharrenak hartzak zirela, beranduago gizaki eta hartzen tarteko izakiak edo basagizonak sortu zirela, eta azkenean hauengandik gizakiak. Horregatik hauen ustez hartza animalia sakratua zen eta bestelako begirunea merezi zuen. Dena dela, gure arbasoen kezka nagusia bizirautea izan da mendeetan zehar eta abeltzainak izanik, abereei kalte egiten zieten animalien aurka gogor jo zuten.

Zalantzarik gabe, hartzak gizakion artean utzi duen arrastoa segitzeko garai aproposenetarikoa inauteria eta negu bukaera aldea da, Euskal Herriko eta Pirinioetako herri askotako ospakizunetako protagonista baita. Hauetan, askotan hil eta berpiztu egiten da, urteroko zikloa edo hilezkortasuna azalduz. Beste batzutan, erdi gizaki erdi pizti den pertsonaiaren papera hartzen du, gure arbasotzat hartu ziren hartz eta gizakien arteko izakiak irudikatuz.

Pirinioetako hartzen egoera

Europako iparraldea eta ekialdean hartz arrearen populazio sendoak dauden arren, hegoaldean populazio isolatuak eta txikiak ditugu. Iberiar Penintsulan 100 bat hartz daude Kantabriar Mendikatean eta bertako 3 ale eta jatorri eslobeniarra duten gutxi batzuk besterik ez Pirinioetan. Egoera hau ordea, oso bestelakoa izan zen garai batean. Honela, Erdi Aroan espeziea Piriniar mendikatean hasi eta Galiziaraino heltzen zen. Ordurako ordea, gizakia eta hartzaren arteko lehia hasia zen eta gero eta gogorragoa bihurtuko zen gainera. Humanizazioaren erasoei eutsi ezinik, duela 200-300 urte inguru Kantabriar aldeko eta Pirinio aldeko hartzak banandu ziren. Ondoren, XIX. eta batez ere XX. mendean zehar, artzaintzak, ehizak, pozoinketek, basogintzak, turismoak, eta oro har, ingurune menditarrari ezarritako mota guztietako eraldaketek, bertako populazioaren murrizketa ikaragarria eragin zuten. Azken urteotan gehien kaltetu duen faktorea legez kanpoko ehiza izan da, eta zoritxarrez, azken aleak hil arte jarraitu du.

Ekaingo kobazuloko hartzen irudia (Deba)
Ekaingo kobazuloko hartzen irudia (Deba).

Horiek horrela, gaur eguneko hartzaren egoera hil ala bizikoa da Pirinioetan. Bertako azken aleak, Aspe, Ossau (Biarno), Hecho, Ansó (Aragón), eta Erronkari (Nafarroa) aldean bizi dira. Hauez gain ordea, kontserbazio-saiakera baten proiektuan 96 eta 97an erdialdeko Pirinioetan askatu zituzten jatorri eslobeniarreko hartzak aipatu behar ditugu. Europako bioaniztasuna kontserbatzeko proiektu baten barruan, Pirinioetan hiru hartz askatu zituzten eta bizileku berrira ongi egokitu ondoren, 2004ean hauen populazioa 13-14koa zen.

Gure faunaren ondarean ez ezik, gure kulturan horren arrasto berezia utzirik, Pirinioetako hartzen populazioak irauteak sekulako garrantzia du. Horretarako ordea, ezinbestekoa da habitata egoera onean mantentzea eta animalia hauek sor ditzaketen eragozpenei irtenbidea ematea. Kontutan hartu behar da hartzak eremu lasai eta zabalak behar dituela, eta inguru hauetan, beste landare eta animalia espezie askok izan lezaketela babesik. Alabaina habitat egokia mantentzeko, leku horietan egiten diren giza-iharduera guztiak arautu behar dira eta behar bezala antolatu.

Ursus spelaeus. Troskaeta kobazuloan (Ataun)
Ursus spelaeus. Troskaeta kobazuloan (Ataun).

Prest ote dago jendea horretarako? Ez, noski, euren kalterako baldin bada. Horregatik, Pirinioetako ingurunea babesteko neurriak bertako bizidun guztien bizi-baldintzak hobetzeko bideratu behar dira, gizakia barne. Faktore hau kontutan hartzen ez duten bide guztiek bertako herritarren kontrako jarrera logikoarekin egingo dute topo, eta nahi eta nahi ez antzu geratuko dira. Zoritxarrez eta batez ere aziendei egindako erasoak direla eta, hartzak oraindik ere gorrotoa eta beldurra pizten du Pirinioetako abeltzain askoren artean. Izan ere, garai batean kalte-ordainik ez zen izaten, eta artzainak bere gain hartu behar zituen galera guztiak. Dena dela, aspaldi honetan kalte-ordain egokiak ezartzen ari dira eta arazo hau hobekiago bideratzen ari da. Hala ere, komenigarria litzateke piztien erasoei aurre hartzeko sistema hobeak ezartzea, hala nola, artzanorak edo mastin arrazako zakurrak izatea, argi-indarreko itxituak paratzea, eta abar, kalteak maila txikienetara ekartzeko.

Etorkizunari begira

Azken urteotan martxan jarri diren kontserbazio-proiektuek hartzaren populazioa egonkortzerik ez dutela lortu ikusita, hartzaren etorkizunak iluna dirudi. 2004. urtean Pirinioetako azken hartz-emea hil ondoren, garbi geratu da populazio honek aurrera egiteko aukera bakarra kanpotik ekarritako aleak askatzea dela. Izan ere, hauxe baita hain animalia gutxi dituen populazio hau indartzeko aukera bakarra, eta hauxe baita hain zuzen ere jende askok egin duen eskaera. Dena den, beste batzuk hartzik ez askatzea nahi lukete eta ez dago oso garbi zer gertatuko den. Nolanahi ere, argi gera dadila hartza kontserbatzeko ez dela nahikoa izango ale berriak sartzea, bizilekua eta bertako biztanleen bizi kalitatea zaintzen ez badira.

Hortaz, ikusiko dugu zer gertatzen den inguruotako animaliarik bikainenetako batekin. Dena dela, ustez aurrerakoiak eta aniztasun biologikoa zaintzearen aldekoak diren herrialde garatuen lotsarako, beste espezie bat, kultur-ondare aberatsenetarikoa utzi duena gainera, desagertutako espezieen zerrendara pasatzear dago. Espero dezagun gauzak behar bezala egin eta hartza eta gizakia Pirinioetan elkarrekin eta elkarri gehiegizko kalterik egin gabe bizi ahal izatea. Hala bedi!

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2005/04/08-15