MERKATARITZA ZUZENDARITZA
Traducción al español
Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritzak gogorarazi nahi die aire-garraioaren erabiltzaileei datorren otsailaren 17an hasiko dela indarrean duela urtebete Europako Parlamentuak onarturiko 261/2004 araudia; bertan biltzen denez, konpentsazioak eta laguntzak gehitu egingo dira ontziratzea ukatzeagatik (overbookinga) eta hegaldiak bertan behera uzteagatik edo horien atzerapen handiagatik. Egoera horiek eraginpean hartzen dituztenen gutxieneko eskubideak bermatzea da araudi berri horren helburua, talde hori oraindik oso ugaria dela kontuan hartuta.
Babes-erregimena hegaldi erregularrei zein ez erregularrei aplikatuko zaie, bidaia konbinatuetan bildurikoak barne hartuta, eta Estatu kide bateko aireportutik irteten diren bidaiariez gain, hirugarren herrialde batetik atera eta Europar Batasuneko aireportu batera doazenak ere barne hartuko dira, betiere hegaldia egiteko ardura duen konpainia EBkoa bada.
Ontziratzea ukatzea
Hegazkinak dituen plazak baino txartel gehiago saltzeagatik ontziratu gabe geratzen den bidaiari-kopurua gutxitzeko, "boluntariotzan" eta kalte-ordainaren gehitzean oinarrituriko planteamendu berri bat ezarri da. Konpainia batek hegaldi batetik bidaiariak kanpo utzi behar baditu, boluntarioak eskatu beharko ditu lehenik, beren erreserbak konpentsazio ekonomiko baten edo bestelako pizgarrien truke utz ditzaten, betiere bi alderdiek adostuta. Horretaz gain, enpresak honako aukera hau eskaini beharko die boluntario horiei: txartelen kostu osoa itzultzea gehi, kasuak kasu, lehenengo abiapunturako itzulera-hegaldi bat, edo hegaldi edo garraio alternatibo bat baliatzea, jomugara eramango dituena.
Nahiko boluntario ez badaude soilik ukatu ahal izango die konpainiak ontziratzea bidaiariei beren borondatearen aurka. Araudiak ezarritako konpentsazio ekonomikoetarako eskubidea izango dute bidaiari horiek. Horrela, 1.500 kilometrotik beherako hegaldiei dagokienez, kalte-ordaina 250 euro izango da (lehen 75 eta 150 € bitarte zen); 1.500 eta 3.500 kilometro bitarteko hegaldietarako, 400 euro (lehen, 150 €) eta gainerako hegaldi guztietarako, 600 euro (lehen 300 € zen gehienez). Konpainiek ‘overbookinga’ marjina hobearekin kalkulatzea lortu nahi da konpentsazioak gehitzearekin.
Kalte-ordain horietaz gain, txartelaren prezioa itzuli eta jatorrizko lekurako hegaldi baten edo garraio alternatibo baten artean aukeratu ahal izango dute. Azken hori eskaini ahal bazaie, murrizketak izan ditzakete kalte-ordainek. Honako hauetarako eskubidea ere biltzen du araudi berriak: janaria eta edaria ematea, bi telefono-dei egin eta faxa edo mezu elektronikoak bidaltzea (hori guztia doan), eta hotel batean ostatu hartu eta beste hegaldi bat hartu arte gaua eman behar badu bertarako garraioa izatea.
Gure txartel berria aurkeztu eta hegazkinera igotzeko eskubidea ematen digun ontziratze-txartela eskuratzeko sobera denborarekin aireportura heltzea gomendatzen du Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritzak. Ontziratzea ukatuz gero, inprimaki bat eman behar digu aire-konpainiak, bertan eskubide ditugun konpentsazio-arauak adierazita.
Garrantzitsua da kalte-ordainak esku-dirutan ordaindu behar direla gogoratzea, salbu eta bidaia-bonoetan edo bestelako zerbitzuetan ordain diezazkigutela adosten badugu. Erreserba gehiegi dituen hegaldi batean kontrataturikoa baino beheragoko klase batean bidaiatzea onartzen badugu, bi prezioen arteko aldea itzul diezaguten dagokigu.
Hegaldia bertan behera uztea
Legeria berriaren arabera, ‘overbookingak’ eraginpean harturikoentzat bilduriko eskubide berak izango dituzte hegaldi bat bertan behera uzteak eraginpean hartzen dituen lagunek. Dena den, honako kasu hauetan ez dute kalte-ordainetarako eskubiderik izango:
- Bertan behera uztearen berri bi aste lehenagotik eman bada.
- Bertan behera uztearen berri bi aste eta zazpi egun bitarte eman eta garraio alternatibo bat eskaintzen bazaie, betiere gehienez bi ordutik lehenago irtetea eta jomugara gehienez lau orduko atzerapenarekin iristea ahalbidetzen badie.
- Bertan behera uztearen berri gutxienez zazpi eguneko aurrerapenarekin eman, eta gehienez ordubete lehenago irten eta jomugara aurreikusitakoarekin alderatuta gehienez bi orduko atzerapenarekin iristen den beste hegaldi bat eskaintzen bada.
- Konpainiak ez du kalte-ordainik ordainduko hegaldia saihestu ezin diren arrazoiak direla-eta bertan behera uzten bada (eguraldi txarra, giro politiko nahasia, segurtasun-arazoak...).
Hegaldi bat bertan behera uztearen berri ematen den bakoitzean, izan daitezkeen garraio alternatiboei buruzko azalpena eman beharko da.
Atzerapenak
Hegaldien atzerapena da aire-garraioaren erabiltzaileak eraginpean hartzen dituen beste egoeretako bat. Aireportuetan itxaronaldi luzeak egin behar dituzten bidaiariei ematen zaien laguntza hobetzea da araudi berriaren helburua.
Horrela, aire-konpainia batek aurreikusitako irteera-orduarekin alderatuta honako atzerapen hauek aurreikusten baditu,
- bi ordu edo gehiago 1.500 kilometro edo gutxiagoko hegaldietan, edo
- hiru ordu edo gehiago Europar Batasuneko barruko 1.500 kilometrotik gorako hegaldietan, eta 1.500 eta 3.500 kilometro bitarteko gainerako hegaldi guztietan, edo
- lau ordu edo gehiago gainerako hegaldietan nahiko janari eta edari eskainiko die bidaiariei, eta, horretaz gain, bi telefono-dei egiteko eta faxa eta mezu elektronikoak bidaltzeko aukera (hori guztia doan). Aurreikusitako irteera-ordua gutxienez iragarritako orduaren biharamuna bada, bere gain hartuko ditu hotelerako garraioa eta bertan ostatu ematea.
Atzerapena bost ordutik gorakoa izaki eta hegaldiak bidaiariarentzat alferrikakoa bada, txartelaren kostua itzuli beharko zaio.
Dena den, honako hau gomendatzen du Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Zuzendaritzak:
· Txartela gutxienez ibilbidea amaitu arte gordetzea, ezinbestekoa baita erreklamazioak aurkezteko.
· Arazorik izanez gero, aire-konpainiarekin konpontzen saiatu beharra daukagu lehenik. Aireportu eta enpresa guztiek erreklamazio-orriak dituzte gure eskura.
· Akordio batera iritsi ez edo gure eskubideak urratu dituztela uste badugu, Hegazkintza Zibileko Zuzendaritza Nagusiari erreklama diezaiokegu.
Aurreko Aleetan |