Museora gerturatzeko arrazoiak.
Pasaia herri txikia izan arren, euskaldunen bizitasun eta itsas bokazioak bere garaiko Europako potentzia handienek egin zitzaketen ekintzak gauzatzea ahalbidetu zuen. Esate baterako, kostalde ezezagunen azterketa, nabigazio-ibilbide berriak irekitzea eta baliabide ekonomikoen ustiapena, besteak beste, bakailoaren edo balearen arrantza.
Pasaia itsas historia osatzen duten epopeia askoren buru izan da, baina beste portuekiko zerbaitetan nabarmendu bada, baleak harrapatzeko itsasoz bestalde antolatutako euskal espedizioetan datza. Espedizio gehienak Pasaiatik Ternua edo Spitzerg-erantz ateratzen ziren.
XVII. mende arte, balearen arrantza erregularki euskaldunek soilik egiten zuten. Harrez gero, beste herrialde batzuk hain irabazi handiko ogibidea ikasteko euskal itsasgizon eta teknikariak kontratatu zituzten.
Denborak atzean uzten ditu bai itsas epopeia handi haiek baita egunerokoak ere. Horiekin batera han gelditu dira garai bakoitzeko itsasontziak ere, mendetako esperientziak bultzatuta bilakaera motela izan baitute eta euren garaian garrantzia izan arren, isiltasunean desagertu dira. Desagerpen horrekin, gure itsas nortasuna ere desagertu da eta azkenean, hori guztia ez zela gertatu sinisten dugu.
ONTZIOLA - Itsasontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentroaren helburua euskaldunen itsas ondarea ezagutaraztea eta bultzatzea da, eta horretarako, euskal arrantzaleek XVIII eta XIX. mendeetan gehien erabiltzen zituzten itsasontzien erreplikak egiten dituzte.
Ontziola zentro hau, Pasai Donibaneko Donibane kalean, 33 zenbakian aurkitzen da. Antzinan aroztegia zen, gaur egun berritu eta egokitu egin delarik, orain dagokion erabilerarako.
Honako bi gune ditu:
1. Eraikuntza gunea: Ontziolak bere barruan, egur eta antzinako tresnen artean, XIV. mendean mundua txunditu zuten itsasontzi eta bukeak eraikitzea posible egin zuen Erriberako Aroztegiaren artea erakusten du. Jadanik ahaztuta ditugun teknikak erabiliaz itsasontzi baten eraikuntza zuzenean ikusteko aukera dugu.
2. Erakusketa gunea: erakusketa gela honetan, ontzi eraikuntza eta itsasoko kulturari buruz ahaztuta ditugun ezaguerak ikasiko ditugu. Itsasoko kultura oraindik gure artean dagoela eta Pasaia eta Oarsoaldeako Eskualdeak hau bizirik mantentzen dutela ohartuko gara.
Euskaldunen itsas eraikuntzaren artea iraunarazten duen Ontziola Tradizionala dugu. Haritz, kalamu eta brea usainaren artean, bisitariak ikusi ahal izango du, belaunaldiz-belaunaldi irakatsitako teknikak jarraituz, itsasertzeko zurginek antzinako itsasontzi baten erreplika nola eraikitzen duten.
Bitxikeri bat.
Ontziolak duen bitxikeriarik nagusiena da hona hurbiltzen den bisitariak XVIII. eta XIX. mendeko itsasontzi bat nola eraikitzen ari den ikus dezakeela zuzenean, aintzinako teknikak erabiliaz. Nolabait, XVIII. eta XIX. mendera itzultzeko aukera da.
Erakusketak:
· Izan direnetatik aipagarrienak.
· 2001. urtean: “Itsas Eremua, Itsasoa eta
egurra artean” Erakusketa. Donostiako Aquarium-ari esker ontzigintzarekin
erlazionatuta dagoen erakusketa izan zen. Erakusketa honetan lau elementu
ikus zitezkeen; kasko erdiak, planoak, itsasontzien plantilak, ontzigintzan
erabiltzen ziren jatorrizko tresnak.
· Argazki-erakusketak: non ikusi zitezkeen Ontziola
Zentroan eraikitako itsasontzien eta hauen eraikitze-prozesuen argazkiak.
Gaur egun ikusgai daude.
· Itsas Kultura eta Ondareari buruzko zenbait panel, gaur egun ikusgai. Besteak beste, gai hauek jorratuz; traineruaren historia, EEBBko Rockland-eko ontziola-eskolan eraikitako eta gaur egun Pasaian aurkitzen den trainerua, Euskal ontzigintza.
· Aintzinako itsasontzien planoak, oraindik ikusgai.
Bisitariak.
Orokorrean Ontziolara hurbiltzen den bisitariaren perfila oso zabala da, batez ere frantsesak eta euskaldunak gerturatzen dira baino Kataluniatik eta Madriletik ere etortzen den bisitari kopurua oso nabarmena da. Aipatu behar da itsas kulturazale eta ontzigintzazaleak ere hurbiltzen direla Ontziolara.
. Ekimenak bisitariari egokitzen al dizkiozue?
Bai, bisitarien araberako perfilari egokitzen saiatzen gara bisitan. Denen interes eta beharretara egokitzen saiatzen gara; denentzat bisita baliagarria eta interesgarria gerta dadin.
Proiektuak.
Ontziola Zentroa 2005eko urterako lekuz aldatuko da, Pasai San Pedroko Ondartxon izango du bere egoitza berria.
Bestalde, jadanik martxan dagoen proiektua XVI. mendeko baleontzi pasaitarraren eraikuntza da, Kanadako Red Bay-n, San Juan Galeoia pasaitarrarekin batera, hondoratu zena, hain zuzen ere.
Azkenik, Ontziolak dituen proiektuen artean, aipatzekoa da:
Oarsoaldea B.A Eskualdeko Garapenerako Agentziak, Albaola Elkartearen bidez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta, Red Bay-n aurkitutako eta Pasaian eraikitako XVI. mendeko “San Juan” Galeoiaren erreplika eraikiko du. Honetarako, Kanadako Red Bayko Euskal Baleazalearen Museoan ikus daiteken euskal Baleontziaren planoz baliatuz. Itsasontzi honek, intereseko beste elementu batzuen artean, itsas eraikuntzaren metodo ezberdinen arteko garapena sintetizatzen du, balio zientifikoa kontaezina izanik.
Etorkizunerako erronkak.
Etorkizunerako lehen aipatutako XVI. mendeko “San Juan” Galeoiaren erreplikaren eraikuntza dugu erronka nagusiena, Zentroaren egoitzaren aldaketarekin batera.
Hutsuneak eta proposamenak.
Momentu honetan leku falta dugu eta horregatik planteatzen dugu Pasai San Pedroko “Ondartxo” izeneko ontziolara mugitzea.
Non, nola, noiz
Ontziola-Eraikuntza eta Ikerketa Zentrua
Donibane kalea, 33
20110 Pasai
Donibane
Tel.: 943 494 521
Fax: 943 494 614
turismo@oarsoaldea.net
www.oarsoaldea-turismo.net
ORDUTEGIA
Urriak 1 – Aste Santua; asteartetik igandera:
10:00-14:00/15:00-17:00
Aste Santua - Urriak 1; astelehenetik igandera:
11:00-14:00/16:00-19:00
Sarrera doan. Bisita gidatuak aurrez hitzartuak.
PREZIOAK
Sarrera arrunta: doan
Talde bisita gidatua: 1.5 €
Beste informazioak.
Ontziolan orain arte eraikitako itsasontziak honako hauek dira: Bartolome, Zabarre, Gastibeltza eta Arditurri izenekoak.
Bartolome: larruzko itsasontzi aparta da, XVIII. mendea baino lehenagokoa.
Zabarre: XVIII. mendeko itsasontzi baten erreplika dugu.
Hamar hilabete iraun zuen eraikuntzak, eta 3 pertsonen artean eraman zuten
aurrera.
Itsasontzi hau itsasontzi handiei laguntzeko erabiltzen zen, hau da, itsasontzi
laguntzailea zen, badian txipiroiak eta horrelako arrain txikiak harrapatzeko.
Bai belaz, bai arraunez dihoan txalupa dugu; 12 pertsonentzat, 9,5 metrotako
luzera eta 3 masta ditu.
Gastibeltza: momentu hauetan bai belaz eta baita arraunez ere ibil daitekeen batel handi bat uretaratu berri da, patroia eta 5 arraunlarientzat. Gastibeltza izenez bataiatu dute, Victor Hugoren 2. mendeurrenaren omenez, idazle frantsesak berak sortu zuen heroi erromantiko euskalduna baitzen. Erabiltzen duten egurra Zuberoako basoetakoa da.
Arditurri: XIX. mendeko kare-txalupa da. Hau erabiltzen zen gehienbat legatza eta sardina harrapatzeko. Euskal flota tradizionalaren itsasontzi tipikoa da.
Gaur egun eraikitzen ari den itsasontziaren informazioa: XVI. mendeko baleontzia da, Red Bay izenarekin ezaguna. Txalupa hau Pasaiarako bueltan Labradorretik zetozenean hondoratu zen Kandako Red Bay-n, San Juan Galeoiarekin batera. Munduan ikus daitekeen baleontzirik aintzinena dugu txalupa hau, Red Bayko Baleazalearen Musoan aurkitzen baita itsasontzi originala, euskaldunon itsas historiaren pasadizo garrantzitsuenetarikoa ordezkatzen duelarik. 8 metrotako luzera dauka, haritzaz eraikita. Bai belaz bai arraunez zihoan txalupa zen, 6 arraunlarik eta patroiak osatua.
Bestalde, Zentroan burutzen den bisita gidatua ere aipatzekoa da, zuzenean ikus baitaiteke egiten ari den itsasontziaren eraikuntzaren prozesua, honi buruzko informazio zehatza jasoz, bisitaria Itsas Kultura eta Ondarearen lekuko bihurtuz.
Ontziolara egin daitezken bisita gidatuak, hauek dira:
LAFAYETTE IBILBIDEA
Ezaugarriak: Txalupaz + oinez
Iraupena: 1 ordu + 30 min
Azalpena: Badian zehar, egokitutako txalupa batean, Pasaiko portuaren mugimendua
eta garrantzi historiko nahiz monumental handiko puntuak uretatik ikusteko
aukera izango dugu. Ondoren, Pasai Donibaneko alde zaharra oinez zeharkatuko
dugu.
1777an Lafayette Markesak Pasaiako portua aukeratu zuen, bere segurtasunagatik,
Ipar Ameriketako independentziaren aldeko gudara abiatzeko.
RUTA DE LOS DOS PASAIAS
Ezaugarriak: Oinez + garraioa txalupaz
(barruti batetik bestera)
Iraupena: 1 ordu
Azalpena: Pasai Donibane eta Pasai San Pedroko barrutien alde zaharrak zeharkatuko
ditugu. Barruti batetatik bestera txaluparen bidez pasako gara.
VICTOR HUGO IBILBIDEA
Ezaugarriak: Oinez
Iraupena: 30 min- 45 min
Azalpena: Pasai Donibaneko alde zaharra zeharkatuko dugu, bertan ditugun garrantzi
historiko eta monumental handiko puntuak besteak beste; Victor Hugo poeta
frantses erromantikoaren etxea eta Ontziola (Itsasontzi Tradizionalen Ikerketa
eta Eraikuntza zentroa) ikusiz.
Aurreko Aleetan |