Herri Musikaren Txokoa Dokumentazio ZentroaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Juan Mari BELTRÁN ARGIÑENA
Traducción al español

Zer aurkitzen dugu museoan. Gerturatzeko arrazoiak.

- Soinu-tresnen bilduma: 1000tik gora soinu-tresna biltegian eta erakusketan.

- Liburutegia: Herri musika eta soinu-tresna herrikoiei buruzko liburu, aldizkari eta era guztietako idazlanak. Kontsulta eta erabilpenerako azpiegitura teknikoa.

- Fonoteka: Herri musika grabazioen bilduma, abestuak nahiz soinu-tresna desberdinekin. Euskal Herriko herri musikaren diska eta kasete-zinta zaharrak, orijinalak eta kopiak. Bertako eta mundu zabaleko herri musiken kasete, diska eta CD artxiboa. Zuzenean jasotako grabaketak kasete, magnetofoi zinta edo editatu gabeko DAT-etan. Kontsulta eta erabilpenerako azpiegitura teknikoa.

- Irudi artxiboa: Zuzenean jasotako argazkiak, pelikulak eta bideo filmazioak. Argitaratutako materialak eta argitaratu gabekoen kopiak. Kontsulta eta erabilpenerako azpiegitura teknikoa.

Tailerrak:

- Jose Mari eta Leon Bilbao albokagileek Artean zuten garai bateko tailerra, erakusketan. Gure soinu-tresnak beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera. Egile zahar hauek erabilitako materiala eta tresna zaharrak, diapositibatan Bilbaotarrak ikus daitezkeelarik albokak egiten.

- Lanerako tailerra: Soinu-tresna eta hots-jostailuak egiteko eta konpontzeko behar den materiala eta tresneriarekin antolatua.

· Zer ikusi eta entzun daiteke erakusketan?

Erakusketan 400 tresna inguru daude (beste 600 aletik gora biltegian). Horien artean badira Euskal Herriko tresnak nahiz munduko kontinente guztietakoak. Tresna horiek ikusteaz gainera, entzun ere egin daitezke audio sistema baten bidez edo zuzenean joaz bisita gidatuetan.

Erakusketa bera, Curt Sachs-ek proposatutako sailkapenaren arabera dago antolatua, hau da, soinua sortzeko erabiltzen den teknikaren arabera batik bat. Atalez atal, hemen laburtzen den eran:

1. AEROFONOAK: Flautak, Mihien bibrazio bidezkoak (bikoitzekoak, bakarrekoak, libreak, akordeoiak, xirolarruak,...), Ezpainen bibrazio bidezkoak (tronpetak) eta Aerofono libreak.
Herri eta kultura ezberdinetako tresna eta musikek zer dute antzeko? eta zer du bakoitzak bereizgarri? Airearen bidez hotsa sortzeko era ezberdinak. Euskal Herriko akordeoiaren historia. Dultzaina-gaita eta bere familia. Danbolinteroak munduan. Tresna melodikoak eta polifonikoak. Jostailuak.

2. MENBRANOFONOAK: Makilez nahiz eskuz kolpatuak (perkutituak), Igurtzitakoak eta Airearen bidez eragindakoak (mirlinton delakoa).
Musika laguntza eta oinarri erritmikoak. Soinua, hotsa eta zarata. Danborrak eta panderoak. Orraziak ere musika badu.

3. IDIOFONOAK: Zuzenean kolpatuak, Era ez zuzenetan kolpatuak, Punteatuak (malguak) eta Igurtzi edo arraskatutakoak.
Musika eta bizitzaren beste alorrak: lana jolas egiten denean. Erresonantzia kaxak. Tibeteko kanpaiak eta Lesakako toberak. Artaldearen hotsa. Sukaldean dituzu soinu-tresnak.

4. KORDOFONOAK: Kolpatutako soka (perkutitua), Pultsatutakoa eta Igurtzitakoa.
Musikariaren joan-etorria: oinarri harmonikoak eta melodiaren eraikuntza. Lauteak eta gitarrak: berpizkundetik herri-musika. Sinpatiazko bibrazioa. Zarrabetea: biolin mekanikoa. Itsuak eta eskaleak.

5. MUSIKA TALDEAK EUSKAL HERRI MUSIKAN: Txistu taldea, Dultzaina-gaita taldea, Trikitixa, Rondaila-estudiantina, Musika banda,...

6. MUSIKA ERREPRODUZITZEKO GAILUAK: Fonografoa, Gramolak, Gramofonoak, Pianola, Organilloa, Irratiak, Magnetofoiak,... (antolatzear).

7. HOTS-JOSTAILUAK (antolatzear)

· Zalearentzako eta ikertzailearentzako

Erakusketaz gainera, Herri Musikaren Txokoak baditu beste hainbat atal eta ekintza, herri-musikaren zalearentzako edo ikerketarik egin nahi duen ororentzat aukeran.

Bitxikeri bat.

ELTZEGOR: Hots-tresna hau, ttipiuntzia (zanbonba) motako igurtzitako danborra da, baina kasu honetan, hotsa eman behar duen tinkatutako larruzko menbranari, bibrazioak, igurtzitako soka baten bitartez transmititu egiten zaio.

Bere hotsa oso karrankari eta mingarria da. Horrela eltzegorraren ots beldurgarria entzunez, abere taldeek eroturik eta itsuturik alde egiten zuten, ihesaldi horietan, askotan zuaitz edo arkaitz baten kontra joaz edo amildegitik eroriz zauritzen edo hiltzen zirela. Horregatik garai batean debekaturik zegoen tresna hau erabiltzea.

DUNG-CHEN
Lau metro inguruko luzera duen metalezko “tronpeta” harrigarri hau Nepal aldeko monjek jotzen dute eta ematen duen hots grabe eta sakonen bitartez inguruko jendea otoiz egitera eta tenpluetako ekintzetara deitzen dute.

Erakusketak:

· Izan direnetatik aipagarrienak.

ERAKUSKETA MUGIKORRA:
Euskal Herriko 122 soinu-tresnez osatutako erakusketa.
Bost gunetan antolatuta: Idiofonoak, menbranofonoak, kordofonoak, erofonoak eta hots-jostailuak. Soinu-tresnekin batera fitxa, argazki eta gutunekin lagundurik.

2002ko maiatzaren 1,2,3,4,5an. Errenterian, burututako 24. Euskal Herriko Eskulangintzaren Azokaren ekitaldien barruan Xenpelar Aretoan “Soinu Tresnak Euskal Herri Musikan” izenarekin antolatu genuen. Oso arrakastatsua gertatu zen, hiru mila bat bisitari bertatik pasa izan zirelarik.

2002ko urriaren 14tik 18ra. Donostiako Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxean. “Euskal Astea Intxaurrondon” antolatutako egitarauaren barnean “Euskal Herriko musikan agertzen diren soinu-tresnak” izenarekin antolatu genuen erakusketa.

2003ko maiatzaren 1,2,3,4an. Etxarri Aranatz. Kultur Etxean Nafarroako Trikitilari Elkarteak antolaturik.

2003ko maitzaren 12tik 18ra. Beasaingo Udal Erakusketa Aretoan. Beasaingo Musika Eskolaren 25 urteurrena ospakizunetan.

2003ko abuztuaren 9tik 17ra. Albergue de Beire Aterpetxeko Erakusketa Aretoan. Beiren antolatutako “IV Fiesta de la Artesanía” egitarauaren barnean.

2004ko martxoaren 20tik 28ra. Txantrea (Nafarroa). Euskal Txokoak antolatutako Kultur Astea.

2004ko apirilaren 23tik maiatzeren 2ra. Urruña (Lapurdi). Kulturaldia / Semaine culturelle.

2004ko Ekainaren 3tik 6ra. 100 años de desarrollo en Errenteria y su comarca-100 urteko garapena Errentarian eta bere eskualdean. Muestra – Erakusketa.

· Laster ikusi ahal izango ditugunak.

2004ko azaroaren 12tik 27ra. quinta edición de la muestra “Gipuzkoa con los Cinco Sentidos” erakusketaren 5. edizioa. Centro Comercial URBIL. Usurbil.

Bisitariak.

Denetarik.

·Ekimenak bisitariari egokitzen dizkiozue?

Bai. Ez da berdin 5 urtetako aurrekin, institutuetako ikasleekin, jubilatuekin edo musika ikastetxeetako ikasleekin egitea. Bisita gidatu bakoitza bisitari mota bakoitzari egokitu behar da.

Proiektuak.

Bisitaz gain, Euskal herri musika grabazio bilketa egiten ari gara (audio eta irudia).

Herri Musika Bilduma.
1. zenb. “Dultzaina Gipuzkoan”.
2. zenb. “Albokaren alde batzuk”.
3. zenba. “Txalaparta eta beste aldaera zaharrak”.
4. zenbakia argitaratzeko “Herri Musika 1. Jardunaldiak” Aktak.

Herri Musikaren 3. Jardunaldiak. 2004ko azaroaren 27 eta 28an. “Herri Musika eta herri dantza hezkuntza sarean” gaia monografikoarekin.

HM Kontzertuak. Urtean 4 kontzertu bikoitzak (euskal eta kanpoko herri musika) antolatzen ditugu.

Etorkizunerako erronkak.

Egoitza aldaketa. Proiektua egina eta onartua dago. Oiartzungo eraikuntza berezia den XVI. mendeko Iturriotzeko Dorretxea izango da egoitza berria.

Biblioteka, fonoteka, irudi artxiboa eta soinu-tresnen bilduma datu baseak interneten sarean kontsultagarri jartzea.

Hutsuneak eta proposamenak.

Espazioa, toki falta. Eraikuntza zaharrean gutxi gora behera 240 metro karratu dauzkagu eta berrian 800 inguruan izango ditugu.

Non, nola, noiz

  Argazkia
 

Herri Musikaren Txokoa
Tornola, 6 / 20180 Oiartzun
Tel/Fax (9) 43 49 35 78
Email: herrimusika@herrimusika.org
www.herrimusika.org

SOINU-TRESNEN ERAKUSKETA

OSTEGUNA-OSTIRALA:
GOIZEZ; 10-14 ARRATSALDEZ; 15,30-19,30

LARUNBATA
GOIZEZ; 10,30-14 ARRATSALDEZ; 15,30-19,30

BISITA SARRERA PREZIOAK
Bisita arrunta: 2 €.
Bisita arrunta audioarekin: 3 €.
Talde-bisita gidatua (gehienez 25 pertsona): 6 €. bakoitzeko.
Antolatutako talde bisitak (gehienez 25 pertsona): 60 € taldea.

DOKUMENTAZIO ZENTRUAREN IKERKETA ETA KONTSULTA ATALAK
Aurretik hitzartu behar da.

Beste informazioak.

 

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/11-26/12-03