La Platako Unibertsitatearekin hitzarmena Eusko IkaskuntzakEscuchar artículo - Artikulua entzun

Josemari VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA
Traducción al español

Eusko Ikaskuntzak beste urrats interesgarri bat eman du euskal kultura Euskal Herritik kanpo zabaltzeko eta oraingo hau Argentinako La Platako Unibertsitate Nazionalarekin izenpeturiko Hitzarmen Markoa da. Urriaren 22an sinatu zuten itun berri hau Xabier Retegi Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak eta Gustavo Azpiazu Unibertsitateko Errektoreak.

Aspaldiko ametsa errealitate egin zen, Hitzarmenaren gaineko proiektua orain dela bost urte sortu baitzen, Buenos Aires probintziako hiriburuan egoitza nagusia duen Unibertsitateko Euskal Pentsamenduaren Katedra Askearekin Eusko Ikaskuntza harremanetan hasi zenean. Eta, hain zuzen, Hitzarmenaren arabera, bi erakundeen arteko lan eskeman interlokutoretzat hartzen da aipatutako Katedra hori. Katedrako arduradun nagusiak diren Letizia Maldonado Arruti eta Martha Gonzalez Zaldua ari dira dagoeneko balizko lankidetzaren zirriborroa prestatzen.

Argazkia
Eusko Ikaskuntzak La Platako Unibertsitate Nazionalarekin hitzarmena sinatu du.

Unibertsitate-Hedapenerako Idazkaria den Fernando Tauberekin hilaren 19an burututako bileran zehaztu ziren Hitzarmenaren nondik norakoak. Eta hiru egun beranduago, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria La Platako Unibertsitateko doctor honoris causa izendatu zen ekitaldiari ekin aurretik izenpetu zuten bi aldeek akordioa. Horren arabera, urtero eranskin bat prestatu beharko da, elkarrekin burutu nahi diren gaiak zehazteko, eta bi aldeetatik behar bezalako bermea eskaintzeko. Dagoeneko, 2005ean zertan ari daitekeen aurreratu samarra dago eta, antropologiako ikastaro zabal bat era lezake Eusko Ikaskuntzak Unibertsitate hartan.

La Platako Unibertsitatea, 83.000 ikaslerekin, Argentinako hirugarrena da matrikulen kopuruari dagokionez, Buenos Airesekoa –270.000- eta Cordobakoa –90.000- nagusien ondoren.

KOSMOPOLITA
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/10-29/11-05