Estebe
Ormazabal
Traducción al español
Richard Nixon (EEBB-ko presidentea) eta William Rogers-en (Estatu idazkaria) arteko elkarrizketa (1971eko abenduaren 7a, 18h51):
Rogers – “Uste dut Garrastazu
Mediciren gauza hori ideia ona dela. Bazkal orduan une ederrak pasa ditut
berarekin eta ...”
Nixon – “Tipo handi bat da, ezta?”
Rogers – “Horixe baietz. Ene jainkoa,gauza
ederra da gure aldean egotea”.
Nixon – “Tipo gogorra da, ezta? Badakizu
gauza bat, (farreak) … badakizu, nahiago nuke kontinente osoaren agintari
izango balitz”.
1964an Estatu Batuek bultzaturiko kolpe militar batek João Goulart presidentearen “erreforma sozialen gobernuari” amaiera zakar bat eman zion. Brasil bere historiako unerik ilunenetakoan murgildu zen, eta ia ito. 1985 urtera arte iraun zuen diktadura militarrak gaur egunerarte bere arrastoak utzi ditu, bai politikan, bai ekonomian, bai gizartean eta batez ere sortu zituen ezberdintasun sozio-ekonomikoetan. Bukaezina dirudien amets gaizto bat.
Hala ere, egoera larri eta ilunetan, gauzak gehiago ilundu ezin daitezkela uste dugunean, beti sortzen da amets-gaiztoan sakondu eta egoera oraindik gehiago ilunduaz historiara pasatzen den pertsonaien bat. Emilio Garrastazu Medici generala dugu pertsonai horietako bat. 1969ko urriaren 30etik 1974ko martxoaren 15a arte iraun zuen bere presidentetzak, “diktaduraren urte beltzak” (os anos negros da ditadura) bezala pasa dira historiara.
Jean Ibarbururu, 1835ean Marie Ibarbururekin ezkondu eta Rio Grande do Sulen kokatu ziren. Bere alaba, Domingas Ibarburu (1838-1903), 1854an José Antonio Garrastazu Odarzaval-ekin (1820-1885), Dom Pedriton (Rio Grande do Sul) ezkondu ondoren, Garrastazu familiaren matriarka bilakatu zen.
Domingasen iloba bat, Júlia Garrastazú (1881-1955), italiar jatorriko Emilio Medicirekin (1876-1950) ezkondu eta elkartearen frutua izan zen Emilio Garrastazú Medici (1905-1985).
Uruguaianako (Rio Grande do Sul) euskal komunitatean hezia izan zen Emilio gaztea. Garrastazu familia eragin handikoa zen euskal komunitatean, alde batetik kolonizatzaileen artean lehenengo familietakoa izan zelako eta bestalde ganadu eta lur jabe handiak bilakatu zirelako urteetan zehar.
Emilio Garrastazu Médici generala. Argazkia: www.logon.com.br |
Emilio Garrastazuk karrera militarra egin zuen eta komandante bezala João Goulart presidentearen aurkako mugimenduan parte hartu zuen 1964ko kolpe militarrean.
Militarren aldeko fideltasunagatik Washingtonen urte batzuek egin zituen ordezkari militar bezala. Denbora honetan estatubatuar militarrekin erlazioak sakontzeko aukera izan zuen, eta honela, urte batzuk geroago, Estatu Batuek Hego Ameriketarako zituzten planetan parte hartzeko aukera izan zuen. Brasilera itzuli eta Informazio Zerbitzuen (SNI, Serviço Nacional de Informação) buru izan zen 1969an Junta Militarrak Brasilgo presidente aukeratu zuen arte.
Bere gobernu garaia “diktaduraren urte beltzak” (“os anos negros da ditadura”) bezala ezagutzen da errepresioak izan zuen gogortzearengatik.
Hala ere, Garrastazu generala popularitate handiko gizona izan zen eta “presidente handi” bat bezala pasa da historiara: 1970an Brasilek munduko hirugarren futbol txapelketa irabazi zuen Mexikon eta honek izugarrizko optimismo espiritua zabaldu zuen Brasil osoan. Bestalde, prentsaren erabilera propagandistikoan oinarriturik,eta horretarako telekomunikazioen aurrerapenak ederki erabili zituzten (TV Globoren sorrerarekin), “mirari ekonomikoaren” ametsa zabaldu zen.
Gainera, errepresioa gizarteko talde jakin batera zuzendua zegoen, biztanlegoaren masa handiak mirari ekonomiko horretan bere itxaropenak jartzen zituen bitartean, adibidez banku kreditu pertsonalen erraztasunak telebisten kopurua laukoiztu zuen 6 urteetan.
Herritarren oinarrizko eskubideak etenda zeuden eta, gobernuaren nahia izan ezkero, edozein atxilotua izan zaitekeen. Eskoletan, unibertsitateetan, lantegietan, prentsan, antzokietan, brasildar gizarteak diktaduraren burdinezko eskua sentitzen zuen.
Gobernuak dirutza handiak gastatzen zituen bere irudia hobetzeko publizitate kanpainetan. Eslogan famatuenetako batek honela zion: “Brasil, maite ezazu edo utzi ezazu” (“Brasil, ame-o ou deixe-o”). Hauxe izan zen askoren “aukera”: nahiz eta Brasil maitatu, Brasil utzi behar izan zuten atzerriko bidea hartuaz.
Komunkabide eta aktibitate kulturalak poliziak zaintzen zituen eta gobernuaren gogokoa ez zen guztia gogorki zentsuratua zen. Diktadurak ez zuen kritikarik onartzen ezta gutxiago ere, oposaketa baketsurik.
Garrastazu Medici 1970ko futbol emaitzak ospatzen, Brasilian.
Argazkia: http://www.senado.gov.br/web/historia/imagens/ preemi1.jpg |
Irtenbiderik gabeko egoera politiko honen aurrean ezkerreko partiduek borroka armatura eta hiri-gerrilara jo zuten 1968tik aurrera hainbat talde armatu sortuaz. PCB (Partido Comunista Brasileiro) borroka armatuaren aurka azaldu zenez, partidu ezkertiarren zati bat PCBtik irten eta erakunde txiki ugari sortu zituzten borroka armatuari ekinez. Talde horien artean (denera 27) ezagunenak: PC do B (Partido Comunista do Brasil), MNR (Movimento Nacionalista Revolucionário), MRT (Movimento Revolucionario Tiradentes), ALN (Ação Libertadora Nacional), VPR (Vanguarda Popular Revolucionária) eta MR-8 (Movimento Revolucionário 8 de Outubro) izan ziren. Nahiz eta taldeak ugari izan, benetako mobilizatze ahalmena murritza zen (1000 gerrilari inguru) estatuak zuen “segurtasun komunitatearen” aurrean (errepresioaren unerik gogorrenean 500.000 pertsonatik gora erabili zituen Brasil osoan zeuden informatzaileak barne). Bestalde, talde hauetako askok jarrera nahiko elitista mantentzen zuten eta horrek herritarren sostengua asko murriztu zuen. Hasiera batean erregimena desorekatzeko ahalmena zutela zirudien hainbat ekintza ikusgarriekin (Estatubatuar enbaxadorearen bahiketa adibidez), baina laster militarren ekintzen esku erori ziren eta bi urte barru hiri - gerrila deuseztua zegoen eta ondoren landa-gerrilaren ordua izan zen.
Nixonek nahi zuen bezala ez zen kontinente osoaren agintari izan, baina Hego Amerikan 1970eko hamarkadan izan ziren kolpe militar gehienetan, Garrastazu Medici generalak zuzen bete zituen EEBBtatik heldutako aginduak: Bolivian Hugo Banzer generalaren kolpe militarrean dirua, armak eta hegazkinak bidaliz; Uruguayen ezkerreko erakundeen aurkako gerra zikinean eta 1973ko kolpe militarrean Argentinarekin batera militarren alde,eta Chilen, Salvador Allenderen aurkako kolpean arma eta hegazkinekin jarri zuen bere harri-koskorra. EEBBen koordinakuntzarekin “Kondor Operazioa”n parte hartu zuen Garrastazu Mediciren gobernuak, Paraguay, Uruguay, Chile eta Argentinarekin batera, Hego Amerikan erregimen militarren aurkako mugimenduak desagertarazteko.
Politikaren gogortze hau “mirari ekonomikoak” maskaratu zuen: barne produktu gordinaren hazkunde handi bat (urteko 10%) aktibitate produktiboen dibersifikatzea eta erosketa ahalmen handia zuen erdi-klase berri baten sorkuntza. Guzti hau, errentaren kontzentrapen izugarri batean oinarritua Brasil munduko herrialde bidegabeenetako batean bihurtuaz. Ondorengo taulan agertzen da nola errenta altuko %5 a aberasten zihoan eran, errenta baxuko %80a pobreago bilakatzen zen. Kontuan izan behar da baita ere tarte horretan soldata erreala jeitsi egin zela, hau da soldataren benetako balioa, eta Brasilgo biztanlegoaren %51ak soldata minimo bat baino gutxiago irabazten zuela 1972an.
URTEA |
ERRENTA
DISTRIBUZIOA BIZTANLEGOAN |
|
BIZTANLEGOAREN
%5 ABERATSENAK |
BIZTANLEGOAREN
BESTE %80 |
|
1960 |
Errentaren %27,3 |
Errentaren %45,6 |
1970 |
Errentaren %36,3 |
Errentaren %36,2 |
1976 |
Errentaren %39,0 |
Errentaren %33,0 |
Iturria: I.B.G.E. |
Hala ere hazkuntza ekonomikoaren oinarrian ez zegoen inongo miraririk barne indar produktiboetan ez baitzegoen oinarriturik eta petrolioaren prezioaren igoerarekin kanpo egoera ekonomikoa okertu zenean brasildar ekonomiak inpaktu izugarria jasan zuen. Alde batetik inflazioaren igoera eta bestetik kanpo zorraren handitzeari hasiera emanaz (1964ko kanpo zorra=1,5 biloi dólar; 1970koa 14 biloi; 1985ekoa 90 biloi).
Emilio Garrastazu Médici generala 1975ean.
Argazkia: http://www.espcex.unicamp.br/ hist22.htm |
Garrastazuren gobernuaren azkeneko urtean “brasildar mirariaren” kolapsoa nabarmendu zen eta nahiz eta gobernuak ekonomiaren zenbaki ofizialak manipulatu, inflazioak berriz ere gora egin zuen eta brasildar ekonomia gaur egun arte irauten duen atzerapen zikloan sartu zen.
Tamalgarria da ikustea, zor-egite prozesua ez zela errenta banaketa bidezkoago batean suertatu, baizik eta zalantza handiko beharra zegoen faraoi-lanak ordaintzeko erabili zela, Rio – Niteroi zubi erraldoia edo Transamazonica errepidea bezala.
Pixkanaka, gobernu militarrak boterean mantentzeko zuen argumentu nagusia galdu zuen garapen ekonomikoari ezin eutsiaz eta oposizioko indarrak berrantolatzen joan ziren 1984an demokraziaren itzulera bultzatuz.
Gehiago jakin nahi ezkero:
1. “Brasil e os golpes de Estado: 30 anos depois”, Luiz Alberto Moniz Bandeira, Correio Braziliense, 07/09/2003.
2. http://www.mre.gov.br/acs/diplomacia/portg/arquivo/gov026.htm (10/10/2003)
3. “Ame-o, ou deixe-o”, http://www1.folha.uol.com.br/folha/especial/2002/eleicoes/historia-1969.shtml (12/10/2003)
4. “Para um programa da arena (sugestões do prof. Gilberto Freyre)” Recife, 10 de maio de 1972,
5. http://www.portalbrasil.eti.br/politica_presidentes_juntamilitar.htm (03/07/2003)
6. http://www.logon.com.br/biografias/persbras/bbra0070.htm (25/09/2003)
7. “A ruptura moral “http://www.midiasemmascara.org/materia.asp?
cod=1204 (25/09/2003)
8. “Um derrubador de presidentes” http://www.estado.estadao.com.br/colunistas/pedreira/2001/03/
pedreira010311.html 925/09/2003)
9. “Historia do Brasil II”, José Carlos Pires de Moura. Editora Anglo Ltda, 1984-85.
10. “Nixon queria Garrastazu a cargo de todo o
continente” Argemiro Ferreira http://www.tribuna.inf.br/anteriores/2002/junho/21/coluna.asp?coluna=
argemiro
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |