La Robla-Bilbo: Ehun urteko ibilbide berrituaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Zuriñe Velez de Mendizabal
Traducción al español

XIX-XX. mendeetan ikatzaren eskaera handia zen Euskal Herrian, Bizkaiko meategietatik ateratako materialarekin altzairua ekoiztu ahal izateko. Garai hartan euskal burgesiak izandako ezohiko garapenak kapitala Euskal Herritik kanpo inbertitzera bultzatu zituen. Horrela, estatuko mineral-arro batzuen ustiapena bideratu zen.

Era horretan, XIX.mende bukaeran, 1890.urtean hain zuzen ere, enpresari talde bat elkartu eta, Roblatik Balmasedarako Ikatzaren Trenbide Elkartea sortu zuten. Ez zen garai hartan sortutako elkarte bakarra izango, burdin, berun eta kobre ustiapena helburu zuten hainbat fundazio eta elkarte jaso baitziren.

Argazkia
Argazkiak: Fede eta Carlos Merino. Argazkilariak. www.fcmerino.com

Bizkaiko industria, eta orokorrean euskal siderurgia asetzeko Leongo ikatza garraiatzea zuten helburu Roblatik Balmasedarako Ikatzaren Trenbide Elkartekoek, garraio mota berriarekin. Baina hori ez zen trenbidearen betebehar bakarra; azpiegiturak aprobetxatuz beste salgai batzuk eta baita bidaiariak ere eramateko pentsatutako ibilbidea zen Balmaseda-Robla.

Trenbidearen egikaritzea

XIX.mendeko azken bi hamarkadetan izugarri hazi zen Bizkaiko meatzeen ustiapena. Garai hartan ohikoena bertako meategietatik ateratako burdina itsasontziz Ingalaterrara eraman eta han saltzea izaten zen. Ondoren, itsasontzi horiek ikatzez beterik itzultzen ziren Bizkaiko portura. Baina lehengaia Asturiasetik itsasoz eta Roblatik trenez hasi ziren ekartzen. Pixkanaka ikatz espainiarrak indarra hartu zuen ingelesaren aurrean, nahiz eta bigarrenaren kalitatea hobea izan. Ondorioz Roblara egiten ziren joan-etorriak ugariak izaten ziren.

Argazkia
Argazkiak: Fede eta Carlos Merino. Argazkilariak. www.fcmerino.com

La Robla-Balmasedako trenbidearen azpiegiturak egiteko inbertsio handia behar zen, eta 16 milioi pezetako aurrekontua zegoen. Bi urtetara ireki zituzten ibilbidearen lehenengo 45,347 kilometroak, 1892an; Balmasedatik irten eta Espinosa de los Monterosera zihoan bidea zen hori. Hala ere, ibilbidearen inaugurazio eguna bi urte beranduago izan zen, 1894.an hain zuzen ere, eta guztira 284 kilometro ireki ziren. Denboran bidaiarientzako Euskal Herria eta Mesetaren arteko (Burgos, Kantabria, Palentzia eta Leon) ibilbiderik zuzenena izatera iritsiko zen. Kilometro berriak eraiki ziren, eta Estatuko bide estuko trenbiderik luzeena izatera iritsi zen; 340 kilometro ditu guztira.

Trenbidearen gainbehera

Gerra Zibilak hamahiru hilabetez eten zituen trenaren eguneroko joan-etorriak, baina 1937.urtean berriz ere martxan jarri ziren trenak. Inoiz konpondu gabeko ibilbidea zen Bilbo eta Leon artekoa, eta 1991.urtean Garraio Ministerioak itxi egin zuen bidaiarientzako ibilbidea, tren-linearen egoera txarrarengatik, nahiz eta merkantzien garraioa ez den gelditu. Gaztela eta Leongo Juntak eta FEVEk (bide estuko Espainiako trenbideak) elkarlanean, 64,5 milioi euro inbertitu zituzten egokitze lanak egiteko. Bost urtetan lanean aritu ondoren, 2003ko maiatzaren 19an berrireki zen ibilbidea bidaiarientzako.

Argazkia
Argazkiak: Fede eta Carlos Merino. Argazkilariak. www.fcmerino.com

Bailaraz bailara doa trena, eta Europa guztiko bide estuko tren-ibilbiderik landatarrena dela diote hainbat adituk. Zazpi orduko ibilbideak ez du duela mende bateko 12 orduekin zer ikusirik, azpiegitura hobeengatik, besteak beste. Eta lan gogorraren ondoren etxera itzultzen ziren langileen ordez, batez ere turismoa egiteko modu berri bat probatu nahi dutenek beteko dituzte tren bagoiak oraingoan.

Jose Felix Garai Bilboko Trenbidearen Lagunen Elkarteko kidea da, trenetan aditua. Bere iritziz aurrerapen bat da Roblako Trenbidea berrirekitzea. “Etorkizuna duen tren-linea dela deritzot Leongo arrotik hasi eta Bilboraino doan ibilbidea”, esan digu Garaik. “Noski, memoria historikoa gordetzeko baliagarri izango da linea hori irekita egotea. Horrez gain, niretzako garrantzitsuena bidaiarientzako zerbitzu berri bat dela, tokiz mugitzeko, leku berriak ezagutzeko aukera ematen duena gainera”.

“Trenbideak oso garrantzitsuak izan dira historian zehar gizarte honentzako, eta Roblakoa ere horrela izan zen”, dio Jose Felixek. Azken batean trena topaleku bat izan da; ekonomiarako oso garrantzitsua, pertsona eta merkantziak garraiatzeko ezinbestekoa. Kapitalismo interes desberdinek trenbide sareak eskuratzeko borrokatzera eraman zituen 1890-1896 urteen artean arantzel protekzionisten aldekoak eta liberalismoaren aldekoak; jabetzak botere ekonomikoa baitzekarren.

Argazkia
Argazkiak: Fede eta Carlos Merino. Argazkilariak. www.fcmerino.com

“Nire ustez, trena gaur etorkizun handiena duen garraioa da”, aipatu du Trenbidearen lagunen elkarteko kideak. Robla eta Bilbo elkartzen dituen trenbidearen inguruan, bertan bidaiatzea paregabea dela azaldu du. “Bista ederrez eta lasaitasunaz gozatzeko aukera ematen duen ibilbidea”. Duela ehun urteko ibilbide berdina gaur egungo beharretara egokituta, erabiltzen diren Apolo trenak kasu.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2004/01-30/02-06