Jesus Atxa atxabaltarra Manuel
Lekuona Sariaren irabazlea

Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

Jesus Atxa atxabaltarrak irabazi du Manuel Lekuona Saria 2003ko edizioan. Eusko Ikaskuntzak urtero ematen duen sari garrantzitsu hau 1983an sortu zen eta ordudanik, irabazleen artean, Manuel Lekuona bera, Jorge Oteiza, Andres Mañarikua, Micaela Portilla eta sona handiko beste euskaltzale asko daude.

Jesus Atxak euskalgintzan eman du bere ibilbide profesionala, batez ere ikastolen mugimenduan, eta Nafarroako ikastolek asko zor diote, berari esker hartu baitzuten gaur duten altura.

Jesus Atxa Agirre Aretxabaletan jaio zen 1920an, duela 83 urte. Durangoko Jesuiten San José ikastetxean ikasi zuen. Gerra Zibila pizterakoan, Belgikara eraman zuten, jesuiten ordenan sartzeko beharrezko ezagutzak jasotzeko xedearekin. Handik Bogotara joan zen, Kolonbian nobiziatu berri bat zabaldu behar zutela-eta. Han ikasketa jesuitikoak utzi, eta Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Javieriana Unibertsitatean.

Ameriketan gelditzea erabaki zuen, baina bizitzera Caracasa joan zen, hiri honek lotura handiagoa zeukalako euskal munduarekin. Nolanahi ere, 1945ean kontinentea atzean utzi eta jaioterrira itzultzea erabaki zuen.

Handik urte batera, Bizkaiko Aurrezki Kutxan hasi zen lanean, Elorrion, eta herri honetako parrokiako abesbatza zuzentzen. Denboraldi batean metalgintzan lanean aritu ostean, 60ko hamarkadaren hasieran Elorrioko eskola korporatibistako ikasleei euskarazko eskolak ematen hasi zen. 1964an Bilbora joan eta Edili, euskara garatzeko kultur elkartean hasi zen lanean, eta horrela bete-betean sartu zen ikastolen munduan.

Sei urte geroago, Jorge Cortesek, Iruñako San Fermin ikastolako zuzendari izatea eskaini zion eta postu horretan jardun zuen harik eta 1984an erretiroa hartu zuen arte. Ostera, gerora ere jarraitu du Nararroako Ikastolen Elkartearekin lanean.

Ezkonduta dago eta lau seme alaba dauzka, hauetatik hiru ikastoletan ari direlarik lanean. Aisialdian Nafarroako ikastolen historia errepasatzen aritzen da, baina, bereziki, bere zazpi bilobekin jolasten.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

HERRIAK
Aretxabaleta
Bilatu Euskonewsen
2003/12/29
   2004/01/09