Kardaberaz (1703-1770), inertzia eta eraldaketaEscuchar artículo - Artikulua entzun

Joseba Zuazo, EHUko Folologia eta Geografia departamenduko irakaslea

Inertzia eta eraldaketa, bi osagai hauek zeuden Kardaberazen "Euskararen berri onak" idazlanean; hain zuzen ere XVIII. mendeko Euskal Herriko gizartean atzematen ziren bi joera berberak: tradizioa eta aldaketarako nahia. Eremu guztietan antzinako bizimoduak eredu berrirantz garatzen hasi ziren, nahiz eta sarri aldaketak sakondu gabe suertatzen ziren inertzia eta tradizioaren eraginez. Euskarari zegokionean ere, joera tradizional arrunten ondoan, beste ezaugarri berriak aurkitzen genituen.

Neurri batean, neotradizioa edo tradizio berria birplanteatu zuten, baina beste osagai moderno asmatu zuten. Kardaberazi buruz, euskal literaturan belaunaldi berria osatu zutela Mendiburu eta Larramendi idazleekin batera; gipuzkera euskalkiari literatur maila eman zuela eta Euskaldun fededun esaeraren aitzindaria zela esan ditzakegu. Baina euskalkiek sor erazi ohi zuten arazoen aurrean, zer erantzun bultzatzen zuen, euskararen ezagutza sakonarekin oztopoak gainditu nahi zituzten; hortik letorke "Eusqueraren berri onac, eta ondo escribitceco, ondo iracurteco ta ondo itzegiteco erregleak" (1761) liburuaren helburua.

Liburu hau hizkuntzaren apologiatzat har dezakegu, eta beste egile batzuk (Larramendi) goraipamenak erdaraz egiten bazituzten, Kardaberazek euskara kultur hizkuntza bihurtzeko egungo bizitzan erabili ez ezik, garaiko eredu hoberenen parean jarri behar zela; hain zuen grekera eta latinera hizkuntza klasikoen eredua jarraitu behar zuela aldarrikatzen zuen. Gainera euskara munduko lehen hizkuntzen artean zegoenaren mitoa aldarrikatzen zuen: "latinak eta griegoak berak itz, bo eta berba asko euskaratik artuak badituzte,… Euskara aiekin batean edo lenago an señale, eta izkunde lehen edo aurrenekoetatik bat euskara zala". Legitimazio prozesuan euskara kultur hizkuntza gisa eta bere balioa bultzatzea zen helburu nagusia eta honekin batera helburu erlijiosoa ere agertzen zitzaigun.

Euskararen kontrako aurreiritziak baztertu eta beren balioa sustatzea; horretarako gramatikaren beharra eta ondo hitz egiteko, ondo idazteko, ondo irakurtzeko; azken batean ondo elkar komunikatzeko ezaugarriak finkatzean zetzan euskararen iraupena. Azken batean, hizkuntzaren ezagutzaren ondorioz hiztunen kopurua handitzen edo finkatzen bazen, hiztunen masa kritikoa lortzen zelarik, edukien transmisioa erraztuko zen, bai ahoz bi idatziz. Nahiz eta hizkuntza batua aipatzen ez zuen, euskal gramatikaren beharraren proposamenaren ondorio argigarriena euskararen eredu standarra izango zen: "Itsu-itsuan askok esan oi du, euskara asko dirala, edo erri bakoitzean bere euskarara dala; baña zer dioten ez dakite. Ezta ori egia: euskara bat da. Euskara bat onetan, egia da, dialekto edo izkera asko dirala". Eta euskalki guztien gainean eta tokian tokiko euskalki guztiak kontutan hartzen zituen: "Frantzian, Nafarroan, Bizkaian, Araban ta Gipuzkoan". Azken batean Frantziako Iraultza liberala baino lehen Euskal Herriko identitate nazionalaren lehendabiziko aztarnak izan litezkeenak hona hemen izango genituen. Euskararen erabilera eskoletan sustatu nahi zuen eta euskaraz hitz egiteagatik zigor eraztunaren aurka azaltzen zitzaigun: "nola Euskalerrietan umeen aziera ona ta bear dn dotrinarik izango da, baldin euskera ondatzeko alegiñ guziak egiten badira, ta gure mutiltxo edo aurrai bildur ta azotekakin euskeraz itzegitea eragozten baziae?". Eta garai hartan ez zen bakarra: Larramendi, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak, Garaten proposamenak ildo beretik joango ziren; nahiz eta bakoitzak klase sozial konkretuaren arabera bere interpretazioa egin ohi zuen.

Kardaberazek gazteriaren hezkuntzari lehentasuna eman nahi zion, bere helburuak lor zitezen: "gazte bat aurtasunetik nola ondo azi bear dan, A,B,C-tik asi ta gizon prestu txit jakintsu edo biribil egin arteraino". Alde batetik, eredu klasikoaren jarraitzailea zen, baina ideiak euskararen irakaskuntzaren instituzionalizazioa ere ekartzen zuen. Hezkuntzak gizartearen eredu zehatza (eduki sinbolikoak, ideologien transmisoa eta agintaritzaren eredua) ahalbidetzen du. Kasu honetan prozesu guzti hori euskararekin loturik eta azkeneko bi mendeetan zehar iraun du.

Hezkuntzaren bidez helburu horiek lortuko zirelakoan liburuaren eskaintza nahiko adierazgarria zen: "Kura jaun, ta eskola maisu zelosoai… dedikatzen dieztenak". Euskal Herriko Ilustrazioaren ezaugarrienetarikoa hezkuntzaren bidez aldaketak bultzatzea zen eta horra hor adibide gisa Euskal Herriko Adiskideen Elkartea edo Bascongada bere "Reglamento para los alumnos de la Sociedad Bascongada de los Amigos del País" delakoan, 1765. urtean argitara emandakoa, ezinbesteko baldintzatzat: irakurketa eta idazketa, erlijio katolikoz ongi jabetua izatea eta horretarako Fleuri Abatearen katixima eskatzen zuten. Kasu bi hauetan hizkuntzaren ezagutza sakona (ez zuten euskara ala erdara zehazten) eta erlijioa errepikatzen ziren osagaiak genituen. Beraz, euskal ilustrazioaren ezaugarriak kontutan harturik (ilustrazio katolikoa) Kardaberaz idazleak eta une berean Bascongada Elkarteak zeukan ezaugarrien artean zenbait antzekotasun sumatzen dugu.

Legitimazio prozesuan garai klasikoko idazleen aipamenenekin batera (Quintiliano, Ciceron, Plinio, Cornelio Lapide, …) eta horien parean, Aita Larramendi behin baino gehiagotan agertzen zaigu, berak prestatu zuen hiztegiagatik. Azken batean ilustrazio zientifikoaren aurrean letra ederrean oinarritzen zen ilustrazio eredua dugu. Eta kasu honetan Frantziako Letra Ederren Akademia gauzatzen zen neurrian, hemen ere euskararen erretorika inguruan letra eder horiek gauzatzen ahalegindu zen.

Egun generoen aldeko aldarrikapena egiten den bezala, XVIII. mendeko Ilustrazioak emakumeei etxeko ardura eta seme-alaben heziketa soilik eskaintzen zitzaizkienean hona hemen generoen arteko berdintasunezko aipamena: "Seme ta alabak txikitatik eskolan erdaraz ta euskaraz, edo guztira, oitu bear dira".

Kardaberaz Euskaldun fededun esaeraren aitzindaritzat har dezakegu; baina horrekin batera eta nekazal gizartearen eduki kontserbadoreak edo inertziak kendu gabe, denboran zehar industri gizartean oso normaltzat hartzen ditugun beste osagai moderno batzuk edo eraldaketak (euskal identitate nazionala, euskara batua, hizkuntzaren helburu komunikatiboa, gazteriarekiko lehentasunak,e.a.) agertzen zitzaizkigun ere.

Bibliografia:

ALTUNA, B.: Euskaldun fededun, Alberdania, 2003.

ALTZIBAR, X.: "Kardaberazen bizkaierazko dotrina: 1783ko edizioa", Memoriae L. Mitxelena Magistri Sacrum, ASU-ren gehigariak, XIV, 1991.

VILLOSLADA, I.; TORREGARAI, E.: "Euskararen berri onak eta kultura klasikoaren transmisioa XVIII. mendean Euskal Herrian", Vasconia, 27, Cuadernos de Historia y Geografia, 1998, 53-59.
www.vc.ehu.es/gordailua

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com

Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano

À portée de main
Communication basique en euskara-français

Within hand's reach
Basic communication in Euskara-English

Zum greifen nahe
Basiskommunikation Basquen zu Deutschen

GAIAK
 Aurreko Aleetan
Bilatu Euskonewsen
2003/12/29
   2004/01/09