Jerardo Elortza, Mondragon Unibertsitateko irakaslea
Hego Euskal Herriko euskararen eta Euskal Literaturaren historian garrantzia handia izan zuten XVIII. mendean, Gipuzkoan batez ere, mamitu ziren ahalegin eta aurrerapausuek. Ordura arte, jakina denez, euskal letrak urrats nabariak emanak ziren Iparraldean XVI. mendeaz gero, Etxepare, Leizarraga, Etxeberri Ziburukoa, Axular, Oihenart, Tartas eta beste zenbait idazleri esker. Hegoaldean, ordea, garai beretsuan euskarazko ekoizpena oso urria izateaz gain, ez zegoen izendatutako horien mailara hurreratzeko moduko lanik nahiz autorerik.
Espainiako erreinuan, gerra baten ondoren, dinastia-aldaketarekin ekiten zaio XVIII. gizaldiari, eta lehenengo hamarkadetan hainbeste igarri ez arren, borboiak pixkanaka azalduz joango dira zein den euren estatu-eredua: Frantziako erresuma-antolamenduaren antzera, estatu bateratu eta zentralista, alegia. Euskal probintziek dauzkaten foruak eta hemen oraindik nagusi den hizkuntza ez zaizkio egokitzen ezarri nahi duten egitura berriari. Laster hasiko dira, bada, euskal foruen eta euskararen aurkako kritikak eta erasoak.
Testuinguru historiko horretan erne eta hazi zen Hegoaldeko euskal letren lehen pizkundetxoa. Horren zirikatzaile eta eragilerik inportanteena Aita Manuel Larramendi (1690-1766) izan genuen. Jaiotzez andoaindarra izanik, Hernanirekin ere harreman oso estuak zeuzkan jesuita honek Salamancan moldatu eta argitaratu zituen euskararen inguruko bere lehenbiziko liburuak: De la Antigüedad y Universalidad del Bascuenze en España (1728) eta El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Bascongada (1729).
Izenburu bitxi eta harroxko horrek adierazten digun bezala, askoren iritziz ezinezkoa zena gauzatzea lortu zuen Larramendik: hizkuntza baldar, basati eta moldakaitz bat gramatikaren erregela eta arauetara errenditzea, hain zuzen ere. Aipatutako liburu horiekin eta hamasei urte geroago Donostian inprimatu zen Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín (1745) izeneko hiztegiarekin jesulagun andoaindarrak, hein batean bederen, gure mintzairari buruz Euskal Herrian nahiz kanpoan zeuden aurreiritziak uxatu zituen eta bere garaikide zein ondorengoei, euskaraz irakurri eta idatzi ahal izateko, tresna baliotsuak eskuratu zizkien.
Larramendiren eraginak luze eta sakon iraun zuen XVIII. eta XIX. mendeetako euskal idazleen sailean. Dena den, bera bizi zela, Jesuiten Konpainiako lagunkideen artean aurkitu zituen jarraitzailerik sutsuenak: Agustin Kardaberaz hernaniarra (1703-1770) eta Sebastian Mendiburu oiartzuarra (1708-1782) batik bat. Biek lortu zuten ospe handia sermolari eta misiolari gisa; Gipuzkoa-Bizkaietan lehenak, Nafarroa aldean bigarrenak. Dirudienez, jesuita batzuk eta sasoi hartan sortu zen Zarauzko Misiolarien Kolegioko frantziskotarrak izan ziren sermoigintzan erabilitako euskararen txukuntasuna eta duintasuna zaintzen ahalegin gehien egin zutenak.
Aurten ospatzen dihardugu Agustin Kardaberazen jaiotzaren hirugarren mendeurrena. Hernaniko seme honi, garai hartako jesulagunen ikasketa-zirkuitoa burutu eta gero, Hego Euskal Herriko hainbat komentutan bizitzea tokatu zitzaion 1731 eta 1767 bitartean: Bilbo, Iruñea, Azkoitia, Oñati eta Loiolan, adibidez; hemen zegoela harrapatu zuen Karlos III.ak jesulagun guztiak bere erreinuetatik atzerriratzeko 1767an emandako aginduak. Larramendi, urtebete lehenago hila zenez, doi-doi libratu zen, baina Kardaberaz, Mendiburu eta beste askok Italiara jo behar izan zuten, Aita Santuaren lurraldeetara. Gure idazle biak Bolonia inguruan zendu ziren 1770 eta 1782an.
Jesuitak derrigorrean Italiara joan behar horrek ondorio latzak erakarri zizkion euskarazko liburugintzari. Nekez eta kostata abiatu bazen ere, aurreko mendeekin alderatuta, itxura polita hartzen ari zen Gipuzkoan, Larramendiren oldarrari esker, besteak beste. Mendiburuk hiru erlijio-lan mardul publikatu zituen 1747 eta 1762 bitartean; bigarrena hainbat tomotan. Kardaberazek, berriz, txikiagoak, baina hamabi liburu inprentaratzea lortu zuen 1760 eta 1766 arteko epe laburrean. Hala ere, batak zein besteak eskuizkribu ugari utzi zituen argiratzeke; handik zenbait urtetara kaleratu ziren batzuk; beste hainbat, aldiz, duela gutxira arte ez ditugu ezagutu.
Mendiburu eta Kardaberazen liburuek maiz lotura estua eta zuzena dute batean eta bestean beraiek ematen zituzten misioekin. Izan ere, herririk herri sermoigintzan aritzen zirenean, beren entzuleentzako irakurgai espiritual egokien premiaz agudo asko ohartu baitziren. Kontuan izan behar dugu, gaur egunekoa baino askoz zabalagoa zela orduko eremu euskalduna, orain erdaraz bakarrik ari diren eskualde askotan XVIII.ean euskaraz zihardutelako; Araba eta Nafarroako zenbait bailaratan bereziki. Beraz, Larramendiren esku-liburuak ezin hobeto etorriko zitzaizkien euskal lurraldeetan, hara eta hona, ibiltzen ziren sermolari haiei.
Nahiz eta izaeraz, eitez eta aiurriz ez izan Larramendi bezalakoak, jesuita bi hauek gauzatu eta zabalduko dizkiote herriari maisuaren irakaskuntzak. Kardaberazen kasuan, gainera, nabarmentzekoa da Euskeraren Berri Onak (1761) liburutxo ez erlijiosoa argitaratu izana. Andoaindarrak euskararen gainean erdaraz idatzitakoen laburbilduma eta dibulgazio-lana ez ezik, beste zerbait ere bada obra hau. Adibidez, eskoletan ordurako kezka larria hedatzen hasia zen, erdara inposatu egiten zelako, sarritan eraztunaren metodo triste eta iguingarria erabiliz. Aita Agustin irakaskuntza elebidun alde baten alde agertzen zaigu, hizkuntza biak ondo menderatu ahal izateko, bestela, hernaniarraren esanetan, "gaztelania ez ikasi, ta euskera aztu" egiten baitzuten haurrek.
Alabaina, Euskal Herriaren historian sarriegi gertatu den bezala, susperraldi hark ere ez zuen bide arteza eta erraza jarraitzerik izan, oso bihurria eta gorabeheratsua baino. Arestian aipatu den legez, XVIII. mendearen erdi inguruan euskal letren alorrak fruitu iraunkor samarrak emango zituela zirudienean, batetik jesuiten kanporatzea etorri zen 1767an, eta bestetik urtebete lehenago Arandako Kondeak, Gaztelako Kontseiluko Presidenteak, gaztelaniaz ez zeuden liburuak argitaratzea debekua ezarri zuen. Inprimatu ezinik geratu zen lanetariko bat Kardaberaz beraren Aita San Ignazioren bizitza izan zen. Erabaki hauek hurrengo hamarkadetan erasan ikaragarria eragingo zioten koskortu guran ziharduen euskarazko produkzio xumeari.
Honenbestez, XVIII. mendearen azken herenean, urte batzuk lehenagoko argitalpenekin erkatuta, atzerakada nabarmena egin zuen euskal liburugintzak. Gizaldiaren erdi aldera hogei liburutik gora kaleratu baziren, 1867tik aurrera banaka batzuk besterik ez ziren publikatu. Horietatik bat, gainera, Kardaberazen argitaratu gabeko lan bat. Gainontzekoen artean, Juan Antonio Ubillos frantziskotarraren Kristau doktrin berri-ekarlea (1785) kenduta, ez dago lan aipagarririk, Hegoaldean behinik behin.
Egoera hau mendearen hondarrean Frantzia aldetik datorren astinduak aldaraziko du, hots, Frantziako Iraultzak. Eta ez Parisen edo beste hiri nagusi batzuetan jazotako izugarrikeriek, baizik eta askoz hurbilago, Ipar Euskal Herrian ikusitakoek, eta batez ere Hegoaldean bertan 1793-1795 bitartean, Konbentzio-gerra zela-eta, Gipuzkoa eta Bizkaian jasandakoek. Ideia eta gertakari iraultzaile haiek hemengo gizarte tradizionalari dakarzkioten aldaketekin izuturik, eliza-agintariek uholde hari nolabait eusteko premia larria sentitzen dute. Besterik ezean, hitza gelditzen zaie, pulpitu nahiz liburuetan.
Hainbeste denboran lumari ia eragin gabe egon ondoren, bat-batean kanpotik
heltzen zaien eraso horri erantzuteko sortzen dute XIX. mendearen hasierako
euskal idazlerik gehienek literatura erlijioso hain ugaria: Agirre,
Gerriko, Otaegi, Amundarain, Etxeberria, Mogeldarrek, Añibarro, Umerez,
Astarloa, Madariaga, Lizarraga eta beste hainbat elizgizonek milaka
orrialde beteko dituzte Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan, erlijio-liburu pila
bat kaleratuz, nahiz eta kasu askotan argitalpena luzaroan atzeratu.
Edonola ere, XIX.eko euskal idazle hauek garbi asko nabari dute gehienetan
aurreko mendeko aitzindarien eragina eta batzuetan espreski aitortzen dute
haiekiko duten zorra. Kardaberazek, bestalde, autorerik argitaratuenekoa eta
irakurrienetakoa izaten jarraituko du gizaldi honetan ere.
Bibliografia:
Al alcance de la mano
Comunicación Básica en euskara-castellano
À portée de main
Communication basique en euskara-français
Aurreko Aleetan |