Egindako
lanaren eta ekarpenen eragina dela eta, badira zenbait pertsona,
hil ondoren ere gure artean bizi direnak, betiko. Nolabait esatearren
"hilezinak" dira, eginiko lanen ereduan gure artean baitaude
oraindik ere. Horietakoa da, zalantzarik gabe, Leonardo da Vinci
(1452-1519).
Gizon polifazetikoa
zela esateak ez du inor harrituko, guztiz ezagunak baitira, pinturaren,
arkitekturaren, anatomiaren... arloetan eginiko lan miresgarriak.
Ez gara, beraz, lan horiez mintzatuko, gutxiago aipatu den beste
arlo batez baizik. Izan ere, besteren artean, Leonardo ingeniari
handia izan zela esan dezakegu, ingeniaritzaren zenbait arlotan
lan harrigarriak egin baitzituen. Hain zuzen, lan horiek kontuan
izanik, duela lau urte Bilboko Ingeniarien Goi Eskolak, bere sorreraren
mendeurrenaren kariaz, liburu bat argitaratu zuen Leonardo-ren izaera
hori azpimarratuz: Leonardo da Vinci, ingeniaria / el ingeniero,
Bilboko Ingeniarien Eskola Fundazioa, 1997, Bilbo. Edizio elebidunean
argitaraturiko liburu horretan, zenbait irakasleren artean eginikoa,
Leonardok diseinaturiko hainbat mekanismo aztertu ziren, bereziki
Madril-I eta Madril-II Kodizeetako diseinuak aztertuz. Artikulu
labur honetan, liburu horretan ageri den mekanismo bat aipatuko
dugu, bere garrantziagatik aparteko azterketa monografikoa egitea
merezi duena: torloju amaigabeko engranajea.
 | Torloju
amaigabeko engranajea
Madril-I Kodizea, 17. orria (atzealdea) |
Leonardok torlojuen
bidezko sistema anitz asmatu zituen, baina agian irudikorrenetakoa
eta bere garairako aurreratuenetakoa, torloju amaigabeko engranajearen
ideia izan zen, alboko irudian azaldurik dagoena, hain zuzen. Teknologia-liburuetan
esan ohi denez, engranaje-mota hau Ingalaterran XVIII. mendearen
bukaera aldean Henry Hindley izeneko erlojugile batek asmatu zuen;
baina Leonardoren irudia eta iruzkin zuzenak ikusi ondoren, data
hori berraztertu, eta asmakizuna berari esleitu beharko li-tzaioke.
Seguruenik, torloju modernoaren asmatzaileak ez zuen bere aitzindariaren
ideia ezertarako ezagutzen, baina aitzakia hori ez da nahikoa Leonardoren
aitatasuna ez aitortzeko. Nolanahi den, hurrengo irudian gaur egungo
tolorju amaigabeko engranaje moderno baten argazkia jarri dugu,
bi diseinuen arteko antzekotasun harrigarriaz kontura gaitezen.
 |
Torloju
amaigabeko engranaje modernoa |
Torloju amaigabeko
engranajea mekanismo oso interesgarri eta baliagarria da, gaur egun
mota desberdinetako makina-egileek eurrez erabiltzen dutena. Abantailarik
aipagarrienen artean, beraren transmisio-erlazio handia dugu (gurpil
zirkularraren ardatzak torlojuaren ardatzak baino askoz astiroago
biratzen du), eta erredukziorako beste prozedurekin konparatuz betetzen
duen toki txikia ere bai. Bestalde, sistemaren funtzionamendua itzulezina
da, ezin baita gurpilaren higiduraz torlojua birarazi, eta horrek
zenbait abantaila garrantzitsu ditu funtzionamenduaren segurtasunaren
ikuspuntutik, zeren, torlojua higiarazten duen motorearen geldialdia
gertatuz gero, ez baita mekanismoaren herrestadarik gertatzen gurpilean
aplikaturiko kargaren eraginez; adibidez, Leonardoren irudiaren
kasuan, non torlojuaren higidura eskuz eragindako biradera batez
burutzen den, ez da kargaren erorketarik gertatzen biradera askatzean.
Gainera, prozedura oso eraginkorra da, motorearen sistemaren irteeraren
norabide perpendikularrean higidura sorrarazteko.
Iruditik ondoriozta
daitekeenez, Leonardok ez zuen zehaztasunez aztertu gurpilaren hortzek
eduki behar duten profilaren forma, ezta torlojuak berak eduki behar
duena ere, nahiz eta, dakigunez, forma horiek erabat baldintzatzen
duten mekanismo honen fun-tzionamendu zuzena. Berak iradokitzen
dituenen antzeko hortzen erabilpenak (hau da, profil ongi aztertu
gabeko gurpilaren irtenune hutsen erabilpenak) funtzionamenduaren
arazo kontaezinak sorrarazten ditu, batzuetan funtzionamendua bera
ezinezko bihur dezakeelarik; eta, edozein kasutan, makina modernoetan
ez litzateke erabilgarri izango. Nolanahi dela, Leonardo ongi konturatu
zen, torlojuak biraketa-hiperboloidearen forma eduki behar zuela,
eta beraren gainean helize-formako hortza behar zuela. Diogun, bestalde,
Leonardoren ideia aplikazio oso errazak egitera zuzenduta zegoela,
karga astunak eskuz jasotzera, artisanalki eraikiko ziren mekanismoak
erabiliz gainera; zer esanik ez, horrelakoen helburua ez zen etekin
eta abiadura handia lortzea, eta orduan, artisau on batek hemen
aipatzen direnen moduko mekanismoak eraiki eta puntu-puntuan presta
zitzakeen.
Torloju
amaigabeko engranajearen aurreko mekanismoak |
 |
|
Madril-I Kodizea, 17. orria
(atzealdea) |
Kodize Atlantikoa,
6. orria (atzealdea) |
Azken irudietan Madrilgo Kodizean eta Kodize Atlantikoan
ageri diren beste bi diseinu jarri ditugu. Dirudienez, mota honetako
mekanismoak ohikoak ziren garai hartan. Horien portaera, susmatzekoa
denez, oso eskasa izango zen, sistema oso korapila-tsua izateaz
gainera. Izan ere, Leonardok ongi ezagutu eta marraztu zuen mekanismo
hori itzulgarria da; beraz, gurpileko hortz baten apurketaren kasuan
edota biradera askatzean mekanismoaren erretentzioa bermatzeko,
karraka-motako elementu osagarria jarri behar zaio nahitaez, irudian
ere ageri den moduan. Izan ere, Leonardok iruzkin hau gehitu zuen:
"Gurpileko hortz bakarra engranatzen duen torlojurik egiten
duzunean, karraka bat gehitu behar diozu uztaian, hortza apur badadi
gurpil horzdunak atzerantz egin ez dezan". Edozein kasutan,
badirudi ezkerreko irudia gaizki eginda dagoela gurpilak funtziona
dezan (horretarako, biraderak era erradialean egon beharko luke),
eta diseinu zuzena eskuineko aldean dagoena dela, zeinean torlojua
gurpilarekiko era erradialean jarrita dagoen. Ikus daitekeenez,
torloju amaigabeko engranajearen kasuan, gurpilaren zenbait hortzek
aldi berean engranatzen dute torlojuaren hortzarekin. Bestalde,
gurpilaren kanpo-ertzak bertan azaltzen diren zerra-hortzen formako
koskak izan behar ditu, blokeorako elementuak ongi ahoka dezan;
gainera, azken honek gurpilaren ertzaren aurka presionatzen egotea
bermatu behar du.
J. R. Etxebarria, Udako Euskal
Unibertsitatea, Fisika Saila |