Mariasun Landa Errenterian jaio zen 1949ko ekainean.
Oso gaztea zenean idatzi zituen lehen ipuin eta poemak, eta ordurako
bazekien "idazle" izan nahi zuela. Emakume honek argi
eta garbi aitortzen du "idaztea bakarrik egoten jakitea dela",
baina hala ere ez dio bere zaletasunari uko egin eta idazten eman
ditu hogei urte baino gehiago, "idaztea plazerra delako".
1973an Filosofian lizentziatu zen Parisen, gero Euskal Herrira itzulzea
erabaki zuen eta euskalduntzea, eta zenbait urtez Oinarrizko Heziketan
eta IRALEko irakasle ihardun zuen. Egun Literaturaren Didaktikako
irakaslea da Donostiako Unibertsitate Irakasle Eskolan (Euskal Herriko
Unibertsitatea).
Euskal Herriko hainbat aldizkari
eta egunkaritan kolaborazio lanak egin baditu ere, haur eta gazteen
literaturan dauzkagu bere emaririk nagusienak. Alor honetan 222
titulu argitaratu ditu, hauetatik asko Espainiako (katalana, galiziera,
gaztelera) nahiz atzerriko hizkuntzatara (ingelesera, frantsesera,
grekerara...) itzuli direlarik."Literaturak adinik
ez duela" uste duen idazle honek hainbat sari jaso ditu, hauen
artean "Lizardi saria" 1982an Txan Fantasma ipuinarengatik
eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Alex ipuinarengatik
1991n, nabarmendu daitezkeelarik. Iholdi ipuina 1992an IBBYko Ohorezko
Zerrendan sartu zen. "Amona, zure Iholdi" (Erein) eta
"Sorgina eta Maisua" (Elkarlanean) dira Mariasun Landaren
azken lanak, nahiz eta Haur eta Gazte literaturaren barne egon,
edozeinek preziatu ditzake, "literaturak eta ipuinak adinik
ez dutelako".
-Zerk bultzatu
zintuen haur eta gazte literatura idaztera?
Haur eta gazte literatura idazten hasi baino lehen beti gustatu
zait literatura. Garbi neukan oso gaztea nintzenean idaztea zela
gustukoen nuen gauza. Gero bizitzak buelta asko ematen ditu. Nik
Parisen burutu nituen Filosofiako ikasketak, eta gero Euskal Herrira
bueltatu nintzen. Garai hartan, 1973an hain zuzen ere, euskararekin
lan egiteko modu bakarra ikastoletan parte hartzea zen, eta horrela
egin nuen. Urte asko pasa nituen ikastolen munduan. Nire zaletasuna,
nire bokazioa, nire idazteko gogo hori modu horretan bideratu nuen.
Irakasle bezala aritu nintzen lanean, ez zegoen inongo materialik
eta irakasleek moldatzen genituen liburu eta ikasgaiak, orduan hasi
nintzen ipuinak sortzen eta idazten, batez ere gelan nire ikasleekin
lantzeko. Lehentasuna nire idazteko zaletasunari emango nioke betidanik
idatzi baitut, irakasle izan baino lehen ere idazten nuen. Haur
eta gazte literaturaren trenean ia konturatu gabe sartu nintzen.
Filosofia ikasten ari nintzela ere idatzi nituen haur eta gazte
literaturarekin zerikusia zuten hainbat gauza, istorio fantastikoak
gehienak. Niretzat haurtzaroa beti izan da gai literario handi bat.
Estilistikoki edo literatura aldetik begiratuta haurtzaroa oso interesgarria
iruditzen zait, emozio eta sentimendu handiak kontatu behar dituzulako
baliabide linguistiko murritzekin. Hau kontutan izanda, erronka
literarioa
dela uste dut. Gauza serio eta garrantzitsuak adierazi behar dituzu,
baina oso modu errezean, sinplean. Eta sinpletasun hori estilistikoki
oso zaila da, formak garrantzi handia hartzen duelarik.
Haurtzaro hori bi modu ezberdinetan landu daiteke, alde batetik
helduei zuzendutako idazlanen bitartez, eta bestetik, haurrentzat
eginiko liburu edo ipuinen bitartez. Nik bigarren bidea aukeratu
nuen orain dela urte asko.
-Zuk idatzitako
liburu askok, haurrentzat izanik, oso gai sakonak eta sentimendu
bortitzak azaltzen dituzte...
Badago haur literatura mota bat niretzat oso azalekoa dena, txori
eta lorez betetako literatura "light" mota bat niri ez
zaidana gehiegi gustatzen. Nik uste dut, nire liburuetan kontatzen
ditudan istorioak oso istorio gogorrak izan direla, baina estilistikoki
oso modu sinplean azaldutakoak. Eta sinpletasun horrek lan handia
eskatzen dizu.
-Emakumea zara, haurrentzat
idazten duzu eta gainera euskaraz. Zein neurritan suposatu dute
ezaugarri hauek eragin negatiboa?
Emakume izateak sozialki eta zenbait egoeratan bigarren mailakoa
kontsideratua izatea suposatzen du. Haur literatura aldiz "azpiliteratura"
mota bat da askorentzat. Eta euskarari dagokionez nik uste dut Euskal
Herrian bereizketa nabarmen bat dugula: normalki, estatu mailan
edo europa mailan adibidez, haur eta gazte literaturaren munduan
emakume asko daude, argitaletxetan lan egiten, aholkulari bezala,
idazleak... Emakumeak eta haurrak oso gertu daude bata bestearengandik,
oso normala da beraz haur eta gazte literaturan emakumeak aurkitzea.
Euskal Herrian aldiz oso gutxi gara haur eta gazte literaturaren
inguruan lan egiten dugun emakumeak, bai argitaletxeetan eta baita
idazle lanetan ere. Eta hau oso arraroa da.
Ikastolan irakasle gisa aritutako urteak sormen handikoak izan ziren,
oso iraultzaileak. Urte haietan andereño zoragarri askok
lan pila bat egin zuten. Beti harritu nau nola emakume haiek ez
ziren ausartu aurrera jarraitzen, idazleen munduan aurrera ateratzen.
Uste dut hau ikerketa sakon baterako lan polita dela: emakumeek
lan asko egin zuten, baina gero, kanporatzeko garaian ez zuten ezer
egin.
-Urte asko pasa
dira idazten hasi zinenetik. Zein aldaketa somatu dituzu euskal
literaturan?
Nik uste dut Euskal Herrian haur eta gazte literaturari dagokionez
gauza asko daudela egiteke. Arlo askotan gauza asko falta zaizikigu:
gazteentzako literatura gehiago, hizkuntza mailan horrelako "gazte
hizkera" bat ere falta zaigu, gaztetxoek erabiltzen duten euskara
berezi baten beharrean gaude, gaztelerara jotzen baitute gazte gehienek.
Produkzioa oso desorekatua egon da azken urteetan, narratiba izan
da nagusi eta poesia gutxi izan dugu, haurrentzat ez da ia antzerkirik
egin... Gauza asko falta zaizkigu. Kongresuetan biltzen garenean
guzti honen falta somatzen da eta esan egiten da, baina orain dela
hogei urteko egoera ezagutu dugunok denbora honetan emandako aurrerapausoak
ikusi ditugu. 1974an ez zegoen ia euskaraz haur eta gazte literatura.
Oso denbora gutxian liburu pila bat idatzi dira eta itzulpen asko
egin dira. Hutsune guztiak kontutan hartuz, denbora laburrean besteen
mailan egotea lortu dugula uste dut.
-Eta, pertsonalki
zein aldaketa antzeman dituzu "Amets Uhinak" (1982) eta
"Amona, zure Iholdi" (2000) liburuen artean?
Amets
Uhinak liburua ikastolan sortu nituen ipuinen bilduma
bat da. Bertan denetarik dago, beldurrezko ipuinak, fantasiazko
istorioak, intimistak... Gaur liburu hori irakurtzen dudanean nahiko
inperfektua dela konturatzen naiz. Inperfektua baina era berean
freskoa ere badela uste dut, gehiegi pentsatu gabe idatzitako liburu.
Urteekin nire buruarekin zorrotzagoa naizela uste dut. Nire estiloa
zehazten joan naiz denbora honetan, gustatzen zaizkidan gaiak, ahots
narratiboak etabar erabakitzen. Askotan erabili dut haurraren ahots
hori. Amets Uhinak liburuan orain batzutan falta zaidan freskotasuna
nabaritzen dut. Orain ni naiz nire kritiko nagusia baina esperientzia
gehiago daukat. Txan Fantasma adibidez berehala itzuli zuten
katalanera eta baita gaztelerara ere, liburua iraultzailea eta berria
zelako. Autismoaren arazoa azaldu nuen liburu honetan, neska bakarti
baten istorioaren bitartez. Liburu horrek ate asko ireki dizkit.
Beti gorrotatu izan ditut haurrentzat idatzi diren liburu arrosak,
lorez eta gozokiz jositakoak, literatura "light" merke
baten barnean daudela uste dut. Orain ideia berdina mantentzen dut,
niretzat haurrak txikiak dira baina ez dira inolaz ere ergelak,
serioak dira. Haurtzaroan emozio bortitzenak gertatzen dira, orduan,
zergatik ezin dugu denetaz hitzegin haurrekin?. Hau mantentzea oso
garrantzitsua da niretzat, literaturaren bitartez denetaz hitzegin
dezakegulako haurrekin. Haurrak amodioa, gorrotoa edozer gauza sentitzen
du, baina ezin du sentitzen duenari buruz hitzegin, eta hori da
nire ustez haurtzaroaren drama.
Edukiari dagokionez, haur eta gazte literaturan denetaz hitzegin
daiteke. Forma da zaindu behar dena. Txan Fantasma liburuan
hori egiten saiatu nintzen: autismoaren arazoa azaldu nuen baina
Txan izeneko fantasma txiki baten bitartez. Hori da haur literaturaren
erronka: gauza serioak azaldu baina forma estilistiko landu baten
bidez. Haur eta Gazte literatura onak ez du heldua aspertzen. Pertsona
heldu bat istorio kursi bat irakurtzen duenean aspertu egiten da,
eta hori nik hasieratik izan nuen garbi: istorio kursi bat kontatu
baino lehen hobe nuela isilik egotea. Beste gauza bat da absurdoarekin
eta fantasiarekin jokatzea edo abenturazko istorio bat azaltzea.
-Istorio berri
bat idazten duzunean, zer datorkizu burura, nondik hasten zara,
non dago inspirazio iturria?
Nire baitan istorio antzerako bat sortzen da, gero folio batzuk
idazten ditut. Folio hauek oso atseginak eta ludikoak izaten dira
normalean. Hauetako istorio batzuk kaxoi batean sartzen ditut eta
bertan gelditzen dira, besteekin aldiz lanean jarraitzen dut. Azken
hauekin sortzen da gero haur eta gazteek irakurriko duten liburua
izango denaren ideia, eta galderak etortzen zaizkit: azaltzen
ari naizen istorioa egokia da?, erabiltzen ari naizen hizkuntza
egokitua dago?... Baina galdera guzti hauek bigarren pauso batean
heltzen dira. Lehenengo pausoa nire barnean gertatzen da: istorio
bat kontatzeko beharra, plazerra edo gustu hori sentitzen dudanean.
Gero haurra dator, beranduago. Niretzat ezinezkoa da enkarguz idaztea,
hamar urtetako haurrentzat adibidez eta naturarekin zerikusia duen
gai bati buruz. Horrelakoei ezetz esaten diet.
-Idazlea, idazle
jaiotzen da, ala denborarekin bihurtzen da nobelaria?
Nire ustez, bizitza honetan oso gauza gutxi izaten dira jaiotzez
direnak. Horregatik oso zaila egiten zait esatea "idazleak
jaiotzez direla idazle". Badago beste zerbait, nik gehiegi
ikertu ez dudana: "talentua". Nik uste dut sentsibilitate
berezi bat beharrezkoa dela, mundua ikusteko pertzepzio berezi bat.
Berezitasun hori modu ezberdinetan gauzatu daiteke, batzuk musika
aukeratuko dute, beste batzuk margoa, beste batzuk literatura. Pertsona
asko egongo dira talentudunak, talentu hori gauzatu ez dutenak.
Baina landu egin behar da, eta idazlea oso egoskorra izan behar
dela uste dut. Ordenagailuaren aurrean eseri behar zara, testuari
bueltak eman, idatzi, pentsatu... Azkenean lana da. Egoskorra izateak
esan nahi du testu bera behin eta berriz miatzen duzula, irakurtzen
duzula, zuzentzen duzula. Idazle batek bi gauza hauek biltzen dituela
uste dut: talentua, eta talentua azken finean sentsibilitate berezi
bat da, eta lana. Eta idazlearena oso lan bakartia da, diziplina
eskatzen duena. Idaztea bakarrik egoten jakitea da eta hori denoi
kostatzen zaigu.
-Zein neurritan
zara idazle diziplinatu bat?
Ni oso indiziplinatua naiz. Diziplina kanpotik ezartzen didate,
unibertsitatean. Ez daukat ordutegi finkatu bat, zoritxarrez ez
dut oraindik hori lortu. Gaur gauez, bihar goizez, orain ordu pila
bat, gero ezer ez zaidaleko ezer bururatzen... horrela funtzionatzen
dut, idazketa kontuetan behintzat. Indiziplinatua baina egoskorra
naiz. Bernardo Atxagak esan zidan berak daten arabera egiten zuela
lan. Nik epeak gorrotatzen ditut, sokak dira niretzat. Nire kabuz
lan egitea gustatzen zait.
-Idatziko duzu
noizbait helduentzat?
Helduentzat
artikuluak eta kronikak idazten ditut. Literatura oso esparru zabala
da, suertatzen baldin bada ez diot helduentzat idazteari uko egingo,
gustuko dudana nik nahi dudana idaztea da. Agian istorio autobiografiko
bat idatziko dut, nik Parisen igarotako urte haiei buruz, horren
beharra sentitzen dut. Baina ez dut hori egingo helduentzat literatura
delako, hori idazteko gogoa daukadalako baizik. Haur eta gazte edo
helduen literaturari dagokionez mugak askotan oso garbiak dira,
baina beste askotan ez. Literaturak, ona denean ez dauka adinik.
Pinocchio adibidez, zergatik ez da helduentzat literatura? , mugak
oso erlatiboak dira. "Alizia herrialde miresgarrian" helduei
asko gustatu zaie, eta baita "Printze txikia"ere.
Askotan haurrekin didaktikoegiak garela iruditzen zait, beti zerbait
erakutsi nahi diegu, eta nik uste dut hori kaltegarria dela literaturarentzat.
Haurrek ondo baino hobeto dakite noiz datorren aspirina bat gozokiaren
barruan eta noiz den benetazko gozokia.
-Haurrek ezagutzen
zaituzte kalean edo beste edonon ikusten zaituztenean?
Egia esatera, anekdota politak gordetzen ditut. Baina haur eta gazte
literaturan idazleak ez dauka glamour handia. Normalean,
haurrei ez zaie gehiegi interesatzen istorio hau edo bestea idatzi
duenaren izena, askoz gehiago interesatzen zaie ipuina nolakoa den
edo zein sailekoa den jakitea. Badakit fan talde txiki bat
daukadala, baina tira...
-Guzti hau pozgarria
izango da zuretzat...
Bai, baina ez pentsa, nik uste dut egiazko poza barnetik atera behar
dela, bakoitzaren autokritikaren bitartez.
-Zure buruarekin
gogorra zara orduan...
Beno, oso zaila egiten zait egiten dudanarekin pozik gelditzea,
bai nire bizitzan eta baita nire liburuetan ere. Nire buruari gehiago
eskatzen diot, idatzitakoa ondo dagoela iruditzen zait, baina hobeto
egon zitekeela pentsatzen dut askotan.
Argazkiak: Teresa Sala
-
Euskonews & Media 220. zbk (2003
/ 07-24 / 09-11) |