Maite Lafourcade, euskal zuzenbidean aditua
"Gaur egun berezko unibertsitatea Iparraldean utopia bat da"
* Traduction au français de l'original en basque
Nora Arbelbide

Maite Lafourcade Joan den urtean erretretan sartu zen Maite Lafourcade, baina ez zen, haatik arrunt lan mundutik erretiratu. Ez da urrundik ere. Bere ordezkatzeko ez zuela nehor atzeman, oraindik Baionako fakultatean ari da irakasle gisa, euskal zuzenbidearen kurtso publikoak eskaintzen. Mintzaldiak ematen ere dihardu. Heldu den ekainaren 20an Baionako herriko etxean Pariseko Historia Ikerketa Zentruak eta Iker Euskal Hizkuntza eta Testuen Ikerketa Zentruak antolatuko duten hitzaldian euskal emazteaz hitzaldi bat emanen du.

-Euskal zuzenbidean emazteak zuen leku bereziaz mintzaldi bat eskainiko duzu, zenbait hitz erraten ahal dizkiguzu horretaz?
Ez zegoen ezberdintasunik bi sexuen artean ikuspegi juridikotik begiratuta. Etxeko zaharrenak zuen etxea eskuratzen, gizon ala emazte. Lapurdin adibidez, emazteak erabakiak har zitzakeen. Ezadostasun bat baldin bazegoen bere senarrarekin, emaztearen hautuak zuen balio. Printzipio hori Euskal Herriaren berezitasunetarik bat da. Frantzian, 1804ko Kodigo Zibilak "emazte ezkonduaren ahalgabetasun juridikoa" baietsi zuen. Printzipio horrek Frantziako ohituretan oinarritu zuzenbide guztietan jarria zuten jadanik XVI. mendean. Senarraren baimenik gabe ezin zuen erabaki juridikorik hartu. Baimenik ez bazuen lortzen, aktuak ez zuen baliorik. Printzipio horrek XX. mendea arte iraun du. 1938an baliogabetu zuten.

-Zein ikuspegi duzu euskal zuzenbideaz?
Gizarte eredu bat zen. Etxeetan oinarritua zen boterea Euskal Herri osoan. Euskal gizartea mendeetan zehar nola antolatu zuten erakustera ematen du zuzenbide horrek. Inguruan ikusten ez zen izpiritu bat azaltzen du. Zuzenbidea ez zen indibidualista. Garai horietako Jabetza kolektiboak esplika lezake gaur egungo kooperatiben arrakasta. Nire babespean dagoen ikasle batek Euskal Herrian ager zitezkeen elkartasun adierazpenetaz ikerketa bat abiatu zuen. Artxiboetan dokumentu anitz aurkitu ditu. Familiak etxearentzat duen errespetuak esplika dezake zergatitik Euskal Herria den bezalakoa gelditu den mende luzeetan zehar, zergatik bizirik iraun duen. Gaur egun atzerritarren inbasioarekin, euskaldunak gutxiengo bilakatzen dira. Lehengo baserri zaharrak pisuka saltzen dituzte. Etxaldeen zatiketa Euskal Herriaren bururatzea da.

-Gaur egun zer gelditzen da euskal zuzenbide horretaz?
Hego Euskal Herriko gune zenbaitzuetan oraino funtzionatzen du. Legeztatua dute. Barnealdean, Foruak balio diren tokian etxeak ez ditzakete saldu. Iparraldean usaia gisa oraino atzeman daiteke, oinordeko bakar bat dago, ontasunak ez dira barreiatuak, ez eta salduak. Baina Kodigo Zibila jarri zutenetik Frantzian, kontzepzio indibidualista sartu zuten honera. Hegoaldean ere sartu zen kontzeptu hori beste bide batzuetarik. Etxaldea ez da gehiago zatiezina. Jabeak eskubide guztiak ditu. Bere ontasuna erabil dezake, bertako fruituetaz goza dezake eta nahi nuen gisara antolatu dezake. Ondorioz, bistan dena, etxaldeak saldu dira. Iparraldean, bereziki itsasaldean, norberaren inguruan begiratzea aski da ohartzeko zenbat banako etxe dauden. Lurren prezioak maila izugarrietara igan dira. Etxalde zatiezinaren tradizioa atxikitzen dutenei ere saltzeko gogoa sartzen zaie. Bazterrak arrunt aldatu ditu arau horrekin azken urte hauetan; euskal zuzenbidea oraino arautzat zuten mende luzeetan baino gehiago.

-Iaztik erretretan sartu zara, baina, aldi berean, kurtsoak eskaintzen segitzen duzu, zergatik hori?
Sinpleki, ez dagoelako nehor nire ordezkatzeko. Ez dago euskal unibertsitariorik Paberi lotua eta aldi berean jurista denik. Ondorioz, nire segida har lezakeenik ez dago. Iparralde honetan unibertsitate oso bat aldarrikatzen da, baina aldi berean, ez dago nehor guk hutsik utziko genituzkeen lekuak hartzeko. Gaur egun berezko unibertsitatea Iparraldean utopia bat da.. Irakasleek ez dute Baionara jin nahi. Bestalde, baina beti arazo berdinarengatik, ez dut nehor atzematen nire segidaren hartzeko Baionako fakultateko Euskal ikasketen zentruari doakionez. Baionan egin daitezkeen euskal ikasketekin ezin da jurista bilakatu. Zuzenbide ikasketak abiatzen dituztenen artean, gutti euskal zuzenbideaz interesatzen dira. Bestalde, euskaldunak ez direnen artean, gutti lotzen dira euskal zuzenbideari. Frantzian, Euskal Herritik hurbil bizi direnek zuzenbide espainola ikastea nahiago dute. Hemen berean zuzenbide biziki berezi bat baldin bada ere, ez diote kasu egiten. Oraino anitz gelditzen da ikertzeko euskal zuzenbideaz, baita oro har Euskal Herriaz orokorrean.

-Zenbait esplikapen ematen ahal dizkiguzu hain gustukoa duzun euskal zuzenbideaz?
Zuzenbide pribatuari doakionez, Euskal Herrian familiaren antolakuntza eta etxearen jabetzarena ziren biziki bereziak. Jabetza ez zen indibidualista. Oinordekoa, ontasunen kudeatzailea zen errealki. Familia zen etxearen jabea. Herriko lurrentzat berdin, jabetza kolektiboa zen. Lapurdin herriaren biztanle ororenak ziren, Zuberoan, Zuberoko biztanle guzienak, eta Nafarroa Beherean ibar bakoitzarenak ziren. Hegoaldean berdin antolatuak ziren.

-Ohar gaitezke zuzenbide publikoa ere berezia zela, ez?
Demokrazia zen. Har dezagun, adibidez, Lapurdiko Biltzarra. Herri bakoitzean etxeko nagusiak biltzen ziren igandeko mezatik landa. Etxe bakoitzak boz bat bazuen, handia ala ttipia izan. Komunitatea hunkitzen zuen oroz erabakiak hartzen zituzten etxeko nagusiek. Bertan, biltzarrerako ordezkari bat hautatzen zuten. Ordezkariekin egin lehen bilkuran sindikoak proposamenak aurkezten zizkien, zehazpen eta komentarioekin. Ondotik, ordezkariak herrira itzultzen ziren. Hor etxeko nagusiek proposamen horiek bozkatzen zituzten. Ordezkariek emaitzak Biltzarraren bigarren bilkurara ekartzen zituzten. Herri bakoitzak boz bat bazuen. Hots, demokrazia zen, baina ez gaur egungo erreferentzien araberakoa. Ez zen indibidualista garaikoa. Etxe bakoitzak zuen boza eta ez pertsona bakoitzak. Demokrazia familian oinarritua zen.

-Ezkontzako legeak ere berezitasunak bazituen, ez?
Beti izpiritu berean eginak ziren arauak. Hots, etxaldea belaunaldiz belaunaldi kontserbatzea zuten helburua. Etxea ezin aldatuzkoa zen, kasik sakratua. Gehienetan, oinordea beste etxe bateko gazteenarekin ezkontzen zen, gizon ala emazte. Oinordea haurrik gabe hiltzen bazen, ezkontza ez zuten kontuan hartzen. Ontasunak bereizten zituzten. Etxekoa ez zenak ezkonsaria berriz gibelera ekartzen zuen. Gazteena hiltzen bazen haurrik gabe, familiak ezkonsaria errekuperatzen zuen. Haur bat ukan bazuten, automatikoki partaliergoa osoa bilakatzen zen. Oinordea hiltzen bazen, bere emaztea etxean berean berriz ezkontzen ahal zen.

-Formaren aldetik, euskal legea ohiduretan oinarritua zen, horrek zer erran nahi du?
Aintzineko erregimenean zuzenbidea ohiduretan oinarritua zen. Euskal Herrian besteak beste. Legea eta ohidurak zuzenbidearen bi aurkako iturri dira. Legea botere batek inposatua da. Ohidurak herritik heldu dira. Zuzenbidea ohidura bilakatu zen, legeak egiten zituen botererik ez zegoen garai batean, Karolengiarren garaiaren bukaeran, hain zuzen. Herritarrek berek zuzenbidea egin zuten. Zuzenbide erromatarra inbaditzen hasi zelarik, horren aurka, haien ohiduran idazten hasi ziren. Idatzi horiei esker, baita notarioen artxiboei esker ere, ikertzen ahal ditugu gaur egun. Garai haietan aplikatzen zuten zuzenbide erromatarraren terminologiak hartu baldin bazituzten ere artetan, idazteko orduan.

Euskal zuzenbideari eskaini bizi bat

1934an sortua, ezkondu eta bere zuzenbide ikasketak utzi zituen. Biziaren ustekabeek zuten euskal zuzenbideari interesatzera ekarri. Senarrarekin banatu eta berriz ikasketei lotu zen. Bere tesia Luis XVI. garaiko Lapurdiko ezkontza kontratuetan egin zuen. Hor zuen bereziki euskal zuzenbidea ezagutu. Geroztik ez da gelditu ikertzetik. Gaur egun erretiratua, bere lana segitzen du hurak berak Baionako fakultateko Euskal Ikasketetako zentruan. Administrazioari begira ez du hark zuzentzen, baina errealitatean hark du bizirik atxikitzen. Honen bitartez 2.000. urteko kolokio bat argitaratzeko prestatzen ari da. Familiaren zuzenbidea du aipagai. Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldea baita Frantzia eta Espainian dauden ezberdintasunen konparaketan oinarritzen dira ikerketak. Horrez gain, beste bi proiektuetan dabil. Lehena, "bazterren antolaketa eta zuzenbidea Euskal Herrian: jabetzaren kontzepzioaren eragina bazterrengan" titulupeko artikulu multzo bat da. Besteak erlijioen gaia tratatzen du. Jatorritik gaur egun arte zenbait ikertzaileei artikuluak idaztea eskatu die. Bestalde, beti irakaskuntzan segitzen du. Baionako fakultatean euskal zuzenbideaz kurtso publikoak ematen segitzen ditu. Hastapen batean Paben ematen zituen kurtsoak. Ondotik Baionara etorri zen. Eugène Goienetxi esker laguntzaile gisa hasi zen. Ondotik, laguntzaile buru postura igan zen, gero konferentzia emaile, eta azkenik, goi ikasketetako irakasle bihurtu zen. Baionara etorri zen Pabeko unibertsitatearen adarra sortu zutelarik. Hark berak parte hartu zuen honen sorkuntzan.


Argazkiak: Nora Arbelbide


Euskonews & Media 215. zbk (2003 / 06 / 20-27)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza