1. Sarrera
Ondorengo
lerroek duela egun gutxi Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburuk aurkeztu
zuten gure autonomi erkidegoaren esparruan inkomunikaziopean atxilotutakoei
aplikagarri izango zaizkien neurriak eta bermeak biltzen dituen
protokolo berria azaltzea dute xede. Protokolo honen lerro nagusiak
azalduko ditugu, beronek atxilotutakoei eta beren senitartekoei
ematen dizkieten bermeetan indar eginez. Azken honen azalpenari
ekin aurretik, eta berau hobeto ulertzeko, gaia bere testuinguruan
kokatuko duten zenbait puntu landuko ditugu. (AURKIBIDEA)
1.1. Kautelazko epai babesa
Egun bizi garen Zuzenbidezko Estatu Demokratiko eta Sozialean (Espainiar
Konstituzioaren 1.1. artikulua) epai botereari funtzio jurisdizionala
dagokio, legearen menpe soilik epaitzea eta epaitutakoa betearaztea
alegia (Espainiar Konstituzioaren 117. artikulua). Baina ez dira
aipatutako bi hauek bakarrik funtzio jurisdikzionalak
herritarroi eskaintzen dizkigun babesak. Nahiz eta Konstituzioak
esanbidez ez arautu, funtzio jurisdikzionalak beste babes mota bat
ere eskaintzen du: kautela babesa. (1)
Babes jurisdikzional mota bakoitzari prozedura bat egokitzen zaion
heinean, gure ordenamendu juridikoan hiru prozedura mota desberdindu
genitzake: epaitze prozedura edo prozedura deklaratiboa, epai organuek
auzialdian kasu bat ezagutzeko eta ebazteko bidea; betearazte prozedura
edo prozedura exekutiboa, epaitze prozedura baten azken erabakiak
kondenatutako norbaitek erabaki hau borondatez betetzen ez badu
indarrez betearazteko tresna, eta kautela prozedura. Hirugarren
honen helburua beste prozedura mota bien azken erabakiaren eraginkortasuna
ziurtatzea da, izan ere askotan prozedurek aurrera darraiten bitartean
eta denboraren eraginez, prozedura horien azken erabakiaren arrakasta
zalantzatan jartzen baita. Jarraian aztertuko dugun protokoloa kautela
babes honen esparruan ulertu behar da.
Kautela babesa kautela prozedura jarraitu ondoren epaileek erabakitako
kautela neurrien bidez ematen da. Neurri hauek
emateko epai organuak hiru irizpide izango ditu kontutan: prozedura
nagusiaren iraupenak ekar ditzaken kalteak (periculum in mora
delakoa) (2), egotziari
leporatzen zaion eta prozedura nagusiak finkatuko duen delituaren
izatearen beraren fidegarritasuna (fumus boni
iuris delakoa) eta proportzionalitatea. Azken honen argitan,
kautelako neurria babestu nahi den prozedura nagusiarekin bat etorri
behar da bere eraginari eta gogortasunari dagokionean.(3)
Orainarte esandakoarekin kautela neurri hauen lau ezaugarri nagusiak
atzeman genitzake:
a) Instrumentaltasuna: kautelazko neurria prozesu nagusi
baten argitan - epaitzekoa edo betearaztekoa- bakarrik uler daiteke,
prozesu horren arrakastara zuzenduta dagoelarik.
b) Behin behinekotasuna: kautela neurriaren helburua prozedura
nagusia bermatzea izanik, azken hau arrakastaz, erabaki baten bidez
alegia, bukatzean kautela neurria desagertu egingo da.
c) Denborazkotasuna: aurreko ezaugarriarekin lotuta, kautelazko
neurria epe jakin batetarako zehazten da. Epe hau legeak berak ezartzen
du berariaz kautelako neurriek eskubideengan eragina dutenean.
d) Aldakortasuna: kautela neurriak erabakitzeko arrazoi
izan ziren ingurumariak aldatzean neurriok ere aldatuak izan daitezke
beti ere beren berme funtzioa era egokiagoan betetzeko helburuarekin.
Gainera prozedura nagusia bukaturik, beharrezkoak ez direnean, beren
funtzio jadanik bete dutenean, altxatu egingo dira.
Kautela neurri hauek bi motatakoak izan daitezke: pertsonalak eta
ondarezkoak. Pertsonalak zuzenean egotziaren pertsonarengan eragina
dutenak dira. Prozedura nagusia bukatuko duen sententzia ematen
den bitartean eta beronen arrakasta ziurtatzeko, egotzia bera kautelazko
neurripean jarriko da. Neurriok herritar orok duen askatasun eskubidearekin
(Espainiar Konstituzioaren 17.1 artikulua) eta errugabetasun presuntzioarekin
(Espainiar Konstituzioaren 24.2 artikulua) ezkondu behar dira, hortik
lerro batzuk arinago aipatutako proportzionalitatearen garrantzia.
Mota honetako neurriak hiru dira, hala nola behin behinezko askatasuna,
atxiloketa eta behin behinezko presoaldia.
Ondare izaerako kautelazko neurriak berriz, egotziaren ondarearen
gainean ezartzen direnak dira eta beraien helburua prozedura penalaren
ondorioz egotziari ezar dakiokeen diruzko erantzunkizuna babestea
da (Prozedura Kriminaleko Legearen (aurrerantzean PKL) 589. artikulua).
Mota honetako neurriak dira besteak beste fidantza eta bahitura.
(AURKIBIDEA)
1.2. Atxiloketa: lerro nagusiak
1.2.1. Atxiloketa:kontzeptua eta motak
PKL-ren 489 eta 501 artikuluak bitartean araututako kautelazko
neurri pertsonal honen bidez, berau pairatzen duenari epe labur
batez askatasuna kentzen zaio epai agintearen esku jartzeko helburuarekin.
Ondoren epaileak erabakiko du legearekin bat atxilotua denbora luzeagoz
kartzelaratzea (behin behinezko presoaldia) edo aske lagatzea, eginbehar
edo muga zehatz batzuekin (behin behinezko askatasuna) edo beste
barik.
Kautelazko neurri hau zigor prozedura nagusi baten zerbitzura egonik,
bakarrik honen isladan erabaki daiteke, hau da, kausa kriminal baten
inguruan, berau jadanik epaitegietan izanik edo etorkizunean izango
delaren pentzutan.
Atxiloketa, berau burutzen duen pertsonaren arabera
hiru motatakoa izan daiteke: norbanako partikularrek
burutua (PKL-ren 490 eta 491. artikuluak)
(4), poliziak burututakoa (PKL-ren 492. artikulua) eta
epaileek burututakoa (PKL-ren 487, 420, 494 eta 684.3 artikuluak)
(5). Bigarrena da interesatzen
zaiguna, lerro batzuk aurrerago ikasiko dugun protokoloari dagokiona.
Horrez gainera, eta atxiloketa zein mementutan
ematen den kontutan izanik, kausa kriminala hasi baino arinago,
bitartean edo berau bukatu eta gero, beste hiru motatako atxiloketa
bereiz genitzake: prozedura aurreko atxiloketa (6),
atxilotuaren aurka oraindik kausarik ez dagoenen
egiten dena (PKL-ren 490.1 eta 2 eta 492.4 artikuluak), prozedura
indarrean egonda egiten dena, atxilotuaren aurka kausa
kriminala jada existitzen denean (7)
(PKL-ren 490.6 eta 7, 492.2 eta 3 artikuluak) eta kausa kriminala
bukatu eta gero egiten dena (post sententiam delakoa) (PKL-ren 490.3,
4,5 eta 7 artikuluak) (8).
Guk aztertuko dugun protokoloa batez ere lehenengo kasuan aplikagarri
da.
Edozein kasutan atxiloketa espainiar ordenamendu juridikoan nagusi
den legezkotasun printzipioarekin bat burutu beharko
da, atxiloketari dagokionean printzipio hau PKL-ren 489. artikuluan
agertzen delarik: "ezin izango da espainiarrik ezta atzerritarrik
ere atxilotu, legeek ezar ditzaten kasu eta eratan baino."(9)
(AURKIBIDEA)
1.2.2. Poliziak burututako atxiloketak
Arinago esan bezalaxe poliziak hiru mementutan burutu dezake atxiloketa:
atxilotutakoaren aurka oraindik zigor kausarik ez dagoenean, aipatutako
kausa epaile aurrean aztertzen ari denean eta kausa bukatu eta gero.
Argi eta garbi geratu behar da poliziarentzat legeak hala ezartzen
dituen eta berehala aipatuko ditugun kasuetan atxiloketa burutzea
ez dela gaitasun edo ahalmen bat eginbehar bat baizik. Zeintzuk
dira kasuok? Batetik, partikularrentzat atxiloketa burutzeko gaitasuna
suposatzen duten zazpi kasuak: (1) atxilotua
delitu bat betetzera doanean, egitera doan mementuan bertan; (2)
norbait in fraganti delitu egiten harrapatzen dutenean; (3)
atxilotuak kondena edo zigorra betetzen dagoen gartzelatik alde
egitean; (4) atxilotuak sententzia irmo bidez
ezarritako zigorra betetzeko tokira edo gartzelara eramateko itxaroten
dagoen toki edo gartzelatik alde egitean; (5)
aurreko kasuan aipatutako tokira eramateko bidean alde egiten duenean;
(6) kausa pendientearekin atxilotuta edo
espetxeratua egonda ihes egitean eta azkenik, (7)
errebeldian dagoen prozesatu edo kondenatua aurkitzean (PKL-ren
490. artikulua). Kasu hauei legeak beren beregi poliziari bakarrik
dagozkion beste lau gehitzen dizkio (PKL-ren 495. artikulua):
(8) presoaldi korrekzionala (sei hilabetetik hiru urtetara
bitartekoa) baino larriagoa den zigor bat dagokion delituagatik
prozesatutakoaren atxiloketa, (9) aurrekoa
baino arinagoa den zigor bat dagokion delituagatik prozesatutakoaren
atxiloketa, baldin eta bere aurrekariei edo egitatearen ingurumariei
so eginez epai agintariaren deiari erantzungo ez diola susma badaiteke,
aipatutako agintariaren aburuz beronen aurrera agertuko dela ziurtatuko
duen fidantza nahikoa ematen duen kasua salbu, (10) nahiz eta delituari
presoaldi korrekzionala baino zigor arinagoa egokitu, delitu bat
izan dela eta atxilotutakoak honetan parte hartu duela sinisteko
arrazoi aski arrazionalak badaude, eta azkenik (11) falta baten
ustezko egilea atxilotu daiteke, helbide ezagunik ez badu eta fidantza
nahikoa ematen ez badu.
Poliziek egiten duten atxiloketa honen helburua ikerketa eta araketa
lanak egitea da, hala nola, galdeketak, lekukoen aurrean agerketak,...
eta berauen ondoren atxilotua aske edo epailearen esku utzi beharko
dute.
Edozein kasutan poliziek atxiloketa burutzean legearekin bat ihardun
behar dute, kontrakoak beren buruak atxiloketa ilegala deritzon
delituaren eremuan (Zigor Kodearen 167. artikulua) ezarriko bailitu.
(AURKIBIDEA)
1.2.3. Atxilotuaren eskubideak
Atxiloketa kautelako neurri bat den heinean denbora epe labur batez
norbait bere askatasunaz gabetzea dela baieztatu ondoren, atal hau
guztioi burura datorkigun galdera bati erantzunez hasi behar dugu:
zenbat denbora egon daiteke atxilotuta pertsona bat? Espainiar Konstituzioaren
17.2 artikuluaren esanetan atxiloketa prebentiboak gehienez egitateak
argitzeko beharrezko den denbora iraungo du eta
edozein kasutan 72 orduko epean atxilotua aske edo epai agintearen
esku utziko da. Epe muga berdina ezartzen du PKL-ren 520. artikuluak.
Azken lege honen 496. artikuluak berriz aipatutako
epea 24 ordura gutxitzen du (10).
Honen aurrean doktrinak eta jurisprudentziak Konstituzioak gehienezko
epe muga ezartzen duela eta legeek muga hau arindu dezaketela esaten
dute. (11)
Puntu honetan espainiar ordenamendu juridikoaren beste ezaugarri
nagusi bat ekarri behar dugu mahai gainera: posible da atxiloketa
Konstituzioak adierazitako gehiengozko epe hori baino gehiago luzatzea.
Horrela aurreikusten du PKL-ren 520 bis artikuluak. Artikulu honen
esanetan, banda armatuen partaideen edo elementu terrorista edo
errebeldeen atxiloketaren kasuan, berau ikerketa xedeek eska dezaketen
helburuetarako beharrezko denbora luza daiteke, gehienez 48 ordu
gehiago, beti ere luzapen hori arrazoiturik atxiloketaren lehenengo
48 ordutan zehar epaileari eskatu beharko zaiolarik
eta honek hurrengoko 24 orduetan luzapena -arrazoiturik baita ere-
baimendu beharko duelarik. Beraz, eta Konstituzioaren 55.2 artikuluan
oinarrituta (12) kasu hauetan
atxiloketa 5 egunerarte luza daiteke.
Aurrekoa aipatuta, pasa gaitezen legeri posibitiboak atxilotuei
aintzatesten dizkieten eskubideen azterketa egitera. Lehenengo espainiar
ordenamendu juridikoaren legerik garrantzitsuenak, Konstituzioak
alegia, aurreikusten dituenak zehaztuzko ditugu, izan ere gainerako
legeek haren esanak errespetatu beharko baitituzte.
Konstituzioaren 17. artikuluak lau eskubide aurreikusten ditu atxilotuen
mesedetan: beren eskubideez eta atxiloketaren arrazoiez berehala
eta ulergarri zaien era batean informatuak izateko eskubidea, deklaratzera
behartuak ez izateko eskubidea, izapide polizial
eta judizialetan abokatuaren laguntza izateko eskubidea eta ilegalki
atxilotutako oro berehala epailearen esku jartzeko
habeas corpus prozedimendurako eskubidea. (13)
Lau eskubide hauek PKL-ren 520 eta 527 artikuluek (14)
eta habeas corpus eskubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1984/16
lege organikoak garatzen dituzte. Garapen honen ondorioz eta aipatutako
habeas corpus prozedura alde batera utzita ondorengo eskubideak
aintzatesten zaizkio atxilotuari:
1.Atxiloketa, atxilotuari, bere pertsonari, ospeari eta ondareari
kalterik gutxien eragiten dien eran burutzeko eskubidea (PKL-ren
520.1 artikulua).
2. Informaziorako eskubidea. Atxilotu orok atxiloketa jasan
bezain pronto eta ulergarri zaion eran egozten zaizkion egitateez,
bere atxiloketaren arrazoiez eta aintzatesten zaizkion eskubideez
argibideak jasotzeko eskubidea du (PKL-ren 520.2 artikulua). (15)
3. Ixilik egoteko eskubidea: horrela nahi izanez gero ez deklaratzeko
eskubidea, egiten dizkioten galderei ez erantzuteko eskubidea edo
epailearen aurrean bakarrik mintzatuko dela esateko eskubidea (PKL-ren
520.2 a) ).
4. Norberaren kontra ez deklaratzeko eskubidea eta norbere burua
erruduntzat ez aitortzeko eskubidea (PKL-ren 520.2 b) ).
5. Abokatua izendatzeko eta izapide polizial eta judizial orotan
bere agerpena eskatzeko eskubidea. Atxilotuak berak horrela egiten
ez badu, ofizioz izendatuko zaio (PKL-ren 520.2 c) ).
6. Atxilotuak nahi dezan senditartekoari edo beste pertsona bati
beronen atxiloketaren eta mementu orotan berau dagoen tokiaren berri
emateko eskubidea (PKL-ren 520.2 d) ). (16)
7. Espainiar hizkuntza ulertzen edo hitz egiten
ez duenak musu-truk interprete baten laguntza izateko eskubidea
(PKL-ren 520.2 e) ). 8. Auzitegiko medikuaren eskutik aztertua izateko
eskubidea (PKL-ren 520.2 f) ). (17)
(AURKIBIDEA)
1.2.4. Inkomunikazioak atxilotuaren eskubideengan
daukan eragina
Aipatutakoak egoera normalean atxilotuaren eskubideak badira ere,
berauen mugaketa eman daiteke atxiloketa inkomunikaziopean egiten
den kasuan. Noiz burutu daiteke atxiloketa inkomunikaziopean? PKL-ren
520 bis artikuluak 2. paragrafoan dioenez banda armatuen partaideen
edo elementu terrorista edo errebeldeen atxiloketen kasuan epaileari
berauen inkomunikazioa erabaki dezala eskatu ahal zaio. Epaileak
eskatu eta hurrengoko 24 orduetan erabaki arrazoitu baten bidez
atxiloketa inkomunikaziopean ezartzea edo ez erabakiko du. Epaileak
inkomunikazioa erabakiz gero mementu orotan atxilotutakoaren berri
eska dezake, nahi izanez gero pertsonalki ikustera ere joan daitekelarik
(PKL-ren 520 bis 3 artikulua).
Inkomunikatuta dagoen atxilotuak ezin izango du bere gustuko abokatua
izendatu, derrigorrez ofiziozko bat izendatuko zaiolarik (18),
gainera ez zaizkio aurrekoarekin elkarrizketatzeko eta berak nahi
duen senditartekoari edo beste pertsona bati beronen atxiloketaren
eta mementu orotan berau dagoen tokiaren berri emateko eskubideak
aintzatetsiko (PKL-ren 527. artikulua).
Azken finean inkomunikazioak, hitzak berak esaten duen bezalaxe,
komunikatzeko gaitasun eza adierazi nahi du, atxilotuari kanpoarekin
harremanak izatea (idatziz, hitzeginez, telefonoz,...)
galerazten zaiolarik. Teorian, inkomunikazio honen helburua zigor
kausaren kaltetan eman daitezkeen trikimailuak eta elkar hartzeak
ekiditzea da. (19) (AURKIBIDEA)
2. Euskal Autonomi Erkidegoan inkomunikaziopean
atxilotutakoei aplikatzeko protokoloa
Orainarte emandako datu guztiekin Euskal Autonomi Erkidegoaren
esparruan eman den ekimen hau erraz ulertzeko aukeran gaude. Has
gaitezen bada, gure erkidegoan inkomunikaziopean atxilotutakoei
aplikatzeko eratu den protokolo berri horren azterketarekin.
Protokoloa Eusko Jaurlaritzako sailarteko ekimena da, bere moldaketan
herrizaingo edo barne sailak, osasun sailak eta justizia sailak
parte hartu dutelarik. Zalantza barik, eta protokolo honen edukiaren
azterketa egiteke, sailarteko lanaren eta adostasunaren fruitu izateak
berau berme berezi batez hornitze du, izan ere atxilotutakoen egoeran,
eta are gehiago inkomunikaziopean atxilotutakoen kasuan, justiziak
zeresan haundia badu ere, protokoloaren edukia aztertzean ikusiko
dugunez beste bi sailek ere beren garrantzia baitute.
Protokoloak Euskal Autonomi Erkidegoaren lur esparruan epaileek
agindutako inkomunikaziopean atxilotutako norbanakoei eman beharreko
tratuaren inguruan Euskal Polizi Autonomoaren, Ertzantza alegia,
Euskal Osasun zerbitzuaren (Osakidetza) eta Medikuntza Legalaren
Euskal Institutoaren iharduerak koordinatzea du helburu. Koordinazio
hau atxiloketa ematen den mementutik bertatik beronen bukaeraraino
emango da. Honela, protokoloak ertzantzak terrorismo delituekin
zerikusirik duten prensuntzio edo ustearekin inkomunikaziopean atxilotutakoei
eman behar zaien tratua aurreikusten du, atxilotuak ertzantzaren
menpe dauden mementu oratan (komisaldegietan eta hauetatik sartu
irtenaldietan) atxilotutakoentzat berauentzat eta bere sendiarentzat
aurreikusitako bermeak arras argi adierazten dituelarik.
Argi atzeman daitekenez protokolo honen xedea, azken finean ordenamendu
juridikoaren balio nagusiak eta herritar ororen eskubideak babestea
da gai honen inguruan betidanik kritikatu den iluntasuna, opakutasuna
eta zalantza ekiditu eta legezkotasuna gailendu nahiean.
Azkenik eta protokolo honen edukiaren azterketari ekiteko esan
behar nahiz eta beronek aurreikusten dituen neurri eta atxilotutakoei
aintzatetsitako berme hauen aplikazioa pasadan otsailean froga bezala
martxan jarri bazen ere- kale borroka dela eta Ertzantzak bederatzi
pertsona atxilotu zituenean- maiatzetik aurrera normaltasunez abian
jartzeko asmoa erakutsi dutela Eusko Jaurlaritzatik. (AURKIBIDEA)
3. Protokoloaren edukia
Protokoloaren edukia aztertzeko bi atal bereiztuko ditugu, batetik
protokoloak atxilotuaren onurarako aurreikusitako bermeak jorratuko
ditugu hiru mementu desberdinduz: atxiloketa ematen deneko mementua
bera, atxilotua ertzantzaren komisaldegian dagoen denbora tartea
eta atxiloketa bukaera. Ondoren, protokoloak atxilotutakoaren sendiari
egozten dizkion bermeak ikusiko ditugu.
Aipatutako bi atal hauek landu ondoren eta gaia kokatzeko aztertu
ditugun aurreko puntuak kontutan izanik, protokolo honen inguruan
azken eritzi bat emateko prest izanen gara. (AURKIBIDEA)
3.1. Atxilotuarentzako bermeak
Ertzantzak atxiloketa bat burutzen duen mementuan bertan eskuduna
den epaileari beronen berri emango dio, azken honek indarreango
legeriarekin bat (jada ikusi dugun PKL-ren 520.2 f) artikulua) auzitegiko
medikuaren eskutik atxilotuaren osasun azterketa agindu dezan. Azterketa
hau edozein kasutan atxilotua ertzantzaren komisaldegira eraman
aurretik egin beharko da eta berau burutzeko atxilotua
Medikuntza Legalaren Euskal Institutora eramango da mementu horretatik
aurrera Instituto honek iharduteko daukan protokoloa aplikatuko
delarik. (20)
Aipatutako institutoan eta egingo diren gainerako osasun azterketetan
bezala, ertzantzak osasun azterketa burutzen den bidartean idazkari
judiziala edo batzorde judiziala present egotea eskatuko du.
Lehen osasun azterketa honetan atxilotuari aldiro eta atxilotuta
dagoen bitartean, garnu analisiak egiteko aukera adieraziko zaio.
Analision xedea atxilotuta dagoen bitartean nerbio sistema zentralean
eragin dezaketen sustantzia psikotropikorik ematen ez zaizkiola
kontrolatzea da. Atxilotuak analisi hauek egiteari baiezkoa emanez
gero lehen azterketa honetan garnu lagina hartuko
zaio. Idazkari judizialak garnu horren jatorriaz, atxilotuarena
denez alegia, fede eman ondoren lagin hori Medikuntza Legalaren
Euskal Institutoak gordeko du bere analisia lehen bait lehen burutuko
delarik. (21)
Lehen mediku azterketa hau egiten duen sendagileak atxilotuaren
zaintzaren arduradunei, ertzantzari alegia, eta inkomunikazioa agindu
duen epaileari atxilotutakoaren osasunaren ingurukoak adieraziko
dizkie, atxilotuak medikamenduren bat hartzea beharko balu horrela
jakineraziko dielarik. Sendagileak atxilotuari froga gehiago egin
behar zaizkiola edo eta osasun zentru jakin batetara eramana izan
behar dela uste duenean ere, horrela adieraziko die. Azken kasu
honetan eta epaileak horrela erabaki dezanean,
auzitegiko medikua dagokion osasun zentru edo ospitalean diharduten
sendagileekin harremanetan jarriko da lehen bait lehen horretarako
posible dituen bitartekoekin (22)
atxilotuaren osasun egoeraz, eta beronen lekualdatzea gomendatzen
duten inguruabarrei buruz beharrezko azalpenak emateko.
Protokoloak agintzen duenez, osasun zentru edo ospitaleak buruturiko
osasun txostenek atxilotutakoaren intimitate eta irudirako eskubideak
kasu orotan errespetatu beharko dituzte eta baita ihardueren sekretua
ere, txostenok edo dagokion kasuan beren kopiak epaileari bakarrik
emango zaizkiolarik.
Lehenengo osasun azterketa honen ondoren, denbora tarterik txikienean,
beronen txosten bat, osasun txostena alegia, bidaliko zaio epaileari.
Honela atxiloketaren bigarren mementura pasatzen gara: atxilotua
ertzantzaren komisaldegian atxilotuta dagoen unea.
Denbora honetan atxilotuari auzitegi medikuak buruturiko osasun
azterketak gutxienez 24 orduro egingo zaizkio hauetariko bakoitzaren
ondoren sendagileak epaileari txosten bat igorriko diolarik. Puntu
honetan protokoloak Estatuko legeriak aurreikusten ez duen berme
haundi bat aintzatesten du: osasun azterketa bakoitza sendagile
desberdin batek burutuko du, eta atxiloketa bukatu ondoren atxilotua
aztertu duten sendagile guztiek parte hartuko dute azken txostenaren
idazketan.
Atxilotuari eginiko lehenengo osasun azterketan gertatzen zen bezala,
segurtasun arrazoiengatik eguneroko azterketok Medikuntza Legalaren
Euskal Institutoan egitea ezinezkoa gertatuko balitz, batzorde judiziala
bera joango litzateke ertzantzaren komisaldegira.
Atxilotuak bere garnua aztertua izateko borondatea adierazi balu,
azterketa hauetariko bakoitzean berriro garnu lagina hartuko zaio,
beti ere aipatutako fede publikoaren bermepean ihardungo delarik.
Azterketa bakoitza egin ondoren berau burutu duen sendagileak atxilotuaren
osasunaren inguruko beharrezko iruzkinak jakineraziko dizkio epaileari,
eta honen baimenarekin, atxilotuaren zaintzaren arduradunei, ertzantzari
alegia. Edozein kasutan, mota honetako aldikako azterketaren baten
sendagileren batek atxilotuaren osasun azterketa sakonagoa edo osasun
laguntza jakina beharrezkotzat joko balu eta horiek burutzeko ospitalera
lekualdatzea beharrezkoa balitz auzitegi medikuak horrela jakineraziko
lioke epaileari. Epaileak aipatutako lekualdatzea baimenduz gero,
auzitegi medikua atxilotua eramango den ospitalarekin harremanetan
jarriko da lehen bait lehen eta erarik errazenean. Kasu honetan
ere, ospitaleak atxilotutakoaren aipatutako eskubideak errespetatu
beharko ditu, beren txostenak epaileari bakarrik igorri ahal izango
dizkiolarik.
Honela helduak gara hirugarren mementura. Atxiloketa bukatzear
dagoenean, atxilotua epailearen esku edo aske utzi baino arinago,
atxilotuaren zaintzaren ardura duten ertzainek honen egoeraz epaileari
berri emango diote, beronek azken osasun azterketa agindu dezan.
Kasu honetan ere, eta segurtasun arrazoiengatik atxilotua Medikuntza
Legalaren Euskal Institutora eramatea ezinezko balitz, batzorde
judiziala aurkeztuko litzateke komisaldegian.
Azken azterketa honetan, berriro eta hasieran hala eskatu balitz
garnu lagina hartuko zaio atxilotuari beti ere aipatutako bermearekin.
Azterketa honen ondoren, eta bere emaitzen berri emanez, denbora
tarterik laburrenean auzitegi sendagileak epaileari azken txosten
bat bidaliko dio atxilotuaren osasun egoera zein den azalduz eta
beharrezkotzat hartzen dituen adierazpenak eginez.
Protokoloak ez du argi uzten aipatutako azken txosten honen ondoren
atxilotua aztertu duten sendagile guztiek eginiko beste txosten
bat igorriko zaion epaileari edo aipatutako azken txosten hori sendagile
guztien artean egingo den. Aukera bietako edozein logikoa gerta
daiteke eta beraz zilegia. (AURKIBIDEA)
3.2. Senitartekoentzako bermeak
Epaileek agindutako inkomunikaziopean ertzantzak atxilotutako pertsonen
senitartekoei,- zuzeneko senideei, hala nola, aita-ama, anai-arreba
edo senar-emazteari, eta adingabekoen kasuan berauen ardura dutenei-,
atxilotutakoen egoerari buruz atxiloketak irauten duen bitartean
une oro telefono bidez informazioa erraztuko zaie. Horretarako senitartekoei
telefono zenbaki bat emango zaie, zenbaki hau ertzantzaren edozein
komisaldegitan ere lortu ahal izango dutelarik.
Esan bezalaxe aipatutako telefono zenbakian sendiari eguneko 24
orduetan emango zaio atxilotuari buruzko informazioa. Gainera telefono
bidezko harreman honi hasiera eman bezain pronto, ertzantzak sendiari
fax zenbaki bat ere erraztuko dio, edonolako datuen igorpenerako
beharrezkoa gerta baledi.
Telefono bidezko komunikazio hauetan, ertzantzak lehenengo eta
behin eta segurtasun neurri bezala deitzen duen pertsona identifikatuko
du, bere filiazioa, atxilotutakoarekin duen ahaidetasuna eta zein
tokitik deitzen duen galdetuz. Gainera harremanetarako telefono
bat eskatuko zaio. Ondoren, ertzantzak deia egiaztatuko du ahaideak
emandako telefonoarekin harremanetan jarriz. Egindako dei guztiak
erregistratuta geldituko dira.
Ertzantzak ahaide zuzenei telefonoz atxiloketaren arrazoiez eta
tokiaz gain, deitzen duten momentuan atxilotuaren osasun egoeraz
informazioa zuzena emango die. Gainera atxilotuari inkomunikazioa
altxatzen zaion momentuan bertan, edo berau epailearen esku uzten
den mementuan horrela adieraziko zaio sendiari.
Auzitegi medikuak atxilotuaren osasun azterketa bat egin ondoren
inkomunikatuak sendagi batzuk hartu behar dituela ikusten denean
eta sendiak horrela eskatuz gero, ertzantzak sendagaiak
atxilotuari errazteko bideez informazioa emango die. Sendiak eskatuz
gero, atxilotuari gauza eta objetu pertsonalak emateko bideez ere
informazioa luzatuko zaie. (23)
(AURKIBIDEA)
4. Ondorioak eta balorazioa
Euskal Autonomi Erkidegoko jaurlaritzako sail desberdinen artean
egin den eta jolas gai izan dugun protokolo honen azterketarekin
bukatzeko zenbait gogoeta egin behar ditugu.
Zalantza barik protokolo horrek biltzen dituen neurriak aplikatzeko
eman beharreko egoera, inkomunikaziopeko atxiloketa, betidanik laino
beltz bat izan da ez bakarrik gure lurraldean, baizik eta Estatu
osoan. Askotan jarri da gizarteko talde eta mugimendu arras desberdinen
eskutik dudatan egoera horietan atxilotuei ematen zaien tratua.
Testuinguru honetan eta gauza guztien gainetik ezin dugu inoiz
ahaztu kautela neurri honen atzean dagoen interes gatazka. Atxilotuak
bere eskubideak ditu, Zuzenbidezko Estatu baten ordenamendu juridikoak
hala aintzatesten dizkion heinean, beti eta gauza guztien gainetik
errespetatu beharrekoak. Eskubide horien artean oinarrizkoa da errugabetasunerako
presuntzioa (Espainiar Konstituzioaren 24. artikulua) eta beronek
galdatzen duen atxilotuari eman beharreko tratua:
atxilotua epaitu gabekotzat eta beraz, eta froga egokietan oinarritutako
epai sententzi arrazoitu batek kontrakoa esan arte, errugabekotzat
hartuko da (24). Honen
isladan ezin daiteke inoiz inkomunikaziopean egindako atxiloketa
zigor edo mendeku bihurtu.
Baina gizarteak, gizamultzoak alegia, pakean, giza ordena eta segurtasuna
nagusi diren baldintzetan bizitzeko duen eskubidea ere hor dago.
Eta kolektibitatearen onerako, aipatutako pakea, ordena eta segurtasuna
mantentzeko gizabanakoaren askatasuna mugatzea zilegia da. Puntu
honetan ere ez dago zalantzarik.
Aurrekoa kontutan izanda, protokoloak bien interesak uztartu nahi
ditu, atxilotuarenak eta gizartearenak, gizataldearenak eta gizabanakoarenak.
Eta guzti hori egiteko arma bakarra hartzen du lan tresna gisa:
legearen betepena. Atxilotuari, bere senidei eta azken finean gizarte
guztiari lehenengoari ematen zaion tratua, kasu eta mementu orotan
legearen araberakoa, eta pertsona ororen duintasunak merezi duena
dela bermatu nahi du. Zentzu honetan protokoloak aurreikusten dituen
sendagile desberdinek atxiloketaren mementu desberdinetan egin beharreko
osasun azterketa ugariek, garnu azterketek eta berauen inguruan
epaileari eman beharreko informazioak, zalantza barik eta betez
gero, atxilotuaren osotasun fisikoa eta psikikoa taiuz bermatzen
dute.
Protokoloak sendiari aintzatesten dizkion bermeak ere, giza duintasunarekin
bat datoz. Izan ere, duintasun honen kontrakoa orainarte sendiak
bizi izan duen egoera baita, egunetan zehar beren senitarteko atxilotuaren
egoerari buruz ezer asko jakin barik egotea. Jada esan dugunez,
inkomunikaziopeko atxiloketa, kautela neurria bera, eta beronek
dakarren askatasun mugaketa, neurri pertsonalak diren heinean atxilotuari
bakarrik dagozkio inoiz ez bere sendiari, arrazoi honengatik sendiaren
eskubideak ezin mugatu daitezkelarik. Honen arira, inkomunikazioaren
pairatzailea atxilotua ezezik bere sendia ere izatea gaitzetsi egin
behar da. Gaitzespen honetatik abiatuta protokoloak sendiaren egoera
arras hobetu du hauei atxilotutako beren senitartekoaren inguruko
informazioa izateko eskubidea aintzatetsi dielarik. Edozein kasutan
argi geratu behar da azken neurri hau ez doala legearen kontra izan
ere sendiak jasotzen duen informazio honek ez baitu inkomunikazioaren
helburua- atxilotuaren eta kanpokoen arteko trikimailuak ekiditzea-
izorratzen, jada azaldu dugunez sendiak ez baitu izango atxilotutakoarekin
harreman zuzenik, ertzantzarekin -eta telefonoz- baizik.
Guzti hauek esan ondoren galdera bat etor dakiguke burura: protokolo
hau nahikoa ote gizarteko talde eta sektore askoren kritikak ixiltzeko?
Zenbat buru hainbat aburu euskal esaera zaharrari jarraituz, ziur
asko protokolo hau indarrean sartu eta gero ere kritikak izan izango
dirala, gaia zeharo mamitsua delako, baina ezin daiteke zalantzatan
jarri, protokoloak inkomunikaziopeko atxiloketa orainarte zen hodei
ilunari argitasuna ekarri diola gure erkidegoaren lur esparruan
behintzat.
Edozein kasutan eta gizartean benetan zuzenbidea nagusi izateko
bidean, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomi Erkidegoan egin den
protokolo honen antzeko bat (edo hobea!) egitea ez litzateke txarto
egongo. (AURKIBIDEA)
(1) Prozedura Zibileko
Lege berriak (urtarrilaren 7ko 2000/1 legea) bere bostgarren artikuluan
berariaz aintzatetsi du.
(2) Prozedura nagusia aurrera doan
bitartean egotziak edo inputatuak alde egiteko edo bere ondarea eskutatzeko
dituen aukerak aztertuko dira, izan ere aipatutako egoeretako bat
emango balitz prozeduraren azken erabakiaren betepena (demagun gartzela
zigorra edo ondarezko erantzunkizuna) ezinezkoa bihurtuko baitzen.
(3) Espainiar Auzitegi Konstituzionalak
behin eta berriz errepikatu du kautelazko neurri bat ezin daitekela
zigor bihurtu. Zentzu honetan Auzitegi Konstituzionalaren 1984ko azaroak
26ko 108. sententzia.
(4) Norbanako partikularrei atxiloketak
burutzeko eskubidea, hobeto ahalmena edo gaitasuna, inoiz ez betebeharra,
aintzatesten zaie beti ere atxilotzea burutu eta berehala atxilotua
epai agintearen edo poliziaren esku jarri behar dutelarik, hurrengoko
zazpi kasuetan: (1) atxilotua delitu bat betetzera doanean, egitera
doan mementuan bertan; (2) norbait in fraganti delitu egiten
harrapatzen dutenean; (3) atxilotuak kondena edo zigorra betetzen
dagoen gartzelatik alde egitean; (4) atxilotuak sententzia irmo bidez
ezarritako zigorra betetzeko tokira edo gartzelara eramateko itxaroten
dagoen toki edo gartzelatik alde egitean; (5) aurreko kasuan aipatutako
tokira eramateko bidean alde egiten duenean; (6) kausa pendientearekin
atxilotuta edo espetxeratua egonda ihes egitean eta azkenik, (7) errebeldian
dagoen prozesatu edo kondenatua aurkitzean (PKL-ren 490. artikulua).
Norbanakoek egindako atxiloketetan sakontzeko ikus. MORENO CATENA,
V. (zuzendaria) et al., El proceso penal. Doctrina, jurisprudencia
y formularios. Volumen II: instrucción y medidas cautelares,
Tirant lo blanch argitaletxea, Valentzia 2000, 1580. or.
(5) Epaileek atxiloketa zigor kausa
bat aztertzen dauden bitartean aginduko dute. Epaileek oraindik aske
dagoen pertsona baten atxiloketa edo jadanik poliziak edo partikularrek
atxilotutako norbaiten atxiloketa mantentzea manatu dezakete. Atxiloketa
hau aginduko dute legearekin bat atxilotutakoaren balizko zigor erantzukizuna
susmatzen dutenean (fumus boni iuris delakoa) eta atxilotuak ihes
egiteko edo bere ondarea ezkutatzeko arriskuaren aurrean (azken hau,
periculum in mora delakoa da)
(6) Espainolez "detención
preprocesal" deitzen dena.
(7) Espainolez "detención
procesal" delakoa.
(8) Post sententiam delako
atxiloketa hau kautela neurri bat baino gehiago, argi eta garbi exekuzio
edo betearazpen neurri bat da.
(9) Atxiloketaren inguruan legezkotasun
printzipio honen garrantzia azpimarratzen du, RAMOS MÉNDEZ,
F., El proceso penal. Sexta lectura constitucional, J.M. Bosch
argitaletxea, Bartzelona 2000, 184. or. Ikus. Auzitegi Konstituzionalaren
1993ko 341. sententzia.
(10) Artikuluak honela dio: "Aurreko
artikuluetan xedatutakoarekin bat pertsona bat atxilotu dezan norbanako
partikularrak, autoritateak edo epai poliziaren agenteak, berau burutako
mementutik zenbatzen hasita 24 orduko epean aske edo atxiloketa burutatako
tokitik hurbilen dagoen epailearen esku utzi beharko du. Azken hau
24 ordutik gora atzeratuko balitz zigor kodeak ezartzen duen erantzunkizuna
pairatu beharko du".
Epe hau ez dugu inoiz lotu behar norbanako partikularrek egindako
atxiloketekin, jada aipatu dugun bezala berauek atxilotua lehen bait
lehen, atxilotxea burututako mementuan bertan, poliziaren edo epailearen
esku utzi behar baitute.
(11) Zentzu honetan Espainiar
Auzitegi Gorenaren 1988ko urriaren 11ko sententzia eta Auzitegi Konstituzionalaren
1996ko otsailak 27ko 31. sententzia.
(12) Artikulu honen esanetan lege
organiko batek pertsona jakinentzat eskubide mugaketa aintzatetsi
dezake banda armatu eta elementu terroristen inguruko ikerketetan.
Lege organiko hori 1988/4 maiatzaren 25koa da.
(13) Eskubide Konstituzional hauen
inguruan Auzitegi Konstituzionalaren 1985ko 107. sententziak gogoeta
benetan interesgarriak egiten ditu.
(14) Abenduak 12ko 1983/14 lege
organikoak aldatuak.
(15) Ikus. Auzitegi Konstituzionalaren
1997ko 21. sententzia.
(16) Adingutxikoen eta ezgaituen
kasuan beronen ardura duten pertsonei emango zaie aipatutako informazioa
eta berauek aurkitu ezean zuzenean Ministeritza Fiskalari. Atzerritarren
kasuan berriz, aipatutako informazioa beraien jatorrizko herrialdearen
Kontsulari jakinerazteko eskubidea aintzatesten zaie.
(17) Adierazitako artikulu honek
(PKL-ren 520.2 e)) eskubide hau espainiarrez hitzegiten ez duten eta
berau ulertzen ez duten atzerritarrentzat aurreikusten badu ere, espainiar
Auzitegi Konstituzionalak 1987. maiatzak 25ko 74. sententzian esan
zuenez, eskubide hau espainiarrei ere aintzatesten zaie inguruabar
berdinetan (espainiarrez ez hitzegin ezta berau ulertu ere).
(18) Auzitegi Konstituzionalaren
1987. urteko abenduak 11ko 196. sententziak inkomunikaziopean atxilotuei
ofiziozko abokatua izendatzea konstituzionaltzat hartu zuen, Konstituzioaren
17.3 artikuluak abokatu bidezko defentsa hutsa, ofiziozkoa izan edo
ez berdina izanik, galdatzen duela argudiatuz.
(19) Horrela baieztatzen dute
TOMÉ PAULE, J., GARCÍA-LUBÉN BARTHE, P., TOMÉ
GARCÍA, J.A., Temario de Derecho Procesal penal adaptado al
programa de judicatura, Colex argitaletxea, Madrid 2002, 194. or.
(20) Medikuntza Legalaren Euskal
Institutoak, bere iharduera arautzen duen protokoloaren esanetan,
bi helburu ditu: atxilotutako pertsonen osasun egoeraren zaintza eta
beren osotasun fisiko eta psikikoa babestea. Horretarako aipatutako
protokoloak auzitegi medikuei ondorengo iharduera arauak ezartzen
dizkie: (1) Atxiloketa eta osasun azterketa agintzen duen epai organua,
azterketaren tokia eta data eta beronen hasiera eta bukaera orduak,
aztertutako pertsona eta azterketa burutu duen sendagilea argi eta
garbi identifikatuko dira kasu orotan. (2) Atxilotutakoaren aurrekari
pertsonalak eta familiarrak kontutan izango dituzte, atxilotuaren
osasun fisiko eta psikikoan eragina izan dezaketen gaisotasunak, arriskuak
eta gaitzak identifikatzeko. Atxilotua osasun tratamendu bat jarraitzen
dagoenean beronen jarraipenaren inguruan erabakiko dute. (3) Atxiloketaren
baldintzen inguruan idazki bat egingo dute, tratu txar fisikoak edo
psikikoak egon direnez, atseden eta elikadura baldintzei buruz eta
orohar atxiloketaren forma eta prozedurei buruz datuak jasoko dituztelarik.
(4) Atxilotuaren osasun fisikoaren azterketa egingo dute, azterketa
orokorra eta gorputzaren aparatu desberdinena (arnas, liseri,...).
Atxilotuak lesioak izanez gero, hauen inguruan arituko dira, berauek
sortzeko erak eta gorputzean dituzten eraginak deskribatu eta interpretatuko
dituztelarik. Lesio hauek giza gorputzean kokatzen dituen krokis bat
eta berauek biltzen dituen erreportai grafiko bat egingo dituzte.
(5) Atxilotutakoaren osasun psikikoaren azterketa ere burutuko dute,
buruko gaitz edo gaisotasunen bat duen argitzeko eta atxilotutakoa
atxiloketara nola modaltu den eta beronen aurrean duen erantzuna ikusteko.(6)
Epaileei atxilotutakoaren osasun fisiko eta psikikoaren inguruan,
berauen egoerarik onenerako beharrezkoak diren neurriak adieraziko
dizkiete.
(21) Protokoloaren 2. xedapen
orokorrak dioenez, epaileak beste gauza bat aginduko ez balu laginok
gehienez 6 hilabetetako epez gordeko dira.
(22) Gure ustez hau gehiegikeri
bat da, egun mobil bat denok dugulako!
(23) Protokoloak berariz esaten
duenez sendagai, objetu edo gauza pertsonal hauek, sendiak, Ertzantzak
adierazitako komisaldegian ("ahalik eta hurbilena") entregatu
beharko ditu.
(24) Zentzu honetan Espainiar
Auzitegi Konstituzionalaren hainbat sententzi aipa genitzake, batzuk
azpimarratzekotan: 1991ko maiatzak 23 ko 118 sententzia, 1992ko uztailaren
1ko 104. sententzia, 1996ko martxoaren 11ko 34. sententzia, 1996ko
martxoaren 26ko 49. sententzia, 1997ko otsailak 25ko 40. sententzia
eta 1997ko uztailaren 1ko 123. sententzia.
Ixusko Ordeñana Gezuraga,
Deustuko Unibertsitatea |