Gonzalo Auzari nire adiskide onari
Inoiz
eskaini bide zioten Atahualpa Yupanquiri Buenos Aires-eko Teatro
Colon entzutetsuan kontzertu bat ematea, eta artistak ezetzarekin
erantzun zuen, Andres Segovia gitarrajole handiari entzun zion tokian
berak ezin zezakeela inoiz jo argudiatuz. Anekdota hori etorri zait
burura, lerro hauek prestatzen hasi naizenean Yupanquirekin "nola"
egin nuen topo gogoratu baitut. 1968 urtea zen eta nire lehen gitarra
erosi berria nuen. Ikasketa ahaleginetan lagungarri gerta zekidakeelakoan,
Atahualparen disko "single" bat ere erosi nuen, bi abestirekin:
"El Poeta" eta "Los ejes de mi carreta". Artistak
instrumentua erabiltzeko trebetasunak inpaktatu ninduen, ezer baino
lehen. Eta Atahualpak zegiena nik neronek ere egin nezakeela pentsatzera
ausartu nintzen, nire ezjakintasunetik.
| |
Atahualpa Yupanqui gaztetan. Argazkia: Archivo
General de la Nación (Argentina). |
Hogeita hamalau urte beranduago, orduan bezain eztrebe jarraitzen
dut gitarrarekin baina, aitzitik, Atahualpa Yupanquirenganako lilura
gero eta errotuagoa zait, batere zalantzarik gabe. Desberdintasun
batekin: goi instrumentista izateagatik hasierako nire errekonozimendu
hura, erabat gainditua geratu da, argentinarrak behin eta berriz
darakuskidan sentsibilitate poetikoarekin. Eta aldaketarekin irabazten
atera naizelakoan nago.
Norbaitek zioen Atahualpa Yupanqui gizon anonimo bat izango dela
beti, ezezagutua, literatura antologia guztietan egon daitekeen
arren. Baliteke. Argentinarraren izaerarekin ongi ezkontzen den
dohaina dela esango nuke, inoiz ez baitzuen ahalegin batere burutu,
atsegin ez zituen olinpoetara igotzeko. Bere bikaintasunean gizon
apala zen, oso osorik.
No me arrimo así nomás
a los jardines floridos.
Sin querer vivo alvertido
pa´no pisar el palito.
Hay pájaros que solitos
se entrampan por presumidos. (1)
Atahualpa ez zen Yupanqui jaio, Héctor Roberto Chavero
Aranburu(2) baizik. Buenos
Aires probintziako Pergamino partiduko Campo de la Cruz herrian
munduratu zuen Higinia Aranburu euskaldunak, 1908ko urtarrilaren
azken egunean. "El canto del viento" lan autobiografikoan
azaldu zuen Atahualpak bere jatorriaren nondik norakoa. Artistaren
esanetan, hirurehun urtetako amerikar historia korritzen zen bere
zainetatik, indio, kriollo eta euskaldunen arteko arraza nahasi
interesgarrian. Eta harro sentitu zen beti bere jatorriaz.
Eso lo llevo en la sangre
dende mi tatarabuelo.
Gente de pata en el suelo
fueron mis antepasaos;
Criollos de cuatro provincias
y con indios misturaos. (3)
| |
Atahualpa Yupanqui Buenos Airesko "Radio
El Mundo"n eskeini zuen saio batean. Argazkia: Archivo
General de la Nación (Argentina). |
Aitak, pioi ibiltari eta trenbideko langilea, baserri gizartearekiko
hurbiltasuna sortarazi zuen Héctor Roberto umearengan. Horrek,
bederatzi urterekin, gitarra jotzen ikasteari ekin zion, Bautista
Almirón maisuarekin, Tucuman probintziako Tafi herrian. Eta
sendiaren ibilaldi behartuari jarraiki, argentinar geografiako hainbat
tokitako folklorea ezagutzeko aukera izan zuen gazte hark. Baita
Neruda, Garcia Lorca eta beste poeta askoren obra irakurtzeko ere.
Hamahiru urterekin, Héctor Roberto izenaren ordez Atahualpa
hasi zen erabiltzen, inka inperioko azken erregearen omenez, eta
hogei urte beranduago Chavero abizenaren ordez Yupanqui hartu zuen,
inka inperioko garairik emaritsuetan nagusi izandako dinastia gogoratu
nahian. Hamazortzi urterekin lehen aldiz iritsi zen Buenos Aires
hiriburura bere gitarra eta argentinar folkloreko abestiekin. Urtebete
beranduago "Caminito del indio" abesti arrakastatsua konposatu
zuen eta handik aurrera bizitza poesiarekin uztartu zuen, noizean
behin -artean- beste lanbide batzuetara jo behar izan bazuen ere,
eguneroko ogia irabazi ahal izateko. Horrela, mandazain, ikatz kargatzaile,
eskribautzako ofizial eta kazetari gisa aritu zen, argentinar bideak
goitik behera eta eskuin ezker korritzen zituelarik, herri koplak
eta abestiak biltzen eta jotzen.
| |
Atahualpa Yupanqui Folklore Egunaren ospakizunean
Buenos Airesko Presidente Alvear aretoan. Argazkia: Archivo
General de la Nación (Argentina). |
Hogei urterekin aita hil zitzaionean, ikasketak bertan behera
utzi behar izan zituen eta beraiekin mediku izateko asmoa betiko
ehortzi zuen. Aurrerantzean abeslari izango zela erabaki zuen. Eta
orduantxe hasi zen, argentinar folklore musikaren erreferentzia
nagusia bihurtuko zen gizonaren ibilaldi aberatsa. Tucuman bilakatu
zuen jardunaren epizentroa eta bertatik irradiatu zuen bere artea,
Peru eta Boliviako folkloreetan ere murgil sakona zegien bitartean.
Bere lehen grabaketak 1936an egin zituen. Idazle gisa emandako
aurreneko urratsak ere ordukoak dira. Ezkerreko politikarekin identifikatua,
argentinar Alderdi Komunistan afiliatu zen 1947an. Erabaki horrek,
argentinar agintariengandik ordura arte jasotako zailtasunei gehiago
gehitu zizkien. Bere burua, berriz, indiar jakinduriako antzinako
haizearen ahotsatzat zeukan Atahualpak. Eta Panpako alaitasun eta
tristeziak abesten zituen eszenatokietan. Juan Domingo Peron jeneralaren
gobernuak gogor jo zuen Atahualparen kontra eta torturaraino heldu
ziren: "Ordudanik daukat eskuin eskuko hatz erakuslea hautsita;
idazmakina bat jarri zidaten esku gainean eta torturatzaileak gainean
eseri zitzaizkidan. Esku trebea elbarritu nahi zidaten, gitarra
jo ez nezan. Baina ez ziren konturatu nire esku trebea ezkerra zela"(4).
|
Atahualpa Yupanquiren etxea (Cerro Coloradon,
Cordobako probintzian, Argentina) gaur egun museo bihurtua.
Argazkia: Gonzalo J. Auza. |
Frantziako bidea hartu zuen 1948an, bere arterako erraztasun gehiago
aurkituko zuelakoan. Frantziar intelektualitatea ezagutzeko abagunea
aurkeztu zitzaion eta horren bitartez Atahualpa Yupanquiren musika
Europan hasi zen entzuten, baita espainiar estatuan ere, nahiz eta
Francoren debekua jaso zuen bertara sartzeko. Ia-ia hogei urtez
bizi izan zen Parisen, baina tarteka-marteka itzulbideak aurkitzen
zituen Argentinarako, batez ere egoera politikoak (Peronen erorketa,
adibidez) alde zituenean. Paula Antoinette "Nenette" Pepin
Fitzpatrick frantziar-kanadiarrarekin ezkondu zen eta bikoteak giro
ezin hobea gorpuztu zuen euren artean, ekoizpen artistikoa biderkatu
zutelarik.
|
Atahualpa Yupanquiren etxea Cerro Coloradon.
Argazkia: Gonzalo J. Auza. |
Cordoba probintziako Cerro Colorado herrian jarri zuten egoitza
eta senar emazteak urte goxoak eman zituzten bertan, "Chacarera
de las piedras" abesti ederraren ondoko bertsoak dioskunez:
Aquí canta un caminante
que muy mucho ha caminado
y ahorita vive tranquilo
en el Cerro Colorado.
Cuando ensillo mi caballo
me largo por las arenas
y en la mitad del camino
ya me he olvidao de las penas.
| |
Atahualpa Yupanquiren hainbat musika tresna.
Lehenengo planoan txistua. Argazkia: Gonzalo J. Auza. |
Bertsoaren hitzak "Paula Pepin"-ek izenpetu zituen,
hots, Atahualparen emaztearen izana ezkutatzen zuen izen artistikoa.
Musika, ordea, Yupanquik koposatu zuen. Beste batzuetan, emazteak
Pablo del Cerro izengoitia erabili zuen, senarrak abestuko zituen
poemak argitaratzeko. Identitate anonimoaren zergatia, batzuen ustez,
argentinar ezmalgutasun folklorikoan zegoen, hau da, herriak nekez
barkatuko ziola Yupanquiri atzerritar emakume batekin lankidetzan
aritzea.
Hirurogeietako hamarkadan Atahualpak "El payador perseguido"
lan antologikoa idatzi eta grabatu zuen. Hogeigarren mendeko Martin
Fierro-tzat hartu zen aipatu obra hori eta dimentsio berria eskaini
zion artistari.. Lau ataletan banatu zuen poemak bikain adierazten
du zein nolako izpiritua zen Atahualparena. Estrofen irakurketa
lasaiak garraiatu egiten gaitu:
Y aunque me quiten la vida
o engrillen mi libertad,
¡Y aunque chamusquen quizá
mi guitarra en los fogones,
han de vivir mis canciones
en l´alma de los demás!
¡No me nuembren, que es pecao
y no comenten mis trinos!
Yo me voy con mi destino
pal lao donde el sol se pierde.
¡Tal vez alguno se acuerde
que aquí cantó un argentino!
Argentinar petotzat zeukan bere burua, lehen adierazi dudan legez.
Baina bazekien bere gogoa zenbait herritako arragoan zizelkatua
zela. Horrela ulertu behar da bere amari eskainitakoa. Ezagutzen
zutenek ziotenez, Higinia Aranburu emakume zuzena zen, zorrak ordaintzen
dituena aberastu egiten dela Hector Roberto semeari erakutsi ziona.
Atahualpa Yupanquiren ondoko poema honetan, ama euskaldunari semearen
eskerronezko adierazpena aurkitzen dugu. "Madre vasca"
tituluarekin munduko hainbat eszenatokitan abestu zuen:
Qué nombre tendrán las piedras
que le vieron caminar
a mi madre cuando niña
o pastorcilla quizás.
El árbol a cuya sombra
descansó ¿dónde estará?
¡Qué bueno si lo encontrara
para rezar o llorar!
He de llegar algún día
en tierra vasca a cantar
¡Ay madre! Desde muy lejos
en mis coplas volverás.
Tu sangre dentro de mis venas
como un árbol crecerá,
Y el viento, que es generoso
su árbol me señalará.
Qué bueno si lo encontrara
para rezar o llorar.
Atahualpa Euskal Herrira behin baino gehiago agertu zen bere obra
dasta genezan. Eta agerraldietan aurreko kantu lirikoa euskal emakume
emigrantearen semearen ezpainetan loratu zen, beti.
|
Los Tartagos: Atahualpa Yupanquiren etxetik Los
Tartagos ibaia ikus daiteke. Argazkia: Gonzalo J. Auza. |
Mendeko bosgarren hamarkadan Alderdi Komunistako militantziari
uko egin zion, ziurrenik bertan antzeman zuen burokratizazioak nazka-nazka
eginda. Atahualpa Yupanqui aske hegan egin nahi zuen gizakia zen,
herriarekin eta herritarrekin zeharo konprometitua, baina inoren
uztarripeko morrontzarik gabe.
Eta hamar urte beranduago, batez ere europar kultura zirkuluetan
duen arrakastak lagun, munduko folklorearen adierazle bikainenetako
bat bilakatu zen Atahualpa. Garai hartako gazteriaren sinbolo bizia
izan genuen, aurreko lerroetan azaldu dudan bezala. Woody Guthriek
bere "This land is your land", Pete Seeger-en "We
shall overcome" edota Bob Dylanen "Blowing in the wind"
abestien modura, Atahualparen errepertorioko hainbat eta hainbat
kanta askatasunaren ikurra izan genituen urte haietan. Dagoeneko
aipatu ditudanez gain, konposatu eta grabatu zituen hirurehun abestietatik
"Zamba del grillo", "Preguntitas sobre Dios",
"Guitarra dímelo tú", "Luna tucumana",
"Sin caballo y en Montiel" edota "Milonga del peón
del campo" datozkit gogora une hauetan, ondoko estrofaren modukoak
hamaika aldiz abestu genituelarik gaztaroko gau epeletan:
Yo nunca tuve tropilla
siempre montado en l´ajeno,
tuve un zahino que de bueno
ni pisaba la gravilla.
Qué puede ofrecer un pion
que no sea su pobreza,
a veces me entra tristeza
y otras veces rebelión
En más de alguna ocasión
quisiera hacerme perdiz,
para ver de ser feliz
en algún pago lejano,
pero a la verdad paisano
me gusta el aire de aquí.
Atahualparen ekoizpen literarioa, esan dudan lez, bere liburuekin
aberasten da. Aipatu dut "El canto del viento" (1965)
izeneko lan autobiografikoa, bertara haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenak
bildu zituelarik. Ezinbesteko testua da Atahualparen gogoa ulertzeko.
Liburu horren aurkezpenean Jorge Luis Borges egon zen eta argentinar
idazleak "Liburu ederra da, bai jauna, Atahualpak buruturikoa.
Nola ez zitzaidan niri horrelakorik idaztea otu?" galdetu bide
zuen. Yupanquiren erantzuna honako hau izan zen: "Ba al dakizu
zergatik? Zu eruditu bat, jakintsu bat zarelako, baina ez herritarra;
herritarra izateko, herria bihotzean eraman behar da"
Atahualparen beste argitalpen batzuk, honako hauek ditugu: "Piedra
sola" (1940), "Cerro Bayo" (1946), "Aires indios"
(1947), "Guitarra" (1960), "Del algarrobo al ombú"
(1968), "El payador perseguido" (1972), "Confesiones
de un payador" (1984), "La palabra sagrada" (1989)
y "La Capataza" (1992).
|
|
Cerro Coloradoko bere etxean dagoen aritz
honen azpian lurperatu zuten Atahualpa Yupanqui.
Argazkia: Gonzalo J. Auza. |
Yupanquik errekonozimendu ugari jaso zituen bere obrarengatik.
Besteak beste, 1984an Argentinako Konex Fundazioak Merituzko Saria
eman zion eta urtebete beranduago Brillantezko Saria. "herri
musikaren artistarik garrantzitsuena" izateagatik. 1986an Frantziako
Arte eta Letren Zalduna izendatu zuen frantziar gobernuak, Argentinako
Cordoba-ko Unibertsitatean Doctor Honoris Causa egin zuten, eta
1991ean Buenos Aires-eko Hiritar Argia zeritzan golardoa eman zitzaion.
Atahualparen emazte Nenetteren heriotzak, 1990eko azaroaren 14an,
argentinar artista unibertsalaren bizitzan astindu gogorra adierazi
zuen. 1991eko abenduan azken emanaldia eskaini zuen Argentinan,
Buenos Aires-en hain justu, eta 1992ko maiatzaren 23an betiko joan
zitzaigun Yupanqui gizona, frantziar Nimes hirian, bezperan kantaldi
batean esku hartzera zihoala ondoezik sentitu ondoren. Bere nahiari
jarraiki, errautsak, Atahualpak berak Cerro Colorado-n landatutako
haritz baten azpian ehortzi ziren.
Atahualpa Yupanquiren musika argidorre izan genuen gure gaztaroan
eta oraindik ere bere kantek bizirik dirautela uste dut, gaurkotasun
handiz, berak dioen bezala "kantaren atartea oihan, infinito
eta milurtetako doinuz beterik dagoelako". Eta gitarra, Yupanquirentzat,
otoitzeko baliagarri zitzaion tenpluaren modukoa bazen, musika -oro
har- gure mundu hau salba lezaketen lanabes bakanetako bat da, behin
eta berriz esaten zigun lez "ordu, egun, urte, argi urte, belaunalditan
zehar edertasunaren bidez gozatzen duenak, zer gehiago nahi du mundu
hobe bat baino?"
Amaitzeko, "Coplas del payador perseguido"-ren bi bertso
aldatu nahi ditut hona, Yupanquiren gogoa bikain erakusten dutelakoan
bainago:
Yo también, que desde chango
unido al canto crecí,
más de un barato pedí
y pa´los piones cantaba.
¡lo que a ellos les pasaba
también me pasaba a mi!
Cuando sentí una alegría
cuando el dolor me golpió
cuando una duda mordió
mi corazón de paisano,
desde el fondo de los llanos
vino un canto y me curó
(1) "Coplas
del payador perseguido"
(2) Higiniaren bilobak dioenez,
bere amonaren abizena HARAN zen.
(3) Idem.
(4) 1973ko irailaren
11n, beste diktadore batek, beste artista bat torturarazi zuen modu
berdintsuan: Victor Jara abeslari txiletarrari eskuak txikitu zizkioten
Pinocheten morroiek, tirokatu eta erail aurretik.
Josemari Velez de Mendizabal,
idazlea |