Jorge Oteiza Enbil Orion jaio zen 1908an. Arkitekturak tiratu
zuen txikitatik, eta arte plastikoaren bideak jorratu zituen gazte
zenetik. 1933an bere lehen saria lortu zuen Gipuzkoan eta erakusketak
eratzeari lotu zitzaion, Euskal Herrian eta Hegoameriketan ere.
1950ean Arantzazuko Saindutegiaren estatuak egiteko lehiaketa irabazi
zuen. 1957an Sao Pauloko Biurteko Nazioarteko Saria lortu zuen,
eskulturan. Euskal Eskolaren bultzatzailerik adierazgarriena dugu.
GAUR, EMEN eta ORAIN artista taldeen sortzaileetakoa da. 1963an
"Quosque Tandem...! Euskal gogoaren interpretaziorako saioa"
liburua argitaratu zuen eta 1983an "Ejercicios espirituales
en un túnel". 1985ean Espainiako Kultura Ministeritzaren
Artederretako Domina eskuratu zuen eta 1988an Artederretako "Principe
de Asturias" Saria egokitu zitzaion. Jorge Oteiza, euskal arte
plastikoak eman dituen artistarik ezagunenetakoa da, mundu osoan.
Manuel Lekuona Saria eskaini zitzaion 1996an, eta bi urte beranduago,
haren emate-ekitaldiaren gaineko erreportaia grafikoa bere eskuetara
iristarazteko, Jorge Oteizarengana hurbildu ginen, aurtengo uztailaren
amaieran, Zarautzko bere etxera, Euskal Herriko Unibertsitatearen
Honoris Causa titulua jaso berri zuelarik. Eusko Ikaskuntzarekiko
beti azaldu duen abegitasun zintzo berberarekin errezibitu gintuen,
eguerdi eguzkitsu batean.
- Ondoren doazen
zertzeladak, elkarrizketa informal hartatik ateratakoak dira, batez
ere bizitzaren alderdi ludiko eta epikureoa izan genituelarik hizpide.
"Kote" Ormazabalek, 1996ko maiatzean Oñatiko Unibertsitatean
ospaturiko ekitaldi hari buruz prestatutako argazki bildumaren aurrean
Jorgeren lehen erreakzioa, On Manuel Lekuona zenaren gaineko gogoeta
bat izan zen
Manuel Lekuona Saria, jaso ditudan ohoren artekorik minenetakoa da, On Manuel biziki estimatzen nuen eta -aitortu zigun Oteizak- Nahikoa sakona izan zen gure harremana... Larrosantzeko koloreko bere azalak bakea adierazten zuen, komunikaziorako gogoa... Inoiz probokatzaile samarra ere gertatu zitzaigun!
- Argazki bildumarekin
jarraituz, emate-ekitaldiko lehendakaritzaren mahaian, hizlarien
izenekin ipinitako karteltxoak aldatuta daudela ohartu zen, Sainz
de Oiza-ren ondoan Gregorio Monreal-i zegokiona zegoelarik eta alderantziz.
Ederto dago, noizean behin gauzen ordena aldatu beharrean aurkitzen
baikara, osterantzean bizitzak zentzu monotono irenstezina hartuko
bailuke. Begira erretrato honetan ere -bera agertzen den bati buruz
ari zen- Nire aurpegiak bakea eta anaitasuna isladatzen ditu...,
justu ohikoaren kontrakoa, amorruzko betartearekin ateratzen bainaute
beti. Argazki honetan, beraz, Oteizaren aurpegi izkutua ikus daiteke.
- Eguerdia gainditua
, hangoen gorputz eta gogoek bazkaltzeko ordua iristen ari zela
igerri balute bezala, elkarrizketa tonu epikureoa hartzen zihoan.
Hori gutxi bailitzan, "Zubi Ondo" jatetxeko Joseba adiskidea,
dozena bat ostrarekin agertu zitzaigun, artistarentzat. Oteizari
begiak biziagotu egin zitzaizkion. Josebaren jatetxean liburutegi
txiki bat da, Jorgeri buruzko zenbait liburu eta bere eskultura
estilizatu batzuekin.
Atornillatuta daude! Bestela... Ostrak, eta orohar itsaskia, betidanik
gustatu zaizkit... Badakizu, Orion jaioa nauzue! Holandatik ekartzen
dizkidate ostrak, berma osokoak, izan ere nire adinean estu zaindu
behar dut elikadura. Ostrak jaten txapeldun izan nintzen Txilen
eta Rio Janeiron! Eta ostrei laguntzeko, ezer ez hobeagorik Getariko
txakolina baino... Getariko txanpaña! Getari, ezkutari!!
 |
Juan Garmendia eta Jorge Oteiza, azken honen
etxean |
- Une horretan
Juan Garmendia Larrañagak, Jorgeren aspaldiko adiskidea,
jatun on eta kirolzale aparta betidanik izan dela oroitu zion artistari.
Alzuzatik zehar, Jorgeren 2CV zahar batean eginiko txangoen erreferentziak
berpiztu ziren bien baitan
Juan -bota zion bapatean Oteizak- Zu bai ogi puxka zarela! Eta oso
ondo kontserbatzen zara, gainera! Nola egiten duzu? Ni berriz, hemen
nago, haginik gabe, burutik zilborreraino neukan artifizialkeria
guztia zakarrontzira bota baitut! Zilborretik beherakoa, berriz,
berez eroriko da... Baina ez noa presaz ibiltzera! Osasunez makaltxo
nabilen arren, nola demontre osatuko naiz laurogeitamar urterekin,
egunero hiru zigarro puru erretzen baditut? Benetan, bizitzen jakin
izan dut.
- Eta Jorgek langelako
ahapaletan miatu zuen jarraian, erdi izkuturik utzitako kaxa baten
bila. Erretzeko pipak erakutsi nahi zizkigun, berak asmatutako eta
Londres eta Buenos Airesen patentatutako modeloak. Edozein pipazale
txundituta utz dezaketenak, tabakoa erretzeko duten sistema guztiz
atzekoz aurrerakoa baita.
Lehen Juanek esan duenez, kirolzale ere izan zara... -gogoratu nion.
Uzkudun boxealaria miretsi nuen, batez ere. Horra hor, adibidez,
errezildarraren burua, harriz landu nuena. Behin apustu bat egin
nuen, munduko edozein boxealariren kontra jokatzeko prest nengoela,
baldin eta ring-a biribila bazen. Guretzat, euskaldunentzat biribiltasuna
sakratua da. Begira, bestela, cromlech-a. Baina, horrezaz aparte,
traineruek ere tiratzen naute, eta diseinu berezi batzuk burutu
ditut, gai horren inguruan.
- Argazkiak errepasatzen
amaitu zuenean, Manuel Lekuona Saria emate-ekitaldiko prentsa mozkinei
iritsi zitzaien txanda. Egun hartako kazeta batek, "Eusko Ikaskuntzak
Oteizaren esfortzu humanistikoa sariztatu du" zioen. Ez dirudi
Jorge oso ados zegoenik izenburu horrekin.
Nik ez dakit zer den esfortzua... den-dena esfortzua izan baitut
bizitza osoan. Esfortzuak garaitu ninduen hasiera hasieratik eta,
beraz, esfortzatuaren kontzientzia ez zen nigan inoiz sortu.
- Juan Garmendiak,
bientzat ezagun diren zenbait pertsonen aipamenak egiten jarraitu
zuen. Oteizak, katilu bat kafe eskuan eta zigarro purua ezpainetan,
gustora egiten zuen barre Juanen ateraldiekin. Jose Miguel Barandiaran,
Julio Caro Baroja eta beste adiskide batzuen gaineko anekdotak azaldu
ziren, denak umore onean.
Inpaktatua geratu nintzen Pio Baroja ezagutu nuenean -esan zigun
Oteizak- Oso gaixorik zegoen, Madrilen, eta bere etxeak "bisiten
arkipielagoa" zirudien, egun guztian jendez beterik baitzegoen.
Nik ez nuen inolako asmorik bisitatzera joateko, baina behin txilear
lagun bat etorri zitzaidan eta, arren eta arren, Don Pío
ikustera laguntzeko eskatu zidan. Hara joan ginen eta gaixoarengana
hurbildu ginenean, han zegoen batek "Zer iruditzen zaizkizu
Arantzazuko apostoluak?" galdetu zion Barojari. Hark bota zuen
ostikada! Eta, noski, jota utzi ninduen. Baina, handik aterata gero,
"Zergatik jakin behar du Barojak eskulturaz?" galdetu
nion neure buruari eta lasai geratu nintzen.
Ordu t´erdiz iraun zuen gure elkarrizketa biziak, hain
zuzen ere Alberto Gisasola doktoreak, Jorgeri eguneko masaien dosia
ematera etorri zitzaion unerarte. Elkarrekin azken erretratoak atera
eta Oteiza handiak lanean lasai jarrai dezakeen, topa egin genuen.
Josemari Vélez
de Mendizabal
Lehen argitaralpena: Euskonews&Media,
1. zka., 1998.
-
Euskonews & Media 207. zbk (2003 / 04 / 11-25) |