L
ur berriak euskararendako? Nafarroan? Nahiago genuke. Luberritu
beharrean, nafar laborari euskaltzaleak aski lan du, nekez eta izerdiz
landu ahal izan duen baratze xumea erauntsitik babesten, bere baitatik
atera den errekak urpean ito ez diezaion. Hemen txingorra eta kazkabarra
ditugu egunero, aro beltzaren mezulari, eta gure aterki kaskarrari
urratuak ageri zaizkio nonahi. Lur berriak? On da amets egitea,
baina ameskerietarako ere ez gaude. Sobera pairatu dugu gaitza azken
bi hamarkadetan. Ametsondoak jota nora jo asmatu ezinik jende franko
dabil aspaldi honetan bazterretan.
Aitor dezagun, mihia odoletan gorrituko bazaigu ere: ez geunden
hain gaizki.
1971n, Sánchez Carrionek bere "Estado actual del vascuence
en la provincia de Navarra" plazaratu zuelarik, gure lurraldean
apustuzalerik baikorrenak ere ez zuen jokatuko euskararen biziraupenaren
alde. Eskolatik, kulturatik eta bizi publikotik baztertua, hiriburuan
arrotz, mendialdera zokoratua eta leku guztietan zaharretsia, gutietsia
eta itzalik gabea, hondoa jotzekotan zegoen, mila urteko maldan
beheraren ondotik, modernitateak eta frankismoak besoz beso azkena
emanda.
Hogeita hamar urte geroago, berriz, hiztun kopuruak, beherakada
geldierazi ezezik, goiti egina zuen; horietarik anitz, gainera,
eskolatuak eta bere hizkuntzan idazteko eta irakurtzeko gai ziren.
Euskara sendotzen ari zen hezkuntza sisteman eta esparru berriak
irabazten kulturaren alorrean. Hedabideetan eta administrazioan
ere sartua zuen muturra. Hirian entzungarri/ikusgarri gertatzen
hasia zen, eta hiru hamarkada lehenago hizkuntzaren azken santutegitzat
jotzen ziren ibarretan, isilik zihoan mundu baten lekuko ez, baizik
eta aurrerapenaren ikur bilakatua zen. Erdaldunen artean ere, gero
eta zabalagoak ziren hizkuntzarenganako estimazioa eta aintzatespena.
Ez zen halabeharraren fruitu izan.
Euskararen aldeko mugimendua aspaldikoa zen Nafarroan. Sortu, inon
baino lehenago sortu zen hemen, Campionek abia emanda, mende bat
lehenago. Alabaina, Gipuzkoako eta Bizkaiko haize berrien bultzadaz,
70. hamarkadaren bukaeran hartu zuen gorputza eta indarra, bere
izaera bikoitza, aldi berean sortzailea eta erreibindikatzailea,
agerian utziz. Hizkuntza zulotik atera nahirik ehundakaka gizon-emakumek
egindako lan eskergaren ondorioa da, hein handi-handi batean, 80-90
hamarkadetako goraldi berria.
Bertzelako testuingurua
Nolanahi den ere, mugimendu horren kemena eta bizitasuna ez ziren
aski izanen, testuinguru juridiko-politikoa ere bertzelakoa izan
ez balitz.
Franco hil ondoko urteetan, nafar euskaldun eta euskaltzale gehienok
drama bat bezala bizi izan genuen Hego Euskal Herriko Ekialdea eta
Mendebaldea ezkontzeko ahaleginen porrota. Nafarroak eta Euskadiko
Erkidego Autonomoak hitzez eta eginez euskararendako hautatutako
bideen arteko alde alimaleak gure beldurrak sendotuko zituen hurrengo
urteetan. Errealitate instituzional hori nola edo hala itzulipurdikatzera
isuri dituzte beren ahaleginak gutariko anitzek.
Hala izanik ere, Foru Komunitatean nekez uler daiteke arestian aipatu
hoberanzko bilakaera, delako Vascuencearen Legeak gure hizkuntzari
eskaini dion babes erdipurdikoa gabe, bere eskasean ere, bere zikoitzean
ere, bitartekoak eskaini baitzituen aitzinapausoak emateko. Ez da
maiz aitortzen, baina, sozialisten edo Alliren urteetakoa da Nafarroak,
halako izena duenetik, euskarari bere historia osoan eman dion estatus
instituzional aldekoena, erresuma burujabearen garaikoa barne.
Euskaltzaleok ozta-ozta ohartu ginen. Preziatu ere, ez genuen preziatu.
Beharbada, argien ondoan itzalak ere guti izan ez zirelako. Legeak
ezarritako zonifikazioak ofizialtasun arrastorik gabe utzi zituen
Nafarroako bi herenak: Erribera guztia, Tafalla eta Zangoza aldeak,
Iruñerriaren beraren ekialdea. Derrigorrezko irakaskuntzatik
etorritako abiada Lanbide Hezkuntzako eta Unibertsitateko ate ondoan
baraturik utzi zuten. Ezin ahantzi, orobat, erakundeen ukoa euskarazko
hedabideen eta ikastola frankoren legeztatzeari, ezta Foru Administrazioa
euskalduntze bidean abiatzeko oztopo etengabeak.
Bere baitan ezina
90. hamarkadaren bukaeran, nafar euskaldunok geure burua zorioneko
ez jotzeko arrazoi franko genuen. Legearen izaera murritza edo agintarien
jarrera kasurik hoberenean epela ez ziren, ordea, gure aitzin-nahiari
galga ezartzen zioten traba bakarrak. Geure baitan ere generaman
ezina.
Abertzaletasunak bihotza eta pizgarria eman dizkio euskaltzaleari,
baina muga garbiak ezarri ere bai. Euskal herri guztietan horrela
bada, areago Nafarroan. Hemen, ikurrinaren estalpeak mendebaldeko
gure anai-arreben laguntza eta arnasa ekarri badigu ere, ez da gertatu
neurriko jantzia jendeen % 80k bere burua abertzaletzat ez duen
lurralde honetan. Jende horiek zure arrazoietara ekartzea bada xedea.
Gure arteko batzuek inoiz ez dute barneratu nahi izan egia biribil
hau. Bertze batzuk, denboraren poderioz, ideiak mozorrotzen ahalegindu
dira, are zenbaitek patrikan altxatzen ikasi ere. Horrek guztiak
eragina izanen zuen euskarazko irakaskuntzaren gorakadan eta udaletatik
edo Gobernutik beretik etortzen ziren ekimenek herritar arruntarengan
aurkitzen zuten kontrakar urrian. Bigarren milurtekoa hasteko bezperan,
batzuk jendaurrean harrotzen ginen gure ohiko esparru ideologikoak
gainditu izanaz, baina aldi berean isilpean ohartzen ginen zenbat
genuen egiteko gure mundu tikitik kanpo zirrikituak irekitzeko nahikerian.
Nafarroako biztanleriaren gune gogor baina zabal batendako, euskaltzaleak
abertzaletasunaren Troiako zaldia eta ETAren ezkutuko mandatariak
gertatu gara beti, eta euskara, berriz, basakeriaren ikurra eta
garbiketa etnikorako tresna, baita gure kontra halako hiztegirik
inork erabiltzen ez zuenean ere. Datua garrantzitsua da, gune horrek
Foru Komunitateko bizilagunen puska larri samar bat harrapatzeaz
landa -% 25-30 inguru, 1990etik hona egin diren inkesta guztien
ariora-, tartean politikaren, kulturaren, ekonomiaren, enpresaren,
sindikalgintzaren, unibertsitatearen eta elizaren elitearen multzorik
handiena dagoelako. Hain zuzen ere, 2000. urtean, talde euskaltzaleak
buru-belarri sarturik zeuden bitartean hizkuntzarendako lege berri
bat exijitzeko kanpainan, elite hori bere beldurra lau haizetara
zabaltzen ari zen, euskararen inguruan gauzak "urrunegi"
joanak ez ote ziren eta indarrean zegoen legea eskuzabalegia izana
ez ote zen gutxiengo euskaldunarekin. UPNren Gobernuak, jakina,
horien kezka egin zuen bere, ez euskaltzaleena. Ezin bertzela izan,
gune gogor horretan hazia baita gaur egun dituen buruzagi eta agintari
gehienak. Haize alde zebilen, gainera. Azken batez, urtebete lehenagoko
hauteskundeak irabazi bazituen, ETAren zinegotzi ehizak lehenbizi
eta Lizarrako itunak gero Estatu osoan -Nafarroan ere bai- piztarazitako
giro antiabertzalearen itzalpean eta, neurri batean, horri esker
izan zen.
Handik goiti zer etorri den ez da gehiago albiste: euskarari azpiak
kentzeko ahalegin etengabe eta orokorra, biziaren alor guztietara
eramana. Erakunde, udal, enpresa, ikastetxe, saltoki edo elkarte
pribatu, gaur egun Nafarroan nor izan nahi duenak euskara ahalik
eta arrotzen izatea du lehenbiziko egitekoetarik. Eta mezu hori
jende arrunta -ez euskaldun, ez euskaltzale, ez abertzale den gehiengoa-
barneratzen ari da pixkana-pixkanaka. Gure artean ere halako ustea
bide egiten hastea baizik ez da falta, Nafarroako Gobernuak duela
hiru urtetik hona hartu dituen erabaki eta neurri guztiek beren
zentzua aurki dezaten. Une honetan, sentipen horixe dugu etsairik
handiena. Horixe eta euskaltzaleen neke, etsipena... eta ezbideenganako
isuri kronikoa.
Espektatiba historikoak
Nafarroako Gobernu honen agintaldia, bistan dena, ez da sekulako.
Inork baino aukera gehiago ditu hurrengo hauteskundeetan garaile
gertatzeko, baina lasterketa hasi baizik ez da. Bertzelako gobernu
bat posible da Nafarroan. Bertzelako gobernu bat, ordea, ez gobernu
abertzale bat. Horri etekinik ateratzen jakinen dugu?
Foru Komunitatean euskararen oraingo maldan behera geldiaraziko
badugu, horretarako behar den eszenategi juridiko-instituzionala
ez dugu euskaltzaleok erabakiko, ez gure ordezkari-edo diren alderdi
abertzaleek ere. Ez orain, ez geroan ere. Gure ikusmoldetik urrun
-hagitz urrun- dauden bertze indar politiko batzuekin egin beharko
da tratua. Jakinik indar korrelazio bat izanen dela eta hura, hauteskunde-mapan
inon ere sumatzen ez den gogo iraulketa kolektibo bat gertatu ezean,
ez dela gure aldekoa izanen. Jakinik, orobat, emaitza ez dela gure
espektatiba historikoekin bat etorriko. Jakinik abiapuntu bat baizik
ez dela izanen, abiapuntu nahitaezkoa, lau urte hauetan galdu duguna
berreskuratzeari lotu ahal izateko, eta, akaso, bertze alor batzuetan
aurrerabideak aurkitu ahal izateko.
Latza? Latzagoak dira gainerako aukerak, eta denbora gehiegi alferrik
galdu dugu, gure ametsetan preso. Mende laurden bat daramagu goizetik
arrats atekatik aterako gaituen gertakari miraritsuaren esperoan.
Ez da halakorik etorri eta, zenbaiten kalaka gorabehera, zeruertzean
ez da itxaropenari eusteko aztarnarik ageri. Ordu dugu. Lau urteren
buruan are beheragotik hasi beharko dugu aldapa pikoagoa igotzen.
Aingeru Epaltza, idazlea |