Euskararen normalizazioa lan-munduan
* Traducción al español del original en euskera
Joxe Ramon Elortza

Azken urteotan, pozik ari gara ikusten enpresa-arloan gero eta gehiago erabiltzen dela euskara. Aldi berean, gure merkatuak beste herrialde eta kultura batzuetara zabaldu ahal izateko atzerriko hizkuntzak jakin beharrarekin batera, euskararen normalizazioa helburu duen euskararen erabileraren aldeko mugimendua sortu zen gure artean. Gaur egun, euskara enpresa-arloko komunikazio-hizkuntza ere bada, barne- zein kanpo-harremanetan.

Hasiera

ELHUYARek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarentzat garatu zuen metodologia abiaburu hartuta, enpresak "euskararen erabilera areagotzeko plangintzetan" murgildu ziren, nahiz eta horrelako plan batek ekar zezakeena ebaluatu ezinik sartu; hau da, zer ondorio izango ote zuen gure hizkuntza gero eta esparru gehiagotan erabiltzeak: ahoz eta idatziz, barruko harremanetan nahiz kanpoko beste entitate batzuekin. Gaitza zen jakitea proposatutako planaren garapenean zer-nolako koskak agertuko ziren. Dena dela, abian jarritako planek ezaugarri berbera izan zuten: ate txikitik sartu ziren enpresetan, hau da, planak bigarren mailako ekintza sozial gisa jarri ziren martxan. Une haietan, pentsatu genuen talde euskaltzale batzuen beste ekintza bat gehiago zela; eta, jakina, prest ginen plan horiei laguntzeko, eta, gainera, arrakastarik handiena opa genien. Zerbait lortuko ahal dute… eurek! Ekimen horiek ikusmina sortu zuten gure artean, baina denok ere kanpotik begira jarri ginen. Eta hori gertatu zen plan horiek guztion laguntza behar zutenean, hots, guk uste baino garrantzi handiagoa izan zezaketela konturatu baino lehen.

Gehienetan, zuzendari-taldeak ez ziren planen sustatzaile eta bultzatzaile izan, eta ez zuten larregi sinetsi horietan guztietan. Edozein modutan ere, esan behar da enpresa batzuetako zuzendaritzek hasieratik hartu zutela benetako konpromisoa. Hala ere, era berean, gutxi batzuk izan dute horrelako jarrera.

Pentsa litekeen bezala, hasiera horretan lantokietan bizi genuen koherentzia ezari buruzko gogoeta egiten hasi ziren enpresa bakoitzeko kide batzuek. Zergatik esaten genuen euskara gure hizkuntza maitea zela, erabiltzeko aukera izan arren, gero gaztelaniaz egiten bagenuen? Noiz arte itxaron behar genuen aurrerapausoak emateko? Horrela hasi ginen "komunikazio-zirkuluen" edo "erabilera-taldeen" bidez erabilera-maila handiagoak lortzen. Hastapeneko lan horiek egundoko boom-a ekarri zuten planak abiarazi zituzten enpresetan, auzoetako jaiei hasiera emateko jaurtitzen diren txapliguek sortzen duten burrunbaren antzekoa. Ilusio handiz hasi ginen lanean. Alabaina, poza ezberdin bizi zuten batzuek eta besteek: euskaldunek enpresako harremanetan gaztelania erabiltzeko ohitura aldatu behar zuten, eta erdaldunek euskara ikasten ahalegindu; eta, prozesua berez geldoa delako, denbora-tarte batean erabilera-maila altuagorik ikusi gabe aritu behar izateak adorea galtzeko arriskua sor zezakeen.

Garatzeko zailtasunak

Plan hauek ezberdin garatu dira batetik bestera; izan ere, ezin enpresa bereko bi departamentutan bilakaera bertsua izan, eta, are gutxiago, bien errealitate soziolinguistikoa ezberdina bada: batzuetan eta besteetan ezberdinak dira ohiturak, jarrerak, barruko komunikazio-maila eta hainbat izaeratako alderdi, eta horregatik guztiarengatik ezin garapen bera eduki plan guztiek.

Lehentxeago esan dugun bezala, hasieran bizkor aurreratzen da, baina zailtasun batzuk ere agertzen dira; adibidez, euskaldun zaharrek, maiz, ez dute euren burua gaituta ikusten, edo ez dute adorerik euskaraz idazteko. Alfabetatze-ikastaroak antolatu behar izaten dira; sarritan, "beldur hori gainditzeko ikastaroak" baino ez badira ere. Eta aurrera egiten da. Hasieran, ematen du hizkuntz teknikariaren laguntzarekin nahikoa izango dela; eta, egiatan, horrela da.

Hala ere, plana aurrera doan neurrian, artikulu honetan aipatu baino ezin ditugun beste arazo batzuk ere hasten dira agertzen. Ahozko erabilera eta idatzia ugaldu eta zenbait ekimen martxan jarri ahala, edo zein ekimen abiaraziko dugun eztabaidatzen ari garela, izugarri zaindu behar dugu komunikazioa. Komunikazioa luze-zabalean ulertuta: planean esku hartzen dutenen eta planetik kanpora daudenen artekoa, euskaldunen eta erdaldunen artekoa; lantegiko kide guztiei zuzendutako komunikazioa, denok batera aurrera egin ahal izateko, ahaleginak batzeko, aurreikusitako aldaketek zer abiadura izango duten erabakitzeko. Komunikazioa hurkoari entzuteko, eta ez nork bere buruari bakarrik. Bidea elkarrekin egiteko. Eta denon artean egin beharreko lan honetan trebe izan behar dugu eta elkar ulertzeko gaitasun handia eduki. Planak erakundeko pertsona guztien garapen profesionalean izango duen eragina aztertu behar dugu, eta urrats eta irtenbide egokiak aurreikusi. Hitz egin. Mintzatu. Elkarrizketaren bidez politikatik kanpo utzi gaia.

Uneoro izan behar ditugu gogoan erdaldunak eta, bereziki, euskara ikasteko apustua egin eta planean parte hartzen ari direnak. Ekintzak antolatu behar ditugu, euskararen erabileran poliki-poliki murgil daitezen, euskaldunekin estu lotuta eta horien laguntzaz. Horretarako, ezinbestekoa da hizkuntz teknikariaren eta irakaslearen edo irakasleen arteko harremana.

Eginkizun bi horietan ari direnek eta planaren koordinatzaileak lan-talde eragingarria osatu behar dute. Koordinatzailea da enpresako Zuzendaritzak plana aurrera eramateko izendatutako arduraduna. Koordinatzailea zenbat eta gorago egon enpresako organigraman, orduan eta hobeto, zuzendariek plana bera hurbiletik bizi dezaten.

Helburuak enpresako kudeaketa-planean txertatu behar dira. Gaur egun, euskara-planek ere gure enpresetan kalitateak eta prebentzioak duten estimazio bera izan behar dute, baita aipatutako garrantzizko bi gai horiek bezala kudeatzen ez diren tokietan ere. Horrela, Zuzendaritzak berak ere planaren garapena gertutik jarraitu ahal izatea eta egunean-egunean planarekin bat egitea lortzen da. Horrela egiten ez bada -eta gaitz horixe dute abian diren esperientzietako askok-, epe luzera, ez da inolako arrakastarik lortuko.

Planean zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta hizkuntzaren erabilera arautzeko behar handiagoa dugu: ahoz eta idatziz, organoetan, bileretan, batzarretan, aktetan, prestakuntza-ekintzetan. Enpresaren beharra al da batzuek euskara jakin behar izatea? Zer hizkuntz eskakizun ezartzen ahal zaie kargudunei edo enpresan hainbat zerbitzu ematen dutenei? Eginkizun ere bada zehaztea euskara jakiteari zer balio emango zaion, bai langile berriak hartzean, bai lanpostu batzuetara igotzean. Kontu handiz eta arduratsu jokatu behar da arautze-prozesu horretan, lankideen artean sor daitezkeen tirabirak saihesten ahalegintzeko. Pertsonekin eta pertsonen artean egin beharreko lana, enpresan elkar ondo hartuko duen jende-taldea izateko. Eta, sarri, lan hori hizkuntz teknikariaren esku uzten da, nahiz eta, berez, ardura hori enpresari berari dagokion.

Etorkizunera begira

Abian diren planak oraindik ere heldugabe daude, eta laguntasuna behar dute. Ikastolen 60ko hamarkadako mugimendua dakarkidate gogora. Egoera hartan aurrera irteteko, behar-beharrezkoak izan ziren ahalegin guztiak, bizitzako estualdiak eta era guztietako lankidetzak. Erabilera-plangintza hauekin ere beste horrenbeste egitea dagokigu. Erronka handia da. Horregatik, epe motzean egin beharko genituzkeen urrats batzuk proposatu nahi ditut, plan batek baino gehiagok porrot egin baino lehen, bai ilusioa galdu delako, bai aurrera egin ezinik gelditu direlako, baita beste edozein arrazoiren batengatik ere:

  1. Behar-beharrezkoa da planen zuzendaritza teknikoa daramaten enpresetako hizkuntz teknikariek euren arteko iritzi eta esperientzia-alderaketa egitea, baldin eta planok aberastu nahi baditugu. Enpresen interesak alde batera utzi behar dira, eta Euskal Herrikoak lehenetsi.
  2. Planetako koordinatzaileen arteko harremanak estutzeko bideak urratu behar dira, oztopoak aztertu eta irtenbide egokiak bilatzeko. Horrela, bada, helburu horrekin eta ia baliabiderik gabe Debagoienan lanean dabilen EUSKALAN elkarteak Administrazioaren laguntza eta bultzada behar ditu, Kultura sailaren eskutik.
  3. Sindikatuek eta enpresarien elkarteek ere egiatan jardun behar dute, eta ez bakarrik hitzez, plan hauei babesa emanez eta planok sustatuz. Enpresarien elkarte handiek jarraibide argiak eman behar dituzte eta egiteko hauetan murgiltzen diren enpresei laguntza emateko departamentuak sortu. Eusko Jaurlaritzak berak aurrea hartu beharko luke, eta elkarte horiek mahai baten inguruan jarri.
  4. Ikastolak federazio batean elkartu ziren bezala, dagoeneko premiazkoa da normalizazio-plangintzetan murgilduta dauden enpresek euren esperientziak elkarren artean trukatzeko federazio edo elkarteren bat sortzea, horretarako azpiegitura sortuz. Asmo horiek gauzatu ahal izateko, enpresetako zuzendaritzek plan hauek bere egin behar dituzte guztiz, eta merezi duten garrantzia eman.
  5. Kultura sailak teknikari-talde bat eratu beharko luke, hizkuntz teknikariei, koordinatzaileei eta, azken finean, enpresei laguntza emateko. Gaur egun, premiazkoak dira bilerak, mintegiak, ikastaroak, esperientzia-trukaketak, eztabaida-leku irekiak…

Lasterketa luze edo maratoi baten hasieran gaude. Eta uste dut belaunaldi oso bat beharko dugula edozein enpresatan egin beharreko lana gauzatzeko, baita euskaldun-kopuru handia duten enpresetan ere. Bidea gogorra izango da, baina gogobetekoa dugu. Gure esku dago.


Joxe Ramon Elortza, Ikerlaneko euskara planaren koordinatzailea
Argazkiak webgune hauetatik: http://www.fagorarrasate.com eta http://www.gaztenet.com/usoa


Euskonews & Media 201. zbk (2003 / 02-28 / 03-07)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza